1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1170E/2026 EBAZPENA, urriaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena Iribasen oilaskoak zatikatzeko areto baten proiekturako. Sustatzailea Josu Oreja Arratibel da.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Larraungo Udalak, organo substantiboa den aldetik, ingurumen-inpaktuaren txosten honen goiburuan aipatutako proiektua aurkeztu dio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari 2026ko uztailaren 30ean.
Proiektuak bi jarduera bereizi garatzeko behar diren instalazioak aurreikusten ditu: batetik, oilaskoak aire zabalean haztea hiltegira eramateko (2.400 plazako edukiera), indarrean dagoen legeriaren arabera ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharrik ez duena, eta bestetik, ustiategitik bertatik datozen kanalak prozesatzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko f) letran sailkatzen dena, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar duena.
–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.
2023ko abenduaren 5ean, 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, kontsultak egin zitzaizkien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Larraungo Udalari, Iribasko Kontzejuari eta Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Ekologistak Martxan talde ekologistei egin zitzaien kontsulta.
Erantzunak jasotzeko epea amaituta, Larraungo Udalaren txostena jaso zen. Horren arabera, proiektua eta jarduera hirigintzarekin bateragarriak dira, baldin eta udal lizentzian sartzen diren baldintzak betetzen badituzte.
–Ingurumen ebaluazioa. Proiektuaren azterketa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Jarduera Larraungo udalerrian dago, 11. poligonoko 422. lurzatian, Maizterreneko Borda alderdian, Iribasen. Lurzatiak 16.629,91 m2-ko azalera du. Jardueraren koordenatu geografikoak (UTM-ETRS89 30N) honako hauek dira: X: 589.052 Y: 4.761.107.
Proiektuaren eta jardueraren deskribapenaren laburpena txosten honen I. eranskinean dago.
Lurzatia pixka bat goratuta dago, belardien eta heskaien mosaiko baten inguruan. Hegoaldean, baina behar adinako distantzia batera, Europar Batasunaren intereseko habitat hau identifikatu da: Larredi eta larre xerofitiko basofilo kantauriar-piriniarrak (Bromion erecti: Mesobromenion, Potentillo-Brachypodienion pinnati); beraz, obrek eta jarduerak ez diote eraginen. Lurzatia, iparraldetik, baso-masa batek inguratzen du, zeina %90ean haritz amerikar eta kandudunez estalita baitago, eta hegoaldetik, NA-7510 errepidetik (Mutearteko bidea) sartzeko bidearen ondoan, haritz kandudunen eta lizarren lerrokadura batek ixten du, baita oso ongi kontserbatuta dagoen hurritz, sasitza, elorri zuri, arrosa eta abarren orla batek ere.
Proiektuak lurzatirako sarbide berri bat aurreikusten du ipar-mendebaldeko muturrean, aipatutako bidetik, eta tamaina oneko 2-3 lizar eta haritz bota beharko dira.
Animaliak zatikatzeko instalazio berria 850 metrora dago Aralar Mendia ES2200020 KBEtik. Ez da espero proiektuak espazio horren osotasunari eragitea.
Lur-berdinketako obretan, 3 metroko lur-erauzketa eginen da, eta 4 metroko altuerako betelan bat, biak ere txikiak, okupatutako azalerari dagokionez. Konfigurazio topografiko berri horrekin, nabea maldarekiko zeharka sartzen da lursailean, eta atzealdean geratzen den ezponda nabe berriaren altuerarekin ezkutatzen da.
Ur-hornidura lurzatian bertan egin beharreko putzutik egiten da, eta, beraz, arroko erakundearen baimena izan beharko da (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa). Zatikatze aretoko eta komuneko hondakin-urak (ur beltzak eta industrialak) 3.000 litroko lurpeko andel batean bilduko dira, eta kudeatzaile baimendu batek kenduko ditu instalaziotik. Hornidura elektrikoa nabeko estalkian instalatutako eguzki-plaken bidez eginen da. Ez da espero ekintza horietako bakar batek eragin nabarmenik izaterik.
Jarduera sailkatua baimentzeko udal espedientean kontrolatuko dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinak sortzeak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak izan dezakeen ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bidez, zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta ados dagoela proposamenarekin, baldin eta jarduera sailkatuaren baimenean jasotako zehaztapenak betetzen badira. Horrek ez du galarazten indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortu beharra, bereziki ura ematekoa, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari dagokiona, eta jarduera sailkatuaren udal lizentzia ematekoa, Larraungo Udalari dagokiona, organo substantiboa den aldetik.
Proiektuak ingurumenean izanen duen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua ongi egin denez gero, adierazitakoarekin bat etorriz, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak proposatuta eta erabiliz 11/2019 Foru Legeak, martxoaren 11koak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, eta 44/2026 Foru Dekretuak, ekainaren 24koak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoan ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duenak ematen dizkidaten eskudantziak, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, aldekoa, Iribasen oilaskoak zatikatzeko areto baten proiekturako, ulertuta proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan ezarri bezala. Sustatzailea Josu Oreja Arratibel da.
