Iragarkia
218. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
150E/2026 FORU AGINDUA, urriaren 2koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko tituludunentzako prestakuntza beka baterako deialdia onesten duena, onuradunak ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezan kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen gainean, lesioen prebentzioaren gainean eta jarduera fisikoak osasunarekin duen loturaren gainean. Prestakuntza hori Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan eginen da. DDBN kodea: 933659.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 73.1 f) artikuluan Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eginkizun hau ezartzen da, beste batzuen artean: kirol medikuntzaren arloko ikerketa eta prestakuntza sustatzea.
Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, proposatu du zentro horretan egonaldi beka baterako deialdia onestea; beka unibertsitate tituludunei zuzenduta dago, ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezaten kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen gainean, lesioen prebentzioaren gainean eta jarduera fisikoa praktikatzearen gainean. Laguntzaren iraupena, gehienez ere, 2027ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitartekoa izanen da, berritzeko aukerarik gabe.
Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren bidez, ohartu da beharrezkoa dela programa batzuk abian jartzea graduatu ondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa eskaintzeko kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen aplikazioaren arloan, lesioen prebentzioaren arloan eta jarduera fisikoaren praktikaren arloan (osasunarekin duen loturari dagokionez). Horregatik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien arloko prestakuntzarako laguntza programa honen deialdia egin da.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,
Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskumenak,
AGINTZEN DUT:
1. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan aritzeko prestakuntza beka baterako deialdia eta hura emateko oinarri arautzaileak onestea. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko unibertsitate tituludunei zuzenduta dago beka, ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezaten kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen gainean, lesioen prebentzioaren gainean eta jarduera fisikoak osasunarekin duen loturaren gainean. Bekaren iraupena 2027ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.
2. Gehienez 15.780 euroko gastua baimentzea guztira. Zenbateko horretatik, 14.465 euroko gastua (hamalau mila laurehun eta hirurogeita bost euro) "Kirol ikerketarako bekak" izeneko A50003 A5200 4809 336105 aurrekontu-partidaren kargura ordainduko da, edo 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, eta 1.315 euro (mila hirurehun eta hamabost euro) 2028rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura. 2027ko eta 2028ko ekitaldietatik bakoitzerako proposatzen den guztirako gastuan 65 euro sartu dira hilero Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko.
Nolanahi ere, beka emanen da baldin eta horretarako kreditu nahikoa eta egokia badago bekaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak. Gainerako eranskinak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren bulegoetan eskuratzen ahalko dira.
4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko urriaren 2an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO GOBERNUKO KIROLAREN AZTERLAN, IKERKETA ETA MEDIKUNTZAKO ZENTROAN ARITZEKO PRESTAKUNTZA BEKA BAT EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Helburua.
Bekaren helburua da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan arituz ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezaten kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen, lesioen prebentzioaren eta jarduera fisikoak osasunarekin duen loturaren gainean. Hona hemen bekaren onuradunak eskura ditzakeen ezaupideak eta prestakuntza:
1.1. Ariketaren fisiologiari eta jarduera fisikoaren eta kirolaren biomekanikari buruzko ezagutza jasotzea eta neurtzeko teknikak ikastea, besteak beste honako hauen gainean:
1.1.1. Gorpuzkera neurtzea balorazio antropometrikoaren bidez.
1.1.2. Erresistentzia aerobikoa neurtzea, zehazki:
1.1.2.1. Gehieneko potentzia aerobikoa zehaztea.
1.1.2.2. Gaitasun aerobikoa zehaztea, zuzeneko metodoen bidez (laktatoaren odol-kontzentrazioa zehaztuz) eta zeharkako metodoen bidez.
1.1.3. Gaitasun anaerobikoa zenbatestea.
1.1.4. Indar muskularra neurtzea, zehazki:
1.1.4.1. Indarra-abiadura erlazioa, indar esplosiboa eta horren aktibazio neurala zehaztea.
1.1.4.2. Indarra zehaztea, luzatze-laburtze zikloarekin lotua.
1.1.5. Abiadura neurtzea.
1.1.6. Ingestio dietetikoa kuantifikatzea, metodo ezberdinak erabiliz.
1.1.7. Kirol entrenamenduaren eremuan neurketak (landako testak) egiten ikastea eta halakoak egitea, bai kirolariei, bai eta, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bitartez, osasunera bideratutako ariketa fisikoko programetan parte hartzen duten pertsonei.
