1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1131E/2026 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren adierazpena ematen duena proiektu honetarako: Cadreitako udal-mugarteko Cuartochico parajean 1.910 aratxerendako gizendegi bat instalatzea. Ganados Jiménez Cambra SL enpresak sustatu du Cadreitako udal-mugarteko Cuartochico parajean.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta abiatu beharrez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2025eko abenduaren 9an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zion Ganados Jiménez Cambra SL enpresak sustatutako proiektua, Cadreitako Cuartochico parajean 1.910 aratxerendako gizendegi bat instalatzeko.
Proiektatutako edukiera handiko aratxe gizendegiak (849,5 AzLU) aurreikusten du kanpoan ariketa egiteko lau patio eraikitzea, teilapeko estalkiekin, ura biltegiratzeko putzu bat, beste bat lixibiatuak biltegiratzeko, simaurtegi bat eta biltegietarako estalkiak eta beste instalazio osagarri batzuk.
Azaldutako ezaugarriak direla eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko A) apartatuko 5. zenbakian sartzen da. Beraz, lege horretan ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.
Proiektua Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen I. eranskineko 10. taldean, 17. puntuan, ere jasota dago, eta, beraz, ingurumen baimen bateratuaren araubidearen mende dago.
–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea.
2024ko abenduaren 24an, sustatzaileak ingurumen-baimen bateratua eskatu zion organo substantiboari, alegia, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, eta oinarrizko proiektua eta dagokion ingurumen dokumentua erantsi zituen.
2025eko urtarrilaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, kontsulta egin zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidearen barruan. Azken horrek txosten bat egin zuen 2025eko martxoaren 10ean, eta, bertan, proposatutako kokalekuaren gainean aurreikus daitezkeen ingurumen eraginak azaldu zituen; izan ere, proiektuak instalazio berriaren inguruan dagoen Cavar parke eolikoan ezbehar-tasa handitzea eraginen duela uste da, eta ariketa egiteko patioak eta azienda aire zabalean elikatzekoak abifauna erakartzeko foku bat direla. Era berean, izapide horretan, Sustrai Erakuntza Fundazioak erantzun zuen, interesduna den aldetik; erantzunaren edukia aurrerago jaso da.
Parke eoliko horrek, funtzionatzen hasi zenean, ezbehar-tasa handia izan zuen, eta Nafarroako Arartekoaren aldetik galderak eragin zituen. Sustatzaileak arazoa aztertu ondoren, egiaztatu zen, besteak beste, eremuaren abeltzaintza-kudeaketa zela arazoaren jatorria. Parke eolikoaren sustatzaileak prebentzio neurri ugari ezarri zituen parke eolikoan abifauna nekrofagoaren gaineko eragina maila onargarrietara minimizatzeko, gaur egun funtzionatzen duen bezala.
Prozedura hori alde batera utzita, sustatzaileak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari Cadreitako Valdecardera parajean alternatiba bat bideragarria ote zen galdetu zion. Alternatiba horrek ingurumen organoak jakinarazitako arazo bera zuen, Cavar parke eolikoko haize-sorgailuetatik gertu zegoelako.
2025eko ekainaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak beste kontsulta bat helarazi zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, 2025eko martxoan informatutako ingurumen inpaktuaren azterketari buruz, eta titularrak aurkeztutako dokumentazio osagarria erantsi zuen. Horrela, jendaurreko informazioaren izapideei hasiera eman zitzaien (2025eko uztailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 145. zk., 30 egun), bai eta 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluak betez ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapideari ere.
Jendaurreko aldi horretan, Renovables de La Ribera SL merkataritza-sozietatearen alegazioak erregistratu ziren (Cavar parke eolikoaren operadorea), bai eta Sustrai Erakuntza Fundazioarenak ere (2025eko urtarrileko kontsultan egindako adierazpena luzatu zuen), eta fundazio horren adierazpenari atxiki zitzaion partikular batenak.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, 2025eko urriaren 7ko txostenean, berretsi zuen, jardueraren ezaugarriak eta kokapena aldatu ez zirenez, proiektuak ezin zuela aldeko ingurumen txostenik lortu abifaunaren gaineko inpaktu sinergikoagatik, Cavar parkea hurbil dagoelako eta haize-sorgailuetako batzuek istripu-tasa handiak dituztelako.
