1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
152/2026 EBAZPENA, urriaren 26koa, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea M.ª Isidra Martínez Ibáñez andrearen abintestato jaraunsle (GP 2023160) deklaratzeko prozedurari.
2026ko maiatzaren 19an, Nafarroako Gobernuak eta NUPeko irakasle José Miguel Lana Berasain jaunak kontratu bat sinatu zuten abintestato jaraunspenen espedienteak ebazteko prozesuetan ahaideen gaineko ikerketan laguntzeko. Kontratu horren bidez, M.ª Isidra Martínez Ibáñezen abintestato jaraunspenean eskubide hobea duen ahaideren bat ote dagoen ikertzea kontratatu zen.
2023160 administrazio espedienteari buruzko txosten teknikoan (M.ª Isidra Martínez Ibáñezen abintestato jaraunspena), José Miguel Lana Berasain NUPeko irakasleak 2026ko irailaren 25ean egindako horretan, ondorioztatzen da egokitzat jotzen dela Foru Komunitatea M.ª Isidra Martínez Ibáñezen jaraunsle legitimo deklaratzea.
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.
Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.
Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko zenbakietan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7an agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordekoa; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jaraunspena, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz".
Isidra Martínez Ibáñez andrea Iruñean jaio zen, 1938ko maiatzaren 15ean, eta Iruñean hil zen, 2020ko azaroaren 17an.
Hona hemen orain arte identifikatu diren eta zenduari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ager litezkeenak):
–Etxebizitza bat Iruñean (Manuel de Falla kalea 5, 3. D).
–Bankuko bost kontu, guztira, 10.635,18 euroko saldoa egiten zutenak 2020ko abenduaren 31n.
Espedientean jasota daude heriotza-ziurtagiria, kausatzailearen azken nahietako egintzen erregistroaren agiria, bai eta heriotza-aseguruen kontratuen ziurtagiriaren eskaera ere.
Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenen ondorioz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 243/2023 Foru Dekretuaren 19. artikuluaren bidez esleitu didaten eskumena erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea M.ª Isidra Martínez Ibáñez andrearen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari (IFZa: *** 1724*).
2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoarekin bat.
3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan, edozein interesdunek alegazioak edo dokumentuak edo egoki jotzen dituen beste juizio-elementu batzuk aurkezteko aukera izateko, toki honetan: Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Yanguas y Miranda kalea 27-2 solairua., 31003 Iruña (Nafarroa).
4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Laguntzako Bulegoa).
Iruñean, 2026ko urriaren 26an.–Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia, Maite Domínguez Muguiro.
Iragarkiaren kodea: F2613916