226. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

244E/2026 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzen baitira Odietako Anotzibar, Gaskue, Gelbentzu, Latasa, Ostitz, Erripa, Ziaurritz eta Gendulaingo eremuak.

Odietako Udalak eskatu du zortzi kontzejuetako (Anotzibar, Gaskue, Gelbentzu, Latasa, Ostitz, Erripa, Ziaurritz eta Gendulain) eremuak lehentasunez birgaitu beharreko area deklara dezatela, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan jasotako aurreikuspenak kontuan hartuta.

Horretarako, Odietako Udalak hirigintza-plangintza egokia dauka, eraikinen antzinatasunari buruzko irizpidea betetzen dela justifikatu du eta birgaitzerako laguntzak arautzen dituen ordenantza bat dauka onetsirik; hori guztia, aipatutako 61/2013 Foru Dekretuan ezarrita dagoen moduan.

Nafarroako Gobernuak ere, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren bidez, herri eta eremu horietako etxebizitzak birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea.

Horiek horrela, eta Iruñerriko Birgaitze Bulegoaren aldeko txostena izanik, betetzat jotzen dira Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan ezarritako baldintzak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Odietako Anotzibar, Gaskue, Gelbentzu, Latasa, Ostitz, Erripa, Ziaurritz eta Gendulaingo eremuak lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Odietako Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ezin da izan lehentasunez birgaitu beharreko arean –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.

3. Foru agindu hau Odietako Udalari eta Etxebizitza Zerbitzuari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio-bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko urriaren 29an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2614163