2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLTZA ZENDEA
Orkoiengo Musika Eskola erabiltzeko administrazioarteko hitzarmena
Iragarki honen bidez aditzera ematen da Orkoiengo eta Oltza zendeako udalbatzetako osoko bilkurek hartu duten erabakia, Orkoiengo Musika Eskola erabiltzeko administrazioarteko hitzarmenari buruzkoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legen xedatutakoari egokituta.
Hitzarmenaren testua osorik dago argitaratuta Oltza zendeako Udalaren egoitza elektronikoko Gardentasun Atarian, ondoren adierazitako estekan, eta argitalpen honen eranskin gisa.
https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/?x=34rWsxjZ4lnU1VX6ro6YEg
Oltza zendean, 2026ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.
OLTZA ZENDEAKO ETA ORKOIENGO UDALEN ARTEKO
ADMINISTRAZIOARTEKO HITZARMENA,
MUSIKA ESKOLA ERABILTZEKO
BILDU DIRA:
Alde batetik, José María Cuende Vallejo, Oltza zendeako Udaleko alkate udalburua; egintza horretarako ahalmena espresuki jasoa du 2025eko ekainaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez.
Beste aldetik, Alejandro López Orejuela, Orkoiengo Udaleko alkate udalburua; egintza horretarako ahalmena espresuki jasoa du 2025eko ekainaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez.
Bi alderdiek Oltza zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren arteko hitzarmen hau izenpetzeko lege ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri, eta horretarako adostu dute hitzarmena formalizatzea, klausula hauen arabera;
KLAUSULAK:
Lehena.–Hitzarmenaren xedea.
Oltza zendeako eta Orkoiengo udaletako osoko bilkurek hartutako erabakiaren bidez (2022ko urtarrilaren 20ko eta 2022ko urtarrilaren 27ko bilkuretan, hurrenez hurren), Oltza zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren arteko administrazioarteko hitzarmena onetsi zen, Orkoiengo Musika Eskola erabiltzeko.
Hitzarmena 2023ko otsailaren 1ean formalizatu zuten eta 2023ko martxoaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (62. zk.). Haren indarraldia 2024-2025 ikasturtean akitu zen (irailetik abuztura ulertuta).
Hitzarmen honen xedea da Orkoiengo eta Oltza zendeako udalek "Escuela de Música Jose Miguel Huarte de Orkoien Música Eskola" izeneko Orkoiengo Udal Musika Eskolaren erabilera arautzea.
Bigarrena.–Musika Eskolaren izena eta helbideak.
Musika Eskolaren izen zehatza hau izanen da: "Escuela de Música Jose Miguel Huarte de Orkoien Música Eskola" eta helbide ofiziala: Iturgain plaza z.g., Orkoien.
Eskolak emateko baimendutako helbideak hauek izanen dira: Orkoiengo Ángel Gutiérrez zentro zibikoa.
Era berean, baimendutako helbidetzat hartuko dira Oltza zendeako Udalak horretarako egokitzen dituen helbideak, hirugarren klausulan ezarritakoarekin bat. 7. "Musika egoitzak".
Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak egun baimentzen dituenak edo etorkizunean baimentzen ahalko dituenak izanen dira irakaskuntzak.
Hirugarrena.–Onuradunen betebeharrak.
Hitzarmen hau izenpetzen duten udalek honako konpromiso hauek hartzen dituzte:
1. Ikasleak.
Orkoiengo eta Oltza zendeako udalek hitzarmen honen indarraldian eskubidea izanen dute erabateko berdintasunean, beren bizilagunek matrikula egin dezaten musika eskolak euskaraz zein gaztelaniaz ematen dituzten ikastaroetan.
2. Langileak.
Orkoiengo Udalak Oltza zendea-Orkoien Musika Eskolako Patronatuaren (2018ko abenduaren 31n desegina) plantilla organikoan zeuden irakasle guztiak subrogatu ditu.
3. Tasak eta prezio publikoak.
Orkoiengo Udalak onartuko ditu Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko tasa eta prezio publikoak, bai eta musika eskolaren barne funtzionamendurako arauak ere, aurretiaz Oltza zendeako Udalari jakinarazita.
