Iragarkia
218. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
URRITZOLAKO KONTZEJUA
Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Ordenantzaren hasierako onespena jendaurrean jartzeko iragarkia argitara eman zen 2025eko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 11n, baita iragarki-taulan ere.
Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Urritzolan, 2026ko urriaren 1ean.–Kontzejuko burua, Fermín Mariñelarena Iraizoz.
ORDENANTZA, URRITZOLAKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ETA KONTZEJUAREN BIDEAK ARAUTZEN DITUENA
Urritzolako Kontzejuaren Batzarrak erabaki zuen onestea Urritzolako herri-basoen aprobetxamendurako eta hobekuntzarako plan berezia.
Plan hori aztertu ondoren, eta herri-lurretako aprobetxamenduen gaineko araudia egokitu beharra dagoenez, Kontzejuaren ordenantza hau onestea proposatzen da.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea honako hauetarako: Urritzolako Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek izanen dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak, herri-lurrei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuko arauak.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK
5. artikulua. Urritzolako Kontzejuari dagozkio herri-ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Urritzolako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Urritzolako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Urritzolako Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua. Urritzolako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Baimen, emakida edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Urritzolako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da ala ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.
10. artikulua. Urritzolako Kontzejuak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.
11. artikulua. Urritzolako Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
12. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
1. Herri-larreen aprobetxamendua.
2. Epaitzen aprobetxamendua.
13. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateetako titularrek:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Arakilgo Biztanleen Udal Erroldan Urritzolako bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebete lehenagotik.
c) Urritzolan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Inolako zor fiskalik ez izatea Urritzolako Kontzejuarekin.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Urritzolako Kontzejuak ebatziko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
1. ATALA.–LARREEN APROBETXAMENDUA
14. artikulua. Urritzolako herri-lurretako aprobetxamenduen eta hobekuntzen plan berezian ezarrita dago abere-zama potentziala, hau da, herri-lurretan bazka daitekeen abelburuen gehieneko kopurua. Hona hemen azienda gobernatzeko jarraibideak:
–Udako herri-larreak maiatz eta ekain ingurutik urrira arte erabiltzen ahalko dira; behi-aziendaren 30 buru bazkatzen ahalko dira. Larratz eta Eularo aldeetan, zaldi-aziendaren 10 buru bazkatzen ahalko dira, urritik martxora.
–Bazkalekuari pausaldi bat emateko, debeku da azienda sartzea martxotik apirilera.
15. artikulua. Herri-ondasunen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun-ordena honetan:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.
b) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.
Bazkalekuen aprobetxamendua haien azaleraren %95ean gauzatuko da, eta %5 erreserbatu eginen da, ingurumenarekiko errespetuagatik bereizten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako jardunbideak aurrera eramateko. Azaleraren %5 hori Kontzejuko Batzarraren erabakiz adjudikatuko da.
Herritarrentzako zuzeneko aprobetxamendua.
Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitatetako titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Urritzolako Kontzejuaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan kontzeju-mugartean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
16. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.
Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.
Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:
a) Behi bat, zaldi-abelburu baten baliokide.
b) Behi bat, zortzi ardi-abelbururen baliokide.
Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.
17. artikulua. Aurrerago erabakiko da zein diren abere mota bakoitza bazkatzeagatik ordaindu beharreko tarifak.
18. artikulua. Abeltzain adjudikaziodunen artean banatuko da herri-larreen azalera, bakoitzaren abere saldoaren tamainaren arabera. Herri-lurretako aprobetxamenduen eta hobekuntzen plan berezian ezarririko irizpidearen arabera banatuko da larre-eremua, harik eta abere-zama onargarritzat zehazturik dagoen mugara iritsi arte.
Soberako azalerarik geratzen bada zuzeneko adjudikazioa egin ondoren, Kontzejuak enkante publikoa egiten ahalko du.
2. ATALA.–LARREAK HERRITARREI ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
19. artikulua. Kontzejuko Batzarrak erabakita, eta ediktua argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan, epe bat irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten. Interesdunek, orotara, larreen %95 erabiltzeko aukera izanen dute.
20. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.
21. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:
a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.
b) Lurrak adjudikatuko dira larreek jasan dezaketen abere-zamaren arabera.
22. artikulua.
1. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da erakundearen iragarki-taulan, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.
2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.
Bestela, toki-erakundeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.
3. ATALA.–LARREAK ENKANTE PUBLIKOAN ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
Herritarrentzako zuzeneko aprobetxamenduak banatu ondotik, soberako azalerarik geratzen bada, enkante publikoa eginen da, errespetatuz, betiere, 15. artikuluan aipatzen den %5eko azalera-erreserba.
Hona hemen enkantearen prozedura:
1. Kontzejuko Batzarrak enkantea arautuko duen baldintza-agiria onetsiko du.
2. Enkantea egiteko eguna argitara emanen da kontratazio-atarian, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan.
3. Enkantea egin eta gero, behin-behineko adjudikazioa onetsiko da, eta hura sesta emanez hobetzeko aukera egonen da, honako arau hauen arabera:
–Hobekuntza eskaini beharko da behin-behineko adjudikazioa egin ondoko 6 egun naturaletan (jaiegunak barne).
–Legezko gaitasuna duen nornahik eskaintzen ahalko du hobekuntza hori, hasierako enkantean parte hartu ez badu ere.
–Hobekuntzak idatziz proposatu beharko dira.
