Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALTSASU
Aldaketa, 2026ko ordenantza fiskaletan eta prezio publikoetan. Behin betiko onespena
Altsasuko Udalak, 2025eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskalen eta prezio publikoen aldaketa 2026ko ekitaldirako.
Onespenaren erabakia 2025eko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 17an. Jendaurreko aldian inork ez duenez alegaziorik egin, ordenantza horiek argitara ematen dira, eta eranskinean azaldu bezala geldituko dira. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.
Altsasun, 2026ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.
ALDAKETAK
KUDEAKETAREN, DIRU-BILKETAREN ETA IKUSKATZAILETZAREN ORDENANTZA OROKORRA
I. TITULUA.–ARAU OROKORRAK
I. KAPITULUA.–PRINTZIPIO OROKORRAK
1. artikulua.
1. Ordenantza honek, erregelamenduak egiteko eta autoantolatzeko ahalmena erabilita, Altsasuko Toki Ogasuna osatzen duten baliabide guztien oinarrizko printzipioak eta arau komunak ezartzea du xede.
2. Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.
3. Ordenantza hau arlo horren gaineko Nafarroako araudian oinarritzen da; batez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduan.
Estatuko araudia ordezko gisa aplikatuko da Nafarroako arauek deus ezarrita ez dutenean.
2. artikulua. Zerga ordaintzeko betebeharra orokorra da beti, eta errenta, jabetza edo jarduerak egozteko funtsa izateagatik eskubideak eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona juridiko, fisiko edo nortasun juridikorik gabeko subjektu guztiei eragiten die.
3. artikulua. Altsasuko Udalaren baliabide ekonomikoei buruzko ordenantzak aplikatuko zaizkie Altsasuko udal-mugartean gertatzen diren eta kasu bakoitzean ezarritako gertakari eta kasuei.
4. artikulua. Ez da beste zerga salbuespen, murriztapen edo hobaririk izanen, ez bada indarrean diren xedapenetan zehazki ezarri. Halaber, ez da onartuko analogiarik salbuespen, murriztapen edo hobari horien eremua bere termino zorrotzetatik haratago zabaltzeko.
5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari dagokio ordenantza hau eta beste edozein ordainarazpen arautzen dutenak interpretatzea eta argitzea, eta horretarako ezarritako prozedura erabiliko da.
II. KAPITULUA.–KONTRIBUZIO-HARREMANERAKO ELEMENTUAK
6. artikulua.
1. Zerga-egitatea izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den legean edo ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga-obligazioa sortzen du.
2. Ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzek, beharrezkoa bada, zergapean ez dauden kasuen azalpena osatuko dute, baita zerga ordaintzeko betebeharra sortzen duten baldintzena ere.
7. artikulua.
1. Subjektu pasiboa da pertsona fisikoa, juridikoa edo nortasun juridikorik gabeko subjektua, eta, indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera, zergak ordaintzera behartuta dago, zergadun gisa edo haren ordezko gisa.
2. Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen jasogabeak, ondasun erkidegoak eta gainerako entitateak, baldin eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, bereizitako ondare bat osatzen badute, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeena.
3. Zergadunak dira pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak, eta ordenantza partikular batek edo aplika daitekeen beste edozein legek zerga-egitatetik eratorritako karga ezartzen die.
4. Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo erregelamenduak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga-obligazioen prestazio material eta formalak betetzera.
8. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga-harremanaren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahalko. Egintza edo hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, ukatu gabe berekin dakartzaten ondorio juridiko pribatuak.
III. KAPITULUA.–EGOITZA
9. artikulua. Zergak ordaintzeko egoitza bakarra izanen da:
a) Pertsona fisikoentzat, beren ohiko bizilekua izanen da, betiere Altsasuko udal-mugartean badago. Ohiko bizilekua udal-mugartetik kanpo badago, egoitza izan daiteke horretarako berariaz adierazten dutena.
b) Pertsona juridikoentzat, sozietatearen helbidea izanen da, baldin eta Altsasuko udal-mugartean badago. Halakorik ez badago, negozioa administrazio-kudeaketa egiten den edo zuzendaritza dagoen udalerriko tokia izanen da.
c) Udal administrazioak beren egoitza aitor dezaten eskatzen ahal die subjektu pasiboei. Ondorio guztietarako, zerga izaerako edozein agiritan haiek emandako azken helbidea indarrean dagoela ulertuko da, Udalari beste baten berri eman eta honek dagokion egiaztapenaren bidez zuzentzen ez duen bitartean.
V. KAPITULUA.–KARGA-OINARRIA
10. artikulua. Karga-oinarria da zerga-egitatea zerga-modulu gisa kalifikatzea, kasu bakoitzean adierazitako tarifa edo kopuru finko bat ezarrita zorra finkatzeko.
V. KAPITULUA.–ZORRA
11. artikulua. Zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan kuota sartzen da eta, hala behar denean, kontzeptu hauek gehitzen zaizkio:
a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.
b) Berandutze-interesa, Nafarroako Ogasunari zor zaizkion kopuruetarako ezarrita dagoena. Zehazturik ez badago, Estatuko gainerako erkidegoetako toki erakundeei aplikatu beharrekoa aplikatuko da.
c) Atzerapenagatiko edo luzapenagatiko interesa.
d) Epe exekutiboko errekarguak.
e) Diruzko zehapenak.
12. artikulua. Kuota honela zehaztuko da:
a) Tributazio-modulu gisa adierazitako kopuru finkoaren arabera.
b) Karga-oinarriari aplikatutako tarifen arabera.
c) Tributazioaren oinarrizko balioari dagokion karga-tasa aplikatuta.
d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa zati alikuotatan banatuz subjektu pasiboen artean, finkatutako moduluen arabera.
VI. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUNAK
13. artikulua. Kontrako araurik ez badago, erantzukizuna beti izanen da subsidiarioa.
14. artikulua.
1. Zergapeko egintzan bi titular edo gehiago batera agertzen badira, lagunkide dira denak udal ogasunarekiko obligazioetan.
2. Subjektu pasiboak ez ezik beste erantzule batzuk ere badaude, pasiboekiko nagusiak edo subsidiarioak, erantzukizuna beti solidarioa dela ulertuko da, bakoitzaren mailaren barruan.
15. artikulua. Nolanahi ere, honako hauek erantzukizun solidarioa izanen dute zerga-obligazioetan:
a) Arau-hauste baten eragile diren edo arau-hauste horretan laguntzen duten pertsona guztiak.
b) Partaidetza horien zerga-obligazioei buruzko ordenantza honen 7. artikuluaren 2. zenbakiak aipatzen dituen entitate juridiko edo ekonomikoen partaidekideak edo titularkideak.
16. artikulua.
1. Erantzulea kasuan kasuko ordenantzak berariaz jasotako kasuan sartuta egotearen ondoriozko erantzukizun solidarioa, besterik gabe, eraginkorra izanen da, eta prozedura horren kontra zuzenduko da, dagokion manua aipatuta.
2. Erantzule solidariorik egonez gero, likidazioa subjektu pasiboari jakinaraztearekin batera jakinaraziko zaie erantzule solidarioei; jakinarazpen hori isilbidez jakinarazi behar bazaio subjektu pasiboari, erantzule solidarioari ere jakinarazi behar zaiola ulertuko da.
3. Erantzule solidarioak behartuta daude zorrak ordaintzera, eta Udalak haien aurkako ekintza prozeduraren edozein unetan zuzentzen ahalko du, ordainketa egiteko eskatu ondoren soilik.
4. Erantzukizunak kuota eta zerga-zorra osatzen duten gainerako kontzeptuak hartzen ditu.
17. artikulua. Zerga-obligazioen erantzule subsidiarioak izanen dira, baliabide ekonomikoaren ordenantza partikularrak zehazten dituenez gain:
a) Pertsona juridikoen, arau-hauste sinpleen, ez-egiteen eta iruzurren administratzaileak; eta, pertsona juridikoek egindako arau-hauste astunen kasuan, zor osoaren administratzaileak, beren obligazioak betetzeko beren esku zeuden egintzak egin ez badituzte, beren menpekoek ez-betetzea onartu badute edo arau-hauste horiek gertatzeko bidea ematen duten erabakiak hartu badituzte. Bilerara joaten ez diren administratzaileei ez zaie inolaz ere erantzukizun hori eskatzen ahalko, baldin eta bileraren gai-zerrendan ez baziren zehazten hartu beharreko erabakien arrazoia eta xedea (zuzenekoa edo zeharkakoa), edo kasuan kasuko erabakietan beren botoa berariaz alde batera uzten badute.
Bilerara gaixotasunagatik joaten ez diren administratzaileei ere ez zaie erantzukizunik eskatuko.
b) Pertsona juridikoen administratzaileak, beti, baldin eta haien obligazioak bete gabe badituzte eta jarduera utzi badute.
c) Porroten, konkurtsoen, sozietateen edo, oro har, erakundeen administratzaileak, sindikoak, kontu-hartzaileak edo likidatzaileak, baldin eta, zabarkeriagatik edo fede gaiztoagatik, ez badituzte egiten egoera horien aurretik sortutako betebeharrak erabat betetzeko behar diren kudeaketak, eta betebeharrak dagozkien subjektu pasiboei egozten ahal bazaizkie.
