Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
16193E/2025 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita aldaturiko proiektu honen ingurumen-inpaktuaren txostena: "BESS - Artabil-Zaldua", baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazio bat ezartzeari buruzkoa, barnean hartzen duena Orkoiengo i+DE 66kV SETerainoko ebakuazio-instalazioaren azpiegitura, eta Inver Generacion 3 SL enpresak Orkoiengo udal mugartean sustatzen duena.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura haste aldera, Nafarroako Gobernuaren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira bidali du energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektu aldatua, barne hartuta Orkoiengo i+DE 66kV SETerainoko ebakuazio-instalazioa. Proiektua Inver Generacion 3 SL enpresak sustatu du, Orkoiengo udal mugartean.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) apartatuan, bai eta Legeak izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2025eko otsailean, sustatzaileak organo eskudunaren aurrean aurkeztu zuen energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektua, Orkoiengo 1 poligonoko 228 landa lurzatian, barne hartuta Orkoiengo i+DE 66kV SETerainoko ebakuazio-instalazioa, eta proiektuarentzat administrazio-baimena eskatu zuen, bai eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko ere.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako dokumentazioari buruzko kontsultak egin zituen eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2025eko martxoaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (62. zk.). Orobat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, proiektu berriaren dokumentazioa bidali zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.
21/2013 Legearen 46. artikuluan oinarrituta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumenei buruzko oharrak edo iradokizunak aurkezteko, eta, azkenik, ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 47. artikuluan oinarrituta, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 3ko 1158E/2025 Ebazpena eman zen, Orkoiengo 1. poligonoko 228 landa lurzatian dagoen BESS Artabil-Zaldua izeeko bateriak dituen energia elektrikoa biltegiratzeko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko, Orkoiengo i+DE 66kV SETerainoko ebakuazio-azpiegitura barne.
Gerora, 2025eko urrian, sustatzaileak organo eskudunaren aurrean aurkeztu zuen energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektu aldatua, Orkoiengo 1 poligonoko 1.579 landa hiri lurzatian, barne hartuta Orkoiengo i+DE 66kV SETerainoko ebakuazio-instalazioa, eta proiektuarentzat administrazio-baimena eskatu zuen, bai eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko ere.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proiektu aldatuaren dokumentazioari buruzko kontsultak egin zituen eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2025eko azaroaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (222. zk.). Orobat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, proiektu berriaren dokumentazioa bidali zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.
Berriz ere, 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin zien proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haien eskumeneko gaiei buruz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioan ingurumen gaiei buruzko dokumentu bat dago, bat datorrena Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kalteak jasan ditzaketen ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, horien artean eragin sinergikoak eta metatze eraginak, ezbehar larri edota hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, eta ingurumen-jarraipena egiteko jarduketak. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondoren, azterlanaren balorazioa da inpaktu gehienak bateragarriak edo garrantzi gutxikoak direla.
2. Proiektuaren deskribapena.
Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Artabil-Zaldua" instalazioa energia metatzeko sistema bat da, ion-litio teknologiako biltegiratze elektrokimikoan oinarritua. Proiektuaren helburua sarearen malgutasunean laguntzea da, ekoizpen handiko uneetan energia biltegiratuz eta eskari handieneko uneetan sarera bideratuz, eta, hala, energia berriztagarrien integrazioa sustatuz.
Bateriak biltegiratzeko instalazioa elkarren artean konektatutako 8 bateria taldek eta Orkoien 66/20kV SET azpiestazio kolektore/jasogailu berriak osatzen dute. BESS bakoitzetik 66/20KV Orkoien SET kolektore/jasogailurainoko hustuketa 20kV-ko lurpeko linea elektriko baten bidez egiten da, eta azpiestaziotik, energia Orkoien 66kV i+DE SETera bideratuko da lurperatutako 66 kV-eko 810 metroko linea elektriko batez bitartez, eta, jarraian, bertatik Red Eléctrica de España enpresaren mendeko sistema elektriko nazionalarekin interkonektatuko da Orkoiengo 220 kV-eko garraioko korapiloan. Proiektu guztia, beraz, Orkoiengo udal-mugartean gauzatuko da.
