226. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MARTZILLA

Oposizioa, bete dadin erdi-mailako teknikariaren plaza bat (Ekonomia Alorra)

Martzillako Udalak, 2026ko maiatzaren 28an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea 2026ko plantilla organikoan, zeina argitaratu baitzen 2026ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 26an.

Plantilla behin betiko onetsi ostean, argitara eman zen 2026ko 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 24an.

Alkatearen 2026ko ekainaren 18ko 370/2026 Ebazpenaren bidez, onetsi zen 2026ko lan publikoaren eskaintza handitzea, eta, besteak beste, deialdi bat sartu zen, hautaprobak eginez eta oposizio bidez betetzeko erdi-mailako teknikariaren plaza bat (Ekonomia Alorra), funtzionarioen araubidekoa, Martzillako Udalaren zerbitzuan aritzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusita idazkariak egindako txosten-proposamena, eta bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.g) artikuluan xedatutakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Oinarri hauek onestea, hautaprobak eginez eta oposizio bidez bete dadin erdi-mailako teknikariaren 01-06 plaza (Ekonomia Alorra), funtzionarioen araubidekoa, Martzillako Udalean aritzeko.

Martzillan, 2026ko urriaren 28an.–Alkatea, Esther Villanueva Úcar.

DEIALDIAREN OINARRIAK, OPOSIZIO BIDEZ BEHIN BETIKO BETE DADIN ERDI-MAILAKO TEKNIKARIAREN PLAZA BAT (EKONOMIA ALORRA), FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEKOA, MARTZILLAKO UDALEAN ARITZEKO

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da, oposizio-sistemaren bidez, behin betiko betetzea erdi-mailako teknikariaren plaza bat (Ekonomia Alorra), funtzionarioen araubidekoa, Martzillako Udalean aritzeko. Plazak 01-06 zenbakia du Martzillako Udaleko 2026ko plantilla organikoan, eta hala dago jasota alkatearen 370. Ebazpenean onetsitako lan publikoaren eskaintzan (2026ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 2an).

1.2. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzea hautapen prozesuan plazarik eskuratzen ez duten izangaiekin, jarraikiz deialdiaren 9. oinarriari.

1.3. Prozesua gauzatuko da arau hauetan xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena), ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena), aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak. Deialdia eta haren oinarri arautzaileak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

1.4. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak, bai eta Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako lansari osagarriak ere.

1.5. Urteko lanaldia izanen da bulego orokorretako gainerako langileek duten bera, eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.6. Lanpostuaren eginkizunak izanen dira zehazten direnak I. eranskinean eta aplikatu beharreko arauetan, betiere dagozkion maila eta kategoriarako ezarritako eskumenen mugak gainditu gabe.

1.7. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Martzillako Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.8. Hautapen sistema oposizioa izanen da; hortaz, ez da ez lehiaketarik ez merezimenduen baloraziorik eginen.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako diplomadunaren edo gradudunaren unibertsitate-titulua edukitzea, edo horren baliokidea, edo hura eskuratzeko moduan egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, betez Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategineko 12. artikuluko baldintzak. Ez da espezialitate akademiko gehigarririk eskatuko, baldin justifikaturik ez badago plazaren eginkizun edo ezaugarriak direla-eta. Eskatutako mailatik gorako titulazioak onartuko dira. Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak aurkeztu beharko dira.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.2. Izangaiak baldintza horiek guztiak frogatu beharko ditu 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, bai eta hautapen prozesu osoan mantendu ere, izendatu arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztuko dira Martzillako Udalaren erregistro elektronikoaren bidez (www.marcilla.es), eskabide orokorra erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

3.2. Eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Honako hauek aurkeztuko dira eskabidearekin batera:

–2.1.c) oinarrian eskatzen den titulazio akademikoaren kopia.

Lehiaketarik ez dagoenez, ez da merezimendurik aurkeztu beharko.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.5. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin denborak edo baliabideak egokitzea behar badute ariketak egiteko, zilegi izanen dute eskabidean hori eskatzea, eta, hartarako, adierazi beharko dute nolako egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, agiri bat aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.6. Nahikoa izanen da agirien kopia soilak aurkeztea. Baldin zehaztasun faltarik edo faltsukeriarik bada aurkeztutako agirietan edo datuetan, eskatuko dira erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

4.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda (baztertzeko arrazoiak adierazita), eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta egoitza elektronikoan (www.marcilla.es).

