219. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

463E/2026 EBAZPENA, urriaren 14koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera batez onesten baita Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialaren plan partziala. Sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da.

Plan partzial honen xedea da SU-S-001 sektoreko lurzoru urbanizagarriaren sektorearen determinazio xehatuak ezartzea. Sektore hori zehaztuta dago Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialean (UGPS), zeina Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatu baitu eta Nafarroako Gobernuak 2024ko urriaren 23an hartutako Erabakiaren bidez onetsi baita (2024ko 234. NAOa, azaroaren 19koa, https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2024/234/1/).

Planak antolamendu xehatuko proposamen bat jasotzen du, UGPSaren exekuzioa gaitzeko beharrezkoa dena, eta garatzen dena iparraldetik hegoaldera –Ekialdeko Ingurabidearekiko paraleloan (PA-30)– doan bide baten inguruan, bi aldeetan espazio libreen eta berdeguneen zerrendak dituela. Proposatutako bidearen hego-ekialdean, zuzkidura-erabilera publikoko 2 lurzati eraikigarri zehazten dira.

Espedientean honako hauen txostenak daude: Telekomunikazioetako eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamenduko Idazkaritza Nagusia; Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua; Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala; Nilsa eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia. Azken horrek arau-xedapen grafikoak eta idatzizkoak txertatzeko baldintza ezarri du.

Iruñerriko Mankomunitateak, bere aldetik, kontrako txostena eman du, eta adierazi arauak eta antolamendu-planoak osatu edo zuzendu behar direla.

Oraindik ez da jaso honako hauek egindako txostenik: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua eta Gas Navarra SA.

Planaren ingurumen-ebaluazioari dagokionez, ingurumen-organoaren adierazpena dago. Horren arabera, plan partzialak ez du esparrurik ezartzen legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko, eta ez ditu betetzen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluko gainerako zehaztapenak; beraz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar.

Dokumentua hirigintzaren ikuspegitik aztertuta, egiaztatzen da egokitzen dela eremua arautzen duten lurralde- eta hirigintza-antolamendurako tresnetara eta aplikatu beharreko hirigintza- eta sektore-legeriak eskatutako dokumentuen edukira. Hala ere, hirigintza aldetik bideragarria eta legezkoa izan dadin, plana zuzendu egin behar da, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2026ko irailaren 24ko txostenean ezarritako eskakizunei jarraikiz. Laburbilduz, txosten horrek eskatzen du jasangarritasun ekonomikoaren memoria eta etapen plana osatzea eta bermatzea bide publikoak eta zerbitzuen azpiegiturak behar bezala integratzen direla. Era berean, hirigintzako araudia egokitu behar da energia-efizientziaren, irisgarritasunaren eta eraikuntza-parametroen arloan, desadostasunak ezabatzeko; dokumentazio grafikoa eta artxibo bektorialak zuzendu behar dira, estandar ofizialen arabera; eta koordinazio egokia ziurtatu behar da tresnaren eta dagozkion txosten sektorialen artean.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostena, 2026ko irailaren 24koa, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialaren plan partziala. Sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da.

2. Departamentu sustatzaileari adieraztea, espedientea ebatzi aurretik, zuzendu edo osatu egin beharko dela, kontuan hartuta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2026ko irailaren 24ko txostenean eta egindako txosten sektorialetan jasotako oharrak.

Horretarako, ebazpen honekin batera, aipatutako txostenak bidali behar zaizkio sustatzaileari.

3. Espedientea jendaurrean jartzea hilabeteko epean, eta, aldi berean, entzunaldia ematea Arangurengo eta Eguesibarko udalei eta Iberdrola SAri, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan (haren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan (haren bidez arautu zen energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak) aurreikusitako ondorioetarako.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, tresna eskuragarri egonen da, kontsultarako, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak). Epe horretan, nahi adina alegazio aurkezten ahalko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta honako hauei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan: Arangurengo eta Eguesibarko udalei; Iberdrola SAri; Telekomunikazioetako eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamenduko Idazkaritza Nagusiari; Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari; Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari; Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalari; Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari; Nilsari; Iruñerriko Mankomunitateari; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari; Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari; Gas Navarra SAri; eta zuzendaritza nagusi sustatzaileari.

Iruñean, 2026ko urriaren 14an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcen Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F2613488