Txosten horretan, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak adierazi zuen abeltzaintza-instalazio horien erakartzeko ahalmena egiturazkoa dela, elikagaiak eskuragarri egonen direlako eta gorozkiak aire zabalean pilatuko direlako, ez bakarrik abeltzaintzako bajak; izan ere, azienda aire zabaleko ariketa-patioetan elikatuko eta mugituko da, eta horrek hegazti eta kiropteroentzako erakarpen kritikoko foku bihurtuko ditu instalazioak. Ondorioz, atal horrek berretsi zuen, ingurumen inpaktuaren aldeko ebaluazioa lortzeko, parke eolikotik urrun dauden alternatibak aukeratu behar direla, edo, ezinezkoa bada, azienda aire zabalean ez dagoen kudeaketa ezarri behar dela.
Ohar hori bat dator Renovables de La Ribera merkataritza-sozietateak jendaurreko aldian alegatutakoarekin; sozietate hori Cavar parke eolikoaren titularra da. Alegazioak azaltzen duenez, katalogatutako fauna hurbil dagoenez, adostasun teknikoaren arabera, proiektuaren bideragarritasunak eskatuko luke "azienda nabe motako ukuiluetan edukitzea, animalientzako kanpoko parkerik gabe [...] Era berean, minda silo itxi batean biltegiratu beharko litzateke".
Jendaurreko informazioaren prozesuan egindako alegazioan, Renovables de la Ribera SL merkataritza-sozietateak adierazi zuen proiektatutako instalazioa titularra den Cavar-3A haize-sorgailuetatik oso hurbil dagoela, eta proiektua kokatzeko aurreikusitako eremua Errege Bardea naturagunea habiak egiteko eta bizitzeko lehentasunez erabiltzen duten hegaztiek okupatzen dutela. Beraz, "parke eolikoa hesi bat da egungo habitataren eta proiektatutako baserriaren artean, eta horren barrualdera erakar daitezke". Adierazi zuen inpaktuari buruzko azterketaren dokumentazioan aipatzen dela sai arrea, miru gorria, miru beltza eta sai zuria direla, besteak beste, abeltzaintza-ustiategi mota horrek erakartzen dituen hegazti sarraskijale ohikoenak.
Bestalde, Sustrai Erakuntza Fundazioak formazko akatsak azaldu zituen; izan ere, ez da proiektua baimentzeko dokumentazio nahikoa aurkeztu eta inpaktuari buruzko azterketan benetako alternatibak aztertzea falta da. Ingurumen alderdiak irizpide ekonomikoen eta egokitasun-irizpideen mende daude, eta ez da kontuan hartzen jarduerak izanen lituzkeen sinergia- eta metatze-inpaktuen pisua, Natura 2000 Saretik eta Cavar parke eolikotik hurbil egoteagatik.
Fundazio horrek adierazi duenez, funtzionamenduan dagoen parke eolikoaren ingurumen inpaktua, ziurrenik, areagotu eginen da abeltzaintza-ustiategia ezartzen denean, Ebroko ardatzaren eta Errege Bardearen artean baitago. Halaber, Sustrai Erakuntzak adierazi du sustatzaileak aurkeztutako azterlan ornitologikoak egiaztatu duela hegazti asko daudela, espezie babestuak barne. Azkenik, azaldu da Cadreita udalerria "2. zona: Ebro-Aragoi" gisa katalogatuta dagoela, eta beraz nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremua dela. Horrek sortutako minda behar bezala kudeatzea oztopatuko luke.
Azkenik, 2025eko abenduaren 9an, 21/2013 Legearen 39. artikuluaren babesean, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera formala egin zion Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, eta organo horrek espediente osoa bidali zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.
Instalazioa Cadreitako Valcardera ENSko eremu ureztagarriko 4. poligonoko 1557., 1558., 1559. eta 1560. lurzatietan egitea planteatzen da, Ebro ibaiaren alubioi-lautadaren eta Bardeako zabalgunearen arteko ezpondako terraza baten zati baten gainean. Eremuak, iparraldean eta hegoaldean, landaredi naturala duten sakanek modelatutako bi ibarbide ditu. Ekialdean, Cavar parke eolikoa dago, 5 lerrokaduratan ezarritako 32 haize-sorgailuz osatua eta aurreikusitako instalazioetatik 700 eta 3.100 metro arteko distantziara.