–Sesta emateko epea bukatu, eta beste enkante bat eginen da, hurrengo 4 egunen barnean, eta lehen enkanteko behin-behineko adjudikaziodunari jakinarazi egin beharko zaio. Bigarren enkantean, hasierako prezioa izanen da eskaini den hobekuntzarena.
–Bigarren enkantea egin ondoren, behin betiko adjudikazioa eginen da. Ondoko hiru egunetan, idatziz, nornahik alegatzen ahalko ditu izapidetze-akatsak, lizitatzailea izan ez bada ere.
III. KAPITULUA.–EPAITZEN APROBETXAMENDUA
23. artikulua. Mendian aski izan, eta Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Urritzolako Kontzejuak etxerako epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozkatuko da.
24. artikulua. Urritzolako Kontzejuak urtero ezarriko du familia unitateei esleitu beharreko egur-loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
25. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
Epaitzen aprobetxamenduko egurra ateratzeko epea izanen da entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egoki iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak egiaztatuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.
26. artikulua. Kanon bat ordaindu beharko da epaitzen aprobetxamenduarengatik. Urritzolako Kontzejuak, urtero, aurrekontu arruntean zehaztutakoa izanen da.
27. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko basozainek eta/edo basogintzako administrazioko langileek ematen dizkieten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.
28. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta Udaleko basozainari eginen zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.
29. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatu ahalko dira, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Kontzejuaren onespena. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Egur lote horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek.
30. artikulua. Kontzejuak urtero irekiko du epea epaitzak eskatzeko. Lehenik eta behin, aztertuko da aurreko urteko epaitzen nondik norakoa, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskaeren eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskaeren artean zozkatuko dira. Kontzejuak zozketak egin ditzake taldeka, kontuan izanik epaitzen kokapenak herriekin eta bizilagun eskatzaileekin duen lotura.
31. artikulua. Erabat debekatuta dago zaborra, bidoiak edo edonolako hondakinak mendian uztea.
IV. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
32. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.
V. TITULUA.–URRITZOLAKO KONTZEJUAREN BIDE SAREA ERABILTZEA
Zioen azalpena
Urritzolako Kontzejuaren bide publikoak funtsezko azpiegiturak dira etxebizitza, lurzati eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietara iristeko, bai eta herritarren joan-etorrietarako eta zerbitzuak emateko landa-ingurunean (josteta eta kirol erabilera).
Bideak modu intentsiboan erabiltzeak kalteak eragin ditzake zoruan, areketan, ezpondetan, ur-pasabideetan eta gainerako elementu funtzionaletan. Hain zuzen, ibilgailu astunek, makinek eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerei lotutako ibilgailuek eragiten dituzte gehienbat kalte horiek. Horregatik, beharrezkoa da arau argi eta errazak ezartzea, erabilerak bateragarri egiteko eta bideen egoera ona bermatzeko.
Ordenantzak bi motatako bideak bereizten ditu: 2 metrotik beherako zabalera dutenak eta 2 metrotik gorako zabalera dutenak. Ezartzen du, orobat, 20 tonatik gorako ibilgailuek debeku dutela Kontzejuaren bideetatik ibiltzea eta arautzen ditu Kontzejuak bide, ibilgailu edo jarduera jakin batzuetarako eman ditzakeen baimen espezifikoak.
Halaber, araubide espezifiko bat ezartzen du Urritzola eta Etxarren lotzen dituen lurzati berrantolamenduko biderako, kontuan hartuta zer ezaugarri dituen eta herritarrek, oinezkoek eta txirrindulariek nola erabiltzen duten.
Ezarritako neurriek izaera orokorra dute. Bide bakoitzak izaten ahalko ditu muga edo baldintza espezifikoak alderdi hauei dagokienez: zirkulazioa, pisua, abiadura eta erabiltzeko baimena edo debekua. Horiek guztiek bat etorri beharko dute jarritako seinaleekin, kontserbazio-egoerarekin eta legez ezarritako aldaketa, erabaki edo eguneraketekin. Betiere, nahitaez bete beharko dira bideko seinale espezifikoak.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
33. artikulua. Xedea:
Ordenantza honek arautzen ditu bide publikoen erabilera, kontserbazioa, mantentzea, babesa eta aprobetxamendua, baldin eta horien kudeaketa eta titulartasuna Urritzolako Kontzejuari badagokio, bere eskumenen esparruan.
Ordenantzaren xedea da bideak egoki erabiltzeko moduan egon daitezen zaintzea, kalte daitezen saihestea eta erabiltzaile guztien arteko bizikidetza bermatzea (ibilgailuak, oinezkoak, txirrindulariak, nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza- erabilera eta gainerako erabilera bateragarriak).
34. artikulua. Aplikazio eremua:
Ordenantza aplikatuko da Kontzejuaren bide sarea osatzen duten bide, pista, sarbide eta gainerako elementu funtzionaletan, barnean direla galtzada, arekak, ezpondak, ertzak, ur-pasabideak, fabrika-obrak, seinaleak, balizak eta babes-elementuak.
Salbuetsita geratzen dira beste administrazio batzuen eskumen eta arau espezifikoak, bide, tarte edo lursail bat araubide juridiko berezi baten mende dagoenean.
35. artikulua. Zabaleraren araberako sailkapen orokorra.
Ordenantza honen ondorioetarako, bideak bi motatakoak dira: a) 2 metrotik beherako zabalera dutenak; eta b) 2 metro edo hortik gorako zabalera dutenak.
