1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2677/2026 EBAZPENA, 2026ko urriaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Irekiari buruzko Politika Instituzionala onesten baita.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz -2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren eta 2026ko 154. NAOn argitaratu, abuztuaren 7an-, agindua ematen da Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 27an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Irekiari buruzko Politika Instituzionala onetsi zen.
"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ZIENTZIA IREKIARI BURUZKO POLITIKA INSTITUZIONALA ONESTEN DUENA
Nafarroako Unibertsitate Publikoa irakaskuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian aritzen den erakunde publikoa da, eta, beraz, borondatea adierazten du zientzia irekiaren printzipioak eta praktikak bultzatzeko. Helburu horretarako, politika instituzional bat onetsi du, trantsizioa erraztu nahi duena ezagutza zientifikoa sortzeko, kudeatzeko eta zabaltzeko eredu irekiago, eskuragarriago eta kolaboratiboagoa lortzeko.
Politika hori indarrean dagoen arau esparruan oinarritzen da, batez ere Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko Legean (2011) eta Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan (2023), biek aitortu eta sustatzen baitituzte zientzia irekiaren printzipioak. Halaber, Sarbide Irekiko Politika Instituzionala (2019) ordezkatuko du; izan ere, aurreko politikaren irismena nabarmen zabalduko du, zientzia irekiaren ereduaren dimentsio gehigarriak txertatuko baititu argitalpen zientifikoetarako sarbide irekitik harago.
Modu berean, politika hori bat dator Unibertsitateak duela gutxi hartutako beste ekimen eta konpromiso batzuekin -batez ere Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Etikaren eta Jardunbide Egokien Kodearekin (2026)-, bai eta Ikerketaren Ebaluazioaren Erreformarako Erabakiarekin bat egitearekin eta Unibertsitateak CoARAn parte hartzearekin ere (Coalition for Advancing Research Assessment). Nafarroako Unibertsitate Publikoak, horrela, gizartearen ongizatera bideratua dagoen bikaintasuneko ikerketa arduratsu eta garden baterako duen konpromisoa indartzen du.
Ikerketako errektoreordeak proposatuta, hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2026ko urriaren 27an egindako bileran hartu duen,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Irekiari buruzko Politika Instituzionala, honi erantsitako dokumentuan jasotzen den bezala.
Bigarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikerketako errektoreordeari eta Liburutegi Zerbitzuko zuzendariari.
Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da auzi-errekurtsoa jartzea bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat".
Iruñean, 2026ko urriaren 27an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ZIENTZIA IREKIARI BURUZKO POLITIKA INSTITUZIONALA
Sarrera
Zientzia irekia, zehazki, praktika zientifikoaren paradigma gisa definitzen da, zenbait mugimendu eta praktika konbinatzen dituena helburu hauetarako: ezagutza zientifiko eleaniztunak erabat eskuragarri eta guztien eskura egon daitezen (bai eta guztiek berrerabil ditzaten ere), zientziaren eta gizartearen mesedetan lankidetza zientifikoak eta informazioaren trukea areagotu daitezen, eta ezagutza zientifikoak sortzeko, ebaluatzeko eta eragile sozialei komunikatzeko prozesuak ireki daitezen komunitate zientifiko tradizionaletik harago. Zientzia irekiak diziplina zientifiko guztiak eta praktika akademikoen alderdi guztiak hartzen ditu barne, bai eta oinarrizko zientziak, zientzia aplikatuak, natura zientziak, gizarte zientziak eta giza zientziak ere.
Zientzia irekiak gardentasuna areagotzen du, lankidetza, parte-hartzea, kontuak ematea eta emaitzen berrerabilpena eta erreproduzitzeko gaitasuna sustatzen ditu, eta, aldi berean, ezagutza horren ekoizpena inklusiboa, ekitatiboa eta jasangarria izatea bermatzen du.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2019an onetsi zuen Sarbide Irekiko Politika Instituzionala, eta haren helburua Unibertsitateko komunitateko kideen ekoizpen zientifikoaren zabalpena, eskuragarritasuna, ikusgarritasuna eta eragina erraztea zen. Testu honek berekin dakar sarbide irekiko politika hori eguneratzea eta beste dimentsioetan konpromisoak hartzea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa irakaskuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian aritzen den erakunde publikoa da, eta, Zientzia Irekiari buruzko Politika Instituzionalaren bidez, zientzia irekia hartzen du bere printzipioen artean, eta estatutu misioarekin bat etorriz, hura modu aktiboan sustatzeko konpromisoa hartzen du.