1.2. Nutrizio arloko ebaluazioak egiteko teknikak ikastea (antropometria, dietaren azterketa, gastu kalorikoaren azterketa, banakako dietak diseinatzea).
1.3. Kirol lesioak prebenitzearekin eta berregokitzearekin zerikusia duten alderdiak ikastea.
1.4. Kirol entrenamenduaren plangintzaren oinarri zientifikoei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoa jasotzea.
1.5. Asistentzia-zerbitzuak ematea bateko edo besteko patologiak dituzten herritarren osasun egoera hobetzera bideratutako ariketa fisikoko programetan. Programako parte-hartzaileen jarraipenaren kontrola egiten ikastea eta jarraipen hori egitea.
1.6. Osasun programetara bideratzen diren pertsonen balorazio funtzionaleko testa egiten ikastea.
1.7. Ariketaren fisiologiari, jarduera fisikoaren eta kirolaren biomekanikari eta kirolaren medikuntzari buruzko ikerkuntzaren oinarriak ikastea. Horren barrenean, arlo horretako eduki jakin baten ezagutza maila berrikustea aurreikusten da, edo oinarrizko proiektu esperimental bat aztertu eta garatzea. Prestakuntza bekaren bukaera gisa, egonaldiaren bukaerako memoria labur bat prestatu beharko da egindako lanari buruz.
Prestakuntza beka Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak kudeatuko du, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudunentzat da.
2. oinarria. Aurrekontuko diru erabilgarria.
Deialdi honetara bideratutako gastua 15.780 eurokoa da (hamabost mila zazpiehun eta laurogei euro). Zenbateko horretatik, 14.465 euro (hamalau mila laurehun eta hirurogeita bost euro) "Kirol ikerketarako bekak" izeneko A50003 A5200 4809 336105 aurrekontu-partidaren kargura ordainduko dira, edo 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, eta 1.315 euro (mila hirurehun eta hamabost euro) 2028rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura. 2027ko eta 2028ko ekitaldietatik bakoitzerako proposatzen den guztirako gastuan 65 euro sartu dira hilero Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko.
3. oinarria. Bekaren iraupena.
Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan egonaldia egiteko bekak 12 hilabeteko iraupena izanen du, 2027ko urtarrilaren 1etik hasita 2027ko abenduaren 31ra bitarte, berritzeko aukerarik gabe.
4. oinarria. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan egonaldia egiteko bekaren zuzkidura 15.780 euro da gehienez. Guztirako zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sartu dira. Ikertzeko prestakuntza bekari dagozkion ordainketak hilabete bakoitza bukatuta eginen zaizkio beka-hartzaileari, bankuko transferentzia bidez, hilean 1.315 euro gordin, edo zati proportzionala, hala dagokionean. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona atxikiko da. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ere ordainduko du hilero (65 euro).
Beken onuraduna besteren konturako araubidean dauden langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala (dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz).
Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.
Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
5. oinarria. Onuraduna izateko betebeharrak.
Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek eskatzen ahalko dute beka:
a) Adinez nagusia izatea eta 30 urte baino gutxiago izatea.
b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera C1 mailaren baliokidea den titulu ofizial batekin egiaztatuta.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaituak ez egotea.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez. Horretarako, erroldatze agiria aurkeztu beharko da.
e) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko unibertsitate titulu ofiziala edukitzea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori lortzeko moduan egotea. Atzerrian emandako tituluen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen ministerioaren homologazioa aurkeztu beharko da.
f) Eskatutako titulua prestakuntza beken deialdia argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
h) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak egunean dituela.
i) Ez kobratzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
j) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoren batean prestakuntza bekarik jaso ez izana bi urterako edo gehiagorako.
Prestakuntza bekak irauten duen bitartean bete beharko dira baldintza horiek.
6. oinarria. Merezimenduen balorazioa.
Prestakuntza beka ematea arautuko duten merezimenduen balorazioa honako baremo honen arabera eginen da:
a) Ikasketa espedientea: gehienez ere 10 puntu.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasketa-espedientea 10 punturekin baloratuko da gehienez. Graduko batez besteko nota.
b) Unibertsitateko master ofiziala: gehienez ere 2 puntu. Unibertsitateko master ofiziala izateak 2 puntuko balorazioa izanen du.