2. Udal baimenak baldintza hauek bete behar izatea ekarriko du:
–Jarduera sailkatuaren udal espedientean kontrolatuko dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinak sortzeak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
–Itxiturak jartzerakoan eta nabea baso aldearen eta zuhaitz heskaiaren ondoan kokatzerakoan, behar diren tarteak gordeko dira zuhaitzen kontserbazioa bermatzeko.
–Instalazioetarako sarbidean, ahal dela, ez da zuhaitzik ukituko, eta, ezinbestekoa bada, zuhaitzak moztu aurretik Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren baimena lortu beharko da.
–Kanalak prozesatzean sortutako hondakinak kontrolatzeko sistemak ezartzean, ziurtatu beharko da hondakin horiek ez direla erakargarriak basafaunarentzat. Horregatik, hildako animalien manipulazioaren hondarrak biltzen dituzten edukiontziak esparru itxietan gorde beharko dira, fauna haien barnean sartzea eragotzita.
–Lanen hasieran, landare-lurra atera beharko da (lurzoruaren azaleko horizonte emankorra) urbanizatu beharreko eta bideek okupatuko duten eremuan, eta berriz aprobetxatuko da obren eraginpeko ezponden eta eremuen gainazalak lehengoratzeko. Soberako lurrak sortzen badira berdinketa lanetatik edo saneamendu- edo hornidura-andelak kokatu ondoren, baimendutako zabortegi batera eraman beharko dira.
–Behin lehengoratu beharreko gainazalak landare-lurrarekin estalita, profilatu eta harriak kendu ondoren, ereintza eginen da eskualdeko larre-hazien nahasketa batekin.
–Putzua egiteko obrak hasi eta urak hartzen hasi aurretik, titularrak nahitaezko baimena izapidetu eta lortu beharko du arroko erakundean.
–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, proiektuari aplikatu beharko zaio Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa.
–Beharrezkoa izanez gero Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari egoeraren baten berri ematea (obren hasiera, etab.), Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitateari mezu elektroniko bat bidaliko zaio (948 500 552 edo 679 996 810, gmasakana@navarra.es).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Larraungo Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana - Mendialdea barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urriaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Oilasko kanalak zatikatzeko jarduera Larraungo udalerrian kokatzen da, 11. poligonoko 422. lurzatian, Maizterreneko Borda alderdian, Iribasen. Lurzatiak 16.629,91 m2-ko azalera du. Jardueraren koordenatu geografikoak (UTM-ETRS89 30N) honako hauek dira: X: 589.052 Y: 4.761.107.

Proiektuaren lurzatiaren kokapena
Jarduera egiteko, 59 x 5 m-ko nabe bat eraikiko da (295 m2), honako hauek barne hartuko dituena: instalazioen kontrol-unitatea, prozesatzeko eta biltegiratzeko hotz-ganbera bat, komunak eta bulegoa.
Nabea eraikitzeko, hormigoizko zolata duen zabalgune bat egin beharko da: nabearen inguruko espaloia eta ibilgailuen maniobra-eremua. Gainera, sarbidea zabor-legarrez egokituko da. Parkeen perimetroan, urbanizatuko ez den bide bat eginen da. Lurzatiaren gainerakoa urbanizatu gabe eta zelaitu gabe geratuko da, eta egungo belardi-erabilerari eutsiko zaio.
Nabea egitean, 2H:1V motako bi ezponda berri eginen dira. Nabe berriak egiteko behar den lur-mugimenduak 1.150 m3 inguru izanen ditu, bai indusketarako, bai betelanetarako, eta ez da lur-soberakinik sortuko. Zabalguneak areka bat izanen du lur perimetraletan, ezpondaren beheko aldean. Areka horrek zabalguneko eta ezpondako urak bilduko ditu, eta maldatik lurrera bideratuko ditu.
Ustiategirako sarbidea Mutearteko Bidea izanen da (NA-7510 errepidetik iristen da). Beharrezkoa izanen da dagoen itxitura egokitzea eta sartzeko ate bat jartzea. Gainera, sare-itxiturak jarriko dira parkeen eremua mugatzeko. Itxitura horiek guztiek 2 metroko altuera izanen dute.
Hondakin-ur bakarrak zatikatze aretokoak eta komunekoak izanen dira. Hondakin-ur horiek lurpean kokatuko den 3.000 litroko andel batean bilduko dira, eta kudeatzaile baimendu batek kenduko ditu instalaziotik.
Aurreikusi da jarduera putzu bateko uraz hornitzea (urtean 210,8 m3 kontsumituko dira). Horretarako, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena izan beharko du.
Hornidura elektrikoa modu autonomoan ezarriko da, nabeko estalkian instalatu beharreko eguzki-panelen sistema baten bidez, eta gasolioz elikatutako sorgailu bat izanik modu osagarrian.

Instalazioen planoa
Ustiategiak 400 hegaztiko sei lotetan antolatuko ditu animaliak. Instalazioetan 12 aste inguru (84 egun) hazkunde-aldian eman ondoren, animaliak hiltegira eramaten dira. Hil ondoren, oilaskoen kanalak instalazioetara itzuliko dira, eta bertan kontserbatuko dira. Horretarako, izozkailu bat eta hotz-ganbera bat izanen dira, eta merkaturatzeko prestatuko dira (zatikatzea, ontziratzea, etab.).
Iragarkiaren kodea: F2613246