233. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZPOROGI

Ordenantza, Bide sarearen erabilera eta mantentze-lanak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ezporogiko Udalak, 2015eko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezporogiko Udaleko bide sarearen erabilera eta mantentze-lanak arautzen dituen udal ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan ondoan, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da.

Agezan, 2015eko urriaren 21ean.–Alkatea, Camino Landarech Zozaya.

EZPOROGIKO UDALEKO BIDE SAREAREN ERABILERA ETA MANTENTZE-LANAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da honako arau hauetan ezarritakoari jarraikiz: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1995 Legearen 25.2 B eta D artikuluetan landa bideen eta kamioen zainketari buruz ezarritakoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Ezporogiko bide publikoen sarea herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du Ezporogiko nekazaritza finketako eta mendietako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Ezinbesteko elementua da nekazariak, abeltzainak, herritarrak oro har, bisitariak eta iragaitzazkoak hartatik igarotzeko, eta hura kontserbazio egoera egokian izateak ongizatea ematen die herritarrei.

Landabideak eta mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Ezporogiko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki nekazariek, abeltzainek eta herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Aplikazio esparrua

2. artikulua. Ordenantza hau Ezporogiko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka, hustubide eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bide publikoetan ibiltzeko behar badira. Agezako Kontzejuko bideak aplikazio eremutik kanpo uzten dira, kontzeju horrek gisa honetako ordenantza bat baitauka dagoeneko.

Erabilera

3. artikulua. Pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituzte Ezporogiko bide publikoak.

4. artikulua. Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Dena dela, berariaz debekatuta daude lehiaketak, lasterketak eta nekazariei, abeltzainei, txirrindulariei, etxeko animaliei, basa-faunari eta gainerakoei arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

Erakunde eta entitate publikoek agindutako lanak direnean, ibilgailuek ez dute baimenik beharko beren eginkizunetan ari badira.

Erabilera debekatuak

5. artikulua. Ezporogiko bide publikoen azpiegituretan erabilera hauek espresuki debeku dira.

A) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.

B) Areka eta bideak goldatzea.

C) Nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, soroetan nekazaritzako lanak egiten direnean.

D) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

E) Zuhaitzak landatzea edo finketan hesiak paratzea, bideekiko hiru metroko distantzia baino txikiagoa utzita.

F) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

G) Finketako hustubideak ateratzea, proiektuan eta berrantolamendu obraren exekuzioan aurreikusita ez badago edo Udalak ez badu baimentzen.

H) Hustubideen sarea ez errespetatzea.

I) Urari finketatik bideetara ematea irteera, finketako sarbidean barna.

J) Bideetan egurra edo beste material batzuk uztea edo herrestan eramatea.

K) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (inausitako aihen, belar, adarrak...) bideetara, areketara, erretenetara eta herrilurretara botatzea.

L) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

M) Ezporogiko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo hein batean trabatzea.

N) Lasto metak eratzea horien garaiera baino tarte txikiagora areketatik eta finken sarreretatik. Gutxieneko distantzia 4 metrokoa izanen da.

O) Nekazaritzako hondakinak (aihenak etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

Erabiltzaileen betebeharrak

6. artikulua. Hauek dira finken erabiltzaile eta jabeen betebeharrak:

–Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu eta baimena eskuratu beharko da. Eragiketa hauek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 40 cm-ko diametrokoak, gutxienez.

–Garbi eduki beharko dira norberaren finketako areka gaineko pasabideak eta arekak, ura erraz igaro dadin.

–Dauden seinaleetan ezarritako pisu eta abiadura mugak errespetatuko dira. Seinalizaziorik gabeko bideetan ezin izanen dira honako muga hauek gainditu.

Pisua, gehienez ere: 15 tona zabor-legarrezko zola duten bideetan (Artetako pista), eta 10 tona, berriz, lurrezko zola duten bideetan.

Abiadura, gehienez ere: 30 kilometro orduko, zabor-legarrezko zoladura duten bideetan. 20 kilometro orduko, lurrezko zoladura duten bideetan.

–Hodiren bat hondatzen baldin bada, diametro bereko beste bat jarri beharko da haren lekuan.

–Uhinbikoak deitzen diren metalezko hesiak baldin badaude, bere horretan utziko dira, segurtasuna dela eta.

7. artikulua. Bideetan gehiegizko erabilera sortzen duten jarduerak.

Bideetan edo bide zehatz batean gehiegizko joan-etorria sortzen duten jarduerak erabilera berezitzat joko dira, eta jarduera egin behar duenak baimena eskatu beharko dio Udalari.

8. artikulua. Baimenak ematea.

Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebete iraunen du, salbu eta lan publiko baten esleipenaldirako eskatzen bada.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat pausatzera behartuko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, bidea kalterik gabe dela egiaztatzen denean.

9. artikulua. Bideen zaintza eta hobekuntza.

Ezporogiko Udalak Ezporogiko landabideen gaineko mantentze, zaintze eta hobetze lanengatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza onesten ahalko du.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

11. artikulua. Zehapenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza honen arau-hausteak zehatuko dira 600,00 euro arteko isunarekin, gutxieneko isuna izanen delarik 60,00 euro gehi desegiten edo hondatzen direnak lehengoratzeko obren kostua. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1514225