2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EZPOROGI
Udal ordenantza, suteak prebenitzeari buruzkoa. Behin betiko onespena
Ezporogiko Udalak, 2026ko uztailaren 1ean egin ohiko osoko bilkuran, legez eskatutako gehiengoarekin, hasiera batez onetsi zuen Ezporogin suteak prebenitzeari buruzko udal ordenantza.
Iragarkia 2026ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 21ean.
Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Ezporogin, 2026ko irailaren 16an.–Alkatea, Miriam Galar Apesteguia.
UDAL ORDENANTZA, EZPOROGIN SUTEAK PREBENITZEARI BURUZKOA
ZIOEN AZALPENA
Baso-suteak, gaur egun, mehatxu bat dira, eta eragiten diete baso-ondareari eta herri-basoei, bai eta natura-baliabideei eta landa-inguruneko giza jardueraren mantentzeari eta garapenari ere.
Azken urteotan, suteak ugaritu egin dira, gero eta bortitzagoak eta arriskutsuagoak izaten ari dira eta gero eta zailagoa da horiek kontrolatzea.
Egoera horrek agerian uzten du ikuspegi orokor berri bat behar dela Nafarroako eta, zehazki, Ezporogiko baso-suteen aurkako prebentzioan eta borrokan, fenomeno horretan eragiten duten faktoreak kontuan hartuko dituen tratamendu batetik abiatuta.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta lege-oinarria.
Ordenantza honen xedea da hiri-inguruneetan eta hiri/baso interfazean suteak prebenitzea, eta, horretarako, kasuan kasuko administrazio publikoekin koordinatutako prebentzio politika aktiboa sustatzea, hiriguneetan eta inguruko eremuetan jardutean oinarritua.
Nafarroako Larrialdietarako Lurralde Planaren tresna osagarri gisa txertatuko da, suteak prebenitzeko eta suteei erantzuteko jarduketen koherentzia are gehiago indartzeko. Ezporogiko Baso Suteen aurkako Udal Jarduketa Planean eta Nafarroako Sute Planean ere txertatuko da.
2. artikulua. Eremu subjektiboa.
Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa da Ezporogiko udal-mugartean dauden finken, lursailen eta orubeen jabe edo erabiltzaile diren pertsona fisiko eta juridiko guztientzat.
Horrez gain, ordenantza honetan jasotako xedapen zehatzaileak aplikatuko zaizkie, orobat, ondasun higiezinen jabe izan gabe ere, beren egintzez sute arriskua eragiten duten edo larrialdi taldeen etorrera eta lana zailtzen duten pertsonei.
II. KAPITULUA.–PREBENTZIO NEURRIAK
3. artikulua. Erantzukizunen araubidea.
Ondasun higiezinen jabeak izanen dira beren ondasun higiezinen garbitasun eta kontserbazio eta segurtasun egoera egokiaren erantzule, bai eta ondasun horiek segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko egoeran mantentzearen erantzule ere, ukatu gabe ezarrita dauden betebeharrak uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1.b) artikuluan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Ondasun higiezin baten zuzeneko jabaria duten pertsonak eta jabari erabilgarria dutenak desberdinak badira, edo gozamen edo errentamenduko eskubideak badaude, ondasun horiek sasitzarik, zaborrik, eta obra hondakinik edo hondarrik gabe mantentzeko erantzukizuna azken horien gain egon daiteke, ukatu gabe Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak eta Landa Errentamenduei buruzko azaroaren 26ko 49/2003 Legeak horretarako xedatzen dutena.
Oraindik zatitu eta adjudikatu gabeko jaraunspenak dituzten ondasun higiezinen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen komunitatearen ordezkaritzat hartuko baita pertsona hori, ondorio horietarako.
4. artikulua. Hirigunea.
4.1. Hirigunea izanen da definizio hori duena Nafarroako Katastroan.
4.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:
1. Eraiki gabeko lurzatiei dagokienez: lurzati horiek landaretzarik, obra hondakinik eta material erregairik gabe egon beharko dute garai lehorrean (udaberri bukaera, uda eta udazkena). Ez da pilatzen ahalko material sukoirik edo su hartzeko arriskua sortzen ahal duenik.
2. Lurzati urbanizatu eta eraikiei dagokienez: lurzati horietan ez da erretxina ugariko espezierik landatzen ahalko, suak aise hartzen baititu (hala nola altzifrea eta pinua), ez lurzatiaren itxiturako heskaietan, ez lurzatiaren barneko zuhaiztietan ere. Lurzatiaren mantentze lan egokia egin behar da, sasiak agertzea galarazi behar da, eta kanpoan ez da metatzen ahalko sua edo sugar azkarrak sor ditzakeen materialik edo objekturik.
