218. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1177E/2026 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio Agrotecnología de Navarra SLk Cárcarren sustatutako hondakinen bermikonpostatze bidezko tratamendu biologikoko instalazioaren proiektuari.

2026ko maiatzaren 8an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Proiektua, bere ezaugarriak direla-eta, sailkatuta dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 9.b) taldean (Hondakinak ezabatzeko edo balorizatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, salbu eta ekoizteko tokian hondakin propio ez-arriskutsuak ezabatzea edo balorizatzea). Beraz, arau horretan xedatutakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.

Emandako ingurumen-dokumentua bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

Agrotecnología de Navarra SL enpresaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari buruzko 0001-0049-2026-000005 espedientea izapidetzean, gaur egun eskatzen duten proiektu berari buruzkoa (0001-0056-2025-00002 espediente substantiboa), eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea egin zen, zehazki, Cárcarko Udalari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en acción Konfederazioari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera. Izapide horretan eta epea agortuta, ez zen egindako kontsultaren erantzunik jaso.

Egindako kontsulten izapide hori aintzat hartzen da ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiteko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluaren ondorioetarako; azken hori funtsean berdinak diren edo elkarren artean lotura estua duten beste prozedura batzuen izapideak metatzeko erabakiari dagokio.

Proiektuaren deskribapen laburra.

Hondakin organikoak (simaurrak, landare-hondakinak, material bioegonkortuak, digestatoak eta abar) bermikonpostatze bidez (Eisenia Andrei) tratatzean datza prozesua (urtean 1.750 tona inguru). Zizare-humusa sortuko da medeagarri organiko gisa, ustiategian bertan edo hirugarrenek aprobetxatzeko (urtean 1.100 tona inguru).

Eraikinak Cárcarko 8. poligonoko 941. lurzatian (ant 1060) kokatuko dira, herrigunearen ipar-ekialdean, "El cascajo" alderdian. Lurzatiak 75.542,76 m2-ko azalera du. Lurzatia lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago, bere ustiapen naturalerako duen balioagatik, eta beste lur ureztatu batzuen motakoa da. Gaur egun, bertan hainbat berotegi (16.028 m2) daude, bai eta biltegiak (2.158 m2), baltsa (239 m2), bulegoak (18 m2) eta ataripeak (70 m2) ere. 1989-1990 urteetan eraiki zen.

Prozesu horretan, bi modalitate aurreikusi dira: elikagai-plastikozko palot artekatuen sistema, lehendik dauden berotegietako tunelen barruan egonkortutako gainazaletan, eta jersey hesiak dituzten lur gaineko ohe-sistema, lehendik dauden berotegietako tunelen barruan egonkortutako gainazaletan.

Prozesu horiek dagoeneko eraikita dauden berotegien zati batean eginen dira (1.350 m2-ko azalera duten 9 tunel). Haietan, xafla iragazgaitz bat baino ez da izanen, lixibiatuak lurrera ez iragazteko. Jersey motako hormigoizko hormekin bi silo eraiki nahi dira, 5,00 x 6,00 m-ko neurrikoak, lehengaia biltegiratu eta egonkortzeko eremurako. Silo horiek olana barneragarriekin estaliko dira, lehengaia babesteko. Baita 2 m3-ko tanga bat ere. Guztira, jarduera honi lotutako azalera 1.410 m2-koa izanen da.

Bermikonpostatze-prozesua burutu eta humus egonkortua lortu ondoren, materiala lehortzeko eta egokitzeko azken eremuan mantentzen da, heltze-berotegietan. Lehorketa modu natural eta progresiboan egiten da, aireztapen gurutzatuaren eta materialaren aldizkako iraulketaren bidez, hondar-degradazio biologikoa saihestuta eta ehundura- eta granulometria-uniformetasuna bermatuta.

