2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Zizur Nagusiko Udalak, 2026ko urriaren 29an egindako osoko bilkuran, jaien datei buruzko herri bozketaren oinarri zuzentzaileak onetsi zituen
Argitaratzen da orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten da oinarri hauen kontra errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barrenean.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Zizur Nagusian, 2026ko urriaren 29an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
FESTEN DATEI BURUZKO HERRI BOZKETAREN OINARRI ZUZENTZAILEAK
2025eko abenduaren 14an festen datei buruz egindako herri bozketaren emaitzak ezagutu eta gero, herritarren kezka ikusita; emaitza horren arabera, abuztuko azken astera aldatzen baitziren festen datak.
2026ko ekainaren 24an herritarrek Udal honen aurrean festen datak mantendu edo aldatzeko egin zen herri bozketa errepikatzea eskatzeko aurkeztu zituzten sinadurak ere ikusita.
Zizur Nagusiko Udalak herriko festen daten aldaketa berriz ere herri bozketara eramaten du.
Horretarako, egin nahi den bozketa arautu behar dituzten oinarriak ezartzen ditu.
OINARRIAK
1. Udalbatzak 2026ko urriaren 29ko osoko bilkuran egiten du bozketa honen deialdia.
2. Deialdia onartzen denean, errolda itxi egingo da. Une horretan Zizur Nagusian erroldatuta dauden pertsonek izanen dute botoa emateko eskubidea, baldin eta 2026ko abenduaren 13an 16 urte edo gehiago badituzte.
3. Bozketa egin aurretik, urriaren 30etik abenduaren 13a arte, prozesuari buruzko informazio-kanpaina bat egingo da Udalaren ohiko kanalen bidez (sare sozialak, webgunea, udal-aldizkaria, informazio-panelak). Halaber, deialdiari buruzko informazio-diptiko bat banatuko da postontzietan, herriko etxe guztietan.
4. Bozketa egunean herrian bozkatzeko eskubidea erabiltzeko egongo ez direla edo bertaratu ezin direla aurreikusten duten herritarrek posta bidez eman dezakete botoa, Udalean aldez aurretik eskatuta, honako baldintza hauekin:
a. Interesdunak, modu presentzialean, 2026ko azaroaren 9tik 27ra bitartean, erroldatuta egotearen ziurtagiria eskatuko du udaletxean. Eskaera hori Udalari aurkeztuko zaio.
b. Eskaera pertsonalki egin beharko da. Udaletxeko langileek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena erakusteko eskatuko diote interesdunari, nahiz eta iraungita egon, eta erroldan inskribatuta dagoela egiaztatuko dute. Ez da inolaz ere onartuko agiri horien fotokopiarik, argazkirik edo bertsio digitalik.
c. Udal langileek boto-txartela, gutun-azala eta erroldako inskripzio ziurtagiria emanen dizkiote interesdunari. Era berean, udal-langileek oharpen bat egingo dute erroldan, bozkatzeko egunean aldez aurreko egindako bozketa erroldan ager dadin, bozketaren egunean botoa pertsonalki eman ez dadin.
d. Interesdunak boto-txartela bete ondoren, gutun-azalean sartu eta itxi egingo du. Gutun-azal hori eta Zizur Nagusiko erroldako inskripzio-ziurtagiria beste gutun-azal batean sartuko dira. Gutun-azal hori Zizur Nagusiko Udaletxera igorriko da, posta ziurtatuz (Erreniega parkea z/g, 31180 Zizur Nagusia, Nafarroa), eta herritarren bozketa adieraziko da bertan. Bere izen-abizenak eta helbidea jarri beharko ditu bidaltzailean.
e. Bidalketaren ondoriozko posta-gastuak boto-emaileak ordaindu beharko ditu. Gero, gastu horiek itzultzeko eskatu ahalko da, Zizur Nagusiko Udaletxeko Herritarren Arretarako Bulegoan eskabide orokorra aurkeztuz, posta gastuen ordainketaren frogagiriarekin batera, eta ordainketa zein kontu zenbakitan egin behar den adierazita. Itzulketak eskatzeko azken eguna 2026ko abenduaren 22a izango da.
f. Udaletxean 2026ko abenduaren 10eko 14:00ak arte jasotako botoak onartuko dira. Ondoren botoak jasotzen badira, berehala kanporatuko dira, haien edukia jakin gabe.