18. artikulua.
1. Erantzukizun subsidiarioa eskatu ahal izateko, nahitaezkoa da zordun nagusien eta izan litezkeen erantzule solidarioen kobraezintasuna aldez aurretik deklaratzea, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 152. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituz, bidezko kautela neurriak hartzea galarazi gabe deklarazio horren aurretik.
2. Administrazio ekintza erantzule subsidiarioen gain bideratzeko, aldez aurretik administrazio jarduketa bat beharko da, arauei jarraikiz jakinaraziko dena eta une hartatik aurrera haiek subjektu pasiboaren eskubideen jabe eginen dituena.
3. Erantzule subsidiarioak beharturik daude zerga-zorrak ordaintzera, inguruabar hauek aldi berean gertatzen direnean:
a) Zordun nagusien eta izan litezkeen erantzule solidarioen kobraezintasuna deklaratzea, indarra duen legeriaren arabera.
b) Erantzukizuna leporatzen duen egintza administratibo bat agindu izatea.
4. Erantzukizuna besterentzeko administrazio egintza alkateak edo eskuordetutako zinegotziak emanen du, premiamenduzko administrazio espedientea bere esku duenean eta zergapeko nagusien kaudimengabezia deklaratzen duenean.
5. Egintza horretan erantzule subsidiarioari eskatzen ahal zaion zorraren zenbatekoa zehaztuko da eta erantzuleari jakinaraziko zaio.
6. Arduradun subsidiario bat baino gehiago badago eta horiek maila berekoak badira, Udal Ogasunaren aurrean izanen duten erantzukizuna solidarioa izanen da, bestelako araurik ezean.
VII. KAPITULUA.–ZORRA AZKENTZEA
19. artikulua. Udal Ogasunarekin hartutako zorra azkentzen da:
a) Ordaindu delako.
b) Preskribatu duelako.
c) Zorrak konpentsatu direlako.
d) Barkatu delako.
e) Zordunaren kaudimengabezia frogatu delako.
f) Zenbatekoa 3 eurotik beherakoa delako.
20. artikulua. Zorrak ordaintzeko, oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren Lehen Liburuko I. tituluko 19. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio, baita ordenantza honen III. tituluan ezarritakoari ere.
21. artikulua.
1. Honako eskubide eta ekintza hauek lau urteren buruan preskribatuko dute:
1.1. Subjektu pasiboen alde:
a) Udalak zerga-zorra likidazio egokiaren bidez zehazteko duen eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik hasita.
b) Likidaturiko tributu-zorren ordainketa eskatzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea agortzen den egunean.
c) Zergazkoak ez diren zuzenbide publikoko baliabide propioen ordainarazpenetik bere alde datorren edozein kreditu exijitzeko ekintza, epea dagokion ordenantzan finkatutako ordaintzeko epea agortzen den egunetik zenbatzen hasita edo, bestela, ordaintzeko errekerimenduaren egunetik.
d) Tributu arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatu ziren egunean.
1.2. Udalaren alde: sarrera bidegabeak itzultzeko zergadunek duten eskubidea, diru-sarrera egin zen egunetik lau urtera zenbatuta.
2. Artikulu honen 1.1 apartatuan aipatzen diren preskribatzeko epeak honako egoera hauetan etenen dira:
a) Kreditua edo eskubidea onartu, erregularizatu, ikuskatu, ziurtatu, egiaztatu, likidatu eta biltzeko asmoz, subjektu pasiboa jakinaren gainean dagoela egindako edozein ekintza administratiborengatik.
b) Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.
c) Subjektu pasiboak edozein jarduketa eginda zorra ordaindu edo likidatzeko.
3. Aurreko artikuluaren 1.2. apartatuaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fede-emailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.
4. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.
22. artikulua.
1. Udal Ogasunaren aldeko zorrak konpentsazioz erabat edo zati batean azkentzen ahalko dira, baldin eta zerga-bilketaren kudeaketa fasean badaude, borondatezkoan zein exekutiboan, Ogasunak zordunaren alde aitortutako kredituekin.
2. Ofizioz edo zordunak eskatuta hasten ahalko da konpentsatzeko prozedura.
3. Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 68.etik 73.era bitarteko artikuluetan ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.
23. artikulua. Zorren beherapen edo barkamena eskatzen ahalko da soilik foru lege batek hala ezartzen badu, bertan zehazten diren zenbateko eta baldintzekin.
24. artikulua. Ordaintzera behartutakoen eta erantzuleen kobraezintasuna deklaraturik ordaindu ezin izan diren zorrak behin-behinekoz kobraezintzat joko dira, dagokien kopuruan, harik eta preskripzio epearen barrenean birgaitu arte. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko azkenduta geldituko da. Kobraezintasuna deklaratzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren III. Liburuko arauei jarraituko zaie.
VIII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
25. artikulua.
1. Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren ekintzak eta ez-egiteak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.
2. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako egiteak eta ez-egiteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.
b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.
c) Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.
3. Legez arau-haustetzat hartzen diren egiteek edo ez-egiteek honako kasu hauetan ez dute erantzukizunik sortuko:
a) Zerga arloko gaietan jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.
b) Ezinbesteko kasuetan.
c) Erabakia kolektiboa denean, beren botoa gorde dutenentzat edo erabakia hartu zen bileran egon ez zirenentzat.
4. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kasuetan, subjektu pasiboen edo gainerako behartuen tributu egoera erregularizatzean, tokatzen diren kuota eta errekarguez gain, dagokion berandutze-interesa eskatuko da.
5. Toki administrazioak arau-hausteei Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela deritzen kasuetan, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua, eta ez dio administrazio prozedurari segidarik emanen agintari judizialek epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Fiskaltzak espedientea itzultzen ez duen bitartean. Agintaritza judizialak zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.
6. Deliturik dagoenik ondorioztatzen ez bada, Udal Administrazioak bere jarduketak hasi edo jarraituko ditu, epaitegiek frogatutzat jotzen dituzten egitateak aintzat hartuz, eta preskripzioaldia berriz kontatzen hasiko da, kontaketa eten zen une beretik aurrera. Etenaldian egindako administrazio jarduketak egin gabekotzat hartuko dira.
7. Zerga Administrazioak ez du erruduntasun testigantza jurisdikzio eskudunera igorriko, ezta espedientea Fiskaltzara ere, egiaztatzen bada zergadunak erregularizatu duela bere zerga-egoera, tributu-zorra osorik onartu eta ordainduta erregularizazioaren xede den tributu-zorra zehazteko egiaztapen edo ikerketa jarduketak hasi direla jakinarazi aurretik; edo, halako jarduketak gertatu ez badira, Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak edo Udal Administrazioaren ordezkari prozesalak zergadunaren kontra zuzendutako kereila edo salaketa aurkeztu aurretik; edo eginbideak hasi direla modu formalean jakiteko bide emateko, Fiskaltzak edo Instrukzio Epaitegiak jarduketak egin aurretik.
Halaber, aurreko paragrafoan ezarritako erregularizazioaren ondorioak aplikatzekoak izanen dira tributu-zorrak ordaintzen baldin badira behin hura zehazteko Administrazioak duen eskubidea preskribatu denean.
26. artikulua. Arau-hausteak arinak edo astunak izaten ahal dira.
27. artikulua.
1. Udal Ogasunaren baliabide ekonomikoen kudeaketarengatik edozein pertsonari –subjektu pasiboa izan ala ez– eskatutako obligazioak edo betebeharrak ez betetzea da arau-hauste arina, baldin eta arau-hauste astuna ez bada.
2. Legeak ezarritako mugen barruan, ordenantza partikularrek arau-hauste arinak zehazten ahalko dituzte, baliabide ekonomiko bakoitzaren kudeaketaren ezaugarrien arabera.
28. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste astunak:
a) Likidatutako zor osoa edo zati bat ez ordaintzea, erregelamenduan ezarritako epeen barruan.
b) Zerga-onurak, salbuespenak, desgrabazioak edo itzulketak bidegabeki jasotzea edo lortzea.
c) Oinarrietan edo kuotan kendu edo konpentsatu beharreko partida positiboak edo negatiboak behar ez bezala zehaztea edo frogatzea norberaren edo hirugarrenen aitorpen-likidazioetan.
d) Udalak behar den likidazioa egin ahal izateko beharrezkoak diren aitorpenak edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.
29. artikulua.
1. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga-kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onuren edo itzulketen zenbatekoaren gainean.
2. Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52 eurora bitarteko zehapena izanen du.
3. Ikuskatzaileen jardunari, haien eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, Udal Administrazioak eskatutako frogak eta kontabilitate-agiriak ez aurkeztea edo horiek erakusteari uko egitea barne, 300,51 eta 6.010,12 euro bitarteko isuna ezarriko da.
4. Tributu arloko arau-hauste astunak kuotaren zenbatekoaren %50etik %150era bitarteko diruzko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira, 31. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako murrizketa alde batera utzi gabe. Era berean, zilegi izanen da berandutze-interesak eskatzea ordainketarako borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.
30. artikulua.