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak ebatzi ostean, alkateak ebazpen bat emanen du behin betiko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta 4.1 oinarrian ezarritako bitartekoetan. Izangai bazterturik ez balego, behin-behineko zerrenda behin betikotzat joko da.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Prozesua gainditzen duen izangaiak agiriak aurkeztu eta ondorioztatzen bada baldintzaren bat betetzen ez duela, eskubide guztiak galduko ditu, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun guztiak.

4.5. Behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko dira lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, bai eta epaimahairen behin betiko osaera ere. Epaimahaiaren gainerako iragarkiak iragarki-taulan eta Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, Enplegu Publikoaren atalean, Sartzeko Erregelamenduan ezarritako denbora nahikoarekin.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Titular eta ordezko hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia, eta probak hasi baino lehen argitaratuko da horien izendapena:

–Epaimahaiburua: María Esther Villanueva Úcar, Martzillako Udaleko alkatea. Ordezkoa: epaimahaiak legearen arabera izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Jennifer Moya Gázquez, Azkoiengo Udaleko aurrekontuen eta kontabilitatearen arloko teknikaria. Ordezkoa: epaimahaiak legearen arabera izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Edgar Lainez Goñi, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea. Ordezkoa: epaimahaiak legearen arabera izendatzen duena.

–Epaimahaikide idazkaria: Jorge Camino Unzu, Martzillako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: epaimahaiak legearen arabera izendatzen duena.

–Langileen ordezkariek izendatutako epaimahaikidea: Mercedes Boneta Fernández. Ordezkoa: epaimahaiak legearen arabera izendatzen duena.

5.2. Epaimahaikideek norberaren izenean jardunen dute, jarraikiz inpartzialtasun, profesionaltasun eta espezializazio printzipioei. Epaimahaian parte hartzeari uko egin beharko diote, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean 23. artikuluan ezarritako egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Halaber, izangaiek errekusatzen ahalko dituzte.

5.3. Probak egiten hasi aurretik eratuko da kalifikazio-epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Epaimahaikideek oinarrietan ezarritako irizpideak eta puntuazioak aplikatu beharko dituzte, kalifikazioak idatzirik utzi, eta zalantzak sortzen ahal dituzten balorazioak arrazoitu. Behin deialdia hasita, ezin izanen dituzte ariketak aldatu, ezta horien puntuazioak eta baztertzeko gutxieneko puntuazioak ere.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak ekar ditzake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioan 100 puntu eskuratzen ahal dira gehienez. Nahitaezko bi ariketa baztertzaile izanen ditu –II. eranskineko programan oinarrituta, lanpostuaren eginkizunei zuzenean lotuak–, baita elkarrizketa pertsonala ere. Azken hori ez da baztertzailea izanen.

6.2. Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 50 galderari erantzun beharko zaie, gehienez ere 90 minutuan, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakarra izanen da zuzena. Gehienez ere 50 puntu emanen dira, eta, gainditzeko, gutxienez, 25 puntu eskuratu beharko dira. Erantzun zuzen bakoitzeko 1 puntu emanen da, eta okerreko erantzun bakoitzeko, erantzun zuzenak balio duenaren heren bat kenduko da. Erantzuten ez diren galderengatik ez da punturik kenduko. Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma (urdina edo beltza) edo arkatza ez bada. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da; epaimahaiak proba kalifikatu ondoren, jendaurrean irekiko ditu gutun-azalak.

6.3. Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak zehaztutako kasu praktiko bat edo batzuk ebatziko dira, idatziz, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruz, besteak beste: banku-berdinkatzea, kobrantzen eta ordainketen bidalketa prestatzea, zergen izapide administratiboa, eragiketen materiala erregistratzea eta eskumenak mugatzea. Iraupena: 60 minutu. Kalkulagailua erabiltzen ahalko da. Gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta, gainditzeko, gutxienez, 20 puntu eskuratu beharko dira.