3. Egurtegiei dagokienez, kanpoan badaude, ez dira etxeetako teilatu hegalpeetan jarri behar; eraikinetatik aldenduta dauden lurzatien muturretan jarri behar dira, eta sukoiak ez diren gauzez estali.
4. Mantentze lan egokia egin behar da teilatu, erreten eta zorrotenetan, eta garbitu beharko dira, material begetal, hosto, adaxka eta abarren metaketak kenduz.
5. Herriko kaleetan pasabidea libre utziko da, eta debeku da irtenbiderik gabeko karrika estuetan aparkatzea, larrialdiko ekipoek eta ibilgailuek sarbidea izan dezaten.
6. Debeku da seinaleztatutako ur-harguneak eta ureztatze ahoak oztopatzea, nolanahi dela ere (ibilgailuak aparkatuz, gauzak eta materialak pilatuz, etab.), eta horien erabilera eragoztea.
5. artikulua. Hirigunearen perimetroaren mugakide den hiri-periferia.
5.1. Nafarroako Katastroak zehazten duen hirigunearen perimetroan mugakide diren lurzatiak sartzen dira eremu horretan, eta mugakideak izan gabe, mugatik 50 metrora baino hurbilago daudenak ere bai.
5.2. Eremu horretan, honako debeku, betebehar eta gomendio hauek bete beharko dira:
1. Nekazaritzako finketan 2 ekintza nagusi ezarri dira:
a. Gomendatzen da zerrenda bat uztea lugorri, edo belar laboreak edo antzekoak jarrita, betiere bilketa goiztiarrekoak, Nekazaritza Politika Erkidearen barruan sartzen direnak.
b. Nahitaez bete beharrekoa da lursaileko lur guztia luberritzea, uzta biltzeko lanak egin ondoren.
2. Laborerako erabiltzen ez diren lursailak 2 urtez behin garbituko dira, landare gai lehorren metaketa saihesteko.
3. Ez da bidexka eta bide publikoetan aparkatzen ahalko, ezta pasabidea galaraziko duten elementu edo materialak bertan uzten ahalko ere.
6. artikulua. Nekazaritza-basogintza eremua.
6.1. Eremu horretan sartzen dira hirigunetik eta hiri-periferiatik kanpo geratzen diren udal-mugarteko landa-lurrak.
6.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:
1. Araudia zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an eman zuen 222/2016 Foru Aginduan, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu.
http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5937630
2. Ordenantza, Ezporogiko bide sarearen erabilera eta mantentze lanak arautzen dituena.
https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2015/233/61
7. artikulua. Udal-mugarte osoa.
7.1. Udal-mugarte osoan, inork sute edo su-foku baten berri badu, nahitaezko betebeharra du horren berri ematea berehala. Horren berri duen pertsona oro, lehenik eta behin, harremanetan jarri beharko da larrialdi-zerbitzuarekin (112) edo Baso Suteen aurkako Udal Jarduketa Planean ezarritako Krisia Kudeatzeko Batzordearekin.
Udal-mugarteko lurzoru urbanizaezineko eremuetan, gainera, nahitaez bete beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan ezarritako neurriak, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu, edo horren inguruan ematen den beste batean ezartzen diren neurriak.
7.2. Honako jarduketa hauek debeku dira Ezporogiko udal-mugarte osoan:
1. Sua duten edo sua eragin dezaketen suziri edo artefaktuak botatzea (salbu jaietako suziria edo Udalak baimendutako bestelako ekintzak).
2. Piztuta dauden pospoloak, zigarrokinak edo bestelako objektuak botatzea.
3. Nonahi uztea sua sortzea errazten ahal duten zaborrak, obra-hondakinak edo bestelako hondakinak.
4. Baimenik gabe erabiltzea txinpartak sortzen ahal dituzten erremintak edo makinak.
5. Obrako elementuak (materialak, makineria, aldamioak, edukiontziak edo antzekoak) baimendutako lekuetatik kanpo jartzea, edo eremu publikoa okupatzeko baimenik ez dutenak, eta suteak itzaltzeko edo larrialdietako ibilgailuen pasabidea galarazten ahal dutenak.
6. Bideetan uztea traba eragiten ahal duten gauzak, modu iraunkorrean nahiz behin-behinean, eragozten edo zailtzen ahal dituztenak basogintzako lanetako edo suteak itzaltzeko ibilgailuen joan-etorriak edo maniobrak, trafikoari buruzko arauen beste arau-hauste batzuk gorabehera.