Zabalera irizpide orokorra da zirkulazio-araubidea ezartzeko. Dena den, gerta liteke bide bakoitzean muga espezifikoak ezartzea.
36. artikulua. Mugen izaera orokorra.
Ordenantza honetan ezarritako mugek izaera orokorra dute. Dena den, bide bakoitzak izaten ahalko ditu baldintza espezifikoak alderdi hauei dagokienez: zirkulazioa, pisua, abiadura eta erabiltzeko baimena edo debekua. Horiek guztiek bat etorri beharko dute jarritako seinaleekin, bideon ezaugarriekin eta Kontzejuak hartutako erabakiekin edo egindako eguneraketekin.
Bidean seinale espezifikorik bada, errespetatu egin beharko da beti. Seinaleko muga muga orokorra baino zorrotzagoa bada, seinaleko muga espezifikoa gailenduko da.
37. artikulua. Erabilera printzipioak.
Bideak erantzukizunez erabili behar dira, beren ezaugarriak, ingurunea eta beste erabiltzaileen segurtasuna errespetatuta.
Erabiltzaileek honako hauen arabera egokitu beharko dute beren jokaera: bidearen egoera, baldintza meteorologikoak eta ibilgailuak, txirrindulariak, animaliak edo nekazaritzako makinak egotea bidean.
II. KAPITULUA.–ZIRKULAZIOA ETA BIDEEN ERABILERA
38. artikulua. Bi metrotik beherako zabalera duten bideak.
Ibilgailu motordunek debeku dute 2 metrotik beherako zabalera duten bideetan ibiltzea, salbu eta Kontzejuaren berariazko baimena duten ibilgailuek.
Kontzejuak baimena ematen ahal die bide hauetatik ibiltzeko nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ibilgailuei eta mantentze-lanetako eta zerbitzuetako ibilgailuei, lurzatietara edo bestelakoetara iristeko, baldin eta justifikatutako beharra badago eta bidearen ezaugarriek ahalbidetzen badute.
Debeku horretatik salbuetsita daude larrialdietako ibilgailuak, lanean ari direnean.
39. artikulua. Bi metroko zabalera edo hortik gorakoa duten bideak.
Ibilgailuak bi metroko zabalera edo hortik gorakoa duten bideetatik ibiltzen ahalko dira, bideon ezaugarriak kontuan hartuta eta seinaleak errespetatuta. Orobat, errespetatu beharko dira pisuaren eta abiaduraren gaineko mugak eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak, bai eta bide bakoitzerako ezarritako baldintza espezifikoak ere.
Kontzejuak ibilgailu zehatz batzuen zirkulazioa mugatzen edo debekatzen ahalko du aldi baterako zein modu iraunkorrean, baldin eta hala egitea komeni bada bide-zoruaren egoera, baldintza meteorologikoak, segurtasuna edo bidearen kontserbazioa direla eta.
40. artikulua. Pisuaren muga orokorra.
Oro har, 20 tonatik gorako ibilgailuak eta makinak ezin dira ibili Kontzejuaren bideetan.
Muga hori bide edo bide-tarte jakin baterako murrizten ahalko da, baldin eta Kontzejuak hala erabakitzen badu. Kasu horretan, dagokion seinalea jarri beharko da.
Salbuespenez, Kontzejuak pisuaren muga orokorra gainditzen duten ibilgailuei ematen ahalko die zirkulatzeko baimena, baldin eta horretarako premia justifikatua badago, hala nola nekazaritza- edo abeltzaintza-lanak, basogintzakoak, obrak, zerbitzuak, hornidurak edo bestelako jarduerak. Baimen hori dagokion biderako soilik izanen da eta baimenean agertu beharko dute honako alderdi hauek: ibilgailua, pisua, denbora-tartea, ibilbidea eta zirkulatzeko baldintzak.
41. artikulua. Abiadura.
Abiadurak bat etorri beharko du beti bidearen ezaugarriekin, egoerarekin, ikuspenarekin eta baldintza meteorologikoekin.
Oro har, 30 km/h da gehieneko abiadura, salbu eta mantsoago ibili behar dela dioen seinale espezifiko bat baldin badago.
Oinezkoak, txirrindulariak, etxeak, bihurguneak, bidegurutzeak, maldak edo arrisku-eremuak dauden tarteetan, edo hori egitea komeni den beste egoera batzuetan, abiadura murriztu beharko da, segurtasunez zirkulatzeko abiadura arte murriztu ere.
42. artikulua. Oinezkoak, txirrindulariak eta animaliak.
Gidariek kontu handiagoz ibili beharko dute oinezkoak, txirrindulariak, zaldiak, abereak edo bestelako animaliak egonez gero.
Abiadura egokian gidatu behar da, halako moduz non ibilgailua segurtasunez gelditzen ahalko baita, eragozpenak edo arrisku-egoerak saihestuta.
Kontu handiagoz ibili beharko da ikusiz gero txirrindulariak daudela dioten seinaleak edo zirkulazio partekatuko seinaleak.
43. artikulua. Gelditzea eta aparkatzea.
Ezin izanen da ibilgailurik aparkatu edo geratu, baldin eta pasatzea oztopatzen bada, ikuspena murrizten bada edo finketara, bidegurutzeetara, areketara, ur-pasabideetara edo bideko edozein elementutara iristea eragozten bada.
