Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
AZAGRA
Deialdia, bete dadin eguneko zentroan zuzendari aritzeko lanpostu bat, oposizio bidez
Azagrako Udaleko alkateak, Azagrako Eguneko Zentroaren Patronatuko burua den aldetik, urtarrilaren 7an emandako 4/2026 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen:
1. Deialdi bat onestea, bete dadin zuzendari plaza bat, C mailakoa, oposizio murriztuaren bidez, jardun dezan Azagrako eguneko zentroan.
2. Agintzea oinarri horiek eta eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Azagran, 2026ko urtarrilaren 8an.–Alkate udalburua, Rubén Medrano Romeo.
oinarriak
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da hautapen prozesu bat egitea, oposizio bidezkoa, Azagrako eguneko zentroan zuzendari/teknikari aritzeko lanpostua betetzeko lan-kontratu finkoko araubidean. Eguneko zentroa Azagrako Udalaren mendeko erakunde autonomoa da. Baliabidearen ezaugarriak aintzat hartuta eta egungo araudia betetzeko, hautatutako pertsonak zeregin mistoak izanen ditu, zuzendari eta teknikari zereginak uztartuko baititu, aldi berean, lanaldi osoa bete arte.
Proiektu horietarako esleitutako pertsonak lanbide-profil hau izan behar du: erizaina, gizarte-langilea, gizarte-terapeuta, fisioterapeuta, psikologoa eta/edo gizarte-hezitzailea, ahal dela lan esperientzia duena teknikari, zuzendari edo kudeatzaile lanetan, deialdi honetan eskatutakoen antzeko zerbitzuetan, eta, orobat, analisi gaitasuna eta zerbitzu horien gaineko ikuspegi eguneratua, hobetzeko gaitasuna sustatuko duena.
Gainera, eguneko zentroan egin daitezkeen programa guztiak planifikatu, kudeatu eta antolatzeko gaitasuna behar da.
Haren izaeraren bereizgarri izanen dira malgutasuna, sormena eta berrikuntza eta, halaber, adimen emozionala, segurtasuna eta komunikaziorako trebetasunak.
Hautatutako pertsonak erreferentziazko rola izanen du eguneko zentroko programetan zein Azagrako Autonomia Sustatzeko eta Familiari Atseden Emateko Programan.
1.2. Deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituen pertsonari kontratu mugagabea eginen zaio, Azagrako eguneko zentroan lan egiteko.
Probak gainditzen dituzten gainerako izangaiak erreserban geldituko dira, kontratatutako pertsonak sor ditzakeen hutsuneak betetzeko.
1.3. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako egokiak diren zereginak eta eginkizunak izanen ditu, bai eta teknikari / unibertsitateko teknikari lanpostuko zereginak ere (aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboko 2. taldea). Kontratatzen den pertsona zuzenean egonen da erakunde autonomoaren mende, eta beteko ditu eskatzen zaizkion eginkizunak eta horiekin zerikusia dutenak, eta/edo bere titulazioarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak, besteak beste:
–Pertsonarengan zentraturiko arreta integraleko eredua ezartzea, eta, halaber, laguntza eta gizarte programa garatzea, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak ezarritako irizpide eta araudietan oinarrituta.
–Egoitzako gizarte arloa planifikatu eta antolatzea, xedeak egoki programatuz eta lana arrazionalizatuz. Planifikatzea eta antolatzea eguneko zentroko programak eta Azagrako adinekoendako udal zentroaren Autonomia Sustatzeko eta Familiari Atseden Emateko Programa, helburuen programazio egokia eginez eta lan teknikoa arrazionalizatuz, eskualdeko gizarte zerbitzuekin batera. Era berean, zentroko protokoloak eta horien erregistroak idazteaz arduratuko da.
–Sartzeko eta irteteko prozesuan arreta ematea (harrera protokoloa eta zentrotik irteteko protokoloa gainbegiratzea) eta erabiltzailearen historia eta fitxa soziala egitea.
–Erabiltzaileei buruzko alderdi sozialak ikertzeko azterlanak egitea eta egiten laguntzea.
