Iragarkia
218. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1149E/2026 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita ingurumen-inpaktuaren txostena Funesko udal-mugarteko 10. poligonoko 251 eta 252 lurzatietan Rancho Luna Power SLUk sustatutako ""Funes Solar" 2,1 MW-eko eta "Pinta Solar" 2,21 MW-eko eguzki-hibridazio fotovoltaikoko instalazioak eta ebakuazio-azpiegiturak" proiektuari buruz.
2026ko uztailaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Azpiegitura Energetikoen Atalak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
–Proiektuaren aurrekariak eta deskribapena.
Jarduketaren helburua da energia-ekoizpeneko bi instalazio eraikitzea: Pinta Solar izeneko eguzki-hibridazioko instalazio bat, 2,21 MW-ekoa, 1,1 MW-eko ekoizpen fotovoltaikoa eta 1,1 MW-eko biltegiratze-ahalmena dituena, eta Funes Solar izeneko eguzki-hibridazioko beste instalazio bat, 2,1 MW-ekoa, 1,1 MW-eko ekoizpen fotovoltaikoa eta 1,0 MW-eko biltegiratze-ahalmena dituena.
Funes Solar instalazioa 10. poligonoko 251. lurzatian kokatzen da eta 1,60 hektareako azalera hesitua du, eta Pinta Solar instalazioa ondoko 252. lurzatian kokatzen da eta 1,69 hektareako azalera hesitua du, guztira 3,29 hektareako okupazioa dakarrena.

Irudia. Bodega Romana industrialdearen ondoko instalazioak
Funes Solar proiektuak 1.876 modulu fotovoltaiko ditu, 745 Wp-ko potentziakoak, eta lurrean sartutako bi ardatzeko 67 egitura finkotan finkatuta daude, 20 graduko gehieneko inklinazioarekin, hegoalderako orientazioarekin eta 3 inbertsorerekin. Biltegiratze-ahalmena 2.064 kWh izanen da.
Pinta Solar proiektuak 1.876 modulu fotovoltaiko ditu, 745 Wp-ko potentziakoak, eta lurrean sartutako bi ardatzeko 64 egitura finkotan finkatuta daude, 20 graduko gehieneko inklinazioarekin, hegoalderako orientazioarekin eta 3 inbertsorerekin. Biltegiratze-ahalmena 2.064 kWh izanen da.
Egiturek gutxi gorabehera 3 metroko tartea izanen dute elkarren artean, moduluek elkarri itzalik egin ez diezaioten lanean ari direnean. Kateak lurraren topologiaren arabera taldekatuko dira, eta bakoitza inbertsore bati konektatuko zaio. Kasu honetan ere 50 cm utziko dira libre lurreraino.
Eguzki-instalazioetatik instalazioak konektatuko dira korronte zuzena korronte alterno bihurtzen duen inbertsoretik lurzati berean dagoen Smart String biltegiratze-edukiontzi batera igaro ondoren. Energia sarera eramateko, hura babes- eta neurketa-zentroraino eramanen da, eta handik eginen da konexioa, teleaginteko ebakitze-zentro baten bidez, 13,2 kV-ko Milagro-Rincón 3. linearen 628. euskarrira. Ebakuazio guztia lurpean eginen da. Babes- eta neurketa-zentroa teleaginteko ebakitze-zentroarekin lotzen duen 13,2 kV-ko lurpeko linea 31 metro luze izanen da gutxi gorabehera, eta bi solairuetako ebakitze-zentrotik dagoen euskarriarekin lotzen den linea 13 metro luze izanen da.
Biltegiratze-instalazioetan 1.200 V-eko tentsio izendatuko edukiontziak egonen dira, 2,064 kWh-ko edukiera izendatukoak, 6,05 x 2,89 x 2,44 metrokoak eta 30 tonako pisukoak.
Sustatzaileak perimetroan hesia jartzea proposatzen du. Zinegetikoa izanen da, sarez egina. Hari bertikalen arteko tartea 30 cm-koa izanen da, tarte horizontala 14 cm-koa, garaiera 2 m-koa eta gutxieneko azpiko tartea 15 cm-koa, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera. Hesiak seinale islatzaileak izanen ditu, eta 10 metrotik behin saretan tartekatuko dira, hegaztien talkak saihesteko. Hesiaren ainguralekuak hormigoizko idulki batzuetara lotuta egonen dira. Zutoin batetik bestera 2,5 metroko tartea egonen da.