Politika Unibertsitateko komunitate osoari zuzentzen zaio: irakasle eta ikertzaileei, teknikariei eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei, ikasleei eta aldi baterako edo modu iraunkorrean erakundearekin lotura duen edozein pertsonari.
Testu honek, halaber, bere egiten ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Etikaren eta Jardunbide Egokien Kodearen (https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/consejodegobierno/2026/ConsejodeGobierno26-5-2026/5a.codigoetico.signed.pdf) balioak eta printzipioak; kode horrek, izan ere, erantzukizun publiko sakona dakarren praktika intelektual eta sozial gisa aitortzen du ikerketa-jarduera.
Ildo beretik, indarrean dagoen legediak onartzen du ezagutza zientifikoa guztion ondarea dela eta unibertsitateek zientzia irekia modu aktiboan sustatu eta hari laguntza emanen diotela. Horrela, politika hau bat dator, batetik, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko Legearekin (https://www.boe.es/eli/es/l/2011/06/01/14/con), zeinak funts publikoekin finantzatutako ikerketaren ondoriozko argitalpen eta datuetarako sarbide irekia bermatzeko betebeharra ezartzen baitu, eta, bestetik, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoarekin (LOSU) (https://www.boe.es/eli/es/lo/2023/03/22/2/con), zeinak unibertsitateek ezagutza sortzeko, zaintzeko eta zabaltzeko funtsezko eragile gisa duten zeregina indartzen baitu, praktika akademiko arduratsuak, lankidetzakoak eta gizarteari irekiak bultzatuz.
Zientzia irekiaren dimentsioak
Politika hau zientzia irekiaren bost dimentsioren inguruan egituratzen da: sarbide irekia, ikerketa-datuak, hezkuntza-baliabide irekiak (HBI), herritarrentzako zientzia eta ikerketaren ebaluazioa.
1.–Argitalpen zientifikoetarako sarbide irekia.
Sarbide irekia literatura zientifikoa modu publikoan eta inolako kosturik gabe eskuragarri izatea da, interesa duen edonork legez baimenduta dauden modu guztietan aukera izan dezan testu osoak irakurri, kopiatu, deskargatu, banatu, inprimatu, bilatu, lotu eta/edo erabiltzeko, oztopo ekonomiko, legal edo teknikorik gabe, Interneterako sarbide konexioa izateko funtsezkoez beste.
Ildo horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak:
Ikertzaileei eskatzen die Academica-e biltegi instituzionalean berehala gordailutu dezatela argitalpen zientifiko guztien testu osoaren azken bertsio onartuaren kopia digital bat, ordenagailu bidez prozesatzeko modukoa.
Ikertzaileei gomendatzen die beren lanen ustiapen eskubideei eutsi diezaieten, eta beste agente batzuei ez lagatzeko modu esklusiboan.
Konpromiso hauek hartzen ditu:
–Unibertsitatean sortutako eta Academica-e biltegian utzitako ekoizpen akademiko eta zientifikoaren argitalpenetarako sarbide betierekoa zaindu, ziurtatu eta mantentzea.
–Argitalpen zientifikoak eta beste dokumentu batzuk gordailutzeko behar den prestakuntza eta informazioa ematea.
–Academica-e biltegiko dokumentu guztien egile eskubideak eta jabetza intelektuala errespetatzea. Horrek esan nahi du modu ez-esklusiboan NUPi lagatzen zaizkiola dokumentua ustiatzeko eskubideak (erreprodukzioa, banaketa, komunikazio publikoa, eraldaketa), betiere helburu horrekin.
2.–Ikerketa-datuak.