Ariketa honetan izangaiek ez dute erabakirik hartu beharko, txostenik sinatu beharko edo erreserbatutako lanpostuen eta udal erakundeen berezko eragiketarik baimendu beharko. Besteak beste, baloratuko da eragiketa materialak ongi zehazten direla, gorabeherak identifikatzen direla, eta proposamenak eta aurrekariak arduradunari behar bezala helarazten zaizkiola. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da; epaimahaiak proba kalifikatu ondoren, jendaurrean irekiko ditu gutun-azalak.

6.4. Hirugarren fasea. Elkarrizketa pertsonala. Proba izanen da epaimahaikideekin elkarrizketa bat izatea.

Probak gainditu dituzten izangaiei elkarrizketa bat eginen zaie, jarraikiz merezimendu, gaitasun eta berdintasun printzipioei. Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen, eta lanpostuaren eginkizunak jorratuko dira bertan –epaimahaiak aurretik adostuko ditu–. 10 puntu emanen dira, gehienez.

6.5. Epaimahaiak zehaztu beharko du proba egun bakarrean edo gehiagotan eginen den. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikoa dela uste duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo nor diren frogatzen ez dutenak. Desgaitasuna izateagatik egokitzapenak egitea eskatzen dutenentzat, posible eta beharrezkoak diren egokitzapenak eginen dira, hala denboran nola baliabideetan.

6.6. Epaimahaiak ariketa guztien behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu 4.5 oinarrian ezarritako bitartekoen bidez. Horien kontra alegazioak aurkezten ahalko dira 5 egun balioduneko epean, Udalaren erregistro orokorraren edo erregistro elektronikoaren bidez, eskabide orokorra aurkeztuta. Alegazioak ebatzi ostean, behin betiko emaitzak argitaratuko dira. Alegaziorik aurkezten ez bada ere, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.–Azken kalifikazioa, prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken kalifikazioa kalkulatzeko, batuko dira hiru ariketetan eskuratutako puntuak. Gehienez ere 100 puntu emanen dira. Berdinketarik balego, ariketa praktikoan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da; berdinketak jarraitzen badu, ariketa teorikoan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde; eta oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak egindako zozketa publiko bakar baten bidez erabakiko da. Probaren emaitzak ikusgai jarriko dira Martzillako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

7.2. Kalifikazioa amaituta, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, puntuazio-ordenari jarraituta, 4.5 oinarrian zehaztutako bitartekoen bidez, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere. Horrez gain, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena igorriko dio alkateri. Deialdiko plazak betetzeko adina izendapen eginen dira, ez gehiago.

7.3. Proposamena argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak aldez aurretik aurkeztu gabeko frogagiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro elektronikoan, zehazki:

a) Osasun frogagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea. Izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, desgaitasuna lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko adierazpena edo hitzematea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik. Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

7.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaturiko izangaiak ez baditu aurkezten agiriak, edo baldintzak betetzen ez baditu, ezin izanen da izendatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, deusetan galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiokeen erantzukizuna. Kasu horretan, puntuazio-ordenaren arabera hurrengoa den izangaiaren aldeko proposamena eginen da.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Agiriak aurkeztu ostean, alkateak ebazpen bat emanen du, izangaia Martzillako Udaleko B mailako funtzionario izendatzeko, erdi-mailako teknikariaren (Ekonomia Alorra) lanpostuan aritu dadin, Martzillako Udalaren zerbitzuan. Halaber, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Funtzionario bihurtu baino lehen, zin egin edo hitzeman beharko du Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela. Horrez gain, plazaz jabetuko da izendapen-ebazpenean zehazten den egunean, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.1. Oposizioko hiru ariketak gainditu baina plazarik lortu ez duten izangaiekin beste zerrenda bat eratuko da, eskuratutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz, lanpostu horri lotutako aldi baterako kontratazioak egiteko.

9.2. Zerrenda kudeatzeko, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Nafarroako Gobernuaren kontratazio-zerrendei aplikagarri zaion araudiari (814/2010 Foru Agindua, abenduaren 10ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena).

10.–Datuen babesa.