1. Tributu arloko arau-hauste arinengatiko zehapenak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin izana. Hala gertatuko da arau-hauslea tributu arloko arau-hauste arin batengatik zigortu badute espedientearen xede den arau-haustea egin aurreko bost urteetan, administrazio bideko ebazpen irmoaren bidez. Egoera horretan gutxieneko zehapenaren ehunekoari gehieneko zehapenaren ehunekoa gehituko zaio, aurreko bost urteetan arau-hauste arinarengatik ezarritako zehapen irmo bakoitzeko, honako irizpide hauen arabera:
–Aurretik arau-hauste bat izanez gero: %25.
–Aurretik bi arau-hauste izanez gero: %35.
–Aurretik hiru arau-hauste izanez gero: %45.
–Aurretik lau arau-hauste edo gehiago izanez gero: %50.
–Zehapen irmoa bestelako tributu arloko arau-hauste bat egiteagatik bada baina zehatzen denaren izaera berekoa, zehapenari %15 gehituko zaio, eta %10, mota bereko arau-hauste bakoitzeko bi edo gehiago badira, %50 gehienez ere.
b) Toki-erakundearen ikerketa-lanei trabak jarri, uko edo aurka egin izana. Hori horrela ulertuko da zergapekoek, behar bezala jakinarazita eta ohartarazita, ez badiete erantzuten udal administrazioak tributuez bezainbatean garrantzia duten datu, txosten edo aurrekariak eskatzeko egindako errekerimenduei. Inguruabar hori gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenaren zenbatekoa gehieneko zenbatekoaren %20tik %40ra bitartean handituko da. Gainera, zergapekoak aurretiazko errekerimenduei kasurik egin ez dienean, zenbatekoa honela gehituko da:
a) 300 euro, bigarren aldia bada errekerimendu bat betetzen ez dela.
b) 600 euro, hirugarren aldia edo hurrengoa bada errekerimendu bat betetzen ez dela.
c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili izana edo beste norbaiten bitartez egin izana. Honi dagokionez, nagusiki honako hauek hartuko dira iruzurrezko bidetzat: kontabilitatean funtsezko irregulartasunak izatea eta faktura, frogagiri edo beste agiri faltsu edo faltsutuak erabiltzea. Horrelakorik gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenaren zenbatekoari gehienezko zenbatekoaren %25 gehituko zaio.
d) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez izana edo berandu bete izana. Horrelakorik gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenaren zenbatekoari gehienezko zehapenaren %5 gehituko zaio betebeharra betetzeko atzerapena ez bada hiru hilabetetik gorakoa izan; %10 atzerapena hiru hilabetetik sei hilabetera bitartekoa bada; eta %15 atzerapena sei hilabetetik gorakoa bada.
e) Ematen ez diren datu, txosten edo aurrekariek, eta oro har, betebehar formalak, kontabilitate eta erregistro arlokoak, eta zerga administrazioari informazioa eta laguntza emateko betebeharrak ez betetzeak zer garrantzia daukaten zergaren kudeaketarako.
2. Mailakatze irizpideak aldi berean aplikatzen ahal dira. Aplikatu beharreko zehapena zehazteko, gutxieneko diruzko zehapenaren zenbatekoa gehituko da, aurreko zenbakietan xedatutakoa aplikatuta bidezkoak diren zenbatekoekin, eta ondoriozko isunaren zenbatekoak ez ditu legez xedatutako gehieneko mugak gainditzen ahalko.
31. artikulua.
1. Tributu arloko arau-hauste astunek eragindako zehapenak kasuan-kasuan mailakatuko dira, betiere irizpide hauekin bat:
a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin izana. Hala gertatuko da arau-hauslea tributu arloko arau-hauste astunagatik zehatua izan denean administrazio bideko ebazpen irmoaren bidez, espedientearen xede den arau-haustea egin aurreko bost urteen barruan.
Inguruabar hori gertatuz gero, zehapenaren ehunekoari 10 puntu gehituko zaizkio tributu berari dagokion tributu arloko arau-hauste astuna egiteagatik ezarritako zehapen irmo bakoitzeko; eta 5 puntu beste tributuei dagokien tributu arloko arau-hauste astuna egiteagatik ezarritako zehapen irmo bakoitzeko. Zehapenaren ehunekoaren gehikuntza ez da 10 puntu baino txikiagoa izaten ahalko, ezta 50 baino handiagoa ere.
b) Toki-erakundearen ikerketa-lanei trabak jarri, uko edo aurka egin izana. Horrelakotzat joko da zergapekoek, behar bezala jakinarazita eta ohartarazita, ez erantzutea udal administrazioak egindako errekerimenduei, haien tributu-egoera erregularizatzeko abiatutako egiaztapen- eta ikerketa-jarduketetan, baldin eta horietan agerian gelditzen bada arau-hauste astunak egin dituztela. Hala gertatuz gero, zehapenaren ehunekoa 20 eta 60 puntu bitartean handituko da, irizpide hauen arabera:
–Subjektu pasiboak behin eta berriz uko egiten badio prozeduran zehar eskatu dizkioten eta tributuez bezainbatean garrantzia duten datu, txosten edo aurrekariak aurkezteari, eta, horren ondorioz, udal administrazioak ezin badu eskatutako informazioaren berri izan, zehapenaren ehunekoa 35 eta 50 puntu bitartean handituko da.
–Subjektu pasiboa ez bada dena delako organoaren aurrean agertzen, gutxienez horretara hiru aldiz deitua izan eta gero, zehapenaren ehunekoa 30 eta 40 puntu bitartean handituko da. Baldin eta behin eta berriz ez agertzeagatik, egoera zergapekoa bertan egon gabe erregulatu behar bada, zehapenaren ehunekoa 50 eta 60 puntu bitartean handituko da.
–Aurrekoak ez diren beste kasu batzuetan, hala nola kontra egitean, uko egitean edo oztopoak jartzean, zehapenaren ehunekoa 20 eta 30 puntu bitartean handituko da.
c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili izana edo beste norbaiten bitartez egin izana. Honi dagokionez, nagusiki honako hauek hartuko dira iruzurrezko bidetzat: kontabilitatean funtsezko irregulartasunak izatea eta faktura, frogagiri edo beste agiri faltsu edo faltsutuak erabiltzea. Halako inguruabarrak gertatuz gero, zehapenaren ehunekoa irizpide hauekin bat gehituko da:
- 20 eta 45 puntu bitartean, kontabilitatean funtsezko irregulartasunik izanez gero.
- 25 eta 40 puntu bitartean, faktura, egiaztagiri edo bestelako agiri edo euskarri faltsurik edo faltsuturik erabiliz gero. Ez da halakorik kontuan hartuko frogagiri edo agiri faltsu edo faltsututakoen eragin bateratua ordaindu ez den tributu-zorrarekiko %10a baino gutxiago denean.
- 35 eta 50 puntu bitartean, arau-haustea beste norbait tarteko dela egin bada.
Irizpide horiek zein bere aldetik hartuko dira kontuan, eta zein bere kabuz aplikatuko dira zehapenaren ehunekoan zenbat gehitu behar den zehazteko. Zehapenaren ehunekoan gehitu beharreko zenbatekoa gehikuntza guztiak batuta zehaztuko da, hori, gehienez ere, 75 puntu izaten ahalko delarik.
d) Aitorpenik aurkeztu ez izana edo aitorpen faltsu, osatugabe edo zehaztugabeak aurkeztu izana, horrek zerga-zorra gutxitzea badakar berekin. Inguruabar hori kontuan hartuko da, baldin eta, arrazoi horrengatik, Udal Administrazioari ezkutatzen bazaizkio zerga-zorra zehazteko behar diren datuak, eta horren ondorioz zorra murriztu egiten bada, nahiz eta Administrazio horrek jakin zeintzuk diren zehapenean aipatutakoa ez beste zerga-kontzeptu batzuei buruz hirugarrenek egindako aitorpenen edo subjektu arau-hausleak egindako aitorpenen datuak, edo nahiz eta datuak kontabilizatuta egon. Inguruabar hori gertatuz gero, arau-hauste astun baten kasuan, zehapenaren ehunekoa 10 eta 25 puntu bitartean gehituko da, eta ezkutatutako datuek zenbatean gutxitu duten tributu-zorra, horren arabera zehaztuko da, irizpide hauekin bat:
- %10 edo gutxiago gutxituz gero: igoerarik ez.
- %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago gutxituz gero: 10 puntu gehiago.
- %25 baino gehiago eta %50 baino gutxiago gutxituz gero: 15 puntu gehiago.
- %50 baino gehiago eta %75 baino gutxiago gutxituz gero: 20 puntu gehiago.
- %75 baino gehiago gutxituz gero: 25 puntu gehiago.
Ez da halakorik kontuan hartuko subjektu arau-hausleak bere aitorpenean tributu-zorra zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak adierazi eta tributu-arauak oker aplikatu dituelako gutxitu bada zorraren zenbatekoa. Inguruabar hori ez da kontuan hartuko jokamoldea ordenantza honen 28. artikuluaren d) letran tipifikatutako arau-hauste larria denean.
