1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
6/2026 FORU AGINDUA, urtarrilaren 12koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez Hezkuntzako kontseilariaren esku uzten baita gora jotzeko errekurtsoen ebazpena Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakaskuntzako langileen arloan.
Funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariari dagokio gora jotzeko errekurtsoak ebaztea, kontseilaria baino maila baxuagoko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edozein organok arlo horren gainean emandako egintzei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121.1 artikuluari buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat. Esleipen bera egiten du otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 2. artikuluko g) apartatuak (dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehaztu ziren).
Hala ere, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretu horren 7.2.g) artikuluaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio, departamentu horri atxikiriko irakasleei dagokienez, langileria arloan jarritako gora jotzeko errekurtsoak tramitatzea.
Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Lege horren 6.2.j) artikuluan xedaturikoaren arabera, administrazio prozeduren arrazionalizazioak eta arintasunak gidatuko dituzte Foru Administrazio Publikoaren jarduketa eta funtzionamendua. Eskuratutako esperientziaren arabera, artikulu hori betetzeko, lagungarria da Hezkuntzako kontseilariaren esku uztea gora jotzeko errekurtsoen eta beste edozein erreklamazioren ebazpena, Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasleen langileria arloan; izan ere, kontseilari horrek esleiturik du bere departamentuari lotutako gora jotzeko errekurtso guztien ebazpena (martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 artikulua).
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste baten esku uzten ahal dutela. Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.1 artikuluak ezartzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahal direla. Errekurtsoak ebazteko eskumenari dagokionez, artikulu horren 2. apartatuko f) letraren arabera, errekurritutako egintzen aurkako errekurtsoen ebazpena ezin da utzi egintzak eman zituzten organoen esku.
Azkenik, aipatu behar da eskuordetze honek ez duela galarazten Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik egin behar duen aginduzko txostena, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 4.o) artikuluan aurreikusia; izan ere, eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduak, ondorio guztietarako, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.6 artikuluari jarraikiz. Hori dela eta, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txostena egin beharko du gora jotzeko errekurtso horien gainean, Hezkuntzako kontseilariari foru aginduaren proposamena igorri baino lehen.
Horrenbestez, aipatu araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Hezkuntzako kontseilariaren esku uztea indarreko araudiak Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari esleitzen dizkion eskumenak gora jotzeko errekurtsoak eta beste edozein erreklamazio ebazteko Hezkuntzako Departamentuari atxikitako irakaskuntzako langileen arloan.
2. Eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduetan berariaz aipatuko da inguruabar hori, eta, ondorio guztietarako, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira.
3. Foru agindu hau Hezkuntzako kontseilariari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igortzea.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 12an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, María Inmaculada Jurío Macaya.
Iragarkiaren kodea: F2600364