1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1158E/2026 EBAZPENA, urriaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita "aireko linea berria, zirkuitu bikoitzekoa eta 66 kV-ekoa, "Tutera 2" eta "Tutera 3" izenekoa, Mélida-Zarrakaztelu tartea" izeneko proiektuaz. I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatu du Mélidako, Santakarako eta Zarrakazteluko udal mugarteetan.
Azaldutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da; horregatik, bertan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Proiektuaren helburua da inguru horretako hornidura elektrikoaren kalitatea eta segurtasuna hobetzea, "Caparroso" eta "Zarrakaztelu" azpiestazioak lotuko dituen 66 kV-eko zirkuitu bikoitzeko sare berri baten proiektuaren bidez, gabeziak dituzten egungo lineak ordezteko. Egungo linearen egoera ikusita, sustatzaileak linea berriaren eskaera aurkeztu du, lehentasunezkotzat jo baitu Mélida eta Zarrakaztelu arteko jarduketa, hain zuzen ere espediente honetan ebaluatzen dena. Linea horrek tarte labur bat du Santakarako udalerriaren hegoaldean.
Linea berriak ordeztuko du egungo linea, zirkuitu bakunekoa eta 9,8 km-koa, antzeko trazadurarekin, gehien partez. Egungo linea desmuntatu eginen da.

Proiektuko zirkuitu bikoitzeko linea airekoa izanen da eta 10 km-ko luzera izanen du. Aireko zatia gelaxka-euskarri metalikoak izanen ditu, aluminio-altzairuzko kablearekin lotuak; horietan, angelu- eta deribazio-euskarriak ainguratzekoak izanen dira eta lerrokatzekoak, berriz, esekidurakoak.
Abifauna babesteko neurriak betetzeko, metro bateko konpositezko kateekin eginen da ainguratzearen isolamendua (U70YB66 AL mota) eta esekitako kateena (U70YB66 mota).
Babeserako edo maniobrak egiteko elementuak alderantziz paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita, eta aireko linearen zubiak isolatuta egonen dira.
Proiektuan sartuta dago, halaber, zirkuitu bakuneko egungo linea, 9,8 km inguruko luzerakoa, desmuntatzea. Haren trazadura ia osorik erabiliko da gero instalazio berrirako.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zaie Zarrakazteluko, Mélidako eta Santakarako udalei, bai eta hainbat elkarte ekologistari eta linea berriak ukitutako lur edo zerbitzuetan eskumena duten Nafarroako Gobernuko atalei ere. Legean ezarritako epean Basoak Kudeatzeko Atalaren eta Santakarako Udalaren txostenak jaso dira.
Basoak Kudeatzeko Atalak txosten bat egin du adierazteko landarediaren gaineko ukipena oso txikia dela eta neurri zuzentzaileen alde dagoela, ukipena minimizatzen baitute linearen trazaduraren aldaketari esker, azterketa teknikoan adierazten den moduan.
Santakarako Udalak hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txosten bat egin du, ebaluazioaren xedea ez bada ere, baina adierazten du ez dakiela zein den Valentuña TAE-Labradas TAE eta Alcarama-La Serna GTL-EBAK. linearen administrazio egoera. Linea horrek antzeko trazadura zuen zenbait tokitan eta udalak txostena egin zuen hari buruz. Espediente horren egoera helbide honetan dago ikusgai:
https://mptmd.gob.es/portal/delegaciones_gobierno/delegaciones/aragon/proyectos-ci/expedientes-renovables/zaragoza/eolicos/peol_409_ac_instalaciones_eolicas_valentu-a_de_100_mw_lorbes_de_50_mw_salto_del_lobo_de_100_mw_miramon_de_72_mw_y_sangorrin_de_100_mw_y_sus_infraestructuras_de_evacuacion_en_las_provincias_de_zaragoza_la_rioja_y_navarra
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak ezartzen du 0 alternatiba ez dela posible inguru horretan hornidura elektrikoa bermatzeko helburua lortu nahi bada, eta hainbat faktore aipatzen ditu, hala nola landaredia, naturagune babestuak, lurzoruaren erabilerak... Faktore horiek kontuan hartu dira proiektatutako soluzioa erabakitzeko, zeinak ez baitu ukitzen Nafarroako Naturagune Babestuen Sarea, ezta Natura 2000 Sareko eremuak ere.