2. Mailakatze irizpideak aldi berean aplikatzen ahal dira. Aplikatu beharreko zehapena zehazteko, gutxieneko diruzko zehapenaren ehunekoa handituko da, aurreko zenbakietan xedatutakoa aplikatzetik sortzen diren portzentaje-puntuekin. Mailakatzeko irizpideak gutxieneko diruzko zehapenei aplikatuko zaizkie, hortik ateratako zenbatekoek ez dituztelarik gainditzen ahalko legeek ezarritako gehieneko zenbatekoak.
3. Tributu arloko arau-hauste astunen zehapenen zenbatekoa %30 murriztuko da, subjektu arau-hausleak edo, bestela, erantzuleak adierazten badu egiten zaion erregularizazio proposamenarekin ados dagoela. Murriztapenak %40 joko du, bat etortzen badira hala erregularizatze nola zehapen proposamenarekin.
32. artikulua.
1. Tributu arloko zehapenak ezartzeko espedientea ez da izanen subjektu arau-hauslearen tributu egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta beste bat, eta hartan interesdunari entzunaldia emanen zaio.
2. Egiaztapen eta ikerketa prozedura baten ondorioz hasi beharreko zehapen prozedurak ez dira hasten ahalko sei hilabete pasatu badira dagokion likidazioa jakinarazi zenetik edo jakinarazitzat jo behar izan zenetik.
3. Zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko administrazio egintzak eman behar dituzten organo berberek.
4. Zehapen espedientea ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da. Erantzukizuna azkentzea.
33. artikulua.
1. Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean azkentzen da, edo preskripzioz.
2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko zerga-betebeharrak jaraunsle edo legatu-hartzaileei transmitituko zaizkie, legeria zibilean jaraunspena eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik beste bati transmitituko. 3) Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu-betebehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.
IX. KAPITULUA.–ORDAINARAZPEN EGINTZAK AURKARATZEA
34. artikulua. Udalaren sarrera guztiak kudeatu, ikuskatu eta biltzeko egintzak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta hura garatzen duten foru dekretuetan ezarritako moduan aurkaratzen ahal dira.
II. TITULUA.–KUDEAKETA ARAUAK
I. KAPITULUA.–KUDEAKETAREN EREMUA ETA EZAUGARRIAK
35. artikulua.
1. Ordainarazpenen kudeaketak zorra eta horren bilketa zehazteko behar diren jarduketa guztiak biltzen ditu.
2. Erabat deusezak izanen dira Udalaren organo eskudunek emandako administrazio ebazpenak, baldin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean, zergak arautzen dituzten foru legeetan, erregelamendu garatzaileetan edo ordainarazpen bakoitzaren ordenantza partikularretan ezarritako manuetan xedatutakoa urratzen badute.
3. Oinarriak eta zorrak zehazteko egintzak lege-presuntzioa dute, eta ofizioz egindako berrikuspen, errebokazio edo deuseztapenaren bidez soilik suntsitzen ahalko dira, edota horien aurka egiten diren errekurtsoetan emandako ebazpen irmoen bidez.
4. Egintza horiek berehala exekutiboak izanen dira, xedapen batek berariaz aurkakoa ezartzen ez badu.
II. KAPITULUA.–KONTSULTAK
36. artikulua.
1. Edozein ordainarazpen ordaintzera beharturik dagoenak edo goragoko beste xedapen batzuen bidez ordaindu beharra izan dezakeenak, Udal Bulegoetara jotzeko eskubidea izanen du bere zerga-betebeharrak adieraz dakizkion, eta Administrazioak ez du txostena saihesten ahalko. Txostena horretarako eskumena duen pertsonak sinatuko du.
2. Erantzunak informazio hutsa izanen dira eta ez administrazio egintzak, eta ez dira lotesleak izanen ez Udalarentzat ez administratuarentzat, legerian ezarritako kasuetan izan ezik.
3. Hala ere, Udalak egindako kontsultari emandako erantzunaren arabera, epe barruan betebeharrak bete dituen subjektu pasiboak ez du inolako erantzukizunik izanen kontsultak betekizun hauek bete baditu:
a) Administrazioaren judizioa eratzeko behar diren aurrekari eta zirkunstantzia guztiak barne hartu izana.
b) Aurrekari eta inguruabar horiek gerora aldatu ez izana.
c) Kontsulta zerga-egitatea gertatu baino lehen edo aitorpenerako emandako epearen barruan egin izana.
4. Interesdunek ez dute inolako errekurtsorik paratzen ahalko erantzunaren aurka, geroago egin badezakete ere erantzunean oinarritutako administrazio egintzaren aurka.
5. Alkateak erantzun behar ditu artikulu honetan araututako kontsultak.
III. KAPITULUA.–TRIBUTUEN KUDEAKETA HASTEA
37. artikulua. Ordainarazpenen kudeaketa honako hauen bidez hasiko da:
a) Subjektu pasiboaren aitorpenaren edo ekimenaren bidez.
b) Ofizioz.
c) Ikerketa bidez.
d) Salaketa publikoaren bidez.
IV. KAPITULUA.–AITORPENAK
38. artikulua.
1. Aitorpentzat hartuko da zerga-egitate baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zerga-egitatea biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.
2. Inondik inora ere ez da eskatuko aitorpenak zinpean egin daitezen.
3. Aurkezteko garaian, interesdunei aitorpenaren egiaztagiria emanen zaie; sarrera erregistroaren zigilua duen aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.
4. Frogagiri bat aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia arrunt bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.
39. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta ordenantza horietan ezarri ez bada, zerga-egintza gertatu eta ondoko hogeita hamar egun balioduneko epean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.
40. artikulua.
1. Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez dakar berekin kargaren bidezkotasuna onartzea edo aitortzea.
2. Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago eman daitezela, baita aurkitu diren okerrak zuzen daitezela ere, ordainarazpena likidatzeko eta egiaztatzeko beharrezko den neurrian.
V. KAPITULUA.–ZORRAK LIKIDATZEA
41. artikulua. Zerga-oinarriak zehaztu ondoren, kudeaketak jarraituko du, eta zorra finkatzeko likidazioa eginen da.
42. artikulua.
1. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.
2. Behin betikoak dira:
a) Zerga-egitatearen ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.
b) Preskripzio epean egiaztatu ez direnak.
3. Aurreko zenbakian adierazitako kasuez gain, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, bai kontura egindakoak, bai osagarriak, kauziozkoak, partzialak edo guztizkoak, baita autolikidazioak ere.
43. artikulua.
1. Udala ez dago beharturik likidazioak subjektu pasiboek aitorpenetan adierazitako datuetara egokitzera. Horretarako, Administrazioak, likidazioak egitean, aitorpenetan jasotako egintza, elementu eta balorazio guztiak egiaztatuko ditu, ordenantza honen IV. tituluan araututako ikerketa jardueraren bidez.
2. Aitorpenen egiaztapenaren emaitzaren gaineko zerga-oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduta, egiten den likidazioarekin batera.
44. artikulua.
1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:
a) Likidazioaren funtsezko elementuak.
b) Erabil daitezkeen aurkaratze bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.
c) Zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.
2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo zerga-zorraren ordainketa egiten duenean.
3. Subjektu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta, egintzaren testu osoa izanik, beste edozein baldintza aipatu ez badute, salbu eta epe horretan protesta formala egin bada Administrazioak akatsa zuzen dezala eskatzeko.
VI. KAPITULUA.–ZERGADUNEN ERROLDA EDO MATRIKULA
45. artikulua.
1. Baliabide ekonomikoak zergapekoen erroldaren edo matrikularen xede izaten ahalko dira, baldin eta beren ezaugarriengatik zerga-egitatea aldizkakoa bada.
2. Erroldan alta, baja edo aldaketa eragin dezakeen edozein aldaketaren berri eman beharko diote subjektu pasiboek Administrazioari, aldaketa gertatu eta 30 egun balioduneko epean.
3. Altak honela emanen dira:
a) Subjektu pasiboaren aitorpenaren bidez.
b) Ofizioz edo Administrazioaren ikerketa ekintzaren bidez.
4. Altek ondorioak izanen dituzte egiten diren egunetik, edo ordenantza partikular bakoitzaren xedapenez zerga ordaindu beharra sortzen denetik.
5. Bajak subjektu pasiboek eskatu beharko dituzte, eta egiaztatu ondoren, hala badagokio, errolda behin betiko ezabatuko da, aurkeztu eta hurrengo alditik aurrera, ordenantza partikular bakoitzean ezartzen diren salbuespenetan izan ezik.
46. artikulua.
1. Erroldak, eratu ondoren, erregistro iraunkortzat eta publikotzat hartuko dira, eta Udalak erabakitzen duen edozein prozeduraren bidez erabiltzen ahalko dira, baita informatikaren bidez ere. Fitxategi edo erregistro informatizaturik baldin badago, administrazio-prozedura erkidearen legeriaren arabera interesdun direnek hura kontsultatzeko eta beren datuei buruzko ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea izanen dute. Ziurtagiri horiek fitxategi tradizionaletatik abiatuta emandakoen balio bera izanen dute.
2. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.
3. Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen gorabeheraren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta 30 egun balioduneko epean.