–Jarduera administratiboak egitea eta erabiltzaileen txosten sozialak prestatzea, bai eta eskatzen dizkioten beste batzuk ere. Informazioa ematea baliabide propioen eta besterenen gainean, eta baloratzea erabiltzailearen egoera pertsonal, familiar eta soziala. Zentroko agiriak, ziurtagiriak eta abar egitea.
–Iradokizunak eta erreklamazioak kudeatzeko sistema bat definitzea, zentroa hobetze aldera. Gogobetetasunari buruzko inkestak egitea erabiltzaileei, langileei eta senideei.
–Lantaldeko gainerako kideekin batera, zerbitzuaren erabiltzaileei Arreta Pertsonalizatua emateko Plana egitea.
–Zuzeneko arreta ematea, banaka, taldean eta komunitatean.
–Egoiliarren espedienteei eta historia indibidualei buruzko datuen babesa bermatzea.
–Bultzatzea erabiltzaileak egoitzako bizitzan eta inguruneko bizitzan integratzea eta parte hartzea.
–Parte hartzea erabiltzaileak egoitzara egokitzeko programak prestatzen eta martxan jartzen.
–Esleituriko programetako altak eta bajak kudeatzea. Datuak etengabe eguneratzea.
–Koordinatzea lantaldeak eta jarduera fisikoak, animazio soziokulturaleko jarduerak eta aisialdi jarduerak. Zentroko jardueren hiru hilean behingo ebaluazioa eta jardueren urteko programa egitea, beste teknikari batzuekin koordinatuta.
–Batzorde teknikoetan parte hartzea.
–Behar diren kudeaketak egitea erabiltzaileei eragiten dieten arazo sozialak ebazteko, batez ere entitate eta erakundeekin.
–Gizarte eta osasun zerbitzuen sistemako profesionalekiko eta baliabideekiko elkarlana sustatzea, komunikaziorako bideak ezartzeko.
–Parte hartzea, profesional anitzeko taldearekin, erabiltzaileek behar dituzten orientabideak edo laguntza lantzen.
–Parte hartzea zerbitzuak esleitzen eta aldatzen: sustapenetik eguneko zentrora.
–Egoitzan erabiltzaileari ematen zaion gizarte-laguntzaren prozesuan, familiari ematea informazioa, orientazioa, aholku eta laguntza.
–Udaleko alorrekin koordinatzea, batez ere Azagrako Gizarte Ekintza Alorrarekin.
–Dirulaguntza eskaerak, hitzarmenak eta itunak.
–Teknikari/zuzendari lanak komunitatean egiten diren gainerako programetan: Zahartze edo Bizimodu Aktiborako Programa, Autonomia Sustatzeko eta Familiari Atseden Emateko Programa.
–Zentroko okupazioaren hileroko kontrola, gainerako zerbitzuetako arduradunekin batera.
–Entitateek eskatutako bisitak programatzea, eta, ezarritako egunetan, zentroko instalazioetara bisita egin eta informazioa ematea.
–Egin beharreko beste eginkizun eta lan batzuk:
- Beharren azterketa.
- Hitzorduak kudeatzeko sistema, hitzorduen ustiapena, sistema teknikoa eta agenda profesionala.
- Prestakuntza plana.
- Kudeatzen diren zerbitzuekin loturiko baliabideak, hitzarmenak, laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea, udal teknikariarekin batera.
- Parte-hartze teknikoa.
- Diseinu teknikoan parte hartzea, udal teknikariekin eta beste programa batzuen arduradunekin batera, herriko adinekoei zuzendutako ekintzetan (jantokia, boluntariotza ekintzak eta abar).
- Egoiliarren eskubidean bete eta errespetatzen direla zaintzea, lantaldeko gainerako kideekin batera.
- Langileriaren kudeaketa.
Laburbilduz, zuzendariaren eginkizunak askotarikoak dira eta bilatzen dute zentroko erabiltzaile bakoitzaren ongizatea bermatzea, alegia, bere esku dagoen guztia ematea erabiltzaileei, haien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko.
1.4. Lanaldia osoa izanen da, zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta zentroko zuzendaritzak noiznahi aldatzen ahalko du, betiere lan-arloko arauak betez. Lanpostuaren lan baldintzak zentroko hitzarmen kolektiboan arautzen dira.
