227. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1224E/2026 EBAZPENA, urriaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Miranda Argako arau subsidiarioen hirigintzako arauak 4.3.2 artikuluari (lurzoru urbanizaezina) dagokionez aldatzeaz. Aldaketaren sustatzailea Puerta Valverde Maria Asuncion, Suescun Puerta Alvaro sozietate zibila da.

Miranda Argako Udalak aldaketa hori 2026ko uztailaren 30ean hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko izapidea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2026ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 20koan. Espedientearen parte dira arau subsidiarioen aldaketaren memoria, hirigintzako araudia eta ingurumen agiri estrategikoa.

Helburua da Miranda Argako hirigintzako arauen 4.3 artikuluan (lurzoru urbanizaezina) 2. atala aldatzea, abeltzaintza intentsiboko eraikuntzen (abeletxeak) ezaugarriei buruzkoa, abeltzaintzako nabeen gehieneko neurriak handitzeko.

Proposamenaren arabera, edozein jardueratako instalazioen gehieneko luzera handituko da, 50 metrotik 120 metrora, bai eta gehieneko altuera ere, 4,50 metrotik 10 metrora; gehieneko zabalera 45 metroan ezarriko da. Salbuespena txerri-aziendarentzako instalazioak dira.

Sustatzaileak aldaketa justifikatzen du adieraziz lurzoru urbanizaezineko eraikuntza parametroak egokitu behar direla abeltzaintzaren sektorean egun dauden eskakizun teknikoetara, ez baitira nahikoak abeltzaintzako ustiategi intentsibo modernoetarako, zeinetan ekoizpenerako gaitasun handiagoko eraikinak behar diren.

Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen agiri estrategikoaren arabera, "instalazioak neurri handiagoko nabe bakar baten biltzeak aukera ematen du lurzoruaren okupazio sakabanatua gutxitzeko, azpiegitura osagarriak minimizatzeko eta ustiategiaren integrazio funtzionala eta ingurumen aldekoa hobetzeko, eraikin txikiagoez osatutako alternatibekin alderatuta".

–Ingurumen-ebaluazioa.

Aldaketa aplikatzeko esparrua lurzoru urbanizaezinean dago; zehazki, abeltzaintza intentsiborako instalazio bakartuak eta/edo abeletxeak baimenduta dituzten azpikategorietan, hau da, indarreko plangintzaren arabera, nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoruan eta lurzoru generikoan.

"Lurzoru urbanizaezin generikoaren" azpikategoriaren barruan "Estellerriko Erriberako igeltsuak" kontserbazio bereziko eremua (KBE) dago, Natura 2000 Sarekoa, eta "Nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinaren" azpikategoriaren barruan, berriz, "Miranda Arga-Tafalla-Erriberri" estepako abifaunaren kontserbaziorako eremu kritikoa dago.

"Estellerriko Erriberako igeltsuak" kontserbazio bereziko eremuari dagokionez, abuztuaren 30eko 76/2017 Foru Dekretuaren eranskinean jasotzen da eremu horretarako kudeaketa plana eta, horren arabera, "estepako hegaztiak" funtsezkoak dira KBEaren kudeaketarako, hots, KBEaren kontserbazio aktiboa oinarritzeko ardatz nagusietako bat dira. Haren kontserbazio helburuen artean honako hauek daude: "Estepako hegaztien kontserbazio egoera ona bermatzea", "Estepako hegaztien habitataren baldintzak hobetzea, eta "Estepako hegaztien hilkortasuna eta kausa naturalek eta ez naturalek eragindako eragozpenak murriztea".

"Miranda Arga-Tafalla-Erriberri" estepako abifaunaren kontserbaziorako eremu kritikoan 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako estepako hegazti espezieen populazioak edo habitat potentzialak daude, hala nola basoilo handia (Otis tarda), atalarra (Burhinus oedicnemus), Neumann belatza (Falco naumanni), mirotz zuria eta mirotz urdina (Circus cyaneus, C. pygargus), eta basoilo txikia (Tetrax tetrax). Gainera, garrantzitsua da adieraztea espezie horietako batzuk "galzorian" edo "kaltebera" kategorietan katalogatuta daudela.

Eremu kritikoak estepako hegaztiek beren bizi zikloa bermeekin eta populazio neurri bideragarriarekin bete ahal izateko gutxieneko azalera dira. Hegazti horien kontserbazioa lege betebehar saihetsezina da, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak eta Basa hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauak ezarritakoa.

Nafarroan, estepako hegaztien kontserbazio egoera mugatzen duten faktoreen eta mehatxuen artean honako hauek zehaztu dira: haientzat ona den habitat-azalera galtzea, lurzoruaren erabileren aldaketagatik; gizakien eraikinak ugaltzea –espezie hauetako gehienek bereziki saihesten dituzte–; eta depredatzaileen inpaktua handitzea, honelako instalazioek erakarrita.

Horrenbestez, "Miranda Arga-Tafalla-Erriberri" eremu kritikoak (AC 11) eta "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEak estepako hegaztien kontserbaziorako duten funtsezko zeregina kontuan hartuta, plangintzaren aldaketak ukitu gabe eta gaur egungo baldintza berberetan utzi beharko ditu eremu horiek.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala egin dela ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta ebazpen honi gehitzen zaion baldintza bat ezarri du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea Miranda Argako arau subsidiarioen hirigintzako arauak 4.3.2 artikuluari (lurzoru urbanizaezina) dagokionez aldatzea. Aldaketaren sustatzailea Puerta Valverde Maria Asuncion, Suescun Puerta Alvaro sozietate zibila da.

2. Arau subsidiarioen aldaketaren ingurumen integrazioa hobetzeko, haren aplikazio eremutik kanpo utzi beharko dira "Estellerriko Erriberako igeltsuak" (Natura 2000 Sarea) KBEa eta "Miranda Arga-Tafalla-Erriberri" (AC 11) estepako abifaunaren kontserbaziorako eremu kritikoa.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Miranda Argako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2614065