4. Pedagogia proiektua, prestakuntza eskaintza eta metodologia.
Hitzarmena indarrean dagoen urteetan, gaur egungo prestakuntza eskaintza, metodologia, antolaketa eta proiektu pedagogikoa mantenduko dira, beti Musika Eskolako zuzendaritza taldearen irizpideari eta proposamenei jarraikiz.
5. Hizkuntza eredua.
Hitzarmen honen indarraldian mantendu eginen da gaur egungo euskarazko eta gaztelaniazko irakaskuntza eredua.
6. Aurrekontu defizita.
Hitzarmen hau sinatu duten udalek betebeharra hartzen dute Musika Eskolako aurrekontuaren defizitaren ekarpena egiteko urtero eta toki entitate bakoitzaren urteko aurrekontuan betebehar horri erantzuteko behar besteko kopurua sartzeko.
Defizita kalkulatzeko kostu hauei dagozkienak sartuko dira:
–Irakasleen eta zuzendaritza taldearen kostua (barne hartuta Gizarte Segurantzako enpresa kuotak eta kilometroak).
–Langileen prestakuntza ikastaroak.
–Laneko arriskuen prebentzioa.
–Bulegoko materiala.
–Ekipamenduaren, bulego materialaren edo material informatikoaren mantentze-lanak.
–Tresnak konpontzea eta haien mantentze-lanak.
–Liburuak eta bestelako material didaktikoa.
–Telefonoa.
–Musika eskolako jaiak.
–Lan aholkularitza.
–Laguntzako gainerako langileen kostuak, Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak 2017ko uztailean idatzitako gaur egungo musika eskolaren kostuei buruzko azterlanean oinarrituz kalkulatua, honako dedikazio ehunekoak aplikatuz:
- Administrazioa/kontabilitatea: 1 pertsona. %50 (C maila).
- Koordinazio/idazkaritza lanak: 1 pertsona. %15 (B maila).
- Garbiketa: 1 pertsona. %24 (E maila).
- Etxezaintza: 1 pertsona. %24 (D maila).
Aurreko ehunekoak aplikatzeko oinarria kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kostu guztiak, Gizarte Segurantzako enpresa kuotak barne, bai eta Musika Eskolako irakasleen eta zuzendaritza taldearen kostua ere.
Defizita banatu eginen da Musika Eskolak guztira ematen dituen eskola orduen arabera. Ateratzen den kopurua udal bakoitzari jasanaraziko zaio, udal bakoitzean erroldatutako ikasleek ematen duten eskola-ordu kopuruaren proportzioan.
7. Musika egoitzak.
Eskolak emateko 2. klausulan ezartzen diren baimendutako helbide horiez gain, egoitza bat ezartzen ahalko da Oltza zendean.
Oltza zendeako zentroan ikasgaiak eman ahal izateko irizpidea hezkuntza arlokoa izanen da, Eskolako Zuzendaritza eta irakasleen klaustroak balioetsia eta adostua.
Oltza zendeako Udalean egoitza bat ezartzen bada, defizitaren kalkuluan egotziko dira erabilitako lokalen garbiketari dagozkion kostuak, aipatutako kostuen azterketan ezarritako ehunekoan, hau da, pertsona bat, %15 (E maila). Pertsona horren kostua eta Musika Eskolako gainerako langileen kostua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kostu guztiak, Gizarte Segurantzako enpresa kuotak barne.
8. Kudeatzeko modua.
Hitzarmen hau indarrean den artean Musika Eskolaren kudeaketa zerbitzua egin beharko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeari dagokionez ezarritako zerbitzu publikoko kudeaketa zuzeneko moduetako batean.
Laugarrena.–Hitzarmena eta alderdien konpromisoak betetzearen jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak.
Hitzarmena eta izenpetzaileek hartutako konpromisoak betetzearen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, izenpetu dutenen ordezkaritza parekidea izanen duen batzorde bat eratuko da.
Kide hauek osatuko dute jarraipen batzordea:
–Oltza zendeako Udaleko bi ordezkari.
–Orkoiengo Udaleko bi ordezkari.