Ikerketa-datuak zera dira: ikerketa baten emaitzak sortzeko edo baliozkotzeko bildu, sortu edo berrerabili den edozein informazio digital edo analogiko, tartean zenbakizko erregistroak, testu erregistroak, irudiak eta soinuak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa bat dator FAIR printzipioekin. Printzipio horien arabera, aurkitzeko, eskuratzeko, elkarri eragiteko eta berrerabiltzeko modukoak izan behar dira ikerketa-datuak (findable, accesible, interoperable, reusable).
Politikaren ondorioetarako, ikerketa-prozesuan sortutako protokolo, metodologia, kode eta softwarera ere hedatzen da ikerketa-datuen erregulazioa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak:
Ikertzaileei eskatzen die sarbide irekiko biltegi instituzionaletan edo tematikoetan gordailutu ditzaten argitalpen zientifikoetan zabaldutako ikerketa-emaitzen oinarri diren datuak, lan zientifikoak argitaratzearekin batera.
"Ahal bezain irekiak, behar bezain itxiak" izanen da datuak gordailutu eta irekitzeko printzipioa, eta betiere honako hauek errespetatuko dira: DBEO (http://data.europa.eu/eli/reg/2016/679/oj/spa), DBEDBLO (https://www.boe.es/eli/es/lo/2018/12/05/3/con), ikerketetan parte hartzen dutenen eskubideak, baimen informatuetan hartutako konpromiso etikoak, konfidentzialtasun akordioak eta datuen babeserako delegatuaren baimenen klausulak. Bateraezintasun kasuetan, behar bezala anonimizatutako datuak, metadatu deskriptiboen bidezko sarbidea edo sarbide mugatu justifikatuak nagusituko dira.
Datuak kudeatzeko plan bat egitea gomendatzen du ikerketa-proiektu guztietan. Neurri horri esker, ikerketa-datuak aurkeztea eskatzen duten deialdien baldintzak beteko dira, eta, horrez gain, ikerketa-datuen kudeaketa efizientea eta arduratsua sustatuko da betebehar hori ez duten proiektuetan.
Konpromiso hauek hartzen ditu:
–Ikertzaileei ikerketa-datuen kudeaketari buruzko prestakuntza eta aholkuak ematea (plangintza, bilketa, ontzea, modelatzea, biltegiratzea, partekatzea eta berrerabiltzea barne).
–Datuak konfiantzazko biltegi batean gordailutzea gomendatzea, zientzia irekiko hodei europarrarekin (EOSC) interkonektatuta daudenak lehenetsiz.
–Ikertzaileei laguntza ematea datuak kudeatzeko planarekin loturiko gai guztietan, errazago bete daitezen deialdietan eta Espainiako eta Europako legeetan ikerketa-datuei dagokienez ezarritako baldintzak.
3.–Hezkuntza-baliabide irekiak (HBI).
Hezkuntza-baliabide irekiak irakaskuntza- edo ikasketa-materialak dira, jabari publikoan daudenak edo lizentzia ireki baten bidez sortu direnak. Horren bidez, hirugarren pertsonek doan eskuratu, erabili, egokitu eta birbanatu ditzakete, hezkuntza-helburuekin.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak:
Gomendatzen du Academica-e biltegi instituzionalean gordailutu daitezen NUPeko irakasle eta ikertzaileek garatutako HBI bikainak.
Konpromisoa hartzen du HBIen sorrera eta argitalpena sustatzeko, bai eta lizentzia irekia duten HBIen erabilera eta egokitzapena sustatzeko ere.
4.–Herritarrentzako zientzia.
Herritarrentzako zientziak berekin dakar gizartea ikerketa-erakundeekin eta ikertzaileekin lankidetzan aritzea datuak bildu eta sistematizatzetik hasi eta ikerketa-prozesuak diseinatu eta gauzatzeraino doazen jardueretan. Halaber, akademikoak ez diren esparruetatik datorren ezagutza espezializatua eta aplikatua jasotzen du, bai eta gizartearen esperientzia eta ikuspegia ere ekoizpen zientifikoaren prozesuan. Modu berean, komunitateen ezagutza integratzen du, beren lurraldeari, baliabide naturalei eta berengan eragina duten arazo sozialei buruzko jakintzak ematen baitituzte.