Ibilgailua gelditu behar bada larrialdi batengatik edo zamalanetarako premia puntual batengatik, geldialdiak iraun behar du behar-beharrezkoa den denbora soilik, eta zirkulazioa ezin izanen da eragotzi.
44. artikulua. Debeku orokorrak.
Debeku da bidearen plataformatik kanpo zirkulatzea edo baimendu gabeko pasabideak irekitzea.
Debeku da galtzadan, areketan, ertzetan edo ezpondetan uztea edo botatzea honako hauek: lurrak, harriak, obra-hondakinak, hondakinak, nekazaritza- edo baso-hondakinak, mindak edo bestelako materialak.
Debeku da buxatzea arekak, hustubideak, ur-pasabideak edu urak husteko beste edozein sistema.
Debeku da herrestan eramatea lanabesak, makinak edo zorua honda dezaketen bestelako objektuak. Debeku da, orobat, maniobrak egitea bidean nekazaritzako makinekin, baldin eta maniobrok finkaren barnean egiten ahal badira.
Debeku da seinaleak, balizak edo babes-elementuak hondatzea, kentzea, mugitzea, ezkutatzea edo aldatzea.
Debeku da baimenik gabe egitea lasterketak, lehiaketak, kiroleko gidatze-probak edo muturreko gidatze-jarduerak.
Debeku da bideak kaltetzen ahal dituzten obrak, pasabideak, kanalizazioak, itxiturak edo lur-mugimenduak egitea dagokion baimenik gabe.
Debeku da materialak erretzea edo bidean uztea sutea eragin dezaketen materialak edo bidea honda dezaketenak.
III. KAPITULUA.–BIDEAK KONTSERBATZEA, MANTENTZEA ETA LEHENGORATZEA
45. artikulua. Bideak kontserbatzea.
Kontzejuari dagokio, bere baliabide eta eskumenen barnean, beharrezkoak diren jarduketak sustatzea bide publikoak kontserbatzeko, mantentzeko, konpontzeko eta hobetzeko.
Kontzejuak lehentasunak ezartzen ahalko ditu honako hauei erreparatuta: zoruaren egoera, erabilera-intentsitatea, segurtasuna, etxebizitzetarako eta ustiategietarako sarbidea eta aurrekontu-erabilgarritasuna.
46. artikulua. Finka mugakideen betebeharrak.
Finka mugakideen titularrek edo erabiltzaileek saihestu beharko dute nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako lanek kalteak eragitea bidean, ezin izanen dute lanon ondorioz galtzada inbaditu eta saihestu beharko dute, orobat, lurrak, harriak, landaredia edo ura metatzea bidean.
Finketarako sarbideak, areka gaineko pasabideak eta eurek kontserbatu beharreko bestelako elementuak baldintza egokietan eduki behar dituzte, ur-hustuketa oztopa ez dezaten eta bidea hondatu ez dezaten.
47. artikulua. Landaketak, itxiturak eta lur-mugimenduak.
Honako hauek aplikatzekoa den hirigintzako araudia eta araudi sektoriala errespetatu beharko dute: landaketak, hesiak, itxiturak, hormak, lur-mugimenduak, hondeaketak, betelanak eta bidetik hurbil egiten diren bestelako jarduketak. Gerta liteke, orobat, aldez aurreko baimena eskatu beharra horrelakoak egin ahal izateko.
Ezin izanen da jarduketarik egin baldin eta bidearen zabalera funtzionala murrizten bada, ikuspena eragozten bada edo urak ebakuatzea zailtzen bada.
48. artikulua. Sarbideak eta obrak.
Honako hauek eraikitzeko edo aldatzeko, baldin eta bideari eragiten badiote, Kontzejuaren aldez aurreko baimena beharko da, hala ezarrita dagoen kasuetan: finketarako sarbideak, areka gaineko pasabideak, hodiak, hoditeriak, bidegurutzeak, kanalizazioak, obrak edo instalazioak.
Baimenean honako hauek ezartzen ahalko dira: baldintza teknikoak, seinaleztapena, birjartzeko betebeharra eta, orobat, bermeak edo fidantzak, bidezkoa denean eta arau-estaldura dagoenean. Onuradunak ordaindu beharko ditu exekuzioari, mantentzeari eta birjartzeari lotutako kostuak, salbu eta beste ezer erabaki bada.
49. artikulua. Kalteak, garbiketa eta birjartzea.
Norbaitek kalteak eragiten baditu bidean, areketan, ezpondetan, ur-pasabideetan, seinaleetan edo beste elementuren batean, horren berri eman beharko du, hala dagokionean, eta bere gain hartu konpontzeko edo birjartzeko kostuak.
Bidearen erabilera berezia egiteko baimena dutenek garbi eta egoki ibiltzeko moduan mantendu behar dute bidea jarduerak iraun bitartean, eta bidetik kendu beharko dituzte lurrak, harriak, adarrak edo ibilgailuek utzitako beste edozein material.
Kalteak konpontzeko edo ordaintzeko betebeharrak ez du esan nahi dagokion administrazio-zehapena jaso ezin denik.
50. artikulua. Erabilera intentsiboa eskatzen duten jarduerak.
Bideen erabilera intentsiboa eskatzen duten jardueretarako baimena eskuratu beharko da, hala ezarrita badago. Jarduera horiek dira honako hauek: egurra ateratzea, materialak garraiatzea, lur-mugimenduak, obra zibilak, harrobiko jarduerak edo antzekoak.
