227. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1214E/2026 EBAZPENA, urriaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazio baten proiektuaz. Sustatzailea Rinacon Gestión SL da.

2026ko irailaren 8an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak arestian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9 b) taldearen barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak bete du ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hortaz, kontsulta egin zaie Tuterako Udalari, Eder Partzuergoari, Sustrai Erakuntza fundazioari eta Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria elkarteari.

Erantzunak jasotzeko epea bukatuta, ez da inolako erantzunik jaso egindako kontsultei buruz.

–Proiektuaren azterketa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektatutako jarduketaren xedea da nagusiki nekazaritzako elikagaien industrian sortutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko eta balorizatzeko jarduera bat ezartzea: kartoia, zura, plastikoa, txatarra, HEEak, beira, hondakin nahasiak, etab.

Jarduera hori gauzatzeko proposatutako kokapena Tuterako Las Labradas industrialdean dauden industria-instalazio batzuk dira, egokitu eta handitu ondoren (ikusi kokapen-planoa I. eranskinean).

Gaur egungo instalazioak bi industria-nabe dira, eta horietako batek konpresoreen eta baterien karga-gelarako modulu bat du atxikita. Guztira 6.379 m²-ko azalera eraikia dute. Era berean, lurzatian 2.745 m²-ko zabalgune bat dago gaur egun, etorkizunean handitzeko prestatuta dagoena. Eremu hori handitu nahi da orain, estaldura bidez.

Estalitako eremu berri hori zura, plastikoa, beira eta txatarra birrintzeko eta biltegiratzeko erabiliko da, baita prentsatutako plastikoa eta kartoia eta berreskuratutako zurezko paletak biltegiratzeko ere.

Nabeetako batean kartoizko eta plastikozko prentsa bat jarriko da; eta kanpoaldean zimenduzko bi lauza eginen dira, bata pisatzeko baskularako eta bestea ur-depositurako eta suteen aurkako babeserako instalazio-etxolarako.

Nabe nagusian kokatuko dira honako hauek: administrazioa eta zerbitzuak; plastikoa eta kartoia jaso, hautatu, prentsatu eta biltegiratzeko tokia; zura jaso eta hautatzeko tokia; palletak lehengoratzeko tokia. Beste nabea erabiliko da hondakinak bildu eta instalaziora eramateko erabiltzen diren edukiontzien biltegi gisa.

Instalazioek badute elektrizitate, gas eta ur hornidura, jarduera berrirako behar adinakoa. Era berean, saneamendu sarea dago, nabe guztietako ur beltzak, euri-ur garbiak eta hondakin urak bereizten dituena, bai eta solidoak eta hidrokarburoak bereizteko sistema ere. Ur guztiak saneamenduko udal kolektoreetara doaz.

Oinarrizko proiektuarekin batera aurkeztu den ingurumen agirian bi alternatiba baloratzen dira, zero alternatiba eta hautatutakoa. Hautatutako alternatiba egun dauden instalazio batzuk okupatzean datza.

Dokumentazioan inguruko ingurune naturalaren eta paisaiaren deskribapena jaso da, eta ingurumen aldetik garrantzitsuagoak diren alderdi batzuk identifikatu dira: energia eta ur kontsumoa, isurketak, atmosferarako isuriak eta sortutako hondakinak.

Jarduketaren xede den eremua ez dago sartuta Natura 2000 Sareko inongo eremutan, ez eta ingurumen babeserako figurarik duen beste inolako eremutan. Industrialde baten barruko instalazio batzuetan eginen da jarduera, non erabilgarri dauden bide-azpiegitura eta zerbitzu guztiak, eta, beraz, ez da espero natura-ingurunearen gaineko ondorio kaltegarri nabarmenik izanen denik.

Ingurumen-baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, lurzoruan, uretan eta soinu isurietan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinak sortzeak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertu ondoren, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira; eta, orobat, ados agertu da hautatu den alternatibarekin, ingurumen-baimen bateratutan sartzen diren zehaztapenak betez gero.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren proiektuak, Rinacon Gestión SLk Tuteran sustatuak, ez du ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik, txosten honetan ezarritako baldintzen arabera, betiere betetzen badira ingurumen-baimen bateratuan jasotako zehaztapenak, substantzia kutsatzaileak atmosferara, uretara eta lurzorura isurtzea kontrolatzeari eta zarata nahiz dardarei buruzkoak, bai eta hondakinak kudeatzeari buruzkoak ere.

2. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Tuterako Udalera, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–KOKAPEN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2614057