227. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

402E/2026 EBAZPENA, urriaren 23koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita ekoizpen ekologikokoak ez diren nekazaritzako lehengaiekin elikatzeko, ebazpen honen aplikazio aldian, belarjale espezieak abeltzaintza ekologikoaren ekoizpenetan.

Nafarroako Gobernuak, 2026ko urriaren 7ko Erabakiaren bidez, deklaratzen du nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen-potentzialean eragina duen hondamendi naturala dela 2026ko maiatzetik irailera bitarte izandako lehorte luzea, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoari eragin baitio.

2026. urtean, ezohiko egoera meteorologikoa gertatu da Nafarroan: tenperatura handiko aldi luzea izan da, eta prezipitazio-eskasia nabarmena udako erdiko hilabeteetan, batez ere ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean; AEMETen txostenen arabera, tenperatura beroek markak hautsi dituzte, gutxienez azken mende eta erdikoak.

Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) 2026ko irailean lehorte-egoerari buruz egindako txostenaren arabera, udako prezipitazio- eta tenperatura-aldagaien bilakaerak lehorte meteorologiko bereziki handia eragin du, eta horrek ondorio nabarmenak ekarri ditu baliabide hidrikoen eskuragarritasunean eta larreetan. Txostenak, halaber, lehorte hidrologikora daraman bilakaera bat identifikatzen du, prezipitaziorik ezaren eta baliabide hidriko erabilgarriak murriztearen ondorioz.

Abeltzaintza estentsiboak larre naturalen, herri-larreen eta mendi-larreen zuzeneko aprobetxamenduan oinarritzen du bere elikadura-sistemaren zati handi bat. Ezaugarri horrek klima-baldintzekiko eta bazka-baliabideen eskuragarritasunarekiko mendekotasuna eragiten du, eta ustiategi estentsiboak bereziki kalteberak dira luzaroko lehorte-egoeretan.

Larreekiko zuzeneko mendekotasun horren ondorioz, 2026ko lehorte-egoerak eragin bereziki handia izan du abeltzaintza-ustiategi estentsiboetan, eta behartu ditu ustiategiak aldez aurretik edo neurri handiagoan erabiltzera bazka, pentsuak eta erositako beste elikadura-baliabide batzuk, zuzenean ekoitzitako edo aprobetxatutako baliabide bat zati batean ordeztuta.

Egoera horrek bereziki eragiten dio abeltzaintza ekologiko estentsiboaren sektoreari, batez ere larreetatik eta lehorreko laboreen produktu eta azpiproduktuetatik elikatzen baita, guztiak ere euriaren mende. Abeltzaintza estentsibo ekologikoaren elikagai beharrak gero eta larriagoak dira, eta klima egoera ezohiko honek eragotzi du baliabide propioak izatea eta ekoizpen ekologikoko bazka nahiz alea pilatzea neguko estabulazio garaian abereen behar fisiologikoei erantzuteko.

Erabakiak jasotzen duenez, lehorte-deklarazioa honako hauetan xedatutakoaren ondorioetarako aplikatuko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduaren 22. artikulua, ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketatzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena, eta Batzordearen 2020ko irailaren 24ko 2020/2146 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, zeinak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (EB) Erregelamendua osatzen baitu ekoizpen ekologikoari aplikatu beharreko salbuespenezko ekoizpen-arauei dagokienez, 1., 2. eta 3. artikuluetan; ondorio horietarako, erabakiak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari ahalmena ematen dio ebazpen bat emateko, zeinaren bidez baimenduko baita Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintza ustiategietako azienda belarjale ekologikoari elikadura ez-ekologikoa emateko salbuespena aplikatzea, lehortearen hondamendi-egoera dela eta, betebeharrak, baldintzak, prozedura, komunikazioa eta kontrola zehaztuta.

Batzordearen 2020ko irailaren 24ko 2020/2146 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (EB) Erregelamendua osatzen du ekoizpen ekologikoan aplikatu beharreko salbuespeneko ekoizpen arauei dagokienez (2018/848 Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotakoak), eta aurreikusten du agintari eskudunak aldi baterako baimentzen ahalko dituela 3. artikuluan jasotako salbuespen espezifikoak, okerreko klima egoerak hondamenak sortzen dituenean. Artikulu horrek baimena ematen du abereak pentsu ez-ekologikoekin elikatzeko, pentsu ekologikoen edo ekologiko bihurtzeko prozesuan daudenen ordez, pentsuen ekoizpena galtzen denean edo murrizketak ezartzen direnean.

Horregatik, elikadura eskasaren ondorioz abereen ongizatean ondoriorik izan ez dadin, beharrezkoa da salbuespeneko baimen bat ematea ekoizpen ekologikoko aziendari elikagai ez-ekologikoak eman ahal izateko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea ekoizpen ekologikokoak ez diren nekazaritzako lehengaiekin elikatzeko, ebazpen honen aplikazio aldian, belarjale espezieak Nafarroako abeltzaintza ekologikoaren ekoizpenetan.

2. Salbuespen aldian, baimenduko dira ekoizpen ekologikokoak ez diren nekazaritzako lehengaiak baldin eta sarturik badaude pentsuetarako lehengaien katalogoan, Batzordearen 2013ko urtarrilaren 16ko 68/2013 (EB) Erregelamenduan jasotakoan, eta disolbatzaile kimikorik erabili gabe ekoitzi edo prestatzen badira. Horrez gain, ezin izanen dute genetikoki eraldatutako organismorik izan, ez eta haietatik eratorritako produkturik ere. Baimentzen ahal diren elikagaiak bi motatakoak izan daitezke: bazkak eta lastoa eta/edo alea eta pentsua. Abereek salbuespeneko aldian kontsumitu beharreko kantitateak eskatuko dira.

3. Nafarroako abeltzaintza ekologikoko ustiategiak dituzten operadore ekologikoek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Kontrol Ekologikorako Agintaritzari, hau da, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari (NNPEK), beren abereei elikagai ez-ekologikoak emateko, ebazpen honetan ezartzen diren baldintzekin bat. Kontseiluak horren berri emanen dio Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Ekologikoa eta Kalitate Bereiztua Sustatzeko Bulegoari. Zuzendaritza nagusiak ebazpen bidez baimenduko du, eskatzaile bakoitzaren kasuan, elikagai ez-ekologikoak erabiltzea, eta horren berri emanen die Kontrol Ekologikorako Agintaritzari, jarraipena eta kontrola betetzeko, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, hark Europako Batzordeari jakinaraz diezaion OFIS sistemaren bidez. Komunikazio horretan jasoko dira, gutxienez ere, eskatzailearen izen-deiturak, IFZa edo IFKa, abere espeziea eta buru kopurua, ustiategiaren REGA kodea eta elikagai ez-ekologikoaren mota (pentsua/alea eta bazka/lastoa), baita elikagai kantitatea ere kilotan.

4. Baimen hau erabiltzen duten operadore guztiek gorde beharko dute salbuespen aldian erabiltzen dituzten elikagai ez-ekologikoen horniduren erregistro dokumentala, ondoren Kontrol Ekologikorako Agintaritzak, hots, NNPEKek, gainbegira dezan. Gainbegiratzeak ziurtatuko du ekoizleak, gehienez ere, abereak gabealdian elikatzeko behar adina elikagai erosten duela.

5. Salbuespeneko baimen hau 2027ko martxoaren 31n bukatuko da.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari eta Nekazaritza Ekologikoa eta Kalitate Bereiztua Sustatzeko Bulegoari.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko urriaren 23an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F2613932