1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1152E/2026 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Deierriko Udal Plan Orokorraren aldaketa bati buruz, energia berriztagarriak ekoizteko instalazioetarako lurzoru urbanizaezinari buruzko araudi orokorraren esparruan, Deierriko Udalak sustaturik.
Udalak 2026ko apirilaren 16an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuz 2026ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren agiri teknikoa eta ingurumen agiri estrategikoa.
Aldaketaren helburua da araudi orokorra ezartzea energia berriztagarriak eguzki teknologia eta teknologia eolikoa erabiliz ekoizteko instalazioetarako lurzoru urbanizaezinari buruz, udalerrian dauden natura balioekin bat datorrena. Horretarako, honako hau proposatzen du:
a) Eguzki teknologia eta teknologia eolikoa erabiliz energia berriztagarria ekoizten duten instalazioak debekatutako jarduera gisa sartzea "gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren" azpikategorietan: ingurumen-balioa duen lurzorua, garapen-eredua zaintzeko lurzorua, paisaia aldetik balioa duen lurzorua, azpiegituretarako lurzorua, Allozko urtegiaren ingurua eta balio kulturala duen lurzorua (76., 78., 79., 80., 81. eta 82. artikuluak).
b) Eguzki teknologia eta teknologia eolikoa erabiliz energia berriztagarria ekoizten duten instalazioak jarduera baimengarri gisa sartzea "Gorde beharreko lurzoru urbanizaezina: natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua" azpikategorian (77. art.).
c) Eguzki teknologia eta teknologia eolikoa erabiliz energia berriztagarria ekoizten duten instalazioetarako baldintzatzaile batzuk sartzea (89 bis eta 89 ter artikuluak).
Aldaketa justifikatuta dago indarrean dagoen plangintzak aukera ematen duelako ia udalerri osoan eguzki instalazio fotovoltaikoak eta parke eolikoak instalatzeko, ingurumen-balioengatik horretarako egokiak ez diren eremuak barne. Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-agiri estrategikoaren arabera, aldaketak laguntzen du mota horretako instalazioek izan ditzaketen ingurumen-ondorioak minimizatzen.
Deierriko landa-lurzoruko ingurumen-balioko enklabe gisa, "Urbasa eta Andia" Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta "Ega-Urederra ibaiak" ibaietako Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) daude, biak Natura 2000 Sarekoak. "Urbasa eta Andia" Kontserbazio Bereziko Eremuari (KBE) dagokionez, bertako haitzetan espezie errupikola mehatxatuak bizi dira, ugatza (Gypaetus barbatus), adibidez, KBE horretako funtsezko elementua dena. Era berean, KBE horretan basoko hegazti harrapariak daude, Basa Hegaztien Kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasota daudenak, hala nola miru gorria (Milvus milvus), hura ere KBEaren kudeaketarako funtsezkoa.
"Urbasa eta Andia" KBEaren kudeaketa planak zenbait helburu ezartzen ditu bertan funtsezkoak diren elementuen kontserbaziorako, esate baterako abifauna katalogatuaren espezieen heriotzak eragiten dituzten zuzeneko arrazoiak desagertzea. Miru gorria da espezie horietako bat.
Bestalde, abenduaren 28ko 1630E/2025 Ebazpenak, "2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren Eguneraketa" izenekoaren ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duenak, murrizketa ezartzen du parke eolikoak eta fotovoltaikoak jartzeko Natura 2000 sarean eta, lehenago, ingurumen arrazoiengatik, baimenak ukatu diren tokietan, instalazio horiek energia sare elektrikora ateratzen badute.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta ebazpen honi gehitzen zaion baldintza bat ezarri du.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea, aldekoa, Deierriko Udal Plan Orokorraren aldaketa bati buruz, energia berriztagarriak ekoizteko instalazioetarako lurzoru urbanizaezinari buruzko araudi orokorraren esparruan, Deierriko Udalak sustaturik.
2. Baldintza bat gehitzen da, planaren aldaketa ingurumenean hobeki integratzeko eta abenduaren 28ko 1630E/2025 Ebazpenean, "2030erako Nafarroako Energia Planaren Eguneraketa" izenekoaren ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duen horretan, ezarritakoa betetzeko. Honako hau da baldintza hori:
–77. artikuluan (gorde beharreko lurzoru urbanizaezina: natura aldetik ustiatzeko balio duen lurzorua) egin behar den aldaketak barne hartu beharko du parke eoliko eta fotovoltaikorik jartzeko debekua Natura 2000 Sarean eta, lehenago, ingurumen-arrazoiengatik, baimena ukatu den tokietan, instalazio horiek energia sare elektrikora ateratzen badute.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Deierriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2613275