1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1126E/2026 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Israel Pérez Aicuak sustatutako txerri gizendegia 5.212 tokira arte handitzeko (625,44 AzLU) proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten baita.
Proposatzen den handitzearen ezaugarriak kontuan hartuta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko a) 3. epigrafean sartuta dago, eta, beraz, nahitaezkoa da ingurumen inpaktuaren ebaluazio-prozedura egitea eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, administrazio-baimena eman aurretik, hori guztia aipatu arauaren 33. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Sustatzailea 2.712 tokiko txerri gizendegi baten titularra da. Ustiategi hori Caparrosoko udal-mugarteko 6. poligonoko 330. lurzatian dago (lehen 490. eta 491. lurzatiak).
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 3ko 387E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua, lurzoru urbanizaezineko baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eman zitzaizkion jarduerari.
1. Prozeduraren tramitazioa.
2022ko uztailaren 21ean, sustatzaileak deskribatutako proiekturako administrazio-baimena eskatu zuen. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak (gaur egun Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), organo substantibo gisa, 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraiki, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri zituen 30 egunez, eta iragarkia 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2023ko martxoaren 28an.
37. artikuluari jarraiki, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, organo substantiboak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien (hamabost kontsulta egin ziren, zehazki).
Aldi horretan, bi alegazio jaso ziren Sustrai Erakuntza Fundazioaren eta Julia Marina Goñi Montero andrearen aldetik, eta sei txosten jaso ziren Abeltzaintza Zerbitzuaren, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren, Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalaren, Ingurumen Inpaktuko Atalaren, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aldetik.
2023ko irailaren 14an, sustatzaileak ingurumen baimen integratuaren funtsezko aldaketa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta izapidetzen hasteko eskaera aurkeztu zuen, eta dagokion dokumentazioa igorri zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura.
Organo eskudunak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondotik, 2023ko irailaren 26an, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera bidali zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari (gaur egun Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua).
2. Proiektuaren laburpena.
Proiektuaren xedea da txerri gizendegia handitzea, 2.712 tokitik 5.212 tokira, Caparrosoko (Nafarroa) 6. poligonoko 330. eta 492. lurzatietan. Horretarako, bi abeltzaintza-nabe berri eraiki behar dira, azienda kopuru handitua ustiategian sartzeko.
Gaur egun, baserriak honako eraikin eta azpiegitura hauek ditu:
- 1. nabea (1.278,2 m2), gizentzeko 1.560 toki hartzeko edukierarekin.
- 2. nabea, bi eremutan banatuta: bata 1.152 txerrirendako (933,85 m2), eta bestea lanabesak gordetzeko (157,44 m2).
- Sartzeko lokala: 1. nabeari atxikia, 19,7 m2-koa, eta lokal teknikoa, 1. nabearen ondoan kokatua, 17,6 m2-koa.
- Minda-putzua, 3.200 m3 biltegiratzeko edukiera erabilgarrikoa.
- Ur-biltegia, 165 m3-koa, eta kloragailua, 8,0 m3-ko edukierakoa.
Handitzeko, honako hauek eraiki beharko dira:
- 3. eta 4. nabeak: berdinak izanen dira, eta 1.355,7 m2-ko azalera izanen dute. 1.250 gizentze-toki izanen dituzte.
- Karga-nasa: nabe berrien aurrealdean.
- Siloak: lau silo berri instalatuko dira (bi nabe bakoitzeko).
- 1. lokal teknikoa eta 2. lokal teknikoa. Eguzki-plakak izanen ditu galdara elikatzeko.
- Ur-putzua: 1.141,50 m3-ko edukiera izanen du, lurrean induskatuko da eta EPDM edo antzeko materialezko xafla batekin iragazgaiztuko da. Instalazioen iparraldeko ubidetik datorren ura jasoko du.
Urari dagokionez, kalkulatu da urtean 10.300 m3 kontsumituko direla guztira (618 m3/urteko garbiketa-ura eta 9.682 m3/urteko animaliek kontsumitutako ura). Ura Bayunga Ubideko Ureztatzaileen Erkidegoko ureztatze-ubidetik dator, Aragoi ibaiaren ureztatze-sistemaren barruan. Sustatzaileak adierazi du handitzearen beharrak betetzeko emakida handitu beharko dela. Horniduraren mantentze-lanen edo akatsen aldietan hornidura bermatzeko, ura biltegiratzeko putzu bat eraikitzea aurreikusten da, erreserba gisa.
Abeltzaintza-gorozkiak kudeatzeari begira, Simaurra Kudeatzeko Plana erantsi da. Plan horretan adierazten da zer sorotan aplikatuko den minda ongarri organiko gisa, zehazki, Caparroso, Errege Bardea eta Azkoiengo udal-mugarteetako lurzatietan (Nafarroa), aplikatu beharreko baldintzak betez. Minda modu lokalizatuan banatzeko hodi esekien sistemaren bidez aplikatuko da. Horrek banaketa uniformea bermatuko du eta lurrunketa bidezko nitrogeno-galerak minimizatuko ditu, aplikatutako dosia behar bezala doitzea ahalbidetzeaz gain.
Sustatzaileak adierazi du handitzeak ez duela minda-putzua aldatzea ekarriko, behar adinako edukiera baitu. Minda-hodiak lurperatutako PVCzkoak izanen dira, eta, beraz, ez da euri-uren kutsadurarik eraginen, ezta ustiategia dagoen lursailarena ere.