7. Nonahi uztea beirak, botilak edo hondakin sukoiak edo sua eragin dezaketenak.
8. Lurzatian uztea inausketaren eta bestelako baso tratamenduen hondarrak.
9. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe.
10. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, kalte larria eraginda ingurumenari edo pertsonen osasunari.
11. Sastraka, belarra edo baso hondakinak erretzea horretarako berariazko baimenik gabe edo, berariazko baimena izanda ere, bete gabe erreketa modu kontrolatuan egiteko ezarritako eskakizunak (behar den lagun taldea, palak eta bizkarreko itzalgailuak, motoponpa duen ibilgailua, haizearen gehienezko abiadura eta abar).
12. Ez betetzea Baso Suteen aurkako Udal Jarduketa Planean (2.4 artikulua eta lotutakoak) aurreikusten diren interfazeak.
7.3. Partikularrek sua erabiltzea. Partikularrek sua erabiltzean, bai nekazaritza-jardueretarako, bai aisialdirako, bai barbakoetarako, honako baldintza hauek errespetatu beharko dituzte:
a) Hiri-lurzoruan, barbakoak erabiltzen ahalko dira soil-soilik baimenduta dauden eta segurtasun neurriak dituzten instalazio finkoetan.
b) Nekazaritza- eta baso-lurzoruan, edozein errekuntza egiteko berariazko baimena jaso beharko da, eta 222/2016 Foru Aginduan eta horren ondorengo aldaketetan eskatzen diren baldintza teknikoak bete beharko dira, ordenantza honetan xedatutakoaz gain.
c) Debeku da edonolako suak egitea haize handiko egunetan, muturreko tenperaturekin edo sute arriskuaren indizea altua edo oso altua denean, Babes Zibilak emandako abisuei jarraikiz.
d) Xedapen hauek ez betetzeak zehapena ekarriko du ordenantza honen zehapen araubidearen arabera.
III. KAPITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
8. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.
Ezporogiko Udalak, alkatearen edo hark eskuordetutako zinegotziaren bidez, ordenantza honetan arautu eta ezarritako jarduerak eta betebeharrak betetzen diren begiratuko du, eta kapitulu honetan jasotako zehapenak ezartzen ahalko ditu, kasuan kasuko zehapen espedientea izapidetu ondoren.
Alkateak, ofizioz edo pertsona partikular batek eskaturik, eta udalaren zerbitzu teknikoen txostena eskuratu ondoren, edo, behar bada, Nafarroako Gobernuak, dagozkion nahitaezko laguntzako eginkizunak betez, eskaintzen ahal dizkion zerbitzu teknikoen txostena hartuta, ebazpena emanen du, lursailetan dauden akatsak adieraziz eta horiek zuzentzeko behar diren neurriak aginduz.
Emandako epea neurri egokiak hartu gabe iraganez gero, alkateak zehapen espedientea irekitzeko aginduko du, eta indarrean dagoen Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera izapidetuko da. Ebazpenean, gainera, jabeari edo administratzaileari eskatuko zaio emandako agindua betetzeko, eta hark betetzen ez badu, Udalak eginen du lan hori, behartuaren kontura, betearazpen subsidiarioko prozedura baliatuz.
9. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak hauek dira:
a) Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, eta, oro har, ezarritako prebentzio neurrien kontrako jarduketa oro.
b) Sua erabiltzea Nafarroako Gobernuak ezarritako araudia urratuz.
c) Lursailetan belar-sastrakak edo baso landaredia garbitzea edo moztea baimenik gabe.
d) Suteen prebentzio eta konponketa lanak oztopatzea.
e) Udal-mugarteko hiri/baso interfazearen barruan sutea eragiten ahal duen edozein ekintza.
9.1. Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
9.2. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:
Arau-hauste arintzat hartuko dira betebehar hauei dagozkienak: 4.2 artikuluko 1. eta 2. puntuak; 5.2 artikuluko 1., 2. eta 3. puntuak; 6.2 artikuluko 1. eta 2. puntuak; eta 7.2 artikuluko 8. eta 9. puntuak.
9.3. Arau-hauste astunak honako hauek dira:
Arau-hauste astuntzat hartuko dira betebehar hauei dagozkienak: 4.2 artikuluko 5. eta 6. puntuak; eta 7.2 artikuluko 3. eta 7. puntuak.
Halaber, arau-hauste astuntzat joko da hamabi hilabeteko epean arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea, edo arau-hauste horiek egitea ingurumenean kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarriz.