Helburua ezagutza berria elkarrekin sortzea da, bai eta berrikuntzan laguntzea, zerbitzuak garatzea eta ikerketaren eta zientziaren ezagutza gizarteari zabaltzea ere.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezagutzaren eta herritarrentzako zientziaren trukea sustatuko du, Nafarroako gizartearen zerbitzura. Beraz:
Ikertzaileei gomendatzen die egokia eta bideragarria den guztietan herritarrentzako zientziaren metodologiak sartu ditzaten beren ikerketa-proiektuetan, diziplinarteko lankidetza eta eragile sozial garrantzitsuekiko lankidetza erraztuz eta indartuz.
Konpromisoa hartzen du beste instituzio, erakunde eta ikerketa-talde batzuekin lankidetzan aritzeko herritarrentzako zientzia eta gizartearen parte-hartzea sustatzeko.
5.–Ikerketa-jardueraren ebaluazioa.
Ikerketa-jardueraren ebaluazioaren bidez, erakundean egiten diren jarduera zientifiko eta akademikoen kalitatea eta eragina aztertu, neurtu eta baloratzen da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak konpromisoa hartzen du ikerketa-jardueraren ebaluazioan zientzia irekiarekin loturiko zenbait alderdi sartzeko. Ebaluazio horretan, halaber, kontuan hartuko du ikerketak zer eragin duen gizartean, garapen teknologikoan eta berrikuntzan, eta hausnarketan oinarritutako ikuspegi inklusiboago bat gehituko du zientziaren eragina zertan datzan ikusteko. Horretarako, datu kuantitatiboen ulermena erraztuko duten zenbait alderdi kualitatibo hartuko ditu kontuan.
Ildo horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikerketaren Ebaluazioaren Erreformarako Erabakia sinatu du, eta CoARA koalizioan hartzen du parte (Coalition for Advancing Research Assesment). CoARA nazioarteko koalizio bat da, ikerketa, langileak eta ikerketa-erakundeak ebaluatzeko metodoak eta prozesuak erreformatzeko konpromisoa duten erakunde zientifikoek osatua.
Horregatik, datozen urteetan NUPek konpromisoa hartzen du CoARAren Ekintza Plana definitu eta ezartzeko.
Jarraipena
Politika honen jarraipena urtero eginen da, eta ikerketaren arloan eskumena duen errektoreordetza arduratuko da, Unibertsitateko liburutegiarekin lankidetzan. Hala, politika betetzen ote den eta etengabe garatzen eta eguneratzen lagunduko duten hobekuntza-ekintzak baloratuko ditu.
Erreferentziak
Espainia. (2011). 14/2011 Legea, 2011ko ekainaren 1ekoa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoa. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 131. zk., 2011ko ekainaren 2koa. https://www.boe.es/eli/es/l/2011/06/01/14/con
Espainia. (2018). 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 294. zk., 2018ko abenduaren 6koa. https://www.boe.es/eli/es/lo/2018/12/05/3/con
Espainia. (2023). 2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 70. zk., 2023ko martxoaren 23koa. https://www.boe.es/eli/es/lo/2023/03/22/2/con
Europako Parlamentua eta Europar Batasuneko Kontseilua. (2016). 2016/679 EB Erregelamendu Orokorra, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 119, 1-88. http://data.europa.eu/eli/reg/2016/679/oj/spa
Espainiako Liburutegi Unibertsitario eta Zientifikoen Sarea (REBIUN) (2025). Zientzia irekiari buruzko politikaren eredua. REBIUN. https://hdl.handle.net/20.500.11967/1447
UNESCO (2021). UNESCOren gomendioa zientzia irekiari buruz. UNESCO. https://doi.org/10.54677/YDOG4702
Nafarroako Unibertsitate Publikoa. (2026). Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Etikaren eta Jardunbide Egokien Kodea. https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/consejodegobierno/2026/ConsejodeGobierno26-5-2026/5a.codigoetico.signed.pdf
Iragarkiaren kodea: F2614071