Eraikinetako euri-urak zuzenean lurrera isurtzen dira, eta ez da horiek husteko sarerik aurreikusten.
Ustiategiak sarbidea eta hornidura ditu aireko linea elektriko baten bidez, lurzatiko transformadore baten bidez.
Egungo okupazioak eta proposatutako handitzeak mendebaldean eta hegoaldean "Pasada 9" abelbidearekin egiten dute muga. Abelbide horrek natura-balio handiko zuhaixka-larreen zerrenda bat du, eta ingurumen-intereseko faktore garrantzitsuena da. Azken urteotan, jarduerarekin lotutako ibilgailuen joan-etorriak eragin dio. Egoera hori baimendutako baldintzen kontrakotzat jo behar da, ez baitago baimenduta instalazioetara bide hori erabiliz sartzea.
3. Dokumentazioaren eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren azterketa teknikoa.
Handitu nahi den ustiategia "Aragoi ibaiaren isuri-arroa, Zidakos ibaitik Arga ibairaino" (kodea: ES091421) eremuan dago, ES091MSBT049 "Ebro Aragoiko alubiala: Lodosa - Tutera" lurpeko ur-masaren eremuaren barruan. Egiaztatu da bai instalazioa, bai Caparroso eta Azkoiengo udal-mugarteetan kokatutako lurralde-planeko minden lurzati hartzaileak nekazaritzako nitratoez kutsatzeko "Ebro-Aragoi" eremu kalteberaren barruan daudela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan eremu horietarako ezarritako mugaketaren arabera. Agindu horren bidez, nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak berrikusten dira eta 2018-2021 aldirako jarduketa programak aldatzen dira.
Lurpeko ur-masa horrek (ES091MSBT049) egoera kuantitatibo "ona" du, joera piezometriko egonkorrarekin, baina egoera kimiko "txarra" du; beraz, egoera globala (2019. urterako) "txarra" da, nitratoen (≤ 50 mg/L) eta substantzia aktibo pestiziden (≤ 0,1 μg/l) kontzentrazio handia baitu.
Arroko erakundeak, ukitutako administrazio publikoei egindako kontsulta izapideari dagokionez, 2023ko apirilaren 28ko erantzun-txostenean adierazi du abeltzaintza-ustiategian sortutako mindek eragina dutela lurpeko ur-masaren kutsadura lausoan, eta bereziki kritikotzat jo du simaurren kudeaketa, alegia, baserriaren inguruko soroetan ongarri gisa aplikatzea, nitrogeno-karga handitzea ekarriko baitu.
Gainera, jakinarazi du nekazaritzako nitratoek eragindako kutsadura-arazo handienak dituzten eremuak izapidetzen ari den proiektuaren barruan daudela; izan ere, instalazio berriak, bai eta mindak edo simaurrak aplikatzen diren lurzatietako batzuk ere, nitratoez kutsatzeko arriskua duen eremu batean daude, urteko batez besteko kontzentrazioa 60 mg/l edo handiagoa duen lurpeko ur-masa batean, eskuragarri dauden datuen arabera. Beraz, ondorioztatu du, bere eskumenei dagokienez eta ingurune hidrikoan izan ditzakeen eraginei dagokienez, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai esleituta dituen funtzioen ikuspegitik (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua), jarduerak uren kalitatea kaltetzeko arrisku handia duela, "Ebroko alubiala: Lodosa-Tutera" (ES091MSBT052) lurpeko ur-masaren nitrato kopuru handiak direla eta. Beraz, urtarrilaren 18ko 47/2022 Errege Dekretuaren 8.4 artikuluarekin bat etorriz, proiektuaren aurkako txostena ematen du, ur-masen gaineko eraginagatik eta Ebroko Plan Hidrologikoaren ingurumen-helburuak betetzearekin bat ez etortzeagatik.
Ingurumen Ebaluazioaren Atalak egiaztatu du proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazioa izapidetzean aurkeztutako dokumentazio berriak ez duela jasotzen arroko erakundearen aurkako txostena eragin duten alderdi kritikoak ebazteko irtenbide alternatiborik, atal honek ukitutako administrazio publikoei egindako kontsulten izapidean emandako 2023ko maiatzeko txostenean eskatu den bezala. Hain zuzen, sustatzaileak organo eskudunari 2022ko ekainean aurkeztutako dokumentu bera da, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren aurreko fasean.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi du ingurumen inpaktua ebaluatzeko prozedura behar bezala egin dela, eta ondorioztatu du, proiektuaren ingurumen inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondoren, 21/2013 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako txostenak kontuan hartuta, jasotako alegazioez gain, proiektuak, abeltzaintza-jarduera garatzean, ondorio kaltegarriak izanen dituela ingurumenean, eta, bereziki, "Ebroko alubiala: Lodosa-Tutera" lurpeko ur-masan. Beraz, ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena egitea proposatzen du.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena egitea, ebazpen honen azalpen zatian zehaztutako arrazoiengatik, Israel Pérez Aicuak sustatutako proiektuari buruz, zeinaren xedea baita txerri gizendegia 5.212 tokira arte handitzea (625,44 AzLU).
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota proiektua onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalari eta basozainei (Tuterako demarkazioa) jakinaraztea.
Iruñean, 2026ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2613256