5. Bozketa presentziala egiteko, arau hauek bete behar dira:
a. Abenduaren 13an, igandea, 9:00etatik 20:00etara eman ahal izango da botoa, Zizur Nagusiko udaletxean (Erreniega parkea z/g), Zizur Nagusiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan (Emakumeen plaza 2) eta Zizur Nagusiko Bandaren lokalean (Belascoain etorbidea 10).
b. Herri-bozketa Udalbatzako kideen edo udal langileen ardurapean egingo da.
c. Hautesleek erroldatze-tokiaren arabera esleitutako hauteslekuan eman ahal izango dute botoa. Urbanizazioan erroldatutako herritarrek Zizur Nagusiko Udaletxean eman beharko dute botoa, Ardoin erroldatutako herritarrek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eman beharko dute botoa, eta Alde Zaharrean erroldatutako pertsonek, Bandaren lokalean eman beharko dute botoa.
d. Zizur Nagusiko Udalak 3 hauteskunde mahai izanen ditu, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak 2 hauteskunde mahai eta Bandaren lokalak hauteskunde mahai bat.
e. Nortasuna bermatzeko, hauteskunde mahaiaren arduradunek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena erakusteko eskatuko diote interesdunari, nahiz eta iraungita egon, eta erroldan inskribatuta dagoela egiaztatuko dute. Ez da inolaz ere onartuko agiri horien fotokopiarik, argazkirik edo bertsio digitalik.
6. Hautesleak bide elektronikoen bidez egiaztatzeko aukera ematen duen aplikazio edo programa informatikorik ez dagoenez, eta, horregatik, Internet bidezko bozketaren segurtasuna, fidagarritasuna eta legezkotasuna bermatu ezin denez, ezin izango da bitarteko elektronikoen bidez bozkatu.
7. Bozketak galdera bakarra izango du, eta erantzunak itxiak eta haien artean baztertzaileak izango dira.
Zer aukera nahiago duzu Zizur Nagusiko Festak ospatzeko?
Abuztuko azken asteazkena.
Bost eguneko ospakizuna, abuztuaren azken asteazkenetik hurrengo igandera arte.
Iraileko lehen igandea.
Bost eguneko ospakizuna, aurreko asteazkenetik irailaren lehen igandera arte.
Data tradizionala.
Bost eguneko ospakizuna, irailaren 14a eta egun horretatik hurbilen dagoen asteburua barne.
8. Boto baliodun gehien lortzen dituen aukerak irabaziko du bozketa. Boto gehien jaso dituzten bi aukeren edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 196.C) artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da aukera irabazlea erabakitzeko, hau da zozketa bidez erabakiko da.
9. Aukera markaturik ez duen boto-txartela hartuko da boto zuritzat.
10. Baliogabetzat joko dira adierazitako laukietan markatzera mugatzen ez diren botoak, bi aukera edo gehiago markatuta dituztenak, boto-emailearen borondatea argi eta garbi zehazterik ez dutenak, edo boto-paperak borondate horren identifikazioan eragina izan dezakeen edozein adierazpen, idatzohar edo aldaketa jasotzen dutenak.
11. Boto zuriak eta baliogabeak zenbatu egingo dira parte-hartzeari dagokionez, baina ez dira kontuan hartuko aukerarik bozkatuena erabakitzeko.
12. Bozketaren emaitza baliozkotzat jotzeko, beharrezkoa izango da bozkatzeko eskubidea duten pertsonen %10ek gutxienez parte-hartzea. Ondorio horietarako, emandako botoak zenbatuko dira, boto zuriak eta baliogabeak barne.
13. Herri-bozketa ez da loteslea izango. Aurreko atalean ezarritako gutxieneko parte-hartze ehunekora iritsiz gero, bozketaren emaitza udal organo eskudunari igorriko zaio, bere eginkizunetan diharduela dagokion erabakia har dezan.
14. Parte-hartzearen gutxieneko ehunekoa lortzen ez bada, herri-bozketa ez da baliozkotzat joko, eta ez ditu aurreko zenbakian aurreikusitako ondorioak sortuko.
15. Zizur Nagusiko Udalak, bere sare sozialen bidez, parte-hartzeari buruzko aurrerapen bat emango die herritarrei 14:00etan eta 18:00etan.
Iragarkiaren kodea: L2614174