2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO KOMUNITATEA
Hegazti harrapariek habia egiten duten eremuetara sartzeko mugak
Errege Bardeako Komunitateko buruak honako ebazpen hau eman du:
Ikusirik: 60/2026 espedientea, sarrerak mugatzen dituena "El Plano - Blanca Alta" hegaztientzako babes bereziko eremuaren (HBBE) zati batean, hegazti harkaiztar habiagileak babesteko, Nafarroako Errege Bardeako parke naturalean eta biosfera-erreserban.
Kontuan harturik: Alejandro Urmeneta Komunitateko biologoak 2026ko urtarrilaren 23an egindako 2026-0008 txosten teknikoa ("Paseariak sartzea murrizten hasteko beharra hegazti harrapariek habia egiten duten eremuetan"), zeinean honako hau ondorioztatzen baita, ia mende erdiz jarraipen fenologikoa egin ondoren:
1. Bardeako hegazti harkaiztar espezie ahulenak sai zuria, sai arrea eta hontz handia dira, eta, horien atzetik, arrano beltza eta belatz handia.
2. Espezie horien ugaltze-garai kritikoa honako hau da: gutxienez, urtarrilaren erdialdetik hasi eta abuztuaren bukaera arte edo irailaren hasiera arte.
3. Sai arrea da populazio habiagile handiena duen espeziea, eta bere inkubazio-aldia jada hasia dago 2026an aktibo dauden habia gehienetan; horrek neurri murriztaileak hartzeko premia dagoela berresten du.
4. Ugaltze-eremu garrantzitsuenetan berehala seinaleak jartzea eta zainketa-lanak indartzea gomendatzen da.
Kontuan harturik: Natur-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea (irailaren 21eko 33/2015 Legeak aldatua), haren 54.5 artikuluak debekatu egiten baitu animalia basatiak nahita hiltzea, kaltetzea, gogaitzea edo urduritzea, edozein dela ere erabilitako metodoa edo haien ziklo biologikoaren fasea.
Kontuan harturik: Basa-fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, zeinak 8.1 artikuluan debekatu egiten baitu animalia basatiak nahita hiltzea, kaltetzea, gogaitzea, jarraitzea edo urduritzea, bai eta asaldatzea eta suntsitzea ere haien habitat naturalak, habiak, bizitokiak eta ugalketarako, negua pasatzeko edo atsedenerako lekuak.
Kontuan harturik: Apirilaren 6ko 10/1999 Foru Legearen 3. artikulua, zeinak ezartzen baitu parke naturala kudeatzea Errege Bardeako Komunitateari dagokiola, eta berak dituela indarra duen ordenamendu juridikoak parke naturaletako kudeaketa-organoei esleitzen dizkien eskumen eta ahalmen guztiak, eta parkea kudeatuko dela Baliabide Naturalak Antolatzeko Planari (NBAP) jarraikiz (irailaren 7ko 266/1998 Foru Dekretua) eta abenduaren 29ko 120/2017 Foru Dekretuarekin bat (Errege Bardea kontserbazio bereziko eremu –KBE– deklaratu zuen).
Kontuan harturik: Toki-erakundeetako buruei esleitzen zaizkien eskumenak, bai Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean (21. art.), bai, bereziki, Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen araubide organikoaren eta barne-araubidearen erregelamenduan (2018ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 10ekoa).
Kontuan harturik: Nafarroako Errege Bardeako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana (NBAP) eta Erabileren araudiaren aplikazioa arautzen duen ordenantza (2021eko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 25ekoa), azken horren 117. artikuluak ezartzen baitu larrialdi-kasuetan Komunitateko buruak hartzen ahalko dituela ekosistema mantentzeko beharrezko jotzen diren erabaki guztiak, eta ondoren Batzorde Iraunkorrari jakinaraziko dizkiola.
Kontuan harturik: Premia larria dagoela habia egiten duten eremuetan lasaitasuna bermatzeko ugalketaren fase kritikoan, betiere babestutako espezie horien kontserbazioa eta Natura 2000 Sarearen helburuak betetzen direla zaintzearren, sare horretako parte baita "El Plano - Blanca Alta" HBBEa.
Horregatik guztiagatik, indarrean den araudiak eta komunitate honen estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizi.–Debekatzea "El Plano - Blanca Alta" HBBEa eremuko hegazti harraparien ugaltze-eremuetan sartzea; zehazki, aipatutako txosten teknikoan espezifikoki identifikatutako tokietan. Besteak beste:
–La Gorra.
–Pisquerra.
–Ralla.
–Rallón.
Debeku hori eraginkorra izanen da ebazpen honen datatik aurrera, harik eta Komunitateko Biologia Zerbitzuak, txosten tekniko batean, espezie horien ugaltze-garai kritikoa bukatu dela ziurtatzen duen arte.

Bigarren.–Komunitateko Kontserbazio eta Mantentze Zerbitzuari agintzea ezar ditzala sarrera mugatzeko seinaleak, eremu mugatuetako sarreretan eta gehien ikusten diren bide-tarteetan, gehienez ere 48 orduko epean. Seinaleak eredu ofizialaren araberakoak izanen dira, eta debekuaren zergatia azalduko dute.

Hirugarren.–Ebazpen hau Komunitateko Zaintza Zerbitzuari helaraztea, jakinaren gainean egon dadin eta eremu horietan zainketa-, kontrol- eta sentsibilizazio-lanak areagotu ditzan, murrizketa indarrean dagoen bitartean.
Laugarren.–Neurriaren berri ematea ondoren aipatzen diren kidego eta zerbitzuei, jakinaren gainean egon daitezen eta zainketa-lanetan lagun dezaten:
–Guardia Zibila (Castejongo SEPRONA).
–Nafarroako Gobernuko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Zerbitzua.
–Foruzaingoa.
Bosgarren.–Ebazpen hau argitaratu eta zabaldu dadila agintzea, bai Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen web-orri ofizialean, bai haren iragarki-tauletan, bai eta haren ohiko komunikazio-kanalen bidez ere, bisitariak, enpresa turistikoak eta toki-erakundeak jakinaren gainean egon daitezen.
Seigarren.–Kontuan harturik neurri hau presakoa eta beharrezkoa dela ingurumenaren aldetik, bat etorriz Ordenantza arautzailearen 117. artikuluarekin, ebazpen honen berri emanen zaio Batzorde Iraunkorrari, egiten duen hurrengo bilkuran, ohikoa edo berezia izanik ere.
Tuteran, 2026ko urtarrilaren 26an.–Komunitateko burua, José María Agramonte Aguirre.
Iragarkiaren kodea: L2601093