2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURCHANTE
Ordenantza, arautzen duena ibilgailu elektrikoak kargatzeko Udalaren puntuen erabilera. Behin betiko onespena
Udal honek, 2026ko abuztuaren 6an egin osoko bilkuran, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea honako ordenantza hau: ordenantza, arautzen duena ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen erabilera.
Iragarkia 2026ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an, eta jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Erabaki honen kontra paratzen ahal da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, egoitza Iruñean baitu, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluei (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa).
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Murchanten, 2026ko urriaren 8an.–Alkatea, Macario Manuel Jarauta Simón.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO MURCHANTEKO UDALAREN KARGA-PUNTUEN ERABILERA
1. artikulua. Zerbitzuaren izaera eta xedea. Helburua eta instalazioak.
1. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko Murchanteko Udalaren karga-puntuak jabari publikoko ondasunak dira, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzu publikoa ematekoak.
2. Ordenantza honen xedea da karga-puntu horien aldi baterako erabilera pribatiboa arautzea, antolatzea eta kontrolatzea.
2. artikulua. Zerbitzu-ematearen titulartasuna eta kudeaketa.
1. Karga-puntuen titulartasuna Murchanteko Udalarena da.
2. Ordenantza honetan aipatzen den zerbitzua kudeaketa zuzenaren bidez emanen da, zuzenbidean onartutako moduetako edozeinetan, kasuan kasuko legezko izapideak bete ondoren.
3. artikulua. Erreserbatzeko eta kargatzeko prozedura.
1. Ordenantza honek arautuko du karga-puntuen erabilera, eta eginen da RFID txartelaren bidez, mugikorrerako, tabletarako eta gainerako gailu adimendunetarako aplikazioen bidez, bai eta aplikazioen programazio interfazeen bidez ere.
2. Ibilgailuaren karga erreserbatzea eta kargatzea. Erabiltzaileak karga-puntuaren instalazioa erabiltzeko erreserba egin beharko du behar beste denbora lehenago. Gomendatzen da ibilgailuan gutxienez bateriaren %20 dagoenean kargatzea.
Erreserba egindakoan, seinalatutako perimetroaren barruan jarri beharko du erabiltzaileak ibilgailua. Halaber, ekipoak eta gailuak zuzen eta errespetuz erabili beharko ditu. Karga eginen da erreserban baimendutako denboran bakarrik.
Karga-puntuak erabilgarri egonen dira etenik gabe, betiere ibilgailuen trafikoari irekita badaude, salbu eta matxurarik badute, mantentze-lanetan badaude edo Udalak itxi baditu.
3. Gehieneko karga-denbora. Puntu bakoitzaren gehieneko karga-denbora karga-puntuen eranskinean adieraziko da. Udalak mugatzen ahalko du denbora hori, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.
4. Kargaldiaren muga. Karga-denbora mugatzen ahalko da eskariaren beharrarekin edo intentsitatearekin lotutako arrazoien ondorioz, denbora gehiagorako baimena lortu arren. Erabiltzailearen ardura izanen da ibilgailua erretiratzea, karga-puntuko kontrol langileek eskatuta, karga osatu ez bada ere.
5. Karga bukatu eta ibilgailua erretiratzea. Karga bukatutakoan, erabiltzaileak berehala erretiratu beharko du ibilgailua.
6. Ibilgailua erretiratzea. Ibilgailuak erreserbatutako gehieneko kargaldia gainditzen badu, hogeita hamar minututik gorako aldeaz, zilegi izanen da udal gordailura erretiratzea, mekanikoki ibilgetzea edo udaltzainek edo langile baimendunak salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua udal gordailura eramatearen eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak, gaia arautzen duen ordenantzan azaldutako baldintzetan.
4. artikulua. Erabilera arauak.
1. Kargatzeko aparkatzea. Kargatu beharreko ibilgailua aparkatu beharko da espazio mugatuaren barnean, kargaren norabidean, eta esku-frenoa edo antzekoa aktibatu.
Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio horrek egon behar du oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku, bere xederako erabiltzen ez den bitartean.
2. Segurtasun arauak. Kargaren erabiltzaileak bete beharko ditu kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun arau guztiak, bai eta Udalaren karga-puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.
3. Erabilera arduratsua. Udalaren karga-puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, kableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako.
4. Jarraibideak. Karga-puntuaren erabiltzaileek bete beharko dituzte Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen jarraibideak, betiere Udalaren karga-puntua egoera onean zaintzeko.
5. Udalak ez du bere gain hartuko kalte eta galeren gaineko erantzukizunik (ondasun edo pertsonei, ibilgailua kargatzeko ezintasuna, etab.), baldin eta Udalarenak ez diren arrazoiengatik sortu badira.
5. artikulua. Prezioa.
Prezioa finkatuko da hornitutako energia kantitatearen eta haren unitateko neurketaren arabera. Hau da, kargatutako kWh kantitatearen arabera. Unitate horiek kudeaketa aplikazioan adierazten dira, eta kargatzeko gailuaren barne kontagailuak digitalki neurtzen ditu. Azken hori MID araudiaren arabera probatu eta homologatu da.
Honako hau da finkatutako tarifa: 0,30 euro/kWh.
6. artikulua. Ikuskatzeko ahalmena.
Udalak ordenantza honetan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoa betetzen dela ikuskatzeko ahalmena dauka.