Horrela, lehenik eta behin, trazadura Mélidako udalerriaren mendebaldeko mugatik igarotzen da, NA-128 errepidearekiko paraleloan, Zarrakazteluko hirigunearen mendebaldeko mugaraino. Linea berriak ordezten du gaur egun zerbitzuan dagoena, distantzia txikira eta harekiko paraleloan doana, eta alorrak hartzen ditu gehienbat. Landarediaren gaineko ukipena oso txikia da trazadura osoarekin alderatuta; ezponda-eremuetan eta gorabehera orografiko arinetan baizik ez da gertatzen, bai eta alde bakoitzeko 10-12 metroko zortasun-eremuetan ere. Eremu horietan nagusiki larreak eta sastrakadiak daude. Egungo linea desegiteak, ordea, ukipena eraginen du landare-komunitate batzuetan, batez ere eraitsi beharreko euskarrietarako sarbideak egiteko, baina ukipen hori puntuala izanen da, eta eraikuntza-fasean soilik. Linearen zortasun-eremuan, hauen gaineko ukipenak nabarmentzen dira: 595 metro karratu sasitza eta elorri, 305 metro karratu sastrakadi, 136 metro karratu abarizti eta 128 metro karratu makaldi.
Azalera teoriko horiek bertatik bertara egiaztatu dira, eta lizarrak eta arteak dituzten baso-eremu txiki batzuen gaineko ukipena dagoela ikusi da. Hori dela eta, neurri zuzentzaile gisa, zehazten da trazadura aldatu eginen dela zuhaitz horien gaineko ukipenik ez eragiteko, puntu horretan iparralderago trazatuko dela linea, eta aurrerago desbideratuko dela lizardi-artadien masei ukipenik eragiten ez zaien puntu batean. Trazadurarako alternatiba horren aldekoa da Basoak Kudeatzeko Atala, zeinak bere txostenean adierazten baitu eremu horretako zuhaitzen gaineko ukipena minimizatu beharra dagoela, eta sustatzaileak hautatutako alternatiba edo bideragarri den beste bat babesten du.
Proiektuan ez daude definituta sarbide zehatzak gaur egun ez dauden kasuetan, eta ezin da baloratu landaredi naturalerako sarbideetarako baldintzek eraginen duten ukipena. Hala ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak ezartzen du obren zuinketan euskarriak markatu eta sarbideak planteatu beharko direla halako moduan non habitatei ahalik eta ukipen txikiena eraginen baitzaie.
Egungo linea desegiteak, halaber, egungo zortasuna desagertzea ekarriko du, eta horrek egungo linearen trazaduran landaredi naturala garatzea ahalbidetuko du.
Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, funtzionamendu-fasean abifaunak jasan ditzake inpaktu handienak, elektrokuzioaren edo talkaren ondorioz. Aurkeztutako azterlanean zehaztuta dago inguru hori bizi-eremu gisa erabiltzen duten hegazti harraparien zerrenda bat, eta miru gorriak, miru beltzak, sai arreak, besteak beste, ikusi direla zehazten da.
Abifauna babesteko neurriak betetze aldera, isolamendua metro bateko konposite-kateekin eginen da (U70YB66 AL mota, ainguratzerako, eta U70AB66 mota, esekidurarako), elektrokuzio-arriskua minimizatzeko. Halaber, linea berriaren bi tartetan, amildegien eta ur-ibilguen ingurunean, balizatze-neurriak hartuko dira. Neurri horiek izanen dira txoriak babesteko balizak jartzea (neoprenozko zerrendak, "X" formakoak eta 35 cm-koak, elastomeroz eta zinta lumineszentez hornituak) ukitutako bilbaduraren bao osoetan.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak ezartzen duenez, fase bereko elkarren segidako bi balizaren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. Kableen ikuspena areagotzeko balizak edo elementuak zuntz optikoan ere jarri beharko dira, zuntz optikoa gaituz gero.
Proiektuaren eta haren inpaktuaren balorazio orokorra bateragarritzat jotzen da neurri guztiak aplikatu ondoren.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "Aireko linea berria, zirkuitu bikoitzekoa eta 66 kV-ekoa, "Tutera 2" eta "Tutera 3" izenekoa, Mélida-Zarrakaztelu tartea" izeneko proiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzekin. Proiektua I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatu du Mélidako, Santakarako eta Zarrakazteluko udal mugarteetan.
2. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:
–Abifauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, hurrengo hau bete beharko da: Ainguratzeko euskarrietan gutxienez metro bateko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babeserako edo maniobrak egiteko elementuak alderantziz paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Nolanahi ere, isolatu eginen dira tentsio-elementuen arteko lotura zubiak, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio-botilak ere. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Debeku da silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.
–Euskarrietan, eroaleen arteko gutxieneko tartea 1,50 metrokoa izanen da. Distantzia hori bete beharko da, halaber, beheko erdigurutzetaren eta goiko eroalearen artean, euskarriaren bi aldeetan.