8 BESSak eta biltegiratze-planta osatzen duten gainerako ekipoak hesitutako esparru batean egonen dira. Ez da aurreikusten sarbiderik eraikitzea edo hobetzea, lehendik dagoen sareak nahikoa ezaugarri baititu makinak ezarpen-areara iristeko; sarbidea Gurutze Zuria enpresa-parkeko kale batetik eginen da, eta kale hori, era berean, PA30 autobidetik Orkoien herrira sartzeko errepidetik abiatzen da.

3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.
–Alternatiben azterketa:
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatiba eta instalazioa jartzeko balizko hiru kokaleku jasotzen dituena, guztiak ere potentzialki bideragarriak. Sustatzaileak ezetsi egin du 0 alternatiba, uste baitu proiektua gauzatzeak ekarriko duela kutsadura gutxitzea, energia-mendekotasuna txikitzea eta berotegi efektuko gas gutxiago sortzea.
Gainerako hiru alternatiben kasuan –haietako bi lehorreko zerealak landatzera bideratutako nekazaritzako lursailetan kokatuak, antzeko ingurumen-ezaugarriak dituztenak, eta hirugarrena hiri lurzoruan–, irizpide anitzeko azterketa egin da, alderdi teknikoak, ingurumenekoak eta sozialak kontuan hartuta, eta ondorioztatu da 1. alternatiba dela egokiena, hiri lurzoruan dagoena.
–Geomorfologia eta lurzoruak:
Lurzoruaren gaineko inpakturik nabarmenena eraikuntza fasean gertatuko da, lurrean aldaketak eginen baitira eta higatzeko arriskua handitu eginen baita lur-mugimenduen eta landare-estalkia kentzearen ondorioz, batez ere eremu maldatsuetan.
Hala ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, instalazioa ezarriko den eremuaren ezaugarri geomorfologiko adierazgarriena erliebe lau (<% 3) eta leunen (% 3-10) presentzia da. BESSeko eta Orkoien 66/20kV SET kolektore/jasogailuko esparruak malda lauko lursail urbanizatu batean proiektatzen dira, eta, oro har, ebakuazio-linea % 3tik beherako malda duten lurzoruak nagusi diren lursail batean proiektatzen da. Ez litzateke sartzeko biderik eraiki behar, egungoak aprobetxatuko bailirateke.
Hori guztia aintzat hartuta, lur-mugimenduak minimoak lirateke, eta instalaziorako behar diren lur-mugimenduen ondoriozko alterazio geomorfologikoak oso txikiak. Horrenbestez, ingurumen-dokumentuak aipatu faktoreekiko inpakturi ez dagoela uste du edo gehienak garrantzi gutxikoak jotzen ditu, eta inpaktu garrantzitsuena bateragarritzat.
–Flora eta landaredia:
Azterlanaren eremua oso antropizatuta dago. IIAren arabera, lurzoruaren erabileraren hiru kategoria nagusi identifikatzen dira bertan. Lehenik eta behin, zuhaitzik gabeko baso gisa sailkatutako azalerak daude, landare-estaldura naturala txikia duten, zuhaitz-masa esanguratsurik ez duten eta biodibertsitatearen euskarri eta konektibitateko ingurumen-eginkizunak dituzten lursailei dagozkienak. Bigarrenik, lehorreko belarki-laboreetarako eremuak daude, inguruko nekazaritzako ustiapen estentsibo bereizgarriei lotuak. Ustiapen horiek ur-eskakizun txikikoak dira eta baldintza klimatikoekiko mendekotasun handia dute. Azkenik, elkortzat katalogatutako lurrak sartzen dira, egungo nekazaritza- eta baso-ustiapenik gabeak, batez ere eremu marjinaletan edo lehendik dauden azpiegituretatik hurbil daudenak. Proiektuak ez dio mehatxupean den flora bereziari eragiten, ezta Batasunaren intereseko habitatei ere.