Baimenaren onuradunak beharrezko neurriak hartu beharko ditu bidea ahalik eta gutxien kaltetzeko, eta une oro bermatzeko bidearen erabilera komuna eta publikoa.
IV. KAPITULUA.–BAIMENAK, ERABILERA BEREZIAK ETA BERMEAK
51. artikulua. Baimena izan beharra.
Kontzejuaren aldez aurreko baimena beharko dute muga orokorrak gainditzen dituzten erabilerek, bide mugatuetarako sarbideek eta, oro har, beren izaera, intentsitate, pisu edo ezaugarriengatik bidearen egoeran eragina izan dezaketen jarduerek.
Besteak beste, honako hauek izaten ahalko dute zirkulatzeko baimenaren premia: 20 tonatik gorako ibilgailuak, nekazaritzako edo basogintzako ibilgailu jakin batzuk, obretarako edo lur-mugimenduetarako ibilgailuak, garraio bereziak, hornidura eta zerbitzuetako ibilgailuak, eta oro har bidean kalte fisikoren bat eragiten duten jarduketak.
52. artikulua. Eskabidea.
Eskabidean agertu beharko dira, kasua bada, honako alderdi hauek: eskatzailea, ibilgailua(k), matrikula, bidea edo bide-tartea, arrazoia, egunak, joan-etorrien kopurua (gutxi gorabehera), ibilgailuaren pisua, garraiatu asmo diren materialak eta eskabidea baloratu ahal izateko beharrezkoak diren beste datu guztiak.
Kontzejuak eskatzen ahalko du dokumentazio osagarria, ibilbidearen deskribapena edo kalteak saihesteko aurreikusita dauden neurrien deskribapena.
53. artikulua. Ebazpena eta baldintzak.
Baimenean jasotzen ahalko dira honako alderdi hauei buruzko baldintzak: ibilbidea, ordutegia, bidaia kopurua, pisua, abiadura, ibilgailua, matrikula, balio-epea, seinaleztapena, babes-neurriak, garbiketa, kalteen konponketa edo beharrezkoa den beste edozein baldintza.
Kontzejuak eskumena du baimenak ezeztatzeko, mugatzeko, bertan behera uzteko edo errebokatzeko, kontserbazio, segurtasun edo klimatologia arrazoiengatik, baimendutako baldintzak ez betetzeagatik edo behar bezala justifikatutako beste edozein arrazoirengatik.
54. artikulua. Nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako eta zerbitzuetako ibilgailuak.
Muga orokorrak gainditzen badituzte ere, zirkulatzeko baimena ematen ahalko zaie nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako, obretarako, mantentze-lanetarako eta zerbitzuetako ibilgailuei, bai eta landa-eremuari lotutako jardueretako beharrezkoak diren ibilgailuei ere, baldin eta horretarako premia aski justifikaturik badago eta bidea egoera onean badago.
Baimena espezifikoa izanen da dagokion bide edo bideetarako. Aldi baterako izaten ahal da, edo urtebeterako, edo jarduketa jakin bati lotua egon.
55. artikulua. Zerbitzu publikoak eta larrialdiak.
Zirkulatzeko mugetatik salbuetsita daude larrialdietako ibilgailuak, poliziarenak, suhiltzaileenak, osasun-zerbitzuenak eta babes zibilarenak, baldin eta bidetik zirkulatu behar badute beren eginkizunak betetzeko.
Larrialdi, istripu, sute, hondamendi edo arrisku larriko egoeretan bideak erabiltzen ahalko dira, nahiz eta igarotzeko aldi baterako debekua egon. Betiere behar diren neurriak hartu beharko dira.
56. artikulua. Fidantza edo bermea.
Baimendutako erabilera dela-eta kalte nabarmenak eragiten ahal badira ibilgailuen intentsitateagatik, pisuagatik, bidaia kopuruagatik, jarduera motagatik, egin beharreko distantziagatik edo ibilgailuen ezaugarriengatik, Kontzejuak eskatuko du fidantza edo berme bat gordailutu dadila, kalteak lehengoratzeko. Fidantzaren zenbatekoa baimenean bertan ezarriko da, kontuan hartuta erabilera mota, egin beharreko distantzia eta bideari eragiten ahal zaion kaltearen aurreikuspena. Fidantza 500 eurokoa izanen da gutxienez.
Baimenean zehaztuko dira, orobat, bermearen zenbatekoa, gauzatzeko modua eta baldintzak. Bermea 500 eurokoa izanen da gutxienez. Erabilera berezi baterako fidantza jartzeko eskatu bada, ezin izanen da bidea erabiltzen hasi harik eta fidantza gordailutzen den arte.
Jarduera amaituta, Kontzejuak bidea zer egoeratan dagoen egiaztatzen ahalko du. Kalterik eragin ez bada, bermea itzuliko du baimenean ezarritako baldintzei jarraikiz. Kalterik eragin bada, bermea erabiltzen ahalko du kaltea konpontzeko. Dena den, kostua bermearen zenbatekoa baino handiagoa bada, aldea ordaintzeko eskatuko du.
V. KAPITULUA.–ARAUBIDE ESPEZIFIKOA, URRITZOLA ETA ETXARREN LOTZEN DITUEN LURZATI BERRANTOLAMENDUKO BIDERAKO
57. artikulua. Eremua eta xedea.
