Iragarkia
216. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
198E/2026 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita gizarte intereseko AUZOLAN proiektu komunitarioak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. DDBN kodea: 932808.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 31. artikuluan herritarren parte-hartzea lantzen da, eta, xedatzen duenez, gazteek gizartean duten parte-hartzea erraztearren eta erantzukizun sozialeko kontzientzia sustatzearren, mekanismoak ezarriko dira partaidetza sozialeko eredu berriak eratzeko ingurune egokia sortze aldera. Bestalde, 32. artikuluan, boluntariotzari buruzkoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen zaio gazteen parte-hartzea susta dezala boluntariotza-jardueretan, batez ere hurbileko errealitate sozialetan, gizarte balio handia baitu.
Gazteriak funtsezko garrantzia du gizarte justu, inklusibo eta demokratikoagoak eraikitzeko bidean. Kausa sozial eta komunitarioekin konprometituta jarraitzen duten arren, ikusi da gazteen artean erakundeekiko eta partaidetza-prozesu tradizionalekiko urruntzea zabaltzen ari dela. Bestalde, Nafarroako Gazteen Partaidetzaren Diagnostikoan, zeina oinarrizko tresna bat baita gazteentzako partaidetza-politikak diseinatzeko, ondorioztatu zen ezen, gazteen parte-hartzeak pixkanaka behera eginen duela pentsatzen den arren, badagoela gazteen partaidetza sozial eta aktiboa eraldatzeko prozesu sakon bat, mamitzen ari dena hain formalizatuta ez dauden eta koiunturalagoak diren antolaketa-ereduetan.
Horregatik, Nafarroako Gazteria Estrategiak (2025-2028), partaidetzarako arlo estrategikoaren bidez, herritartasun aktiboa sendotu nahi du gazteen artean eta, aldi berean, hura egokitu partaidetza sozialeko modu berrietara, parte hartzeko tresna berriak eta metodologia berritzaileak sustatuz. Hala, helburuak ezartzen ditu partaidetza komunitarioko proiektuak sustatzeko eta arau esparrua egokitzeko, kolektibo informalak ere kontuan hartzeko, gazteek parte har dezaten ekimen sozial, kultural eta ingurumenekoetan beren auzo eta herrietan. Horretarako, funtsezkoa da administrazioek parte hartzeko tresna, espazio eta kanal malguagoak eta ez hain egituratuak eskaintzea, gazteek aukera izan dezaten parte hartzeko eta modu zuzen eta askeagoan interakzioan aritzeko.
Horregatik, gazteen parte-hartzea errazte eta sustatze aldera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak dirulaguntza-deialdi hau planteatzen du, elkarte bateko kide ez diren gazte-taldeei bideratuta, haiek antolatutako gizarte intereseko proiektu komunitarioak laguntze aldera. Hala, gazteak inplikatzea eta animatzea lortu nahi da, haien parte-hartzea eraginkorragoa izan dadin eta beren ingurune sozial eta kulturalean inpaktu erreala izan dezan.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2026ko abuztuaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena ematen zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari deialdi hau onesteko, zeina banakako ebaluazioaren prozedura bidez eginen baita, jarraikiz dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea elkarte bateko kide ez diren gazteei dirulaguntzak emateko deialdia, gizarte intereseko AUZOLAN proiektu komunitarioak egin ditzaten, banakako ebaluazio prozeduraren bidez, 2026ko azaroren 1etik 2027ko urriaren 31ra.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 30.000,00 euroko gastua baimentzea, 2027ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den eta 2026ko gastuen aurrekontuko baliokidea izanen den partida ekonomiko honen kargura: 340002 34100 4819 232104, "Gazteek zuzenduriko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko aurrekontu-partida. Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2027ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
4. Ebazpen hau eta haren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondotik.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko irailaren 30ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–GIZARTE INTERESEKO AUZOLAN PROIEKTU KOMUNITARIOAK EGITEN DITUZTEN GAZTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da elkarte bateko kide ez diren gazte-taldeei dirulaguntzak esleitzeko araubidea ezartzea, ingurunean parte-hartzea bultzatzeko proiektu komunitarioak egin ditzaten, interes publikoko eraldaketa sozialeko prozesuak sustatzeko.
Helburua da gazteen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa sustatzea, problematika sozialak identifikatu eta kudea ditzaten, besteak beste, estrategia hauen bidez: inpaktu sozialeko proiektu kolektiboak sortzea eta garatzea, sareko lana bultzatzea, gazteen eta eragile sozialen arteko lankidetza sustatzea eta komunitate-egiturak sendotzea. Gainera, Administrazioak partaidetza sozialerako eredu malgu eta moldagarriak garatzeko aukera eman nahi du, asoziazionismo formalaren mendekotasun esklusibotik harago gazte-ekimenen aniztasunak garapen sozial eta kulturalean duen garrantzia aintzatetsi eta babesteko.