Ustiategia haragitarako behi-azienda hazi eta gizentzeko erabiliko da. Horretarako, 5-6 hilabete arteko aratxe zezenkoak ekarriko dira beste ustiategi batzuetatik, eta lotetan banatuko dira ariketa-patioetan. Azienda aske ibiliko eta elikatuko da, dena barnean, dena kanpoan kudeaketa-sistema batekin. Instalazioak ura biltegiratzeko 7.800 m3-ko putzu bat,lixibiatuak biltegiratzeko 9.000 m3-ko putzu bat, 2.000 m2-ko simaurtegi bateta elikadura-siloetarako biltegi estaliak eta beste instalazio osagarri batzuk barne hartzen ditu. Gorpuak baimendutako kudeatzaile bati emanen zaizkio, berak kudea ditzan.
Elikadura-eremua eta aziendaren egonlekuak eta igarobideak iragazgaiztea eta estali gabeko eremuetako urak lixibiatuen putzu batean biltzea proiektatu da. Abifaunari dagokionez, zuzenketa-neurri gisa, proiektuak hegaztiak ustiategian sartzeko disuasio-sistema bat instalatzea ezarri du, adimen artifizialarekin lagundutako kamerak erabiliz eta laser-sorta igorriz, ihes egitea eragiteko.
Ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioak honako hauek barne hartzen ditu: ingurumen inpaktuaren azterketa, parke eolikoen arau- eta baimen-alderdiak aztertzen dituen eranskin batekin batera; albaitaritza azterketa bat, instalazio motaren funtzionamendu-baldintzak deskribatzen dituena, eta azterketa ornitologiko bat, proiektuaren eremuan abifaunaren presentzia identifikatzen duena, katalogatutako hainbat espezie barne hartuta. Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren 2025eko irailaren 7ko txostenari erantzunez, eranskin bat aurkeztu du, Opttixia&iChase sistemaren eraginkortasuna deskribatzen eta azaltzen duena: "Hegaztiak adimen artifizialaren bidez detektatzeko eta uxatzeko sistema integratua".
Azterketa ornitologikoa albaitaritza azterketan oinarritzen da, eta ondorioztatzen du jarduerak ez duela fauna nekrofagoa erakarriko, ez baita animalia-ehunen hondarrak utziko dituen ugalketa-faserik (erditzeak eta plazentak) egonen, eta mota horretako abeltzaintzaren heriotza-tasa txikia delako (heriotza-tasa urtean % 1,7 eta % 2,5 artekoa izatea aurreikusten da).
"Hegaztiak adimen artifizialaren bidez detektatzeko eta uxatzeko sistema integratua" deskribatzen duen dokumentuak, azienda aire zabalean ibiltzeko eta elikatzeko neurri zuzentzaile gisa planteatutakoa, ez du abeltzaintza-instalazioetan aurretiaz izan duen funtzionamenduari buruzko esperientzia egiaztaturik barne hartzen. Proiektuaren dokumentazioak berak onartzen du ez dagoela datu enpirikorik abeltzaintza-instalazioetan duen benetako eraginkortasunari, baldintza operatibo egokiei edo faunak esparruaren ingurunean duen portaerari buruz. Era berean, ez da egiaztatu sistema bideragarria denik aziendarekin batera; izan ere, fabrikatzailearen zehaztapen teknikoen arabera, sistemaren beraren ustekabeko esposizioetatik babestu behar da.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ondorioztatu du sustatzaileak azkenean aurkeztutako proiektuak ez duela ingurumenaren aldetik bideragarria den eta Cavar parke eolikoan abifaunaren talken ondoriozko heriotza-tasa ingurumenaren aldetik onargarriak ez diren mugetaraino ez handitzea bermatzen duen alternatibarik jasotzen. Sustatzaileak ez du kontuan hartu proiektuak lehendik dagoen parke eolikoari gehitzen dion eragin sinergiko metagarria, eta jendaurreko aldian aurkeztutako eskakizun teknikoak eta alegazioak baztertu ditu. Horren ordez, kontsulten izapidearen hasierako kokapena eta instalazioak berriz proposatu ditu, eta ustezko murrizketa arauemaile, ekonomiko eta materialetan oinarritzen da ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak aztertzeko, bai kokapenari dagokionez, bai abeltzaintza-kudeaketari dagokionez, parke eolikoaren sustatzaileak bere alegazioetan adierazi zuen bezala.