Titulu honetan ezartzen dira Urritzola eta Etxarren lotzen dituen lurzati berrantolamenduko bidea erabiltzeko baldintza espezifikoak.
Landa-komunikaziorako bidea da, ezaugarri bereziak ditu eta erabiltzaile zaurgarriek erabiltzen dute. Horiek horrela, bada, araubide espezifiko bat ezarri da, xede duena zorua zaintzea, abiadura murriztea eta ibilgailuen, herritarren, oinezkoen eta ziklisten arteko bizikidetza bermatzea.
58. artikulua. Ibilgailu motordunen zirkulazioa mugatzea.
Ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea Urritzola eta Etxarren lotzen dituen lurzati berrantolamenduko bidetik.
Salbuespena dira Urritzolan bizi direnen ibilgailuak eta Kontzejuaren baimena dutenak.
Salbuespena dira, orobat, larrialdietako ibilgailuak, poliziarenak, suhiltzaileenak, osasun-zerbitzuenak eta babes zibilarenak, baldin eta bidetik zirkulatu behar badute beren eginkizunak betetzeko.
Bizilagun ez direnek, bidea erabili behar badute, dagokion baimena eskatu beharko diote Kontzejuari, kasua bada.
59. artikulua. Gehieneko pisu espezifikoa.
Bide honetatik zirkulatzen duten ibilgailuek 5 tonako pisua izaten ahal dute gehienez.
5 tonako muga oro har aplikatu zaie, halaber, bizilagunen ibilgailuei. Kontzejuak pisu handiagoko ibilgailuetarako baimena ematen ahalko du, jarduera edo denbora-tarte zehatzetarako, baldin eta justifikatutako beharra badago eta bidearen ezaugarriek ahalbidetzen badute.
60. artikulua. Gehieneko abiadura espezifikoa.
Urritzola eta Etxarren lotzen dituen lurzati berrantolamenduko bidean 30 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ahalko da gehienez.
Mantsoago gidatu beharko da hala egitea komeni denean bidearen egoera, klimatologia edo ikuspena direla-eta, edo bidean daudelako oinezkoak, txirrindulariak, animaliak edo makinak.
61. artikulua. Goraguneak eta trafikoaren abiadura apaltzeko neurriak.
Goragune bat edo batzuk jartzen ahalko dira galtzadan, edo beste neurri fisiko edo seinale batzuk, xede izanen dutenak abiadura murriztea eta segurtasuna hobetzea.
Erabiltzaileek elementu hauetara iritsi baino lehenago egokitu beharko dute abiadura, garaiz egokitu ere, eta jarritako seinaleak errespetatu beharko dituzte.
62. artikulua. Txirrindularien presentzia eta erabiltzaileen arteko bizikidetza.
Kasua bada, seinaleak jarriko dira, adierazteko txirrindulariak daudela edo erabilera partekatuko bidea dela.
Gidariek kontu handiz jokatu behar dute txirrindulariak, oinezkoak, animaliak edo nekazaritzako makinak ikustean eta horiek aurreratzean. Maniobra bortitzak saihestu behar dituzte, eta segurtasunarekin bat datorren abiaduran ibili.
63. artikulua. Bidea aldi baterako ixtea.
Urritzolako Kontzejuak eskubidea du aldi batez ibilgailuentzat ixteko Urritzola eta Etxarren lotzen dituen lurzati berrantolamenduko bidea, osorik edo partzialki, baldin eta hori egitea beharrezkoa bada honako hauei lotutako baldintzak direla eta: kontserbazioa, klimatologia, obrak, hondatzeko arriskua, segurtasuna edo beste edozein.
Itxiera adierazteko erabiltzen ahalko dira seinaleak edo beste bitarteko fisiko egoki batzuk. Erabiltzaile guztiek errespetatu beharko dute, salbu eta larrialdietako zerbitzuek edo berariazko baimena duten ibilgailuek.
Muga horiek izaera prebentiboa izaten ahalko dute, batez ere euri-jasak, lurmentzeak, izozteak edo zorua kaltetzen ahal duten bestelako inguruabarrak daudenean.
Urritzola eta Etxarren arteko biderako aurreikusitako seinalea.

64. artikulua. Aldi baterako mugak edozein bidetan.
Kontzejuak edozein bidetan mugatzen ahalko du zirkulazioa eta edozein bide ixten ahalko du, baldin eta obrak badaude, bidearen egoera ez bada ona, pertsona edo ibilgailuentzako arriskua badago, baldintza meteorologikoek kalteak sortzen ahal badituzte edo salbuespeneko inguruabarrak badaude.
Mugak behar bezala seinaleztatuko dira, eta mugak izan daitezke ibilgailu guztientzat edo kategoria, pisu edo erabilera jakin bat dutenentzat soilik.
VI. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
65. artikulua. Erantzukizunak eta ondorioak.
Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak izanen dira horien erantzule. Hori guztia, batere ukatu gabe sortzen ahal diren erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak.
Arau-hauste orotan gerta liteke dagokion zehapena jasotzeaz gain, honako hauek ere egin behar izatea: kalteak konpontzea eta ordaintzea eta eragindako errealitate fisikoa lehengoratzeko behar diren neurriak hartzea.
66. artikulua. Arau-hauste arinak.