–Era berean, bi tarte seinalatuko dira talken aurkako balizekin, abifauna babesteko. Fase bereko elkarren segidako bi balizaren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. Hasiera puntua X620932, Y4690777 izanen da, eta amaierakoa, X625354, Y4691491. Mélidako azpiestaziotik gertu dagoen 2. tartea balizatu eginen da, X618655, Y4689730 puntuan hasita eta X619206, Y4689823 puntuan amaituta.
–Aurreko puntuan adierazitako tarteetan ere lurreko eta telekomunikazioetarako OPGW kablea balizatuko da 10 metrotik behin, kable horren diametroa 20 mm-tik beherakoa bada.
–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik. Ez dago baimenduta obrako materialik metatzea, ez eta makineria-parkea kokatzea ere, ingurumenaren aldetik kalteberak diren eremuetan (proiektuan adierazi ez den landaredi naturala duten eremuetan, ur-ibilguen inguruetan, etab.).
–Ur ibilguen inguruetan, espresuki debekatuta dago edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.
–Euskarri berrien zimendurako lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da berriz zanga betetzen denean, lurrak horretarako aukera ematen badu.
–Sarbide berriak, ahal den guztietan, lehendik dauden azpiegituretan edo alorretan zehar eginen dira, landaredi naturalari ahalik eta ukipen txikiena eragiteko. Ukipen puntualik sortuz gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak amaitu ondoren.
–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak (euskarri zaharrak barne) kendu beharko dira.
–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, behar bezala lehengoratuko dira lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.
–X624704, Y4691546 puntuaren inguruko zuhaitz handiak dituzten baso-masetan, ukipenen azterketan planteatutako neurri zuzentzailearen arabera eginen da trazadura, eta iparralderago eramanen da linea, zuhaitz-masen gaineko ukipena saihesteko:

Irudia. Urdinez, trazadurarako proposatzen den saihesbidea, zuhaitz handien masen (lizardiak eta artadiak) gaineko ukipenik izan ez dadin
–Lanek beren ibilbidean zuhaitz- landaredian eragin ditzaketen ukipenak landaketekin konpentsatu beharko dira, eta eraispen-eremuak proposatzen dira horretarako, edo sustatzaileak ingurunean egokitzat jotzen dituen beste batzuk. Horri dagokionez:
a) Ukituriko zuhaitz- edo zuhaixka-espezie bakoitzeko hiru ondo landatuko dira, espezie berekoak.
b) Landareok baimendutako mintegietatik ekarriko dira, eta haien jatorri genetikoa Nafarroako hegoaldekoa edo inguru hurbilekoa izanen da.
c) Landaketa geldialdi begetatiboan eginen da, udazken-amaieran edo negu-amaieran, izozte-alditik kanpo. Landatzeko zuloak aurrez prestatuko dira, hilabete lehenago behintzat bai, eta gutxienez 40 × 40 × 40 cm-koak izanen dira.
d) Landareak ureztatu eginen dira landatzean, eta mantentze-lanak eginen zaizkie ondotik:
- Eskuzko jorra (aitzur edo antzekoekin) hiru urtez, landarearen inguruko landaredi lehiakidea kentzeko.
- Udako ureztatzeak lehen hiru urteetan: 30 litro aldiko, eta gutxienez bi aldiz udan.
e) Zuhaixka-landareak landatuz gero, babes-hodiak jartzeko aukera aztertuko da.
–Erreka zulo edo erretenetako gurutzaketak, ahal dela, urik ez daramatenean eginen dira. Lehorrean lan egin beharko da beti, eta saihestuko da urak uhertzea eta/edo kutsatzea.
–Sarbideak definituta ez badaude ere, dagoen landarediaren gaineko ukipena minimizatuko da. Obra-zuinketan, ukipenak ahalik eta txikienak izateko moduan markatu beharko dira euskarriak eta planteatu beharko dira sarbideak.
–Txosten hau eginda ere, nahitaezkoa izanen da sustatzaileak indarrean dagoen legedian eskaturiko gainerako baimenak lortzea, eta, bereziki, inguruko balizko aurkikuntzei edo aztarnategiei buruzko txostena egitea, baita interes kulturaleko elementuei buruzkoa ere.
–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatu beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es), espedientearen kodea aipatuz eta bidaliz linearen zein euskarrien geoerreferentzia jasotzen duen artxibo bat eta euskarrien argazkiak.
–Lanak hasi baino astebete lehenago, jakinaren gainean jarriko dira Tafalla-Zangoza barrutiko Basozaintza (gmaestellasur@navarra.es) eta Tuterakoa (gmatudela@navarra.es), lanak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu ditzan.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Ingurumen Zaintzari (Tafalla eta Tuterako barrutiak), Mélidako, Santakarako eta Zarrakazteluko udalei eta interesdunari.
Iruñean, 2026ko urriaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2613247