Arau-haustetzat joko da urratzea edo ez betetzea ordenantza honetan ezarririko betebeharrak, debekuak edo mugapenak, edo alkateak hura garatzeko ematen dituen xedapenak.
7. artikulua. Zehatzeko eskumena eta prozedura.
1. Zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna izanen da Murchanteko Udaleko alkatea edo eskumen hori eskuordeturik daukan zinegotzia, betiere dagokion espedientea abiarazi ondoren.
2. Zehapen-prozedura bideratuko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8. artikulua. Arau-hausteak.
1. Ordenantza honen arau-hausteak dira honako jokabide hauen ondoriozkoak:
2. Falta arinak.
–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza okupatzea, erreserba eduki gabe.
–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.
–Ibilgailua ez erretiratzea karga bukatu eta hogeita hamar minutura.
–Kablea ez jasotzea edo konektorea behar bezala jarrita ez uztea.
–Ez betetzea karga-puntuko arduradunek emaniko jarraibideak aparkatzeari buruz, ibilgailua erretiratzeari buruz edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.
–Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzen dituztenak, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez badira.
3. Falta astunak.
–Hurrengo erabiltzailearen karga atzeratzea, ibilgailua puntualtasunez ez erretiratzeagatik karga amaitutakoan.
–Ibilgailua ez erretiratzea karga amaitu eta hiru ordu baino gehiago igarotakoan, erreserbatutako plaza okupatuz, erreserba duen beste erabiltzaile bat ez badago ere.
–Zabarkeriaz kaltetzea karga-puntuko ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.
–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek badakartza zerbitzu publikoen gaineko kalteak, Udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak.
–Urtebetean bi falta arin egiteagatik zehapena jaso izana.
4. Falta oso astunak.
–Hurrengo erabiltzaileari karga osoa eragoztea, erreserbaren denbora guztia bidegabeki okupatzeagatik.
–Lapurtzea karga-puntuaren, ekipoaren, instalazioaren edo seinaleztapenaren elementuetako edozein.
–Nahita kalte egitea karga-puntuko ekipo edo instalazioaren elementuetako edozeini.
–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek istripua eragiten badu.
–Ez betetzea Udalak ezarririko jarraibideak ingurua zaintzeko eta bizilagunekiko errespetua eta bizikidetza egokia mantentzeko. Iruzurrez erabiltzea karga-puntuaren zerbitzua.
–Ez identifikatzea arau-haustearen ustezko arduraduna, nahiz eta horretarako errekerimendua egin udaltzainek, Foruzaingoak, Guardia Zibilak edo gainerako agintaritza agenteek.
–Urtebetean bi falta astun egiteagatik zehapena jaso izana.
9. artikulua. Zehapenak.
1. Ordenantza honen arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:
–Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen.
–Arau-hauste astunek 200 euroko isuna izanen dute zehapen.
–Arau-hauste oso astunek 500 euroko isuna izanen dute zehapen, bai eta karga-puntua hiru hilabetez erabiltzeko debekuaren zehapen osagarria ere.
2. Ordenantza honen arau-hausteak direla-eta ezartzen diren diruzko zehapenetarako indarreko legedian xedatutako murrizketak lortzen ahalko dira.
10. artikulua. Kautelazko neurriak.
1. Arau-haustea egin duen ibilgailua bide publikotik kendu edo ibilgetu eginen da, ordenantza honetan eta indarreko legedian aurreikusitako kasuetan. Udalaren garabi zerbitzuari edo gordailuari eskatzen ahalko zaio ibilgailua erretiratu eta horretarako baimendutako lekura eramateko, arau-hausleari dagozkion xedapenak aplikatuta, Garabi zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren arabera.
2. Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta, zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetu eginen du.
11. artikulua. Erantzuleak.
Arau-haustea eragin duen jokabidearen egilea izanen da horren gaineko erantzulea, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea; horien betebeharra izanen da, gainera, arau-haustearen erantzulea behar bezala identifikatzea.
Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.
Era berean, pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko.
12. artikulua. Lehengoratzea eta kalte-ordaina.
Ordenantza honetan ezarritako jokabideengatik ezartzen ahal diren zehapenak gorabehera, arau-hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta ordeztera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez. Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.–Garatzeko eta egokitzeko gaikuntza. Alkate udalburuari berariaz ahalmena ematen zaio ordenantza hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, bai eta ordenantza argitzeko, interpretatzeko eta hobeki aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan ere; hala ere, ahalmen horrek ez dakar ordenantza aldatzea.
Bigarrena.–Arau hierarkia. Ordenantza honen indarraldia hasi ondoren goragoko mailako arauren bat aldarrikatzen bada eta indarrean jarri, eta ordenantza honetan arautzen diren gaietan eragina badu, arau horiek zuzenean aplikatuko dira, ondoren ordenantza hau egokitzen ahalko den arren.
INDARREAN JARTZEA
Indarraldia.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
ERANSKINA.–KARGA-PUNTUAK
Hauek dira Udalaren karga-puntuen kokalekua eta gehieneko karga-denborak:
ZENBAKIA | KOKALEKUA | GEHIENEKO KARGA-DENBORA |
1 | Kale Nagusia 150 (udal baskularen ondoan) | 6 ordu |
Iragarkiaren kodea: L2613151