1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2664/2026 EBAZPENA, 2026ko urriaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdia onesten da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2025-2026 ikasturtean egin eta defendatutako "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenarentzako Saria" emateko. V. ediziorako, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak sustatzen du.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra ekonomia sozialak enpresak kudeatzeko eredu gisa duen interesa sustatzeko sortu zen, eta, horretarako, ikerketa, ikasgeletako jakintza eta eragile sozial eta ekonomikoenganako transferentzia bultzatuko dira. Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak programatu duen ildoetako bat Unibertsitatean ekonomia sozialaren esparruan ikasketa amaierako lanak egiten laguntzea da. Hori oinarri hartuta, Batzordeak erabaki du Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2025-2026 ikasturtean defendatu eta gainditutako "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenarentzako Saria" emateko deialdiaren oinarriak onestea, 2026-2027 ikasturterako jardueren programaren barnean.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoaren akta, zeinak deialdia eta haren aurrekontua onesten baititu.
Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.
Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak tratamendu fiskalari buruz egindako txostena.
Ikusirik Kontu-hartzailetzak egin duen txostena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an emandako 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (ebazpen hori 2025eko otsailaren 25ean emandako 351/2025 Ebazpenaren bidez, 2026ko maiatzaren 26ko 1026/2026 Ebazpenaren bidez, 2025eko ekainaren 4ko 1101/2025 Ebazpenaren bidez eta 2026ko apirilaren 28ko 876/2026 Ebazpenaren bidez aldatu da),
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2025-2026 ikasturtean egindako eta defendatutako "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenarentzako Saria" emateko deialdia, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarrien arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak antolatzen du sariketa.
Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko, 800 eurokoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak finantzatua.
Sortutako gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2027ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura ordainduko da, edo 2027ko Gastuen Aurrekontuan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago:
30.30.00.9537.0380.480.25 Katedren sariak 800 euro Espediente zk. 2026/0001947.
Hirugarrena.–Sari honen deialdia egiten da:
–Lehenbiziko saria: 800,00 euro.
Halako sariak ondare irabazpentzat hartzen dira Nafarroan, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Halaber, hura argitaratzeaz gainera, bermatuko da ahalik eta hedapen handiena izanen duela Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren webgunearen bidez.
Seigarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta haren oinarrien aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko urriaren 26an.–Martín Larraza Quintana, Ikerketako errektoreodea.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
NUPEN EKONOMIA SOZIALARI ETA KOOPERATIBISMOARI BURUZKO KATEDRAK SUSTATUTAKO "EKONOMIA SOZIALEKO IKASKETA AMAIERAKO LAN HOBERENARENTZAKO SARIA", V. EDIZIOA
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Gobernuarekin eta ANEL Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkartea, Tafalla Iron Foundry, Laboral Kutxa, Liceo Monjardín, Navarra Capital eta Sakana S. Koop. entitateekin lankidetzan –horiek osatzen baitute Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra–, beharrezkotzat jotzen du ekonomia sozialaren arloan ezagutza sortzea, unibertsitateko ikasleei eta bestelako eragileei zuzendutako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak garatuz.
Ildo horretatik, Jarraipen Batzorde Mistoak erabaki du Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2025-2026 ikasturtean defendatu eta gainditutako "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenarentzako Saria" emateko deialdia egitea, 2026-2027 ikasturterako jardueren programaren barnean.
Hona hemen sariketan lehiatzeko ezarri diren oinarriak:
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2025-2026 ikasturtean defendatu eta gainditutako "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenarentzako Sari" bat emateko prozedura arautzea, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.
2.–Finantzaketa.
Gastua, 800 eurokoa, 2027ko aurrekontuaren kargura eginen da, zehazki "30.30.00.9537.0380.480.25 Katedren sariak" partidaren edo ekitaldi horretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak jarriko du zenbateko hori.
3.–Deialdiko sariak.
800 euroko sari bakar baterako deialdia egiten da.
Halako sariak ondare irabazpentzat hartzen dira Nafarroan, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.
4.–Lehiatzeko baldintzak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkezten ahalko dira baldin eta Ikasketa Amaierako Lana ekonomia sozialari buruz egin badute eta 2025-2026 ikasturtean defendatu eta gainditu badute.
Aurkeztutako lanek ekonomia sozialari lotutako gaiak jorratu beharko dituzte, hala nola kooperatibismoa, laneratzeko enpresak, gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziak, ekonomia solidarioko enpresak eta enpresa-eredu alternatiboak.