4. Zergadunen erroldek agiri balioa izanen dute, horiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.
VII. KAPITULUA.–ERREKURTSOAK
47. artikulua. Ordaintzera behartua izatearen kontra edo ordainarazpen baten kuota likidoaren kontra errekurtsoa aurkezteko, ez da aurretik ordaindu beharko eskatutako kopurua, baina erreklamazioak ez du bertan behera utziko aurkaratutako egintza.
Dena dela, interesdunak eskatuta, Udalaren Diruzaintzak bertan behera utziko du kobrantzarako egintza administratiboa, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 166. artikuluan ezarritakoa aplikatuta.
III. TITULUA.–DIRU-BILKETA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
48. artikulua.
1. Diru-bilketaren kudeaketa da udal ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.
2. Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu-zorra ordaintzera.
3. Tributuak honela bil daitezke:
a) Borondatezko epean.
b) Epe exekutiboan.
II. KAPITULUA.–ZORREN SAILKAPENA DIRU-BILKETAREN ONDORIOETARAKO
49. artikulua.
1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako zerga-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta autolikidatuak.
2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da pertsonari jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ez da eskatzen ahalko.
3. Jakinarazpenik gabe subjektu pasiboek jada ezagutzen dituzten zergadunen erroldetatik zuzenean eratortzen diren zorrak dira. Ez da beharrezkoa banaka jakinaraztea, nahiz eta zerga-zorra aldian-aldian aldatu, dagokion Ordenantzan aurrez zehaztutako errekargu edo gehikuntzak aplikatuta, hargatik eragotzi gabe Alkateak horretarako argitaratzen dituen bandoak.
4. Norberak likidatutakoetan subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu-zorraren ordainketa egiten du.
III. KAPITULUA.–ORDAINTZEKO TOKIA
50. artikulua.
1. Udal Administrazioaren aldeko zorrak udalaren kutxan sartuko dira, ez bada berariaz ezartzen ordainarazpen bakoitzaren Ordenantza partikularrean udal zerbitzuetan gaitutako Kutxetan egin daitekeenik edo egin behar denik.
2. Era berean, bankuetan nahiz aurrezki kutxetan Udalaren alde irekitako kontuetan ere kitatzen ahal da zorra, ordaintzera behartutakoak ordenantza honetan aipatzen diren bideetako edozein erabilita.
IV. KAPITULUA.–ORDAINTZEKO EPEAK
51. artikulua.
1. Zorrak honela ordainduko dira:
a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.
b) Aldizkako kobrantzako zorrak, banakako jakinarazpena nahitaezkoa ez denean, aurreko letran ezarritako epe berean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik zenbatuta.
c) 45. artikuluan aipatzen diren ordainarazpenak sei hilean behin ordainduko dira, eta borondatez ordaintzeko epeak honako hauek izanen dira:
–Lehen seihilekorako, martxoaren 16tik maiatzaren 15era.
–Bigarren seihilekorako: irailaren 16tik azaroaren 15era.
Ordainketa epe horiek Udalbatzak aldatzen ahalko ditu, horretarako aparteko inguruabarrak daudenean.
d) Subjektu pasiboak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak ordainarazpen bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zerga-egitatea gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barrenean.
2. Borondatezko epean ordaintzen ez diren zorrak premiamendu bidez ordainaraziko dira.
VI. KAPITULUA.–EPE EXEKUTIBOKO DIRU-BILKETA
52. artikulua.
1. Premiamendu-prozedura administraziokoa izanen da soil-soilik, eta Udal Administrazioak berea izanen du prozeduraz arduratzeko eta haren gorabehera guztiak ebazteko eskumena. Ez dira metatzen ahalko prozedura judizialekin eta beste prozedura exekutibo batzuekin. Prozedura hasteagatik ez da etenen, salbu eta prozedurak pilatzeari buruzko arauek hala ezartzen badute.
2. Premiamendu-prozedura ofizioz hasi eta bultzatuko da izapide guztietan, eta behin hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduan ezarritako kasuetan eta moduan soilik etenen da.
3. Prozedura hori Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduan eta ordenantza honetan bildutako xedapenen arabera beteko da.
53. artikulua.
1. Zorra ordaindu gabe diru-sarrera egiteko epea iraganik, hasi eginen da premiamendu aldia; orduan sorraraziko dira berandutzaren interesak eta aldi horri dagozkion errekarguak: errekargu exekutiboa, premiamendu-errekargu murriztua eta premiamendu-errekargu arrunta.
Errekargu horiek bateraezinak dira beren artean eta borondatezko aldian ordaindu gabeko zorraren gainean kalkulatzen dira.
Errekargu exekutiboa %5ekoa izanen da eta probidentzia jakinarazi aurretik epe exekutiboan ordaindutako zorrari aplikatuko zaio.
Premiamendu-errekargu murriztua %10ekoa izanen da eta jadanik hasita dagoen premiamendu-prozeduraren xedeko zorrak ordaintzeko ezartzen den erregelamenduzko epea bukatu baino lehen ordaintzen den zorrari aplikatuko zaio.
Premiamendu-errekargu arrunta %20 izanen da eta aurreko apartatuetan aipatutako inguruabarrak suertatzen ez direnean aplikatuko da.
Premiamendu-errekargu arrunta bateragarria da berandutze-interesekin. Premiamendu-errekargu exekutiboa edo premiamendu-errekargu murriztua aplikagarriak direnean, ez dira berandutze-interesak eskatuko.
2. Epe exekutiboa hasitakoan, udal administrazioak premiamendu-prozedura bidez bilduko ditu zorrak ordaintzera behartutakoaren ondarearen gainean.
3. Premiamendu-prozedura zordunari jakinarazitako probidentzia bidez hasiko da. Probidentzia horretan, ordaindu gabe dagoen zorra identifikatuko da, eta ordainketa egiteko eskatuko zaio, epe exekutiboko errekarguekin eta dagozkion berandutze-interesekin batera. Zordunak ez badu ordainketa epearen barruan egiten, ondasunak enbargatuko zaizkio, eta premiamendu-probidentzian horrela ohartaraziko zaio.
4. Zordunak ordaindu beharko ditu prozeduraren kostuak.
54. artikulua.
1. Udal diruzaintzak emandako probidentzia premiamendu-prozedurari hasiera emateko nahikoa da, eta ordaintzera behartuta daudenen ondasun eta eskubideen aurka jotzeko epai judizialak duen indar betearazle bera du.
2. Premiamenduaren bidezkotasunaren aurka egiteko arrazoi hauek bakarrik onartuko dira:
a) Zorra ordaindu edo azkentzea.
b) Preskripzioa.
c) Epea luzatzea.
d) Likidazioa ez jakinaraztea edo hura baliogabetu edo bertan behera uztea.
3. Premiamendu-probidentzia jakinarazten ez bada, zordunaren ondarearen gaineko jarduketa exekutiboak aurkaratzen ahalko dira.
55. artikulua.
1. Premiamenduzko administrazio prozedura abiaturik, hilabeteko epea izanen da zorrak ordaintzeko, premiamendu-probidentzia jakinarazi eta biharamunetik hasita.
2. Berandutze-interesak indarrean dagoen legeriaren arabera aplikatuko dira.
3. Behin 1. apartatuan aipatutako epea igarotakoan, zordun batek zor bat baino gehiago baditu, metatu eginen dira, eta zor guztiak estaltzen ez dituen ordainketa bat eginez gero, zorrik zaharrenei aplikatuko zaie, borondatezko aldiko epemugaren arabera.
56. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduko 166. artikuluan ezarritako moduan baino ez da bertan behera geldituko premiamendu-prozedura.
57. artikulua.
1. Huts egindako kredituak dira zordunen eta gainerako erantzuleen –egonez gero– kaudimengabeziagatik edo non dauden ez jakiteagatik premiamenduzko administrazio prozeduran kobratu ezin diren kredituak.
2. Kobraezin kalifikazioa kredituei aplikatuko zaie eta huts egindakoa ordaintzera behartutakoei.
3. Agentzia Exekutiboak partikularrei edo beste organismo batzuei buruz egin beharreko informazio jarduerak burutu beharko ditu, baldin eta zerga-kredituak eta zuzenbide publikoko gainerakoak gauzatzera bideratzen badira.
4. Informatikoki, eta subjektu pasiboaren IFZrekin lotutako erregistro batean, hari likidatutako kreditu kobraezinen aitorpena kontrolatuko da.
58. artikulua.
1. Ordaintzera behartutakoak eta erantzuleak huts egindakotzat jotzen direnean, zorrak behin-behinean azkendutzat joko dira, preskripzio epean birgaitzen ez diren bitartean.
2. Zorra behin betiko azkenduko da epe horretan birgaitzen ez bada.
59. artikulua.
1. Kreditu kobraezina aitortzeak kreditu kontuetan baja ematea ekarriko du.
2. Deklarazio horrek ez du eragozten dagokionaren aurkako ekintzak gauzatzea, kobratzeko administrazio ekintza azkentzen ez den bitartean.
3. Diru-bilketa exekutiboak zainduko du huts egindakotzat jotako obligaziodun eta erantzuleek gerora izan dezaketen kaudimena.
60. artikulua.