Martzillako Udala da parte-hartzaileen datuen tratamenduaren arduraduna, eta erabiliko ditu deialdia kudeatzeko eta lanpostuak betetzeko. Datuen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri legitimoa hauxe da: legezko betebeharra (Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.c) artikulua), 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarekin loturik, eta Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.b) artikulua, interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko. Beharrezkoak diren bitartean gordeko dira datuak, jarraikiz apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeari (Artxibo eta Dokumentuei buruzko Legea). Datuak lagatzen ahalko zaizkie organo judizialei eta ordezkari sindikalei, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren web-orrian, iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdian adierazi bezala. Parte-hartzaileek eskubidea dute beren datuetan sartzeko eta haiek zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta aitortuta dituzten gainerako eskubideak ere, Martzillako Udalari zuzenduta, egoitza elektronikoaren bidez (www.marcilla.es) edo datuen babeserako ordezkariaren bidez (juridico@marcilla.es). Era berean, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril; www.aepd.es).

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren eta haren oinarrien kontra, edo deialdia aplikatzeko egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–LANPOSTUAREN EGINKIZUNAK ETA MUGAK

Martzillako Udaleko erdi-mailako teknikaria (Ekonomia Alorra). Idazkaritza / Kontu-hartzailetzako Zerbitzuko arduradunek zuzendu eta gainbegiratuko dute haren lana, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Kobrantzen eta ordainketen bidalketa prestatzea eta horretarako materiala izapidetzea.

–Eragiketa baimenduetarako beharrezko datuak kargatzea eta egiaztatzea.

–Kutxako mugimenduen jarraipena egitea.

–Kontu-laburpenak erkatzea kontabilitateko oharrekin.

–Ordainagiriak, abalak eta agiri ekonomikoak antolatzea.

–Ordainagiriak igortzea eta erroldako datuak eguneratzea, organo eskudunek emandako informazioaren arabera.

–Diru-bilketari buruzko jakinarazpenak eta agiriak prestatzea.

–Zergadunei zorren, zatikatzeen eta helbideratzeen inguruko arreta ematea.

–Errepikatu ohi diren eragiketa-idazpenak sartzea kontabilitate aplikazioan.

–Ondasunak enbargatzeko espedienteen izapide materiala egitea.

–Administrazioko agiriak eta ereduak prestatzea, berrikus daitezen eta Udalak erabiltzen dituen plataformetan igo daitezen.

–Aurrekontuen prestaketan, laguntza teknikoa ematea.

–Proiektu ekonomikoen jarraipena egitea.

–Azterketa ekonomikoen txostenak eta horien jarraipena.

–Ekonomia Alorreko txosten teknikoak.

Eskumenen mugak. Banku-eragiketen kasuan, lanpostuko eginkizun bakarra izanen da esleitzen zaizkion zereginak egitea eta baimen instrumentalak ematea, baina ez da edukiko ordainketak egiteko baimen autonomorik, eta ez dira ordezkatuko eskatzen ahal diren sinadurak. Ondasunak enbargatzeko espedienteen izapide materiala egiten denean, ezin izanen da jarduketa exekutiborik erabaki, ez premiamendu-probidentziak egin, ezta errekurtsorik ebatzi ere. Honako hauek ez daude lanpostuari lotuta: fede publikoa ematea, nahitaezko aholkularitza legala ematea, fiskalizazioa edo finantzen kontrola egitea, diruzaintzako eta diru-bilketako titular edo zuzendari gisa jardutea, diruzaintzako arduradunari dagozkion ordainketak baimentzea, erreserbatutako lanpostuetan ordezkapenak egitea, eta gastu, diru-sarrera edo administrazio-errekurtsoen espedienteak ebaztea. Oinarriok ez dituzte aldatuko arau hauetan ezarritako eskumenak: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikulua (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuko 2. eta 5. artikuluak.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Gai-zerrenda orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: atariko titulua; I. titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak; IV. titulua. Gobernua eta Administrazioa; VIII. titulua. Estatuaren lurralde-antolaketa (1. eta 2. kapituluak).

2. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua; eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

3. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: atariko titulua; I. titulua. I. eta III. kapituluak (Udalerriak eta Nafarroako toki korporazioetako kideak).