Instalazioen helburua da energia berriztagarria sortzea, eta baterien bidez biltegiratzearen helburua da sistema elektrikoaren sareari malgutasuna eta segurtasuna ematea.
Lurra prestatu aurretik, belar sastrakak garbituko dira, eta, gero, dagoen landare-geruza kentzeko lur gutxi batzuk mugituko dira. Barneko bideak eginen dira eraikinetara eta inbertsoreetara sartu ahal izateko. Bide horiek zabor-legar artifizialeko oinarria izanen dute.
Ezartzekoa den lurzatiak lur ureztatuko laborantzarako erabilera du egun, topografia laukoa. Bertara Bodega Romana izeneko ondoko industrialdetik sartzen da, landa-bideetatik.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta egin zaie Funesko Udalari eta zenbait talde ekologistari, baita eguzki-instalazio berriak eragindako lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko atalei ere (Ondare Historikoaren Zerbitzua). Legeak ezartzen duen epean ez da kontsulta horien erantzunik jaso. Salbuespen gisa, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak adierazi du instalazioek katalogatutako aztarnategi arkeologiko bati eragiten ahal diotela, eta aldeko txostena eman du, ukipen hori saihesteko baldintzekin.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskinaren irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ezta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere. Aragoi eta Argaren Beheko Tarteen KBEtik 3,7 kilometrora dago, gutxi gorabehera, "Azkoien-Funes" estepako abifauna kontserbatzeko "10" eremu kritikotik 3,8 kilometrora.
Ingurumen-gaiei buruz entregatutako dokumentuek barnean hartzen dute alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Irizpide anitzeko azterketaren ondotik, 3. alternatiba hautatu da, batez ere lurzoruaren okupazioan eragin txikiagoa duelako eta industrialdearen ondoan dagoelako.
Ebakuazio lineari dagokionez, alternatiba horrek linea lurpean eraikitzea dakar, hura baita beste batzuen aldean (aireko ebakuazio-lineak, kasu) eragin gutxien dakartzan modua. Aukeratutako alternatibak gutxieneko luzera du gainerako aukerekin alderatuta.
Entregatutako ingurumen-dokumentuen arabera, faunaren gaineko eraginik handiena eraikuntza-fasean izanen da, sortutako eragozpenengatik eta habitata kaltetu edo galtzeagatik, eta neurrizkotzat jotzen da.
Instalazioaren ezarpen-eremuaren morfologia laua da nagusiki, eta azalera txikia du; beraz, ahalik eta lur-mugimendu gutxien eginen lirateke. Horrek aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen lituzke, eta, ondorioz, geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua garrantzi txikikotzat edo hutsaltzat jotzen da, eraikuntzako eta ustiapeneko faseetan. Era berean, industrialdearen ondoko lurzatietan kokatuko da, beraz, ingurune hurbilak dagoeneko badu aldaketa handia. Horrek berresten du jarduketa-eremua hainbat bide- eta eraikuntza-azpiegituratatik hurbil dagoela, eta, beraz, interes handiko fauna- edo landare-komunitateak bertan egoteko aukera txikiagoa da.
Aztarnategi arkeologikoei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren azterketak "Funesko upeltegi erromatarrak" izeneko aztarnategi arkeologikoa baino ez du hautematen inguruan, proiektuaren eremutik 1,7 km-ra. Hala ere, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi du proiektatutako eraikuntzek katalogatutako aztarnategi arkeologiko bati eragin diezaioketela, zehazki, La Vega I aztarnategiari (kod.: 09-31-107-0019), 2. kategoriakoa, Funesko udalerrian kokatua, ETRS89 UTM30N koordenatuak:
x | y | x | y | x | y |
596881,57 | 4678202,03 | 596805,57 | 4678251,03 | 596834,57 | 4678299,03 |
596895,57 | 4678337,03 | 596985,57 | 4678291,03 | 596991,57 | 4678220,03 |
Ebro ibaiaren alubioi-terrazetako batean dagoen aztarnategi zabal horretan, hainbat lehengaiz egindako materialak biltzen dira (kuartzita, silexa, zeramika), hainbat kultura-etapatakoak. Besteak beste, errekarri landuak, karrakailuak, nukleoak, kolpekariak eta kuartzitazko harri-printzak dokumentatu dira, Behe Paleolitoaren eta Erdi Paleolitoaren artean koka daitekeen espazio horren lehenbiziko okupazio bati lotuak. Haiekin batera, silex-tailuen hondakinak eta zeramika manufakturatuaren zatiak ere katalogatu dira, gerora Eneolitoan eta Brontze Aroan leku hori okupatu izanaren erakusgarri.