1. Diru-bilketa exekutiboak, Diruzaintzak eta Kontu-hartzailetzak kreditu kobraezinen aitorpenari buruzko arauak proposatuko dizkiote Ogasunaren eta Aurrekontuen Informazio Batzordeari, Udalbatzari emateko.
2. Arau horiek espedientearen zenbatekoaren arabera aplikatuko den prozedura diseinatuko dute eta eman behar diren frogagiriak adieraziko dituzte, baita kreditu kobraezinak aitortzeko proposamena egiteko irizpideak ere.
3. Huts egindakoak. Zorduna huts egindakotzat jotzen bada, adierazpena egin eta gero haren kontra mugaeguneratzen diren kredituak azkendutzat joko dira, eta baja emanen zaie adierazpen horren arabera, baldin eta berrikusteko daturik ematen ez badute eta beste obligaziodun edo erantzulerik ez badago.
VII. KAPITULUA.–ORDAINTZEKO MODUA
61. artikulua.
1. Zerga-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:
a) Legezko dirua.
b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.
c) Banku-txekea.
d) Abonu edo transferentzia gutuna, Udalak banku edo aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan.
2. Aurrez ezarritakoa gorabehera, zorrak kreditu eta aurrezki erakundeetan helbideratzea erabakitzen ahalko da, erakundeak subjektu pasiboaren administratzaile gisa jardun dezan eta hark baimendutako zorrak ordain ditzan. Helbideratze hori egiteko baldintza bakarra da udal diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki erakundeari aldez aurretik idatziz jakinaraztea, helbideratze horrek zein zerga-kontzeptutan duen eragina kontuan hartuta. Helbideratu gabeko zorraren zerga-kudeaketak Udalari finantza-gastu gehigarriren bat badakarkio, Udalak zorraren titularrari jasanarazten ahalko dio zenbatekoa, finantza-gastu gisa.
3. Ordainagiri bakarrean jasotzen diren ordainarazpenen kuotak modu hauetako batean ordaindu beharko dira:
–Ordenantza partikularretan zehaztutako banku edo aurrezki kutxak.
–Helbideratzea: ordainagirien ordainketa banketxe edo aurrezki kutxetan helbideratuta, betiere borondatezko ordainketa epeak hasi baino 15 egun lehenago eskatzen bada. Udalak ez du ondoriorik izanen ordaindu gabe uzten bada edo dirua itzultzen bada.
–Bulegoak: Udalaren Diru-bilketa Zerbitzuaren bulegoetan, egoera berezietan dauden ordainagirietarako.
4. Luzapen errekargua duten ordainagiriak nahitaez Udalaren Diru-bilketa Zerbitzuaren bulegoetan ordaindu beharko dira. Geroko muga-eguna duen ordainagiri baten kobrantzak ez du lehenagokoak ordaindu direla esan nahi, eta ez du azkentzen zorpekoak diren ordainagiriak jasotzeko Udalak duen eskubidea ere.
62. artikulua.
1. Zerga-zorra likidatu ondoren, Udalak, bere kabuz eta nahierara, zorraren ordainketa atzeratu edo zatitzen ahalko du, obligaziodunek aldez aurretik eskatuta.
2. Ordainketa zatikatzea, geroratzeko modu gisa, modalitate horri aplikatu beharreko xedapenen arabera arautuko da.
3. Geroratzen diren zenbatekoek indarrean dagoen legerian ezarritako berandutze-interesa sortuko dute, kasu guztietan, muga-egunaren biharamunetik emandako gerorapen edo zatikapenen epea edo epeak agortzen diren egunera arte.
4. Tasa aplikagarria eskaera egiten den unean indarrean dagoena izanen da eta ez da aldatuko harik eta gerorapena edo zatikapena erabat kitatu arte.
63. artikulua. Ez dira geroratzen ahalko:
a) Ordainagiri edo patente bidez ordainarazten diren zerga-zorrak.
b) Atxikipenagatiko ordezkoek ordaindu beharreko zenbatekoa duten zerga-zorrak.
64. artikulua.
1. Ordaintzera beharturik daudenek atzerapena eskatzen ahalko dute, bakar-bakarrik, beren diru-egoerak –Udalak bere iritziaren arabera baloratuko du– ordainketa borondatezko epean egitea eragozten dienean.
2. Geroratzeko eskaerak Udalean eginen dira, borondatezko sarrera egiteko edo aitorpen-likidazioak egiteko ezarritako lehenbiziko hamar eguneko epean.
3. Geroratzeko eskaerak datu hauek jasoko ditu nahitaez:
–Eskatzailearen izen-deiturak, sozietatearen izena eta helbidea.
–Geroratzeko eskatzen den zerga-zorra, zenbatekoa adierazita, borondatezko diru-sarrera egiteko epearen hasiera data eta kontabilitateko erreferentzia.
–Geroratzeko edo zatikatzeko eskatzen dena.
–Eskaeraren arrazoia.
–Eskaintzen den bermea, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.
–Aitorpen-likidazioaren ereduzko erregelamendua, behar bezala beteta eta likidatuta, ordainketa geroratzeko eskaera subjektu pasiboak autolikidatu beharreko zorrei buruzkoa denean.
4. Eskatzaileak eskaerari laguntzeko egokitzat jotzen dituen agiri edo frogagiriak eransten ahalko ditu.
65. artikulua.
1. Eskatzaileak bermea eskainiko du banku edo aurrezki kutxaren abal solidarioaren bidez, eta eskaerarekin batera, gerorapena onartuz gero, erakundeak abala formalizatzeko konpromisoa hartuko du.
2. Geroratutako zenbatekoak baldintza hauek betetzen baditu, nahikoa izanen da geroratzeko baldintzak eta betekizunak betetzeko eskatzaileak hartutako konpromisoa:
–Zorra 3.000,00 eurokoa edo txikiagoa izatea.
–Zorra amortizatzeko epea urtebetetik gorakoa ez izatea.
–Geroratzeko baimena ematean geroratutako zorraren %20 gutxienez ordaintzea.
–Ordaintzeke dagoen amortizazioa eta interesen ordainketa zatika egitea aldizka.
3. Bermeak, betiere, zorraren zenbatekoa eta berandutze-interesen zenbatekoa estaliko ditu, gehi bi kopuruen baturaren %25.
4. Abalaren bidez eratutako bermeak epearen edo epeen muga gainditu beharko du, gutxienez hiru hilabetez.
66. artikulua.
1. Udalak ordainketa geroratzeko eskaerak ebatziko ditu, eta geroratzea onartu edo ukatuko du. Erabakiak geroratzea onartzen badu, dagokion bermea ematearen baldintzapean geratuko da.
2. Erabakia ezezkoa bada, erabakia jakinarazten denetik hogeita hamar egun baliodun igaro baino lehen ordaindu beharko da zorra. Borondatezko epean ordaintzeko epea agortu bada, berriz, dagokion berandutze-interesa ere ordaindu beharko da.
3. Ebazpenean zorra geroratzea onartzen bada, bermea hamar egun balioduneko epean eman beharko da, geroratzeko erabakia jakinarazten denetik hasita. Epe hori hogeita hamar egun baliodunera arte luzatzen ahalko da, aurreko artikuluaren 2. apartatuan aipatzen diren bermeetako bat onartzen denean.
4. Epe horiek igaro eta bermerik eratu ez bada, geroratzeko erabakia indarrik gabe geratuko da, eta zorra eta berandutze-interesak hurrengo hogeita hamar egun balioduneko epean ordaindu beharko dira.
67. artikulua.
1. Emandako epea agortu ondoren ez bada dagokion diru-sarrera egiten, premiamendu-bidean ordainaraziko da, luzapenik gabe.
2. Epe bat muga-egunean ordaintzen ez bada, egun berean mugaeguneratutzat joko dira emandako hurrengo epeak ere, eta guztiak premiamendu-bidean sartuko dira.
3. Geroratutako zerga-zorren ordainketa-gutuna, jatorrizko ordainagiria edo ordainketa egin dela egiaztatzen duen agiria gerorapenaren azken epea ordaindu ondoren entregatuko da, eta gainerakoa ordaindu gabeko zerga-zorraren konturako ordainketatzat hartuko da.
IV. TITULUA.–EGIAZTAPENA ETA IKERKETA
I. KAPITULUA.–OROKORTASUNAK
68. artikulua. Udalak ikertuko ditu zerga-egitatea osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta karga-oinarriaren balorazioa egiaztatuko du.
69. artikulua. Ikuskapen lanak Udalak izendatzen dituen funtzionario edo lan-kontratudun edo administrazio-kontratudun langileek eginen dituzte, udalekoak izan edo ez. Udalak behar den baimena emanen die.
70. artikulua. Ikerketa egiteko, aztertuko dira subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta erregistroak, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta zerga-egitatea zehazteko beharrezko diren beste aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.
71. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, baita ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarrita zerga-egitatearekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.
72. artikulua.
1. Ikuskatze lanak subjektu pasiboentzat eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, komunikazio eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.
2. Eginbideetan agerraraziko dira ikuskatze prozeduran zehar izandako egitate edo inguruabar garrantzitsu guztiak, baita prozeduran esku hartzen duten pertsonek adierazitakoak ere.