Besteak beste, honako hauek hartuko dira arau-hauste arintzat: erabilera-arauak ez betetzea (egitatea ez dagoenean tipifikatuta astun edo oso astun gisa); abiadura- edo zirkulazio-muga ez betetzea, kalte nabarmenik edo arrisku handirik eragin gabe; ibilgailua aparkatzea edo gelditzea, bidearen ohiko erabilera oztopatuz baina kalte handirik eragin gabe; baimen batean ezarritako baldintzak ez betetzea, ezer larririk eragin gabe; saihesten ahal diren maniobrak egitea bidean, kalte handirik eragin gabe, edo hondakin edo material txikiak uztea bidean, baldin eta errekerimendua egin eta gero kentzen badira.
Ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duen egitate oro ere arau-hauste arintzat hartuko da, baldin eta inguruabarrak direla eta ezin bada hartu astun edo oso astun gisa.
67. artikulua. Arau-hauste astunak.
Besteak beste, honako hauek hartuko dira arau-hauste astun gisa: baimendutakotik gorako pisua eramatea edo muga espezifiko bat urratzea, horrek kalte nabarmena eragiten duenean edo eragin dezakeenean; bide itxi edo mugatu batetik zirkulatzea baimenik gabe, baldin eta baimena beharrezkoa bada; baimenik gabe egitea obrak, instalazioak, bidegurutzeak, lur-mugimenduak edo itxiturak; kalte egitea areketan, ezpondetan, ur-psabideetan, zoruan, seinaleetan edo beste elementu funtzional batzuetan; buxatzea urak husteko sistemak, eta horren ondorioz eragitea kalte edo arrisku nabarmena; bidean uztea hondakinak, lurrak, harriak, zaborrak, mindak edo bestelako materialak, horrek kalte nabarmena eragiten badio bideari; herrestan eramatea zorua honda dezaketen makinak edo lanabesak; eta lasterketak eta gidatzeko modu bortitzak egitea baimenik gabe eta arriskua eraginez beste erabiltzaileei.
Arau-hauste arinetan berrerortzea ere astuntzat hartuko da legez ezarritako kasuetan.
68. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Besteak beste, honako hauek hartuko dira arau-hauste oso astun gisa: bidean kalte larria eta nabarmena eragiten duten jokabideak edo bidearen erabilera nabarmen eragozten dutenak; zirkulatzea sarbide-, pisu- edo itxitura-mugak bete gabe eta horrek kalte larria eragitea pertsonei edo bideari; nahita hondatzea, kentzea edo aldatzea segurtasunari, seinaleztapenari, babesari edo drainatzeari lotutako funtsezko elementuak; isurtzea produktu kutsagarriak, toxikoak edo arriskutsuak, baldin eta kalte larria eragiten ahal badute; bideko lurrak okupatzea edo lurrak egitez atxikitzea jabari pribatuari edo modu nabarmenean galaraztea bidearen erabilera publikoa; eta baimen baten baldintzak ez betetzea, baldin eta horrek arrisku larrian jartzen badu segurtasuna edo kalte larriak eragiten baditu.
Arau-hauste astunetan berrerortzea ere oso astuntzat hartuko da legez ezarritako kasuetan.
69. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.
Arau-hausteak honako isun hauekin zehatuko dira, dagokion administrazio-prozedura izapidetu ondoren eta aplikatu beharreko araudia errespetatuz:
a. Arau-hauste arinak: 500 euro bitarteko isuna.
b. Arau-hauste astunak: 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.
c. Arau-hauste oso astunak: 1.000 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.
Isunaren zenbateko zehatza ezarriko da honako alderdi hauei erreparatuta: egitateen astuntasun maila, eragindako kalteak, sortutako arriskua, intentzionalitatea, berrerotzea eta legez aplikatzekoak diren gainerako graduazio-irizpideak.
70. artikulua. Kalteak konpontzea eta kalte-ordaina.
Zehapena ezartzeak ez du esan nahi eragindako kalteak konpondu behar ez direnik.
Kontzejuak eskatzen ahalko du bidea eta haren elementuak lehengoratzeko eta eskatzen ahalko du, orobat, kalteak konpontzeko beharrezkoak diren jarduketek eragindako kostuak ordaintzeko.
Kasua bada, gordailututako bermeak edo fidantzak baliatzen ahalko ditu konponketa-gastuei aurre egiteko, horrek gainerako zenbatekoa erreklamatzea galarazi gabe.
71. artikulua. Behin-behineko neurriak.
Kalteak eragiteari uzteko edo segurtasuna bermatzeko beharrezkoa denean, aplikatzekoa den araudiak baimentzen dituen behin-behineko neurriak hartzen ahalko dira, hala nola zirkulazioa etetea, oztopoak kentzea, arriskuaz ohartarazten duten seinaleak paratzea edo baimenak bertan behera uztea aldi baterako.
72. artikulua. Zehapen-prozedura eta preskripzioa.
Zehapen-espedienteak izapidetuko dira jarraikiz administrazio-prozedura erkidearen, sektore publikoaren araubide juridikoaren eta toki-araubidearen arloetan indarrean den araudiari eta aplikatzekoa den gainerako araudiari.
Espedienteak hasi, instruitu eta ebazteko eskumena Kontzejuko edo, hala badagokio, administrazio eskuduneko organo eskudunari legez dagokiona izanen da.
Aplikatzekoa den araudian ezarritako epeek arautuko dute zehapenen eta arau-hausteen preskripzioa, legeria sektorialetik datozen berezitasunei kalterik egin gabe.
VII. KAPITULUA.–AZKEN XEDAPENAK
73. artikulua. Eguneraketa eta aldaketak.