Lehortu ondoren, humusari baheketa egiten zaio, partikula lodi edo geldoak kentzeko eta bermikonpost homogeneoa lortzeko. Lortzen den materiala poltsa handietan edo edukiontzietan biltegiratzen da, berotegiaren barruko edo hari atxikitako eremu lehor eta aireztatu batean, eta prest geratzen da zuzenean nekazaritzarako erabiltzeko edo medeagarri organiko gisa merkaturatzeko.

Lan horrek ez du isuri likidorik sortzen, bi lixibiatu-tanga aurrefabrikatu, zilindriko eta lurperatu instalatuko baitira, 2 m3-ko edukierakoak: tanga batek heltze-tuneletatik datozen lixibiatuak bilduko ditu, eta besteak produktua egonkortzeko eremukoak. Tangek husteko balbula dute. Halaber, ez da emisio nabarmenik sortuko; lurruntzearen ondoriozko hezetasun-galerak eta CO2-aren eta ur-lurrunaren emisio barreiatu minimoak baino ez dira gertatzen, instalazioaren nekazaritza-izaerarekin bateragarriak direnak.

Aurkeztutako proiektuaren kokapena, Natura 2000 Sareari dagokionez

Landaredi naturala, flora, fauna, elementu geologikoak eta hurbileko gune babestuak identifikatu eta zehaztu dira. Proiektuaren xede den lursaila ingurumen-balio nabarmenik gabeko lurzoruan dago, eta KBErik hurbilena, Estellerriko Erriberako igeltsuak, 800 metrora dago. Beraz, ez du eraginik Natura 2000 Sareko ezein ingurumen-balioren gainean. Obren xede diren lurzatietako berezko landaredia lehorreko espezieak dituen belardi bat da, batez ere zerealak landatzeko erabiltzen dena.

Alternatiben analisia.

0 alternatiba edo jarduketarik ez egitekoa. Kasu honetan, sustatzaileak ez du planteatu ez jarduteko alternatiba, 1. alternatiba gisa sustatutako proiektua ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarritzea baitakar, hondakinak balio agronomiko handiko produktu bihurtzen baititu, eta ekoizpen-sistemara itzultzen ahal baitira. Hala, medeapen organiko gisa berrerabiltzen ahal dira ustiategian bertan, edo beste ustiategi batzuei saltzen ahal zaizkie.

Ingurumen-dokumentuaren laburpena eta azterketa.

A.–Izan daitezkeen eraginak.

Landaredi naturalaren eta floraren gaineko ukipenak oso txikiak dira, lehendik dauden instalazio batzuen gainean jarduten baita.

Ustiategia leku oso gizatiartuan dago, gaur egungo nekazaritza-jardueraren ondorioz, eta gizakiak bertan bizi dira etengabe. Hori dela eta, faunari ez dio kalte handirik egiten. Gainera, instalazioak dagoeneko badaudenez, ia ez du eraginik.

Material organikoa egonkortzeko prozesua silo estali eta kontrolatuetan egiten da osorik, eta horri esker, modu eraginkorrean murrizten da usainen eta lixibiatuen sorrera eta hegaztiak edo bestelako fauna erakartzeko edozein aukera. Bermikonpostatze-sistemek, palot eta oheetan oinarritutakoek, tratamendu ordenatua eta garbia bermatzen dute, fauna oportunista erakartzen ahal duten gainazaleko hondakin organikorik eta ikusmen- edo usaimen-elementurik metatu gabe.

Hondakin organikoak zizareen bidez eraldatzeko jarduerak, behar bezala kudeatzen ez bada, osasun-eragozpenak edo -arriskuak sortzen dituen fauna oportunista erakartzen ahal du. Horregatik, hura saihesteko neurriak hartuko dira.

Lurzoruari eragiten ahal dizkion kalteak lixibiatuei lotutakoak dira. Egokitzapenaren kasuan, lurzoru hormigoituak, polietileno iragazgaitzezko xaflak dituzten guneak eta biltegiratze-eremu hormigoituak direnez, eragin hori saihestu egiten da.

