1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1225E/2026 EBAZPENA, urriaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Fontellasko udal plana 6. poligonoko 40. lurzatian aldatzeaz. Aldaketa EDP Renovables España SLk sustatu du.
Fontellasko Udalak aldaketa hori 2026ko maiatzaren 14an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko izapidea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2026ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 4koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren memoria, agiri grafikoak eta ingurumen agiri estrategikoa.
Aldaketaren xedea da Fontellasko 6. poligonoko 40. katastro-lurzatia birsailkatzea, lurzoru urbanizaezineko "nekazaritza-produktibitate handiko lurzorua" eta "baso-lurzorua" azpikategorietakoa izatetik (40A azpilurzatia eta 40B eta 40C azpilurzatiak, hurrenez hurren) lurzoru urbanizaezineko "gorde beharreko lurzorua, natura aldetik ustiatzekoa, laboreak" azpikategoriakoa izatera pasatuko baita, eguzki-instalazio bat jarri ahal izateko.
Plangintzaren aldaketak 193.904 metro karratuko eremu bati eragiten dio, Fontellasko udal mugartearen hegoaldean, AP-68 Ebroko autobidearekiko mugan.
Lurzatia, gehienbat, nekazaritzako lurra da, malda leunekoa, eta bertako lehorreko belar laboreak daude. Eremutik iparraldera baso-lurzoruko eremu txiki bat dago, jatorri artifizialeko muino batekin eta idoi txiki batekin. Ukitutako lurzatian ez da ingurumen balio aipagarririk identifikatu.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, Fontellasko udal plana 6. poligonoko 40. lurzatiaren eremuan aldatzeak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea Fontellasko udal plana 6. poligonoko 40. lurzatian aldatzeaz, ingurumenean ukipen nabarmenik ez duela sortzen iritzita. Aldaketa EDP Renovables España SLk sustatu du.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Fontellasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urriaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKIN GRAFIKOA

Fontellasko 6. poligonoko 40. katastro-lurzatiaren aldaketaren eremua
Iragarkiaren kodea: F2614061