Kontzejuak, bere eskumenen barnean eta legez ezarritako prozedurari jarraikiz, aldatzen ahalko ditu ordenantza honetako xedapenak, bai eta bide bakoitzaren muga zehatzak ere, baldin eta aldatzen badira inguruabarrak, kontserbazio-egoera, herritarren beharrak edo segurtasun-baldintzak.
Bide bakoitzaren muga zehatzak jasotzen ahalko dira eranskinetan, erabakietan, ebazpenetan edo seinaleetan, bat etorriz aplikatzekoa den araudiarekin.
74. artikulua. Beste arau batzuekiko bateragarritasuna.
Ordenantza hau aplikatuko da kalterik egin gabe aplikatzekoak diren estatu-, foru-, udal- edo sektore-arauei, bereziki trafikoaren, ingurumenaren, mendien, abelbideen, bideen, segurtasunaren, obren eta ondarearen babesaren arloetako arauei.
Gatazkarik egonez gero, goragoko mailako arauak edo aplikatu beharreko araudi sektorialak izanen du lehentasuna.
75. artikulua. Indarrean jartzea eta indargabetzea.
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onetsi eta aplikatzekoa den araudian ezarritako moduan argitaratu ondoren.
Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten Kontzejuaren xedapen guztiak, kalterik egin gabe aurreko araudiaren arabera emandako eskubide eta baimenei. Izan ere horiek indarrean egonen dira egokitu edo iraungi arte.
I. ERANSKINA.–MUGA OROKORREN LABURPEN-KOADROA
BIDE MOTA | IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOA | PISU OROKORRA | ABIADURA OROKORRA |
2 metrotik beherako zabalera | Mugatua. Ibilgailu baimenduak eta larrialdietako ibilgailuak, poliziarenak, suhiltzaileenak, osasun-zerbitzuenak eta babes zibilarenak | 20 t, salbu eta baimen espezifikoren bat badute | 30 km/h gehienez, salbu eta seinale espezifikoren bat badago |
2 metrotik gorako zabalera | Zirkulazioa baimenduta dago, bidearen ezaugarrien eta seinaleen arabera | 20 t, salbu eta baimen espezifikoren bat badute | 30 km/h gehienez, salbu eta seinale espezifikoren bat badago |
Urritzola eta Etxarren arteko bidea | Mugatua. Salbuespenak: Urritzolako bizilagunak, ibilgailu baimenduak eta larrialdietako ibilgailuak, poliziarenak, suhiltzaileenak, osasun-zerbitzuenak eta babes zibilarenak | 5 t, salbu eta baimen espezifikoren bat badute | 30 km/h |
Koadroan jasotako mugak orokorrak dira. Bideetan muga zorrotzagoak jartzen ahalko dira. Horretarako, seinaleak paratuko dira eta dagokion araudi espezifikoa ezarriko da.
II. ERANSKINA.–BAIMENAK EMATEKO IRIZPIDEAK
KASUA | BAIMENA NORK EMANEN DUEN | ZEHAZTU BEHARREKO BALDINTZAK | IRAUPENA |
Nekazaritzarako edo abeltzaintzarako ibilgailua | Kontzejua | Bidea, ibilgailua, pisua eta premia justifikatua | Aldi baterako baimena edo urtekoa |
Basogintzako ibilgailua | Kontzejua | Ibilbidea, pisua, bidaia kopurua eta babes-neurriak | Jarduketa bakoitzerako baimena edo aldi baterakoa |
Zerbitzuetako edo mantentze-lanetarako ibilgailua | Kontzejua | Ibilbidea eta segurtasun-baldintzak | Zerbitzuaren araberakoa |
20 tonatik gorako ibilgailua | Kontzejua | Baimen espezifikoa eta babeserako eta birjartzeko neurriak | Jarduketa bakoitzerako baimena edo aldi baterakoa |
Salbuespenezko baimena bide mugatu batera sartzeko | Kontzejua | Arrazoi justifikatua eta baldintza espezifikoak | Denbora-tarte baterako edo bide-tarte baterako baimena |
Baimena emateko baldintza izan daiteke zorua babesteko neurriak hartzea, joan-etorrien berri aldez aurretik eman beharra, ordutegiak mugatzea, seinaleak jartzea, kalteak konpontzea eta, hala dagokionean eta arau-estaldura dagoenean, berme bat gordailutzea.
III. ERANSKINA.–URRITZOLA ETA ETXARREN ARTEKO BIDERAKO SEINALE ESPEZIFIKOA
–Adierazi behar da motordun ibilgailuek debeku dutela bidea erabiltzea, salbu eta Urritzolako bizilagunek eta ibilgailu baimenduek.
–Pisu-muga: 5 t.
–Gehieneko abiadura: 30 km/h.
–Ohartarazi behar da bidean txirrindulariak daudela eta erabilera partekatuko bidea dela.
–Seinalean agertu behar da bidean goraguneak daudela.
–Kontserbazio- edo klimatologia-baldintzak direla-eta komeni bada bidea aldi batez ixtea, horren berri ematen duen seinalea paratu beharko da.

Seinaleztapenak teknikoki nolakoa izan behar duen zehazteko, jarraikiko zaio trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloetan aplikatzekoa den araudiari.
Urritzolan, 2026ko irailaren 6an.–Kontzejuko burua, Fermín Mariñelarena Iraizoz.
Iragarkiaren kodea: L2612911
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