Unibertsitateko master ofizialak goi mailako kirol entrenamenduarekin lotuta egon beharko du, edo gaixotasun kronikoak ariketa fisikoaren bidez tratatzeko eta osasunerako entrenamenduarekin. Espainiako Batzorde Olinpiarreko Kirol Errendimendu Handiko Masterra eta kirol-errendimendu handiarekin lotutako beste master batzuk izatea ere master puntuagarritzat hartuko da, 2 punturekin.
c) Ingelesez jakitea: gehienez ere 2 puntu. Tituluen puntuazioa: C2 titulua edo baliokidea, 2 puntu; C1 titulua edo baliokidea, 1,6 puntu; B2 edo baliokidea, 1,2 puntu; B1 edo baliokidea, 0,8 puntu; A2 edo baliokidea, 0,4 puntu; eta A1 edo baliokidea, 0,2 puntu.
d) Euskaraz jakitea: gehienez ere 2 puntu. Tituluen puntuazioa: C2 titulua edo baliokidea, 2 puntu; C1 titulua edo baliokidea, 1,6 puntu; B2 edo baliokidea, 1,2 puntu; B1 edo baliokidea, 0,8 puntu; A2 edo baliokidea, 0,4 puntu; eta A1 edo baliokidea, 0,2 puntu.
e) Esperientzia zientifikoa: gehienez ere hiru puntu. Journal of Citations Reports-en indexatutako artikulu zientifiko bakoitzeko, egilea edo egilekidea bada, 1.5 puntu emanen dira lehen egilea denean, eta puntu bat egilekidea denean.
Eskaerak hobeki ebaluatzearren, Ebaluazio Batzordeak izangaiei eskatzen ahalko die aurkeztutako agirietan dagoen informazioa gehitu edo hobetu dezatela edo egoki iruditzen zaion dokumentazio edo informazio osagarria ekar dezatela. Berdinketa gertatuz gero, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasketa-espedientean ageri den puntuaziorik onena baloratuko da. Hala ere berdinketa ebazten ez bada, b) eta c) ataletan puntuazio handiena duenaren alde ebatziko da, hurrenkera horretan. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.
7. oinarria. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea.
1. Interesdunek behar den eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean, Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetatik edozeinetan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.
Era berean, telematikoki ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko izapideen katalogoko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/beca-de-formacion-para-personas-con-grado-en-ciencias-de-la-actividad-fisica-y-del-deporte). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko eta eskabidea sinatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Eskaerak posta arruntaren bidez aurkezten badira, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du noiz egin den bidalketa posta-bulegoan, eta egun horretan berean jakinarazi beharko dio dirulaguntza kudeatzen duen organoari proposamena bidali duela, mezu elektroniko bat bidaliz imarineg@navarra.es helbidera. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko. Epetik kanpo jasotzen bada, ez da inola ere onartuko.
2. Beka eskatzeko, inprimaki normalizatua erabiliko da (2. eranskina). Eredua Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan jaso daiteke (Larrabide estadioa, Zangoza kalea 34), eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian.
Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, behar diren oharrekin. Agiri bidez frogatzen ez diren merezimenduak ez dira baloratuko.
b) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin eta graduko ikasketen batez besteko azken notarekin, ikasgaiak zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.
c) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.
d) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizkoaren edo fotokopiaren bidez frogatuta.
e) NANaren fotokopia.
f) Deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez, Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
g) Deialdi honen 2. eranskinean ezarritako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, non eskatzaileak honako hau adieraziko baitu:
–Ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoren batean prestakuntza bekarik jaso ez izana bi urterako edo gehiagorako.
–Ez duela ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.
Atal honetan eskatutako dokumentazioari dagokionez, aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak ezin izanen dira zuzendu.
4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
8. oinarria. Ebaluazio batzordea.
Ebaluazio batzordea izeneko kide anitzeko organoa arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.
Ebaluazio batzordeak kide hauek izanen ditu:
Diego Reyero Díez jauna, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendari medikoa.
Ainhoa Sandúa Domblás andrea, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Ariketa Fisikoko eta Osasuneko Programen Laguntzako Unitate Teknikoko burua.