3. Komunikazioak dira edozein pertsona edo erakundek bere eginkizunetan diharduela ikuskatze lana bere kabuz egiteko erabiltzen dituen agiriak.
4. Aurretiazko edo behin betiko aktak dira ikuskatze jarduketen emaitzak jasotzen dituzten agiriak. Bertan subjektu pasiboaren egoerak Udal Ogasunarekiko erregularizatzeko proposatzen da, hala badagokio, hautemandako arau-hausteak adierazita eta, beharrezkoa denean, baita berandutze-interesak eta aplikatu beharreko zehapenak ere.
73. artikulua.
1. Ikuskatze aktetan honako hauek jasoko dira:
a) Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.
b) Zerga-egitatearen funtsezko elementuak eta hura subjektu pasiboari atxikitzekoak.
c) Bidezkotzat jotzen diren zerga-egoeren erregularizazioa.
d) Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.
2. Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonarik izenpetzen ez badu, dagokion espedientea irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari bere alegazioak aurkez ditzan hamabost eguneko epea emanen zaio.
3. Espedientearen ebazpena eta dagokion likidazioa interesdunari batera jakinaraziko zaizkio.
II. KAPITULUA.–SALAKETA
74. artikulua.
1. Ikerketa jarduketa salaketa baten ondorioz hasten ahal da.
2. Salaketa publikoaren ekintzak ez du zerikusirik Administrazioari laguntzeko betebeharrarekin.
3. Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.
4. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak artxibatzen ahalko dira bestelako izapiderik gabe.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan jarriko da indarrean.
Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, horiek garatzen dituzten erregelamenduak eta araututako gaiei aplikatzekoak zaizkien udal erabakietatik goragoko xedapen guztiak.
1.–1. ordenantza:
Ordenantza fiskala, Ur hornidura eta hustuketaren tasak arautzen dituena
Arauketa:
5. artikulua. "Ordenantza honen eranskinean zehazten dira 2026ko ekitaldirako tarifak".
2.–21. ordenantza:
Sarrera, inskripzio edo matrikulen prezio publikoak, Udalak antolatzen dituen kultur, kirol edo gizarte arloko programa eta jardueretan
III. epigrafea.–Ludotekako jarduerak.
9. tartean kuotak edo prezioak eguneratu dira, aplikatzeko ehunekoan akatsa antzeman baita.
2026ko errenta eta kuoten tarteak (eurotan).
TARTEA | ORDUTEGIA | 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
DESKONTUA | %25 | 0 | -%6,87 | -%17,91 | -%26,87 | -%38,21 | -%46,27 | -%54,33 | -%58,51 | -%62,69 | -%80,00 | |
AISIZ BLAI 2026ko APIRILEAN | 08:30-13:30 | 29,00 | 23,00 | 21,00 | 19,00 | 17,00 | 14,00 | 12,00 | 10,50 | 9,50 | 8,50 | 5,00 |
11:00-13:30 | 14,50 | 11,50 | 10,50 | 9,50 | 8,50 | 7,00 | 6,00 | 5,25 | 4,80 | 4,25 | 2,50 | |
AISIZ BLAI 2026ko EKAINEAN | 08:30-13:30 | 47,50 | 38,00 | 35,00 | 31,00 | 27,80 | 23,50 | 20,00 | 17,40 | 15,80 | 14,00 | 7,60 |
11:00-13:30 | 23,75 | 19,00 | 17,50 | 15,50 | 13,90 | 11,75 | 10,00 | 8,70 | 8,00 | 7,00 | 3,80 | |
AISIZ BLAI 2026ko UZTAILEAN (1. hamabostaldia) | 09:30-13:00 | 68,75 | 55,00 | 51,00 | 45,00 | 40,00 | 34,00 | 29,60 | 25,00 | 23,00 | 20,55 | 11,00 |
KONTZILIAZIOA AISIZ BLAI 2026ko UZTAILEAN (1. hamabostaldia) | 08:30-13:00 | 76,00 | 61,00 | 57,00 | 50,00 | 44,60 | 38,00 | 33,00 | 28,00 | 25,30 | 23,00 | 12,00 |
AISIZ BLAI 2026ko UZTAILEAN (2. hamabostaldia) | 09:30-13:00 | 68,75 | 55,00 | 51,00 | 45,00 | 40,00 | 34,00 | 29,60 | 25,00 | 23,00 | 20,55 | 11,00 |
KONTZILIAZIOA AISIZ BLAI 2026ko UZTAILEAN (2. hamabostaldia) | 08:30-13:00 | 76,00 | 61,00 | 57,00 | 50,00 | 44,60 | 38,00 | 33,00 | 28,00 | 25,30 | 23,00 | 12,00 |
AISIZ BLAI 2026ko ABUZTUAN (1. hamabostaldia) | 09:30-13:00 | 61,25 | 49,00 | 45,60 | 40,25 | 35,80 | 30,30 | 26,35 | 22,40 | 20,33 | 18,30 | 9,80 |
AISIZ BLAI 2026ko ABUZTUAN (2. hamabostaldia) | 09:30-13:00 | 61,25 | 49,00 | 45,60 | 40,25 | 35,80 | 30,30 | 26,35 | 22,40 | 20,33 | 18,30 | 9,80 |
2026ko ABENDUAN | 08:30-13:30 | 60,00 | 48,00 | 44,70 | 39,40 | 35,10 | 29,65 | 25,80 | 22,00 | 20,00 | 17,90 | 9,60 |
11:00-13:30 | 30,00 | 24,00 | 22,37 | 19,70 | 17,55 | 14,80 | 12,90 | 11,00 | 9,95 | 8,95 | 4,80 |
3.–29. ordenantza:
Arau fiskala, jantoki zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituena Altsasuko Txirinbulo haur-eskolako haur-hezkuntzako lehen zikloan. (Berria)
Oinarriak
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari.
Zerga-egitatea
2. artikulua. Zerga-egitatea da eskola-jantokiko zerbitzua ematea Altsasuko "Txirinbulo" udal haur-eskolan.
Zerbitzua emateko mugak
3. artikulua. Aurreko artikuluan adierazitako zerbitzua emanen zaie zerbitzua eskatzen dutenei, Altsasuko "Txirinbulo" udal haur-eskolan matrikulatuta egonik.
Ordaintzeko betebeharra
4. artikulua. Altsasuko "Txirinbulo" udal haur-eskolan eskola jantokiko zerbitzua ematen hastean sortuko da prezio publikoa ordaindu beharra.
Subjektu pasiboak
5. artikulua. Altsasuko "Txirinbulo" udal haur-eskolan eskola jantokiko zerbitzuaren onuradun direnek ordaindu beharko dituzte ezarritako tarifak.
Tarifak
6. artikulua. Tarifak arau honen eranskinean ageri dira.
Ordainketa
7. artikulua. Tarifa hilero ordaindu beharko da, bankuko helbideratzearen bitartez, sortutako zerbitzuak egin eta hurrengo hilabetearen lehenbiziko hamabost egunetan.
Borondatez ordaintzeko epean tarifak ordaintzen ez badira, aplikatuko dira Nafarroako toki ogasunen eta tributuen araudi orokorrean adierazitako errekarguak, eta eskatzen ahalko dira premiamenduzko prozedura administratiboaren bidez.
8. artikulua. Sortzen diren bajak idatziz komunikatu beharko zaizkio Altsasuko Udalari, eta ondorio ekonomikoak sortuko dituzte hurrengo hilabetetik aurrera. Betebehar horretatik salbuetsita daude urgentziazko ospitaleratzeak eta/edo egoitzan sartu beharrak.
Arau-hausteak eta zehapenak
9. artikulua. Egindako arau-hausteak zehatuko dira Altsasuko Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako zerga-araudian ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, jarraikiko zaio ezarrita dagoenari Udalaren ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta aplikagarri diren xedapen guztietan.
Bigarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan jarriko da indarrean.
TARIFEN ERANSKINA
Lehenbizikoa.–Tarifak ordaintzea.
Ordaindu beharreko hileko tarifa ezarriko da familia-unitatearen per capita errentaren arabera, eta erreferentzia hartuta taula hau:
Jantokia | 95 euro |
Bigarrena.–Familia-unitatearen kontzeptua.
1.–Honako hau izanen da familia-unitatearen kontzeptua: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan araututakoa:
71. artikulua. Familia-unitatearen kontzeptua.
1. Zerga honetarako honako hauek dira familia-unitateak:
a) Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
b) Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, honako hauek osatuak: aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek, baldin aurreko apartatuetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Aurreko a), b) eta c) letretan ezarritakoaren ondorioetarako, tutoretza edo harrera bitartez subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak seme-alabekin parekatuko dira, aplikatzekoa den legeria zibilean ezarritako moduan. Halaber, seme-alabekin parekatuko dira epailearen aginduz subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean dauden pertsonak, aurrekoez bestelako egoeretan daudenak.
2. Inor ere ezin da aldi berean bi familia-unitatetako kide izan.
3. Familia-unitateko kideen kopurua urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoerari begiratuz zehaztuko da, familia-unitateko kideren bat urtean zehar hil bada salbu; izan ere, kasu horretan gainerako kideek baterako aitorpena aukera dezakete, hildakoaren errentak ere sartuta.
