1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
485E/2025 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Irunberriko udal-mugartean haize-sorgailuen palak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen-baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu-baldintzei dagokiena. Instalazioaren titularra Nordex Blades Spain SAU da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen-baimen bateratua du, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 7ko 26E/2024 Ebazpenaren bidez eman baitzitzaion, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 11.6 taldean.
2025eko apirilaren 24an, titularrak eskatu zuen ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen-baimen bateratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 170405 EHZ kodea duena. Hondakin hori metalezko tresna bati dagokio, eta hartan jasotzen dira prefabrikaturiko piezak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
170405 | Burdina eta altzairua | Ez da baimentzen proposaturiko EHZ kodea; izan ere, hondakina metalezko ontzi bat da: aurrefabrikaturiko piezak biltzen dituen metalezko "edukiontzi" bat, 150104 EHZ kodean sartzen dena. EHZ kode hori dagoeneko sartuta dago sortzen diren hondakinen zerrendan. |
Ebazpen-proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Ukatzea Irunberriko udal-mugartean haize-sorgailuen palak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen-baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu-baldintzei dagokiena. Instalazioaren titularra Nordex Blades Spain SAU da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpena igortzea Nordex Blades Spain SAUri eta Irunberriko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2517268