Batzorde horretan parte hartzen ahalko dute, era berean, bi udaletako lege aholkulariek eta aholkulari ekonomiko edo teknikoek, bai eta Eskolako Zuzendaritzak ere, ahotsarekin baina botorik gabe.
Batzordeak musika eskolaren zerbitzuarekin zuzenean lotutako proposamenak egiten ahalko dizkio Orkoiengo Udalari, hark onets ditzan.
Batzordeko burutza Orkoiengo Udalari dagokio eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritako eginkizunak beteko ditu, bere botoarekin berdinketak ebaztea izan ezik.
Jarraipen batzordea, oro har, hiru hilean behin bilduko da eta ezohiko bileran, edozein alderdik eskatzen duen aldiro.
Jarraipen-batzordeak ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatzeko eta betetzeko moduari buruz sortzen diren arazoak.
Bosgarrena.–Hitzarmenaren aldaketa.
Hitzarmen honetan aurreikusitako edozein klausula aldatu ahal izateko, Oltza zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren osoko bilkuren adostasuna beharko da aurretik.
Seigarrena.–Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honen iraupena bi ikasturtekoa da: 2025/2026 eta 2026/2027, ulertuta iraila-abuztua aldia dela. Ikasturte bakoitzeko gehienez ere lau ikasturtez luzatzen ahalko da baina, nolanahi ere, 2029ko abuztuan akituko da. Luzapenak aho batez adostuko dituzte bi alderdiek, noiznahi eta ezarritako epea bukatu aurretik.
Zazpigarrena.–Hitzarmena desegitea.
Hitzarmen hau iraungiko da xede dituen jarduketak betetakoan edo suntsiarazteko arrazoietako bat gertatzen denean.
Honako hauek dira suntsitzeko arrazoiak:
a) Hitzarmenaren indarraldia igarotzea haren luzapena adostu gabe.
b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
c) Sinatzaileetako batek hartutako betebehar eta konpromisoak ez betetzea.
Kasu honetan, alderdi batek errekerimendu bat jakinarazten ahal dio bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan ez-betetzat jotzen dituen betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori jakinaraziko zaie hitzarmenaren betetze-mailaren jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoaz arduratzen denari eta izenpetu duten gainerako alderdiei.
Errekerimenduan adierazitako epea igarota bete gabe jarraitzen badu, errekerimendua egin zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die suntsiarazteko arrazoiak bere horretan dirauela eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsitzeak eragiten ahal du sorrarazitako kalte-galerak ordaindu beharra.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna aitortzen duen epai judiziala.
e) Aurreko horietatik desberdina den beste edozein arrazoi, legeetan ezarritakoa.
Aurrez aipatutako kasuetako edozeinetan, baldin eta hitzarmena suntsitzeak ikasleen murrizketak edo absentziak eragindako gastuak badakartza (esaterako, irakasleen lanaldiak murriztea, langileak kaleratzea, kalte-ordainak ordaintzea eta abar), udalek ordainduko dituzte gastu horiek, Musika Eskolako ikasle kopuruarekiko proportzioan. Horretarako, ikasle kopuruaren batezbestekoa kalkulatuko da, erreferentzia gisa hartuta hitzarmen hau ebatzi aurreko azken lau ikasturteak.
Zortzigarrena.–Hitzarmenaren izaera.
Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta izenpetzen da babes harturik urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluan ezarritakoa (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).
Hitzarmenaren aplikazioaren ondoriozko jarduketek alderdien artean sortzen dituzten auziak, jarraipen-batzordean konpondu ezin direnak, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzioak ebatziko ditu, jurisdikzio hori arautzen duen Legean xedatutakoari jarraikiz.
Hori guztia, deusetan ukatu gabe Nafarroako toki-erakundeen egintza eta erabakien aurkaratzeari dagokionez indarreko legedian ezartzen diren berezitasunak.
Orkoienen, 2025eko uztailaren 29an.–Sinatzaileak: Alejandro López Orejuela, Orkoiengo Udaleko alkatea, eta José María Cuende Vallejo, Oltza zendeako Udaleko alkatea.
Iragarkiaren kodea: L2600543