218. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARUNBEKO KONTZEJUA

Ordenantza, Larunbeko auzo-bideen, lurzati-berrantolamenduko bideen eta mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Larunbeko Kontzejuko Batzarrak, 2026ko ekaiaren 20an egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 6an, eta iragarki-taulan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legea).

Iragarkia jendaurrean egon den aldian ez denez aurkeztu ez alegaziorik, ez eragozpenik ez oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtzen da, eta ordenantzaren testu osoa argitaratzen da.

Larunben, 2026ko urriaren 5ean.–Kontzejuko burua, Eduardo Goikoa Arbilla.

ORDENANTZA, LARUNBEKO AUZO-BIDEEN,
LURZATI-BERRANTOLAMENDUKO BIDEEN ETA MENDIKO PISTA
ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Larunbeko auzo-bide eta pisten sarea bertako herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko.

Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien eta pasadizokoen harat-honatak errazteko. Pista eta era guztietako bideak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea. Helburua horixe dela, Larunbeko Kontzejuak ordenantza hau onetsi du hasiera batean:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek arautzen du, indarrean den araudiarekin bat, Larunbeko auzo-bideen, lurzati-berrantolamenduko bideen eta mendiko pista eta bideen erabilera.

2. artikulua. Bideen eta mendiko pisten kategoriak.

Larunbeko udal-mugarteko landabideak eta mendiko pistak nolakoak diren, horren araberako erabilerak izanen dituzte, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bai eta bideetan kalte egiten dutenak ere.

Duten erabilera nagusiaren arabera, Larunbeko landabide eta pistak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. 2 metroko zabalera edo handiagoa dutenak.

a) Pista nagusiak, mendietako eremu zabaletara iristeko erabiltzen diren bideak, edo inguruko herrietara iristeko, eta lurzati-berrantolamenduko bideak. Erabilera asko izaten dituzte: basogintza, abeltzaintza, nekazaritza, turismoa, ehiza...

b) Bigarren mailakoak, sare nagusiaren osagarri direnak, eta aukera ematen dutenak mendi, basoberri, belardi eta bestetara iristeko.

c) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea batik bat. Askotan, noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira egoten ibilgailuak sartzeko moduan.

2. Meharrak, 2 metroko zabaleratik beherakoak.

Hainbat motatako bideak, pistak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Larunbeko Kontzejuak zainduko du 2.1 eta 2.2 artikuluetan zehazten diren mendiko bide publikoak eta pistak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide eta pista horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada, Kontzejuak eginen du, eta lan horien kostua kobratuko dio partikularrari.

4. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik eta bideetatik kanpora eremu irekietan barna ibilgailu motordunez ibiltzea, bai eta pista eta bideetan barna ere, bi metro zabal baino estuago izan nahiz hori baino zabalagoak, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak.

5. artikulua. Kontzejuaren baimena behar duten jarduerak.

a) Basoko zurgaiak pista eta bide horietan barna ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira, salbu etxerako egurra.

b) Eraikuntzako materiala pista eta bide horietan barna garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez garraiatzen bada.

c) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

d) Era guztietako materiala pilatzea bide edo lur publikoan.

6. artikulua. Pistetan eta bideetan zirkulatzeko debekua.

Larunbeko pista eta bideetan debeku da ibilgailu motordunek baimenik gabe zirkulatzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari edo Kontzejuaren baimena duten beste jarduera batzuei lotutako ibilgailu eta beharren kasuan.

7. artikulua. Baimena eskatzera behartutako subjektuak.

a) Zura eramaten denean, egurketaria edo basogintzako produktuak ateratzeaz arduratzen den enpresa. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzailea.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituena.

d) Aurretik aipatutakoez bestelako erabilera egiteko sartu nahi duten partikularrak.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuak emanen du Larunbeko aipatutako pista eta bideetan zirkulatzeko baimena, barne direla lurzati-berrantolamendukoak.

Larunbeko herritarrek eta bertan erroldatuek, hala izateagatik, berez daude baimendurik, inolako baimenik eskatu behar izan gabe.

Larunbe barnean hartzen duen ehiza-barrutiko pertsonek, barrutikoak izateagatik, badute baimena, eskatu behar izan gabe. Horixe bera aplikatuko zaie Larunbeko Kontzejuko usategiak errentan hartzen dituztenei: ematen zaien txartelak, Kontzejuak zigilaturik, baimentzat balioko du. Bi kasuetan, baimenak ehiza sasoirako bakarrik balioko du.

Orobat, zirkulatzeko baimena dute, automatikoki, nekazaritza lanak egin behar dituzten ibilgailuek, edo Kontzejuarentzat lanak egiten ari direnak.

Toki horietan ibilgailuak erabili beharra justifikatzen duten pertsonek baimena eskatzen ahalko dute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

9. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ez dute baimenik beharko erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek, baldin beren eginkizuna betetzen ari badira, esaterako polizia, suhiltzaile eta basozainen ibilgailuek eta abarrek.

Inguruabar berezietan, aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako egoera batzuk ere aintzat har daitezke, esaterako: herri-lanak, interes publikoko edo orokorreko jarduerak –Administrazio Publikoek edo horien entitate instrumentalek sustatuak–, larrialdi kasuak, istripuak, hondamendiak, etab.

10. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

a) Larunbeko mendiko pistetan eta bide guztietan gehieneko abiadura 30 km/h izanen da.

b) Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, bai eta aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan eta bideetan hautsa pilatzen baita.

11. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta ibilgailu motordunetan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik gelditu dira, hala nola paseatzaileei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisara, Kontzejuak baimena ematen ahalko du lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

12. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik aipatutako pistetan eta bideetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna.

13. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustea izanen da.

14. artikulua. Mugak eta fidantzak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bide eta pistak erabiltzeko urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoak aintzat hartuta, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

15. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna ekarriko dute, zehapen gisara; gehienez ere 200 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Iragarkiaren kodea: L2613044