1.5. Kontratatutako langilearen soldata-maila izanen da zentroko hitzarmen kolektiboan aipatutako kategoriari dagokiona.
1.6. Probaldia 6 hilabetekoa izanen da, bat etorriz aplikatzekoa den hitzarmenean ezarritakoarekin.
1.7. Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta baimena izanen du fitxategiak dauden tokietara sartzeko. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei, irudiei eta egindako lanetan jasotzen duen informazio orori buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia egoera eta abar). Daukan informazioa lanpostuaren eginkizun eta beharretarako soilik erabiliko du, eta ez du erabiltzen ahalko lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarren batzuei jakinarazten ahalko ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.
Konfidentzialtasun betebeharra. Hautatutako izangaiak nahitaez bermatu beharko du konfidentzialtasuna bere lankidetzarengatik edo lanarengatik ezagututako datuetarako, datu horiek egoki tratatu beharko ditu, eta sekretu profesionalaren betebeharren menpean geldituko da, bai eta honako hauetan jasotako betebeharren menpean ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu pertsonalak babesteari buruzkoa eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen beste edozein arautan–.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Hautaketa prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
d) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
e) Unibertsitateko gradudun titulu hauetako bat edo horien baliokidea edukitzea: Gizarte-lanekoa, Terapia Okupazionalekoa, Fisioterapiakoa, Psikologiakoa, Gizarte-hezkuntzakoa eta/edo Erizaintzakoa.
f) Aditu titulua, graduondoko titulua edo masterra izatea, gai hauetako batekin lotua: geriatria, mendekotasuna, pertsonarengan zentratutako arreta, psikiatria edo zentroen eta gizarte zerbitzuen zuzendaritza.
Tituluak atzerrian lortu badira, frogagiriak eduki beharko dira, agertzen dutenak baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.
g) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira aurreko baldintza horiek.
3. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
3.1. Interesdunek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Azagrako Udalaren erregistroan, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak izanen dira deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren araberakoak, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1. Nortasun-agiri nazionalaren kopia.
2. Eskatutako tituluaren kopia.
3.4. Desgaitasuna izanik, egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan edota bitartekoetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda iragarki-taulan argitaratuta, izangai baztertuek hurrengo hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztuko dira www.azagra.es web-orrian edo Azagrako Udalaren Erregistro Orokorrean idazkia aurkeztuz.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen da, eta aginduko da argitara dadila Udalaren iragarki-taulan.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Baztertutako inor ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Rubén Medrano Romeo, Patronatuko burua.
–Ordezkoa: Susana Barricarte Rivas, Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeko kidea..
–1. epaimahaikidea: Vanesa Sola Iso, terapeuta okupazionala eta i3e-ko kidea.
–Ordezkoa: Raquel Lacabe, Erriberriko La Milagrosa zahar-egoitzako gizarte-langilea.
–2. epaimahaikidea: María Moreno Etayo, gizarte-langilea, psikologoa eta i3e-ko kidea.
–Ordezkoa: Alicia Palacios Algarra, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna eta i3e-ko kidea.
–3. epaimahaikidea: Azagrako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
–Ordezkoa: Azagrako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
–4. epaimahaikidea: Beatriz Lacabe Barrachina, Lares Navarra-ko idazkari teknikoa.
–Ordezkoa: Beatriz Erro Villanueva, Agoizko San José Zahar-egoitzako gizarte-langilea.
–Epaimahaikide idazkaria: María Jesús Hernández Luri, Patronatuko idazkaria.
–Ordezkoa: Ana Vidondo Garijo, Patronatuko kontu-hartzailea.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Deialdiaren bilakaera.
6.1. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek haietara agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala. Bazterturik geldituko dira probetara agertzen ez diren hautagaiak. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.
6.1.1. Lehen proba, teorikoa: test motako 50 galdera erantzun beharko dira idatziz, egiaztatzearren izangaiek lanpostuaz dituzten ezagutzak egiaztatzeko.
Erantzun zuzen bakoitzak 2 puntu bat emanen ditu, eta erantzun oker bakoitzak 0,25 puntu kenduko du.