Ura kaltetzeko arrisku nagusia ustiategiko lixibiatuek sortzen duten materia organikoa da. Arrisku hori ezabatu egiten da lixibiatuen tanga batean (dosia, ekarpenaren unea eta abar) egiten den bilketagatik; hala, ez da ihesik eta gehiegikeriarik izaten lurzoruan, eta, beraz, ezta uretan ere.

Ez du eraginik Natura 2000 Sareko edo Naturagune Babestuko beste guneen ingurumen-balioetan.

B.–Istripu larriei edo hondamendiei begira duen kalteberatasuna.

Egin beharreko jarduera eta haren bolumena txikia denez, ez da aurreikusi hark eragindako arrisku larririk edo hondamendirik. Proposatutako ustiapenean, lixibiatuen urak edo polietilenozko xaflak biltzeko tankeak bakarrik izan dezake ingurumenean eragiten ahal duen ezohiko funtzionamendua. Hausturaren ondoriozko ihesak izanen lirateke. Ihesak eta lixibiatuen tangen maila begiz ikuskatzeko erregistroak daude.

C.–Neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak:

Instalazioa egokitzeko lanetan aplikatuko diren neurri babesleak eta zuzentzaileak ezartzen dira, eta bi fasetan banatzen dira: obra gauzatzeko fasekoak, hala nola uraren kontsumo efizientea, hautsa sortzea saihestea, makineria, hondakinen kudeaketa, bilgarrien kontrola, batez ere; eta ustiapenaren fasekoak, hala nola kanpoko urbanizazioa, estalki mugikorrak, lixibiatuen kudeaketa egokia, hegaztien zaintza eta begiztatzeen erregistroa, besteak beste.

D.–Ingurumen-jarraipena. Ingurumena zaintzeko programa.

Era berean, gauzatzeko fasean eta ustiapenaren fasean ingurumena zaintzeko programa bat ezarri da. Xede hauek ditu: makinak eta erremintak berrikustea eta mantentzea; hondakinak kontrolatzea; garbitzea; usainak, lixibiatuak, hautsa, lurzoruaren egoera, lortutako azken produktua, ingurumen-erregistroa, fauna oportunista eta sarrerako hondakinak kontrolatzea eta kudeaketa orokorra.

E.–Ondorioak.

Egindako ingurumen azterketak ondorioztatzen du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Xedatutako prebentzio-, zuzenketa- eta kontrol-neurriek barne hartzen dute ingurumena zaintzeko programa bat, baita aplikatu beharreko ingurumen-araudia betetzea ere.

Proiektuaren azterketa, 21/2013 Legearen III. eranskinaren irizpideak kontuan hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, emandako dokumentuak ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzen arabera; eta, orobat, ados agertu da ingurumen-dokumentuak hautatutako alternatibarekin.

Ingurumen-baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinak sortzeak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ez da proiektuaren ingurumen-integraziorako baldintza gehigarririk jarri.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Agrotecnología de Navarra SLk Cárcarren sustatutako hondakinen bermikonpostatze bidezko tratamendu biologikoko instalazioaren proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta ingurumen-dokumentuak hautatutako aukerarekin bat dator.

Ez da baldintza gehigarririk ezarri jarduera ingurumenean txertatzeko, Ingurumen Baimen Bateratuak ematen dituen zehaztapenak aplikatzearen kaltetan izan gabe. Zehazki, baimen horretan xedatutakoa bete beharko da jarduerak atmosferan, konfort akustikoan, lurzoruan eta baliabide hidrikoetan duen inpaktuaren kontrolari dagokionez, baita hondakinak sortzearen eta energiaren eta uraren kontsumoaren ondoriozko jarraibideei dagokienez ere.

2. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da jartzen ahalko inolako errekurtsorik, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Cárcarko Udalari eta interesdunari igorriko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2613666