Aukera hori ez da bidezkoa izanen baldin ezkontideetako bat hil eta, urtea bukatu baino lehen, alarguna berriro ezkontzen bada.
2.–Per capita errenta eta, ondorioz, aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko, familia-unitateko kidetzat hartuko dira, halaber, 2025eko urtarrilaren 1etik matrikula egin den Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean ikasturtea hasten den egunera arte jaiotako haurrak.
3.–Harreran dauden adingabeen kasuan, harrerako familiari aplikatuko zaio aurreko puntuetan xedatu dena.
4.–Inguruabar guztiak behar bezala justifikatu beharko dira erakunde ofizialek emandako indarreko agirien bidez.
5.–Matrikula egin eta gero, ez da aldaketarik kontuan hartuko, salbu eta guraso bakarreko familiaren frogagirian.
6.–Era berean, familia-unitatearen diru-sarrerak nabarmen jaitsi badira 2025. urtean, ikasturtea hasten denera bitartean, errentak jasotzen zituen familia-unitateko kideren bat hil delako, inguruabar hori jasota utzi beharko da, eta gertaeraren frogagiriak erantsi beharko dira.
7.–Haur bati baja eman ondoan berriro matrikulatzen bada, ikasturte berean, familia-unitatearen kide kopurua izanen da lehendabiziko matrikula egitean aurkeztu zena.
Hirugarrena.–Errenta kalkulatzea.
1.–Familia-unitatearen per capita errenta hau izanen da: familia-unitateko kide konputagarri izanik PFEZaren aitorpena egitera beharturik dauden familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenean ageri diren likidazio oinarrien batura.
2.–Per capita errenta lortzeko, familia-unitatearen errenta zati familia-unitateko kideak eginen da. Familia-unitatea arestian azaldu bezala zehaztuko da.
3.–Familia-unitatearen diru-sarrerak justifikatzeko, azken zerga-ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharko da. Aitorpena egitera beharturik ez badaude, hori egiaztatzen duten agiri ofizialak eta bestelako errenta edo diru-sarrerak badirela egiaztatzen duten agiriak eman beharko dira, edo, azken buruan, horien zinpeko aitorpena, eta dagokion urtean familiaren diru-sarrerak zehazteko tokiko erakunde titularrak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.
4.–Ezartzen den epearen barrenean 2024ko zerga-ekitaldian errenta aitorpena edo diru-sarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei aplikatuko zaie, ikasturte osoan, matrikulatutako ordutegi motari dagokion kuota altuena.
Laugarrena.–Kuota ordaintzetik salbuestea.
1.–Kuota ordaintzetik salbuesteko aukera aztertuko da baldin haurra arrisku sozialeko edo psikosozialeko faktoreen mende badago eta garapenean atzerapena badu, egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Nolanahi ere, salbuespen hori onartzeko, gizarte zerbitzuetako taldearen aldeko txostena beharko da, eta, orobat, Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuarena edo Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko (NHEBZ) Arreta Goiztiarreko Taldearena.
2.–Gizarte zerbitzuek edo Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatu eta igorriko dute kuota ordaintzetik salbuesteko eskaera.
Bosgarrena.–Murriztapenak.
1.–Oro har, lehenbiziko oinarrian ezarritako tarifak per capita errentaren arabera murriztuko dira. Honako taula hauetan jaso dira ordaindu beharreko tarifak:
a) Familia arruntak:
PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK | JANTOKIKO TARIFA | |
HONETATIK | HONETARA | |
> 15.000 euro | 95 euro | |
12.400,01 euro | 15.000 euro | 95 euro |
10.700,01 euro | 12.400 euro | 95 euro |
9.300,01 euro | 10.700 euro | 95 euro |
7.980,01 euro | 9.300 euro | 84 euro |
6.650,01 euro | 7.980 euro | 84 euro |
5.500,01 euro | 6.650 euro | 66 euro |
4.500,01 euro | 5.500 euro | 58 euro |
3.350,01 euro | 4.500 euro | 56 euro |
< 3350,01 euro | 52 euro | |
b) Guraso bakarreko familiak:
PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK | JANTOKIKO TARIFA | |
HONETATIK | HONETARA | |
> 15.000 euro | 84 euro | |
12.400,01 euro | 15.000 euro | 84 euro |
10.700,01 euro | 12.400 euro | 84 euro |
9.300,01 euro | 10.700 euro | 84 euro |
7.980,01 euro | 9.300 euro | 66 euro |
6.650,01 euro | 7.980 euro | 66 euro |
5.500,01 euro | 6.650 euro | 52 euro |
4.500,01 euro | 5.500 euro | 42 euro |
3.350,01 euro | 4.500 euro | 32 euro |
< 3350,01 euro | 25 euro | |
Bi senidek edo gehiagok jantokia erabiltzen dutenean, lehenbizikoak errentaren araberako tarifa ordainduko du, eta hurrengoei gutxieneko tarifa egokituko zaie.
Seigarrena.–Hasierako kuota.
35 euroko hasierako kuota ezarri da fidantza gisa. Matrikula egiten denean ordaindu beharko da, eta hileko azken ordainketa egin ondotik itzuliko da.
Zazpigarrena.–Tarifen doikuntza.
1.–Haurrek jantoki zerbitzua erabiltzen badute, oso-osorik ordaindu beharko dute jantoki zerbitzuari dagokion kuota, salbu honako kasu hauetan:
–Matrikula ikasturtea hasita dagoenean egiten bada.
Hilekoa ordainduko da matrikula formalizatzen den hilabetetik aurrera. Hala ere, hilaren 15etik aurrera egiten bada (egun hori barne), lehen hileko ordainketa izanen da hileko tarifaren %50.
–Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak.
–Harrera-aldian egotea.
Altsasuko Udalak epeak eta baldintzak ezarriko ditu jantokiko hileko kuota aldatzeko honako arrazoi hauek direla medio: erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak, haurra harrera-aldian egotea eta justifikatutako absentziak.
Jantoki zerbitzua noizean behin erabiltzen bada, tarifa izanen da eguneko 5 eurokoa.
Familiek emandako esnea bakarrik hartzen duten haurrek ez dute jantokiko kuota ordainduko aldi horretan, eta haurrak ez du 6 hilabete baino gehiago izaten ahalko.
Justifikatutako eta justifikatu gabeko absentzien kasuan, jangela erabiltzeko tarifak doitzeko prozedura honako hau izanen da, betiere hilean hiru absentzia baino gehiago badaude:
–Jantokia erabiltzen ez denean, eta betiere zentroko zuzendaritzari menuaren hornidura eteteko gutxienez hiru egun lehenago jakinarazi bazaio, kuota zerbitzuaren benetako erabileraren arabera kalkulatuko da.
–Aldez aurretik jakinarazi ez bada, kuotaren zenbateko osoa ordainduko da.
–Ez dira kontuan hartuko hilean hiru egunetik beherako absentziak.
Zortzigarrena.–Bajak.
Altsasuko Udalak hala ezarririk, hasierako kuota ez kobratzeko, ikasturtea hasi baino astebete lehenago, beranduenez, aurkeztu behar da zerbitzuan baja emateko eskaera.
Ikasturtea hasi ondoren, haur-eskolan baja emateko eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira, ikastetxeko zuzendaritzak emaniko inprimaki baten bidez. Jantokiaren ordainagiria igor ez dadin, bajaren eskaera aurkezteko muga-eguna izanen da aurreko hilabeteko azken eguna. Eskola hilabetea hasi ondoren uzten bada, ordainagiriaren zenbatekoa ez da itzuliko eta haren itzulketa ez da onartuko.
Ikasturtean zehar baja justifikaturen bat gertatuz gero (semea edo alaba gaixotzea, bizilekua aldatzea, langabezia, ustekabeko diru-premia larria suertatzea edo Udalak horien antzekotzat jotzen duen bestelakoren bat), ordaindutako hasierako kuota itzuliko da.
Baja hartu ondoren jantoki zerbitzua berriz erabili nahi bada, ikastetxeak bitarte horretan mantendu duen laguntzailearen zati proportzionala ordaindu beharko da.
Hilabetea hasi ondoren nahitaezko baja gertatzen bada, ordainagiriaren zenbatekoa ez da itzuliko eta haren itzulketa ez da onartuko. Hasierako kuota ere ez da itzuliko.
Haurrak matrikula egina badu Altsasuko Udalaren haur-eskolan baina ezin bada joan kausa justifikatu bat dela eta, plaza gordeko zaio, behar den denborarako. Betiere, agiri bidez frogatu beharko da dena delako kausa.
Altsasuko Udalak eskumena izanen du familiak alegatzen duen kausa justifikatutzat hartzeko edo ez hartzeko, bai eta plaza zenbat denboraz gordeko zaion erabakitzeko ere.
Eskolara ez joateko arrazoia behin desagertuta haurra ikastetxera joaten ez bada, baja emanen zaio, eta itxaron-zerrendan dagoen lehenbizikoari eskainiko zaio plaza hutsa.
Oharra: ordenantza horien testu osoa ikusgai dago Udalaren web-orrian eta bulegoetan.
Iragarkiaren kodea: L2600206
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