IIArena arabera, inpaktu nagusiak obren fasean izanen dira: ukitutako azalera guztietan landare-estalkiak alterazioa izanen du eta obra eremuaren ondoko inguruetan landaredia degradatu eginen da.
Hala ere, BESS eta SET kolektore/jasogailua instalazioak lurzoru industrialean eraikiko direnez, inpaktua oso txikia da. Inpaktua adierazgarriagoa izanen da SET horren eta Orkoien 66kV i+DE SETaren arteko ebakuazio-linearen zangetan, baina, nolanahi ere, sustatzaileak uste du ez dagoela inpakturik faktore horren gainean edo egon daitezkeenak ez direla esanguratsuak.
–Fauna, eta faunaren aldetik interesa duten guneak:
Ingurumen-gaiei buruzko dokumentuan, proiektuak eragindako laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera, aldeko 10 kilometrorekin, UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentario horretan aipatzen dira 98 hegazti espezie, 32 ugaztun espezie, 11 anfibio espezie, 16 narrasti espezie eta 9 arrain espezie. Instalazioaren ezarpen eremuak ez du ukitzen faunaren aldetik interesa duen eremurik.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hauek izanen dira, batez ere, faunaren gaineko inpaktuak: habitataren alterazioa edo galera, eragozpenak sortzea eta desplazamenduak gertatzea, eta heriotza eragitea, dela harrapatzeagatik, dela talka egiteagatik edota elektrokutatzeagatik.
Hala ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, ezarpen-eremuak oso lurzoru homogeneoa hartzen du, ia osorik industria-jarduerari eskainia, bide-azpiegitura eta azpiegitura elektriko ugari dituena, eta animalia-espezieak urruntzen dituena lurraldearen zatikapenaren eta soinu- eta argia-inpaktuaren ondorioz. Beraz, horrek ez luke garrantzi handirik izanen intereseko faunarentzat, eta ingurua erabiltzen duten espezie gehienek ez dute kontserbazio-arazo larririk; aitzitik, espezie orokorrak dira, gizakiaren presentziara egokituak, eta ohikoak inguru horretan. Era berean, inguruko lurralde osoa aintzat hartuta, uste da instalazioa ezarriko den eremua galtzeak ez duela eraginik ekarriko tokiko harraparien jardun eremuan. Sustatzailearen arabera, faunari eraginen zaizkion afekzioak fase guztietan ez dira esanguratsuak izanen.
Atal honen ustez, kontuan hartuta eragindako azalera txikia, kalitate eskasa, ingurunearen antropizazio handia eta bertan dauden gainerako azpiegiturekin batera sortutako eragin metatuak eta sinergikoak, ez dirudi instalazioaren ezartze eremua inguru aproposa denik intereseko espezieek edo espezie katalogatuek erabil dezaten, eta, beraz, proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aintzat hartuta, proiektua gauzatzea faktore horrekin bateragarria dela uste da.
–Kutsadura akustikoa:
Aztertutako eremua biziki antropizatuta dago, inguruko errepideak nabarmentzen direlarik bereziki (A-15, NA-700 eta PA-30), zarata-iturri nagusiak izaki.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren ezarpenarekin lotutako zarata-mailen hazkunde nabarmenik ez da espero ustiapen-fasean. Hori bai, zarata areagotu eginen da, eta batez ere BESSen eta potentzia-transformadoreen hozketa-ekipoek sortutakoa izanen da. Nolanahi ere, sustatzailearen arabera, kontuan hartu behar da BESSak industria-lurzoruan ezartzen direla, eta, nolanahi ere, zonan dagoeneko martxan dauden linea elektriko asko eta hainbat azpiestazio eraldatzaile daudela; beraz, aztertzen ari garen proiektuaren bazterreko eragina oso txikia da.
