218. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

77/2026 FORU AGINDUA, urriaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, jarraitu beharreko prozedura arautzen duena irailaren 29ko 25/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa.

Foru agindu honen xedea da behar den prozedura arautzea irailaren 29ko 25/2026 Errege Lege-dekretuaren 25. eta 28. artikuluen bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, betiere onuradunen egoitza fiskala Nafarroan baldin badago. 25/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez zenbait neurri hartzen eta luzatzen dira Ekialde Ertaineko krisiari erantzuteko plan integralaren esparruan.

Irango gerrak sortutako egoeraren ondorioz nekazaritza-sektoreko ekoizpen-baliabideen garestitzea arintzeko, Ekialde Ertaineko krisiari erantzuteko plan integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuak, 46. artikuluan, laguntza berezi bat ezarri zuen, indarraldi mugatukoa, nekazaritzako ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko. Laguntza hori 2026ko martxoaren 22tik (7/2026 Errege Lege-dekretua indarrean jarri zen eguna) 2026ko ekainaren 30era arte aplikatu zen. Ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege-dekretuaren 16. artikuluak laguntza hori 2026ko uztailaren 1etik irailaren 30era luzatu zuen.

Gatazkak Ekialde Ertainean jarraitzen duenez, nekazaritzako elikagaien sektoreak oraindik ere baditu laguntza hau onetsi eta luzatzea eragin zuten kontrako baldintza berberak. Hori dela eta, laguntza 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki du, 25. artikuluan, Ekialde Ertaineko krisiari erantzuteko plan integralaren esparruan zenbait neurri hartzen eta luzatzen dituen irailaren 29ko 25/2026 Errege Lege-dekretuak.

2026ko urriaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitarteko aldiari dagokion laguntza kalkulatzeko, zenbatekoa izanen da, gehienez, nekazaritzako gasolioak delako astean duen batez besteko prezioaren eta gatazka hasi aurretik nekazaritzako gasolioak zeukan prezioaren arteko aldearen ehuneko 70, baina inola ere ezin izanen da 0,2 eurotik gorakoa izan gasolio-litro bakoitzeko.

Gainera, erantzukizunpeko adierazpenen sistema mantentzen da, interesdunek Europar Batasuneko araudi horretan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko, bereziki legez kanpoko laguntzei eta krisian dauden enpresei dagokienez.

Bestalde, 25/2026 Errege Lege-dekretuaren 28. artikuluak luzatu egiten du 18/2026 Errege Lege-dekretuaren 22. artikuluak onetsitako aldi baterako laguntza berezia, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan ezarritako hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrentzat, helburua baita petrolio-produktuen kostuak handitu izanak –Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz– errepide-garraioari eragin dion kaltea arintzea.

Laguntza honen onuradun izanen dira 38/1992 Legearen 52 bis.2 artikuluan aipatutako ibilgailuen titularrak, baldin eta eskubidea badute hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzul dakien, beren titulartasuneko ibilgailuen motorrean erregai gisa baliatutako erabilera orokorreko gasolioari dagokionez, eta aipatutako legearen 52 bis artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

Aipatutako 25/2026 Errege Lege-dekretuaren 31. artikuluaren arabera, Foru Administrazioa da laguntza hauek izapidetzeko eta kudeatzeko eskumena duena, egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona eta entitateei dagokienez.

Nafarroako Gobernuaren 2026ko abuztuaren 26ko Erabakiaren bidez ezarri zen Ekonomia eta Ogasun Departamentuari –zehazki, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari– dagokiola 18/2026 Errege Lege-dekretuaren 16. eta 22. artikuluetan aipatzen diren laguntzak kudeatzea eta izapidetzea, zeinak 25/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez luzatzen baitira.

Horiek horrela, foru agindu honen bidez arautzen da 25/2026 Errege Lege-dekretuaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Bat.–Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da behar den prozedura arautzea irailaren 29ko 25/2026 Errege Lege-dekretuaren 25. eta 28. artikuluen bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, betiere onuradunen egoitza fiskala Nafarroan baldin badago. 25/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez zenbait neurri hartzen eta luzatzen dira Ekialde Ertaineko krisiari erantzuteko plan integralaren esparruan.

Bi.–Aldi baterako laguntza berezia, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko.

Pertsona edo entitate onuradunek egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean badute, 25/2026 Errege Lege-dekretuaren 25. artikuluan aldi baterako luzatzea onesten den laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautuko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 1eko 32/2026 Foru Aginduaren bigarren apartatuan xedatutakoaren arabera. Foru agindu horren bidez, jarraitu beharreko prozedura arautzen da martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa.

Hiru.–Aldi baterako laguntza berezia, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko.

Baldin eta pertsona edo entitate onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean badute egoitza fiskala, aipatutako 32/2026 Foru Aginduaren hirugarren apartatuan ezarritakoaren arabera izapidetuko da 25/2026 Errege Lege-dekretuaren 28. artikuluaren bidez luzatzen den laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura.

Lau.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta 2026ko urriaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2026ko urriaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2613883