Proba honetan gehienez 100 puntu lortzen ahal dira, eta bazterturik geldituko dira 50 puntu, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.
Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izanen dituzte.
6.1.2. Bigarren proba: test motako proba gainditzen duten pertsonek kalifikazio epaimahaiarekin egin beharreko elkarrizketa, bete beharreko lanpostuari dagozkion garapen eta eskumenei buruzkoa.
10 puntu, gehienez. Ez da baztertzailea izanen.
6.2. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak Azagrako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
6.3. Proben emaitzen kontra erreklamazioa paratzen ahalko da 5 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.4. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskaeran bertan azaldutakoaren arabera.
6.5. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da proba guztietako puntuazioak baturik.
7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda prestatuko du, lortutako puntuazioaren ordenan, eta argitara emanen du Udalaren web-orrian. Orobat, zerrenda Patronatuko buruari igorriko dio, espediente osoarekin batera, bai eta puntuazio handiena lortu duenaren aldeko izendapen proposamenarekin batera ere.
Berdinketarik izanez gero, proba teorikoan puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.
Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bat emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik abiaturik.
7.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena egoitza elektronikoan argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:
–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
–Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea guztiz eragozten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.
–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Alkatetzak hutsik geratu den lanpostua beteko du 7. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
8. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza onetsi zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Zuzenean gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.
2. 8/2013 Foru Legea, otsailaren 25ekoa, zeinaren bidez Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen baitzaie Nafarroan bizi diren pertsonei.
3. 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideak eta betebeharrak: Xedapen orokorrak. Laguntza zerbitzuekin lotutako eskubideak. Ahultasun handieneko kolektiboen eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lotutako eskubideak. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko eskubideak. Borondatearen autonomiari buruzko eskubideak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak. Pertsonek osasunaren arloan dauzkaten betebeharrak.
4. 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, zeinak hizpide baititu autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasuna duten pertsonei arreta egitea: mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistema (2): Mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidea aitortzea. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena.
5. Otsailaren 15eko 1/2011 Foru Legea, zeinaren bidez ezartzen baita mendekotasun egoera aitortzeko prozedura eta arautzen baitira Nafarroan mendekotasun egoera balioesteko taldeak eta organoa eratzen dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea: mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.
6. Ospitaleko alta planifikatzea: esparru teorikoa, alderdi orokorrak, programaren ezarpena, xedeak, zirkuituak, kronologia, biztanleria taldeen araberako plangintza.
7. Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa: datuen babesaren printzipioak, pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Agentzia.
8. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.
9. Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.
10. Osasunaren/gaixotasunaren kontzeptua. Bilakaera eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.
11. Zaharra zaintzea eta laguntzea: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zaintza, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.
12. Hil hurren den pazientea zaintzea eta laguntzea, zainketa aringarriak: gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.
13. Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Autonomia pertsonala sustatzea. Egoitzetan, eguneko egonaldietan eta beste programa batzuetan ezartzeko sistemak.
14. Jarduteko gaitasuna aldatzea. Prozesua, legezko gaitasun aldatua, ustez ezgai denaren babesa. Tutoretza eta kuradoretza.
15. 92/2020 Foru Dekretua eta 38/2023 Foru Dekretua, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.
16. Eskubide Sozialetako Estatu Idazkaritzaren 2022ko uztailaren 28ko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratu baitzen Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluak eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemak hartutako Erabakia, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuen akreditazio eta kalitaterako irizpide komunei buruzkoa.
17. Sartagudako udalerrian, jarduketa eremu guztietan, adinekoei arreta emateko dauden programen garapena eta aplikazioa.
18. Nafarroako Foru Komunitateko gizarte-zerbitzuetan egoitzetarako eta eguneko egonaldietarako postuak ituntzeko eredua, Open House sistema berriaren baldintza teknikoen agiria eta baldintza administratiboen agiria.
19. Mendekotasun Legearen laguntzak eta prestazioak kudeatzeko sistema Nafarroako Foru Komunitatean.
20. Nafarroaren, Sartagudaren eta haren eskualdearen geografia eta demografia.
21. Lidergoaren, motibazioaren eta taldeen kudeaketaren kontzeptuak.
Iragarkiaren kodea: L2600192
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