Halaber, parte hartzeko aukera izanen dute gai horiekin loturiko graduko edo masterreko titulazioren batean IALa egin eta defendatu duten ikasleek, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen titulazio hauetakoek, besteak beste:
–Graduak:
- Gradua Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan.
- Gradua Ekonomian.
- Gradua Lan Harremanetan eta Giza Baliabideetan.
- Gradua Zuzenbidean.
- Gradua Gizarte Lanean.
–Masterrak:
- Unibertsitate Masterra Enpresen Zuzendaritzan.
- Unibertsitate Masterra Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Gizarte Lanean.
Zerrendan agertzen ez diren beste titulazio batzuk ere kontuan hartzen ahalko dira baldin eta IALa ekonomia sozialaren interes arloei buruzkoa bada era argian eta lanaren zuzendariaren adierazpen arrazoitu batekin aurkezten bada.
5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dute eskaera, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eskuragarri izanen den inprimaki normalizatua betez. Dokumentazio hau erantsi behar dute:
–Ikasketa Amaierako Lana, PDF formatuan.
Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita.
Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Hautagaitzak Gradu Amaierako Lanaren edo Master Amaierako Lanaren zuzendarien baimena izan beharko du, eta haren sinadura jaso beharko da parte hartzeko eskaeran.
6.–Saridunen betebeharrak.
Saridunek nahieran erabiltzen ahalko dute jasoko duten diru kopurua.
Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
Deialdi honetan parte hartzeak deialdiko oinarri guztiak onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak ebatziko du.
Ikasle finalistek konpromisoa hartuko dute parte hartzeko bai sariak emateko ekitaldian, baita Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedran deialdi honekin lotuta programatzen diren dibulgazio ekitaldietan ere.
7.–Sariaren epaimahaia.
Honako bost kide hauek izanen dira saria emateaz arduratuko den epaimahaiko partaideak:
–Maitane Bueno, Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrako bazkide diren entitateen ordezkari gisa, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Rafael Lara, "Enpresa Kooperatiboen eta Ekonomia Sozialeko Enpresen Zuzendaritzako eta Kudeaketako Aditua" titulu berekiaren zuzendari eta Katedraren Jarraipen Batzordeko kidea, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Gustavo Marcos, Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren idazkaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Ignacio Ugalde, Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Javier Zubicoa, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendaria eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Jarraipen Batzordeko kidea, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
Katedraren zuzendaritzak eskatuta eratuko da epaimahaia. Horretarako, bere kideei dei egin, eta epaimahaiaren jarduna errazteko beharrezkoak diren kudeaketak eginen ditu.
8.–Sariaren esleipena.
Epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu kontuan aurkeztutako lanei buruz erabakitzeko.
Lehenik eta behin, hiru lan hautatuko ditu gehienez ere, eta IAL horien edukia deialdiaren araberakoa den egiaztatuko du, bai eta jasotako kalifikazioa baloratu ere. Aurrez hautatutako lanak Katedraren webgunean argitaratuko dira. Uste izanez gero aurkeztutako lan batek ere ez dituela betetzen saria jasotzeko baldintzak, aukera egonen da saria eman gabe uzteko. Aurrez hautatutako lanak egin dituzten ikasleek (finalistek) merezimendu horren egiaztagiria jasoko dute saria emateko ekitaldian bertan.
Bigarrenik, saria zein lani eman erabakiko du epaimahaiak, honako irizpide hauek oinarri hartuta:
1) Landutako gaiak duen interesa egungo testuinguru sozioekonomikoari dagokionez.
2) IALak garapen akademikoari, zientifikoari, teknikoari eta profesionalari egiten dion ekarpena.
3) IALean lortutako kalifikazioa.
Ekitaldi publiko batean emanen da saria, eta Katedraren Jarraipen Batzordeak zehaztuko du zer egunetan eginen den.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio saria emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpenean, lan sariduna baizik ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak baztertu direla ulertuko da.
Ikerketako errektoreordeak saria emateko egindako ebazpena Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak ebazpenari zabalkundea emanen dio. Ebazpenaren eta haren oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
9.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (DBEO)–; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak sariketa antolatzea eta saria ematea da.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Interesdunek zilegi izanen dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haiei buruzko informazioa izateko eskubidea erabiltzea, baita dagozkien beste eskubide batzuk erabiltzea ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
10.–Argitaratzea eta zabaltzea.
Deialdi hau arautzen duten oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
Halaber, oinarri horiek aplikatuz ematen diren gainerako egintzak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, eta, horrez gain, ahalik eta zabalkunderik handiena emanen zaie Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren webgunearen bidez:
https://www.unavarra.es/catedra-economia-cooperativismo/?languageId=100001
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2614079