Eguzki-hibridazio fotovoltaikoko "Funes Solar" instalazioa jartzeko proiektuak eragin zuzena izan dezake aztarnategi horretan, hegoaldeko muturra bere babes-bandari dagokion eremuaren barruan baitago (kanpoko ingurutik 50 m-ra). Balizko eragin hori dela-eta, txosten honetan baldintzak ezartzen dira, organo eskudunak jakinarazitakoarekin bat etorriz.
Efektu sinergiko eta metakorrak ebaluatuta, ingurumen-inpaktuaren azterketa nabarmentzen da ebaluatutako faktoreetan oso ondorio sinergiko eta metakor txikiak sortzen dituelako, baita proiektuaren kalteberatasunaren ebaluazioa ere, eta ondorioztatzen da inpaktu guztiak bateragarriak edo ez-esanguratsuak direla. Horrenbestez, ondorioztatzen da proiektuak kalteberatasun eta arrisku txikia duela hondamendi eta istripu larrien aurrean.
Atmosferaren, zarataren, uraren, lurzoruen, landarediaren, faunaren, paisaiaren, hondakinen eta isurien, azpiegituren eta zerbitzuen eta ondarearen faktoreetarako ezartzen diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarri ondoren, inpaktu guztiak bateragarritzat jotzen dira.
Proiektuaren balorazio orokorra, beraz, bateragarritzat jotzen da.
Azkenik, ingurumen-inpaktuaren azterketak ingurumen-jarraipeneko plan bat jasotzen du, gutxienez 5 urtekoa, aldez aurreko jarduketekin, egin beharreko obrak egiten diren bitartean, baita ustiapen-fasean eta desegite-fasean ere, eta kontrol gehienak eraikitze-fasean eginen dira, jarraipen-adierazle ugari erabilita.
–Ondorioa.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, entregatutako dokumentuak ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzen arabera.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Funesko udal-mugarteko 10. poligonoko 251 eta 252 lurzatietan Rancho Luna Power SLUk sustatutako "Funes Solar" 2,1 MW-eko eta "Pinta Solar" 2,21 MW-eko eguzki-hibridazio fotovoltaikoko instalazioak eta ebakuazio-azpiegiturak" proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen baitira, eta adierazten da ez dela beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
Zuinketa egiten den bitartean, zerrenda eta marka ikusgarriz balizatuko dira obrek ukitutako eremu guztiak. Balizazioa laborantzako lursailetan soilik eginen da, eta ezinbesteko gutxieneko azalera erabiliko da, landaredi naturalari eragin gabe (lurzatiaren hegoaldeko ezpondak). Obrako bide lagungarriak lehendik daudenak soilik izanen dira, edo balizatutako eragin-perimetroaren barruan egiten direnak.
–Zanga eta zapatetarako hondeaketa-lanetan eta obra lagungarrietan, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lurraren geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean erasanak guztiz ezinbestekoak diren eremuei soilik eragiteko moduan eta lur-mugimenduak ahalik eta txikienak izan daitezen.
–Lurra berdintzeko lanik egin behar bada (bideak egiteko, kasu), ez dute sortuko 2 metro baino gehiagoko lur-erauzketarik edo lubetarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta betelanen ezponden gainean gutxienez landare-lurrezko 30 cm-ko geruza jarriko da.
–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak nekazaritzako eremuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredi naturalak estalitako eremuetan.
–Behar bezala leheneratu beharko dira lanek aldatutako eremu guztiak, barnean harturik bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondotik utziko ez diren trazak, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze-lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako lurrak harrotzea.
