226. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

331E/2026 FORU AGINDUA, urriaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena, 2026ko urriaren 28an, azaroaren 4an eta azaroaren 25ean 08:00etatik 12:00etara greba partzialak egiteko iragarritako deialdia dela eta.

UGT, LAB, AFAPNA, CCOO eta ELA sindikatuek 2026ko urriaren 28an, azaroaren 4an eta azaroaren 25ean 08:00etatik 12:00etara greba partzialak egiteko deialdia egin dute, eta deialdi horretara deituta daude basozain izendapena duten langile guztiak.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, lanuzterako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honen xedea da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren gutxieneko funtsezko zerbitzuak arautzea, 2026ko urriaren 28an, azaroaren 4an eta azaroaren 25ean 08:00etatik 12:00etara egiteko iragarri den lanuzte partziala dela eta. Zerbitzu horiek ezartzeko, aintzat hartu da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako Basozainen kolektiboaren Plan Zuzentzaileak hau dio 2.4 puntuan: "Ingurumen larrialdiak. Gaur egun, Nafarroan ingurumen larrialdiei behar bezalako arreta emateko, 3 talde operatibo antolatzen dira, eta bakoitzean bikote bat aritzen da goiz eta arratsaldeko txandetan eta urteko 365 egunetan. Talde horietako bakoitza Nafarroa banatzeko ezarritako eskualdeetako batez arduratzen da. ... "Talde horiez gain, barruti bakoitzak, gutxienez, goizeko basozain bat eta arratsaldeko beste bat izan beharko ditu suteen kanpainetan (neguan eta udan), beharrezkoa denean eta klimatologiagatik hala erabakitzen denean, eta horiek zuzenean lagunduko diote kasuan kasuko larrialdi taldeari beharrezkoa bada".

Horregatik guztiagatik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak erabaki du gutxieneko zerbitzuak eduki behar direla Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren mendeko koordinazio unitateetan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Zenbait sindikatuk 2026ko urriaren 28rako, azaroaren 4rako eta azaroaren 25erako, 08:00etatik 12:00etara, iragarritako greba partzialak direla-eta, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Basozain bat koordinazio unitate bakoitzeko.

2.–Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak izendatuko ditu aurreko artikuluan adierazitako funtsezko zerbitzuak beteko dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileak. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4.–Foru agindu hau igortzea Greba Batzordeari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari eta Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko urriaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2614054