Ignacio Mariñelarena Goñi jauna, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Prestakuntzako Unitate Teknikoko burua.
Ienego Ortiz de Murua Iturralde jauna, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Kirol Errendimenduaren Laguntza eta Ikerketako Unitate Teknikoko burua.
9. oinarria. Laguntzak emateko ebazpena.
Ebaluazio batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu aurkezten diren eskaerak, 6. oinarrian ezarritako merezimenduen baremoaren arabera ebaluatu ere; gero, beka emateko proposamena eginen du, puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkerari jarraikiz.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta eskatzaileen lehentasun hurrenkera, merezimenduen balorazioaren ondorioz lortzen duten puntuazioaren araberakoa, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren iragarki-tauletan jarriko dira jendaurrean, orok jakin dezan.
Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori eman zaion ere, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Ebazpena interesdun guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
10. oinarria. Bekaren onuradunaren betebeharrak.
1. Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.
a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak eskatzen ahalko du lanak eta txostenak aurkeztea, bekadunaren errendimendu mailaren jarraipenaren kontrola eta ebaluazioa egin ahal izateko.
b) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna duena.
c) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.
d) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
e) Helburu berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea.
g) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.
h) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.
i) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko barne edo funtzionamendu araudia betetzea, hor jardungo baitu.
j) Gizarte Segurtasunaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak bere gain hartzea, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.
2. Era berean, onuradunak sekretua eta konfidentzialtasuna gorde beharko ditu prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
11. oinarria. Administrazio erantzukizuna.
Bekadunarekin lotutako administrazio publikoa izanen da bekadunak prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei sortzen dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larria dela-eta bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.
12. oinarria. Ez-betetzeak.
1. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzutea eman ondoren.
Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, deusetan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak eta ezar daitezkeen zehapenak.
13. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.
1. Prestakuntza-bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Lanean hasteko egun hori ez da 2027ko urtarrilaren 1a baino lehen izanen, inola ere ez.
Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.
2. Onuradunak, Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna baldin bada, frogatu beharko du, jarduerak hasteko unean, egunean dituela Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak. Horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, Nafarroako Foru Ogasunak egina. Dena dela, bekaren eskabide orria betetzean, behar diren datuak kontsultatzeko baimena ematen ahalko dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari egiazta dezan zerga betebeharrak egunean dituela jarduerak hasteko unean.
Era berean, jarduerak hasteko unean, onuradunak zinpeko adierazpen edo agindu bat aurkeztu beharko du, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.
3. Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak zilegi izanen du beka hori Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
14. oinarria. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaduna Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan arituko da, eta haren jarduna Ienego Ortiz de Murua Iturralde jaunak gainbegiratu eta zuzenduko du, hots, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Kirol Errendimenduaren Laguntza eta Ikerketako Unitate Teknikoko buruak, haren tutorea izanen baita. Hala, tutoreak eginkizun zehatzak ebaluatu, gainbegiratu eta aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu, eta begiratuko du ea bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen.
Asteko gehieneko dedikazioa hogeita hamar ordukoa izanen da, eta goizetan eta arratsaldeetan banatzen ahalko da.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du.
15. oinarria. Bekaren bateragarritasuna.
Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen prestakuntza bekekin.
16. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza.
1. Beka gozatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
2. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko egonaldi beka honen onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatzeko.
17. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
1. Bekadunak Administrazio Publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare-erantzukizuna administrazio bidetik eskatuko da.
2. Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionario publikoei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18. oinarria. Jabetza intelektuala eta datu pertsonalen babesa.
Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
Era berean, bekadunak honako arau hauetatik datozen betebeharrak bete beharko ditu: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoen babesa arautu zuena datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zuena 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta, azkenik, horiek garatzeko beste edozein arau. Hala, prestakuntzaldia bukatuta ere, berdin bete beharko ditu bekaren bitartez eskura izan dituen datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.
19. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Deialdi honen aplikazio egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
20. oinarria. Aplikatzekoa den legedia.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
21. oinarria. Emandako laguntzaren publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek argitaratu beharko dira www.navarra.es web-orrian: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta bekaren helburua.
2. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Dokumentazio-eredua deskargatu dezakezu deialdiaren fitxan, hemen:
F2613096
Iragarkiaren kodea:
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