–Ukipen handiagoa ekidite aldera, perimetroko hesia zutoinen bidez bakarrik ainguratuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik gutxienez 20 cm-ra altxatuta. Hesia sare zinegetiko deritzon motakoa izanen da; ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izanen, eta ez da txarrantxarik erabiltzen ahalko inolako kasutan. Plakak jarriko dira hesian hegaztiek talka egin ez dezaten.
–Moduluei eusten dieten egitura finkoak zuzenean finkatuko dira lurrean, zuzenean iltzatuta, lurzorua aldatu gabe.
−Ukitutako eremuek belar-estalki bat izan beharko dute. Horretarako, eguzki-instalazio fotovoltaikoak ukitutako gainazaletan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, bertako belardiko hazien nahasketa bat ereinen da; haziek egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Ereintza egiteko, ahalik eta mantentze-lan txikiena eskatzen duten eta klimara eta eremura egokituta dauden espezie autoktonoak erabiliko dira.
–Obrak bukatu eta hurrengo 6 hilabeteetan landareztatu beharko da.
Plaken ezarpen-eremuko landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasiak makineriaz garbitzea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra-hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.
–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
−Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko litzateke, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.
−Instalazioa konektatzeko berritu beharko den konexioko euskarrian, abifauna ez elektrokutatzeko beharrezkoak diren prebenitzeko neurri egokiak hartuko dira.
−Elektrokuzio-arriskua minimizatzeko, lehendik dagoen euskarria egokitzeko jarduketek, zeina lurpera deribatuko baita, honako hauek bete beharko dituzte: Konexioko euskarria berritu eta isolatu egin beharko da, eta gutxienez 1 m-ko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babes- edo maniobra-elementuak alderantzikaturik paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Era berean, debekatuta dago posizio horizontalean jarritako ageriko ebaketa-ebakigailuak eta -etengailuak instalatzea.
−Nolanahi ere, isolatu eginen dira tentsio-elementuen arteko lotura zubiak, bai eta ebakigailuak, autobalbulak eta konexio-botilak ere. Isolatzeko erabiliko den materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Debekaturik dago silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.
–Argiztapenik baldin badago, ezinbestekoa denera mugatuko da; ahal bada, ekidinen da, eta ahaleginak eginen dira argi-puntuak urrun egon daitezen talka egiteko arriskua dagoen eremuetatik (hesiak, tenkagailuak, aireko linea elektrikoak eta abar). Argi-kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira pantailatuak.
–Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko du.
–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.
−Ondare Arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, kontuan hartu beharko dira Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak igorritako txostenean ezarritako baldintza hauek:
- Jarraipen arkeologiko intentsiboa egin beharko da belar-sastrakak kendu eta lurrak berdintzeko prozesuan, modulu fotovoltaikoen zimenduak jartzean, perimetroko hesia jartzean eta ebakuazio-azpiegituren zangak irekitzean.
- Jarraipen arkeologiko intentsiboa, legeak hala aginduta, teknikari arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek egin beharko du, proiektuaren sustatzailearen kontura. Haren arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren administrazio-baimena beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen-lana Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagokio (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.
- Nolanahi ere, jakinarazten da obra egin bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen duela horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion kalte guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru-lege horren 101.h artikulua aplikatuta.
- Aztarnategi arkeologikoak, bai aurkitzen direnak bai lehendik daudenak, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatu eta sartu/aldatu beharko dira, SIGIAN plataformaren bidez.
–Ebakuazio-linea guztiak lurpekoak izanen dira, zulatuko diren zanga berriak baliatuta.
–Drainatze-sarea diseinatzeko, kontuan hartu beharko da ez ditzala aldarazi topografiaren ondoriozko hustubide naturalak eta lurzatiko aldizkako ibilguen eta jarioen hustubideak.
−Ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatutako prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita Ingurumena Zaintzeko Planean jasotakoa ere.
–Ustiapen-aldia bukatzean, eguzki-instalazioak ukitutako eremuko landaredia leheneratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira; hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira, eta landare-estalkia leheneratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen-ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Tuterako barrutiari (gmatudela@navarra.es) eta 948 847 033 edo 609 904 957 telefonora deitu.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako barrutia), Funesko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2613656
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