IIAk bateragarritzat jotzen du inpaktua; hala ere, jardun aurreko egoera aztertu ondoren eta hurbileko bizitegi-eremu jakin batzuetan gaur egun ezarritako arauzko mailak gainditzeko aukera saihesteko, sustatzaileak honako ekintza hauek ezartzen ditu:
–Bateriak biltegiratzeko sistema instalatzen den lehen urtean: zuzeneko neurketak egitea ezarpen-eremuaren iparraldean dagoen bizitegi-eremuan.
–Neurketa horiek 2. eta 3. urteetarako ingurumena zaintzeko planean errepikatzea, legezko mugak mantentzen diren egiaztatzeko.
Neurketa horietan legezko mugetara iristen bada, pantaila akustiko bat jartzeko aukera ezartzen da bateriak biltegiratzeko sistema ezartzeko eremuaren eta industrialdearen iparraldean dagoen bizitegi-eremuaren artean.
–Historia eta kultur ondarea:
IIAren arabera, BESS instalazioak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen-prozesua igaro zuen industria-lurzoruan eraikitzen dira, eta, beraz, inpaktu hori lurzoru urbanizaezineko interkonexio elektrikoaren sisteman soilik izanen litzateke adierazgarria.
Bestalde, ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren exekuzioak ez du inolako aztarnategi arkeologikorik edo ondare kulturalik ukituko; gainera, neurri prebentibo gisa, lurrak mugitzeko fasean zehar, egiaztatutako teknikari arkeologo batek lanen jarraipena egitea proposatzen da. Hori aintzat hartuta, bai eta proiektua exekutatu aurretik azterketa arkeologiko bat egin beharko dela, indarrean dagoen araudia betetzeko betebeharra dagoela eta proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatuko direla, inpaktua bateragarritzat jotzen da.
4. Proposamena.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izanen dela tokiko ingurune naturalaren balioekin; horrenbestez, aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea proposatzen du energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektu aldatua egiteko, barnean hartzen duena Orkoien 66kV i+DE SETerainoko ebakuazio-instalazioaren azpiegitura, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuan proposatutako neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "BESS Artabil-Zaldua" proiektu aldatuak, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta. Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Artabil-Zaldua" proiektuak barne hartzen du Orkoien i+DE 66kV SETerainoko ebakuazio-instalazioa, eta Inver Generacion 3 SL enpresak sustatu du, Orkoiengo udal mugartean.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.
Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
– Istripu-arriskuari dagokionez, Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aldeko txostena lortu beharko da.
–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak nekazaritzako lursailetan edo gune antropizatuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredia naturalak estalitako eremuetan.
–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
–Argi puntuak ezinbesteko gutxienekora mugatuko dira, eta, ahal den guztietan, eragozpenak sortzeko arriskua dakarten guneetatik urrun jarriko dira. Argi kutsadura minimizatzen duten argiak erabiliko dira, intentsitate txikikoak, eta gainaldean estalkia dutenak, ahalik eta argi gutxien igortzeko gorantz.
–Ingurumen arloko integrazioa:
- Lanak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahalik eta txikiena izanen da, eta eraginik jaso ezin duten eremuak balizatuko dira.
- Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek aldi baterako nahiz iraunkorki eragindako azalera guztietatik landare-lurra kenduko da, gutxienez 20 cm-ko sakonerako profil batean. Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 1,5 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze lanetan berrerabiltze aldera.
- Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko eta obra horretan bertan erabiltzeko ahalegina eginen da. Lur soberakinak, halakorik izanez gero, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.
- Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta okupatu den eremu osoko obra-hondarrak garbituko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuz.
- Obrek eragindako gainazal guztiak, behin-behinean bada ere, behar bezala leheneratu beharko dira, aurreko egoera eta erabilera berreskura dezaten. Harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurrez estaliko da gainazala, gutxienez 20 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, mezu elektronikoa bidaliko dio Iruñeko Koordinazio Unitateari (gmapamplona@navarra.es).
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarrean dagoen legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.
4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko Koordinazio Unitatea) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2517180
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