9.4. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:
Arau-hauste oso astuntzat joko da 7.2 artikuluko 1., 2., 4., 5., 6., 10. eta 11. puntuetan adierazitako betebeharrak ez betetzea. Halaber, arau-hauste oso astuntzat joko da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea edo arau-hauste astunak egitea ingurumenari kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarriz.
10. artikulua. Zehapenak.
1. Titulu honetan agertzen diren arau-hausteei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:
a) Arau-hauste arinak: zehapenaren idatzizko ohartarazpena.
b) Arau-hauste astunak: 100 eurotik 1.000 eurora bitarte.
c) Arau-hauste oso astunak: 1.000 eurotik 5.000 eurora bitarte.
2. Zehapenen zenbatekoa zehaztean, honako irizpide hauei jarraituko zaie:
a) Arau-haustearen larritasuna.
b) Eragindako kaltea: pertsonen osasunean edo segurtasunean, ingurumenean edo legez babestutako bestelako ondasun edo interesetan duen eragina edo garrantzia.
c) Erruduntasun, intentzionalitate eta/edo partaidetza maila.
d) Lortutako onura: zehapenak ezartzean kontuan hartuko da, betiere, arau-haustea egitea ez dadin izan onuragarriagoa arau-hauslearentzat hautsitako arauak betetzea baino.
e) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
f) Arau-haustea errepikatzea, arau-haustea egin edo egiten hasi baino bi urte lehenago, arau bereko eta izaera desberdineko arau-hauste bat egin zelako, ebazpen irmo baten bidez halakotzat zehatu ondoren.
g) Aringarritzat hartuko dira arau-haustearen erantzuleak zehapen espedientea ireki aurretik neurri zuzentzaileak bere ekimenez hartzea, eta orobat, araua hausten duen jarduera bertan behera uzten badu arau-hausleak, bere borondatez.
3. Zehapenaren zenbatekoa %50 murrizten ahalko da, kasu bakoitza baloratuz, arduradunak errekerimenduak betetzeko behar diren jarduketak hamar eguneko epean egiten dituenean.
11. artikulua. Zehapen prozedura.
11.1. Eskumena:
Ordenantza honetan jasotzen diren betebeharrak urratzeari dagozkion zehapenak ezartzea alkate udalburuaren eskumena izanen da, edo hark horretarako eskuordetza ematen dion zinegotziaren eskumena.
11.2. Izapidetzea:
Nafarroako Foru Komunitatean dauden agintaritza agenteen salaketek, zaintza eta kontrol eginkizunetan ari direnean, frogaren balioa izanen dute, ukatu gabe haien betebeharra dela salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak aurkeztea, eta ukatu gabe, orobat, salatutako pertsonek beren defentsarako aurkezten ahal dituzten frogak erakusteko eskubidea.
11.3. Zehapen prozedura izapidetu eta ebaztean, gaiari buruzko oinarrizko legedian horretarako ezarritako arau guztiak beteko dira.
12. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.
Hemen aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, Udalak ordenantza betetzeko eskatzen ahalko die jabeei. Horretarako, 1 eta 15 egun arteko epea izanen dute, egoera zuzentzeko. Epe hori une bakoitzean dagoen sute arriskuaren arabera zehaztuko da.
Larritasuna agerikoa den kasuetan, Ezporogiko Udalak beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak egiten ahalko ditu, atzematen badu egoera luzatzeagatik pertsonen osasunerako edo ingurumenerako berehalako arriskua sortzen ahal dela. Ekintza horien justifikazioa interesdunak eskaturik eginen da, eta ekintzak abiarazi ondoren.
Errekerimendua jaso duen pertsonak agindua ez badu betetzen, agindutako lanak Ezporogiko Udalak eginen ditu modu subsidiarioan, eta, horretarako, beteko du xedatuta dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 102. artikuluan. Kasu horietan, behartuaren kontura izanen dira lan horiek egitearen ondoriozko gastuak. Gastuen zenbatekoa galdeginen da premiamendu bidez.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honek ezartzen duen araubidea ulertu behar da Administrazioko beste erakunde batzuei dagozkien eskumenen esparruan egin beharreko esku-hartzeak ukatu gabe; esku-hartze horiek zehazten dira 222/2016 Foru Aginduan, eta 237/2017 Foru Aginduan aldatu ziren, non hobetu beharreko alderdi batzuk zuzendu, epeak egokitu, akatsak zuzendu eta administrazioa sinplifikatu baitzen. Eta orobat, 152E/2022 Foru Aginduaren bidez egindako azken aldaketan.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunen buruan jarriko da indarrean, eta bertako manuen kontra egiten duen udal xedapen oro indargabeturik geratuko da.
Iragarkiaren kodea: L2613471