4. gaia.–6/1990 Foru Legea: II. titulua. Administrazioen arteko harremanak; III. titulua. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua; herritarren partaidetza eta informazioa.

5. gaia.–6/1990 Foru Legea: IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak (I. kapitulua); V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak (I. eta II. kapituluak).

6. gaia.–6/1990 Foru Legea: VI. titulua. Kontratazioa; VII. titulua. Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak.

7. gaia.–6/1990 Foru Legea: VIII. titulua. Toki ogasunak; IX. titulua. Prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola.

8. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: I. titulua, II. titulua eta V. titulua.

9. gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari buruzkoa: II., III. eta IV. tituluak.

10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa: I. titulua. Prozeduretako interesdunak; II. titulua. Administrazio publikoen jarduera, epemugak eta epeak.

11. gaia.–39/2015 Legea: III titulua. Administrazio-egintzak; IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak.

12. gaia.–39/2015 Legea: V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

13. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko titulua.

14. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duena: I. titulua; II. titulua. I., II., III., IV. eta VIII. kapituluak.

15. gaia.–128/2018 Errege Dekretua, martxoaren 16koa, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena: erreserbatutako funtzioak (batik bat 2. eta 5. artikuluak eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikulua).

16. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua. Datuen babesari buruzko printzipioak; III. titulua. Pertsonen eskubideak.

17. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua; II. titulua. III. kapitulua (publizitate aktiboa); III. titulua. I. eta II. kapituluak.

18. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua; II. titulua. 8. artikulua; eta III. titulua.

Gai-zerrenda espezifikoa.

19. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua. Nafarroako toki-ogasunen baliabideak.

20. gaia.–2/1995 Foru Legea: II. titulua. Udal zergak.

21. gaia.–2/1995 Foru Legea: III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa.

22. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, garatzen duena 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan.

23. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako Toki-erakundeen Aurrekontu Egitura onesten duena.

24. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa. I., II., III. eta VI. kapituluak.

25. gaia.–7/2022 Foru Legea eta 8/2022 Foru Legea: toki-erakundeek transferentzia arrunten eta kapital-transferentzien bidez Nafarroako tributuetan parte hartzea.

26. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen diruzaintza: antolaketa, funtzioak eta mugak; kutxak eta banku-kontuak; kobrantza eta ordainketak bidaltzea; banku-berdinkatzeak.

27. gaia.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra onesten duena: atarikoa; I. titulua. Kontabilitate sistema; II. titulua. Agiriak eta liburuak.

28. gaia.–272/1998 Foru Dekretua: III. titulua. Kontabilitateko eragiketak: gastu-aurrekontuaren eta diru-sarreren kontabilitatea; aurrekontuaren emaitza; diruzaintza-geldikina.

29. gaia.–272/1998 Foru Dekretua: IV. titulua. Beste kontabilitate-egitura batzuetako eragiketak: gastuen proiektuak, kreditu-gerakina eta finantzaketa lotuko gastuak.

30. gaia.–13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa: printzipio orokorrak, zerga-betebeharrak, zerga-zorra eta iraungitzeko moduak.

31. gaia.–1777/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Foru Komunitatearen Diru-bilketaren Erregelamenduari buruzkoa: borondatezko epean ordaintzea, geroratzea eta zatikatzea, helbideratzea.

32. gaia.–Nafarroako toki-erakundeetan erroldak kudeatzea, ordainagiriak igortzea, likidazioak eta zerga-jakinarazpenak egitea.

33. gaia.–Premiamendu-prozedura: premiamendu-probidentzia, enbargatzea eta exekuzio-faseak. Izapideen jarduketa materialak eta eskumenak gordetzea.

34. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: xedapen orokorrak eta bermeak.

35. gaia.–Hornitzaileei ordaintzea eta fakturazioa: 3/2004 Legea, abenduaren 29koa, Merkataritza-eragiketetan berankortasunari kontra egiteko neurriak ezartzen dituena; eta 25/2013 Legea, abenduaren 27koa, faktura elektronikoa bultzatzeari buruzkoa.

Oharra: zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen legeen arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2614073