Proiektuaren inpaktu arrisku kritiko hori, espezie mehatxatuei eragiteagatik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ohartarazi zuen 2025eko martxoaren 10eko eta urriaren 7ko txostenetan, bi kontsulta aldietan. Abifauna ustiategira sar ez dadin proposatutako neurri teknikoari dagokionez, badakigu sustatzaileak proposatutakoaren antzeko sistemek ("Hegaztiak adimen artifizialaren bidez detektatzeko eta uxatzeko sistema integratua") ez dutela funtzionatzen planteatutako helburuetarako, duela gutxi Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Kongresu Nazionalean azaldu den bezala (Toledo, 2026ko maiatza). Hegaztiak detektatzeko eta uxatzeko sistemak ez du, berez, instalazioaren erakartzeko ahalmena aldatzen; izan ere, instalazioan azienda eta elikagaiak egonen dira hegazti eta kiropteroentzat, eta, beraz, ez litzateke espezie horiek bertara joatea saihestuko, ezta hiltzeko kausa nagusia ere: parke eolikoak okupatutako espazioa zeharkatzea, alegia.
Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren argudioez gain, eta, zehazki, sai zuriaren kasuan, duela gutxi egindako "Sai zuriaren (N. pernocterus) irrati-jarraipen telemetrikoa Nafarroako Erriberan (2025).–Sai zuriaren irrati-jarraipen telemetrikoa Cavar parke eolikoak ukitutako lurraldeetan (Nafarroa)" azterlanak kaltebera kategoriarekin katalogatutako espezie horrek behi-aziendako ustiategi irekietan elikatzeko duen joera identifikatzen du, aire zabalean elikagaiak eta gorozkiak daudela aprobetxatuz.
Adierazi behar da ebaluazioa espezie babestuei eragin dakiekeen kaltean oinarritu dela. Espezie horien artean sartzen dira "galzoriko" edo "kaltebera" kategoriako espezieak, hala nola miru gorria, sai zuria, arrano beltza, zingira-mirotza, bai eta espezie basati babestuen zerrendan sartutako zenbait kiroptero espezie ere.
Azpimarratu behar da, espezie mehatxatuak babesteko legezko erantzukizuna eta betebeharra ezarrita dagoenez, parke eolikoen funtzionamenduaren jarraipenari aplikatzen zaizkion prebentzio-neurriek gelditzeko betebeharra ezartzen dutela, bai eta hilkortasun-tasa handia eragiten duten haize-sorgailuak kentzeko aukera ere, energia berriztagarriaren ekoizpenaren galera ekarriz. Ingurumen inpaktuaren ebaluazioak kontuan hartu du abeltzaintza-instalazioen ezarpenaren eta biodibertsitatearen babesaren eta energia berriztagarriak sortzearen bidez ekonomia deskarbonizatzeko lehentasunen arteko gatazka prebenitzeko beharra.
Deskribatutako sinergia-inpaktuaren garrantzia dela eta, ez da jardueraren beste inpaktu ebaluatu batzuen inguruan oharrik egin, hala nola ur-hornidura, hornidura elektrikoa, lurzoruaren okupazioa edo lur-mugimenduak. Horiek irizpen honen mende daude. Gaineratu behar da ingurumen ebaluazioaren prozesu honetan txertatu eta kontuan hartu direla jendaurreko aldiko alegazioetan azaldutako gogoetak.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren analisi teknikoa egin ondoren, ondorioztatu du behar bezala egin dela ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura. Sustatzaileak baztertu egin du instalazioa beste kokapen bideragarri batean jartzea, baita bestelako irtenbide teknikoak ere, hala nola azienda ukuiluetan edukitzea eta gorozkiak barneko esparru itxietan kudeatzea basafauna erakartzea saihesteko; beraz, egiaztatutzat jotzen da ezen, neurri zuzentzaile eraginkorrik proposatu ez denez, proiektuak eragina izan dezakeela Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen II. eta IV. eranskinetan sartutako espezie katalogatuetan, eta, horregatik, ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena egitea proposatzen da. Erabaki hori hartzeko, kontuan hartu da ustiategiak Cavar parke eolikoko ezbehar-tasan izanen lukeen eragin sinergikoa, bai eta horri aurka egiteko energia berriztagarriaren ekoizpenaren ustezko galera ere.
Azaldutakoarekin bat etorriz, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak proposatuta, eta 11/2019 Foru Legeak, martxoaren 11koak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, eta 44/2026 Foru Dekretuak, ekainaren 24koak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duenak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Cadreitako udal-mugarteko Cuartochico parajean 1.910 aratxerendako gizendegi bat instalatzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena egitea, ebazpen honetan azaldutako arrazoiengatik. Proiektua Ganados Jiménez Cambra SL enpresak sustatu du Cadreitako udal-mugarteko Cuartochico parajean.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Basozaintzari, Tuterako Koordinazio Unitateari, Cadreitako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA
Kokapen planoa.

Instalazioen planoa.

Iragarkiaren kodea: F2613325