219. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1151E/2026 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) Las Labradas industrialdearen inguruan aldatzeari buruz. Neton Project 16 SLU da sustatzailea.

Aldaketa hori Udalak 2025eko azaroaren 24an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratu baitzen 2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 15ekoan. Espedientearen parte dira HAPOaren aldaketaren memoria, agiri grafikoak eta ingurumen agiri estrategikoa.

Aldaketaren helburua da aukera ematea Las Labradas industrialdearen inguruan energia berriztagarriak instalatzeko, honako hauen bidez:

a) Aldaketaren eremutik erabat baztertzea lurzoru honen azpikategoria: "Ingurumenaren aldetik balioa duen lurzorua. Lurralde-konektagarritasuna" izeneko babestu beharreko lurzoru urbanizaezina-babes bereziko eremua (SNUPrtA: CT).

b) Berriz mugatzea lurzoru honen azpikategoria: "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua. Gaitasun agrologiko handiko lurzorua" izeneko babestu beharreko lurzoru urbanizaezina-babes bereziko eremua (SNUPrtEN: SECA).

Ingurumen ebaluazioa.

Aldaketaren eremuak 229,24 hektareako azalerari eragiten dio; herrigunearen hego-mendebaldean dago, Las Labradas industrialdearen ondoan. Nekazaritzako lurrak dira, trantsizioa egiten dutenak Tuterako herriguneko erabilera intentsifikatuetatik (hirikoak eta industriakoak) landa ingurunera, alubioi-lautadako ureztalurren bidez.

Aldaketaren eremua "Pulguerko urmaela" eta "Ebro ibaia" kontserbazio bereziko eremuen (KBE) artean dago, eta, Queiles ibaiarekin batera, eginkizun garrantzitsua betetzen du, konektore biologikoa baita Natura 2000 Sareko bi KBEen artean. Zehazki, proposatutako eremua 1.250 bat metrora dago "Pulguerko urmaela" KBEtik, zeinak fauna hegalariaren espezieak baititu funtsezko elementuen artean, eta energia berriztagarrien instalazioak eragin zuzena izan dezake haien gainean.

Era berean, aldaketaren eremuaren barnean Cardete urmaela eta hari lotutako landaredia daude, zeinari udal plangintzak "intereseko naturagunea – lekune naturala" sailkapena eman baitio. Bi urmaelak Nafarroako Hezeguneen Inbentarioan sartuta daude (4/1997 Foru Dekretua, urtarrilaren 13koa), eta Ebroren eskuinaldean sakabanatuta dauden hezeguneen multzoaren parte dira, zeinak, uler daitekeenez, Tuterako Erriberako urmael-sistema osatzen baitu konektagarritasunari dagokionez.

Hezeguneek distantzia luzeko sakabanaketa errazten diete Nafarroatik igarotzen diren hegazti migratzaileei, geldialdiak egiteko edo atseden hartzeko eremuak baitira. Beraz, ingurunean energia berriztagarrien instalazioak ezartzeak ekar dezake lurralde-konektagarritasuna galtzea, hesi-efektua sortzen baita faunarentzat.

Bestalde, aldaketaren eremua "Ingurumenaren aldetik balioa duen lurzorua. Lurralde-konektagarritasuna" izeneko babes bereziko eremuaren parte da (SNUPrtA: CT). Hor, lau eremu kritiko daude Nafarroako estepako abifaunaren kontserbaziorako. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren iritziz, "Ingurumenaren aldetik balioa duen lurzorua. Lurralde-konektagarritasuna" izeneko babes bereziko eremurako gorde beharreko lotura eremuak galduko dira baldin eta nekazaritzako lurzorutik energia berriztagarrien instalaziora aldatzen bada proposatutako aldaketaren eremua bezain zabala den azalera batean.

Horregatik guztiagatik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazten du ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaiola Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) Las Labradas industrialdearen inguruan aldatzeko proposamenari, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeelako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.c artikulua aplikatuz.

Aldaketaren ingurumen-izapideekin jarraituz gero, sustatzaileak egin beharreko ingurumen-azterketa estrategikoak kontuan hartuko ditu, gutxienez, ebazpen honen azalpen zatian aipatutako alderdiak.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-txosten estrategikoa egiten da Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) Las Labradas industrialdearen inguruan aldatzeari buruz, eta adierazten ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaiola, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluarekin eta hurrengoekin, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeelako. Neton Project 16 SLU da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Tuterako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKIN GRAFIKOA

Tuterako HAPOren aldaketaren eremua, Las Labradas industrialdearen inguruan. Laranja kolorez ageri da "Ingurumenaren aldetik balioa duen lurzorua. Lurralde-konektagarritasuna" izeneko babes bereziko eremuaren babestu beharreko lurzoru urbanizaezina (SNUPrtA: CT), eta, berdez, "Gaitasun agrologiko handiko lurzorua" izeneko eremua (SNUPrtEN: SECA).

Iragarkiaren kodea: F2613271