226. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIURRUN-OLKOTZ

Ordenantza fiskala, etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Biurrun-Olkozko Udalak, 2026ko irailaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2026ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 17an.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin, zehazki, 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Biurrun-Olkotzen, 2026ko urriaren 29an.–Alkatea, María Luisa Serrano Echaves.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; zehazki, II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Biurrun-Olkozko udal-mugartean diren etxebizitza hutsen titulartasuna.

3. artikulua. Zerga honen ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakotzat deklaratu, eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta eman zaiona Etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari jarraikiz.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta, nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo erabilera-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua.

1) Zergaren aplikaziotik salbuetsita egonen dira:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak baldin badira ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak, arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratazioengatik, edo langileek lanean tokiz aldatu behar izateagatik.

c) Administrazio publikoaren (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatea) esku jarri diren etxebizitzak, gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2) Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

Karga-tasa

8. artikulua. Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1) Zerga lehen aldiz sortuko da ebazpen bat ematen denean deklaratzen duena etxebizitza hutsik dagoela.

2) Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak seihilekokoak izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzealdiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, oinarri hartuko da Etxebizitza Hutsen Udal Errolda. Errolda hori osatuko da Etxebizitza Hutsen Erregistroan izandako alten eta bajen arabera (erregistro hori Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean dago arautua). Alta eta baja horiek ofizioz komunikatuko ditu Nafarroako Gobernuaren barnean gai honen gaineko eskumena duen departamenduak.

11. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna adierazita.

12. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-agirien igorpenak.

ERANSKINA.–KARGA-TASA

Etxebizitzak zenbat urte daramatzan inskribatuta Etxebizitza Hutsen Erregistroan, horren araberako tasa ordaindu beharko da:

–Lehenengo urtea: %0,50.

–Bigarren urtea: %0,75.

–Hirugarren urtea eta hurrengoak: %1,5.

Karga-tasa bat bera izanen da udal-mugarte osoan.

Iragarkiaren kodea: L2614160