Gainera, eskuratutako gaitasunak ziurtatzen ahalko ditu NGIk, Reconoce sarearen esperientzia-katalogoaren arabera.
2. Aurrekontua.
Deialdiko 30.000,00 euroko gastua eginen da 2027ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den eta 2026ko gastuen aurrekontuko baliokidea izanen den partida ekonomiko honen kargura: 340002 34100 4819 232104, "Gazteek zuzenduriko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko aurrekontu-partida. Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2027ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
Deialdi hau bukatuko da aurrekontu kreditua bukatzen denean eta, edonola ere, 2027ko urriaren 31n.
3. Onuradunak.
Deialdi honen xedeko dirulaguntzak izaten ahal dituzte elkarte bateko kide ez diren gazte-talde guztiek, baldin betetzen badituzte baldintza hauek:
–Gutxienez 3 eta gehienez 8 gaztek osatuak izatea; eskabidea aurkezten den egunean, guztiek izan behar dituzte 18 urte beteak eta 31 urte bete gabeak.
–Taldekide guztiek Nafarroan erroldatuta egon behar dute.
–Taldeak ez du elkarte edo enpresa gisa eratuta egon behar formalki, eta ezin du nortasun juridiko propiorik izan.
–Egunean izatea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekikoak ere.
Bestalde, taldeak ordezkari bat eta identifikatzeko izen argi bat izan behar ditu. Talde eskatzaileko kide guztiek solidarioki bere eginen dituzte jarduerak egiteko eta dirulaguntzaren zenbatekoa erabiltzeko konpromisoa. Eskabidea sinatzen duen pertsona izanen da ordezkaria.
Proiektu bat planifikatzen duen gazte-taldeak kanpoko erakunde baten (publiko edo pribatua) babesa izan dezake. Erakunde horren funtzio bakarra zera izanen da: laguntza eta orientazio administratibo eta finantzarioa ematea proiektuaren bizi-zikloan. Kanpoko erakundeak laguntzen ahalko die proiektuaren emaitzak zehazten eta horren agiriak prestatzen, baina ezinen du, inolaz ere, proiektuaren zati nagusia gauzatu, ez eta haren egile izan ere.
Bestalde, talde sustatzaileek proiektu-eskabide bakar bat aurkezten ahalko dute. Kideak ezinen dira izan beste talde informal bateko kide, baldin eta talde horrek deialdi honetan laguntzak eskatzen baditu antzeko gai baterako.
4. Proiektu diruz lagungarriak.
4.1. Ezaugarriak.
Interes sozial argia duten proiektuak lagunduko dira diruz, gazteen bizi-garapena xede dutenak eta haiek gizartean aktiboki parte hartzea sustatzen dutenak. Lehentasunezkotzat joko dira, besteak beste, eremu hauetako ekintzak:
–Komunitatea eta gizarteratzea argiki barne hartzen dituzten proiektu artistiko eta kulturalak; adibidez, jarduera kulturalak, antzerki-estreinaldiak, erakusketak, hitzaldiak, etab.
–Ingurunea kontserbatzeko, ingurumen-sentsibilizaziorako eta jasangarritasuna sustatzeko proiektuak, hala nola erakusketak, lantegiak, ekintza komunitarioak, etab.
–Eremu hauetan berrikuntza soziala edo komunitarioa barne hartzen duten proiektuak: genero-berdintasuna, parte-hartzea, belaunaldiartekotasuna, kulturartekotasuna, elkartasuna, giza eskubideak, bakearen kultura, etab.
–Baloratzen ahalko dira, halaber, aurreko puntuetan jaso ez arren, gazteria sustatzeko eta haren garapen integralerako intereseko eremuetan oinarritzen diren proiektuak, 2025-2028 aldirako Nafarroako Gazteria Estrategiaren eremu estrategikoekin bat etorriz (emantzipazioa, ongizatea, parte-hartzea eta gazteentzako informazioa).
4.2. Baldintzak.
Baldintza hauek betetzen dituzten proiektuak aurkezten ahalko dira:
–Irabazi-asmorik ez izatea.
–Herritar guztiek parte hartu ahal izatea.
–Funtsean Nafarroako lurralde-eremuan garatzea.
–Ekintza zibiko puntual bat edo garapen zabalagoko esku-hartze bat izatea, eta 2026ko azaroaren 1etik 2027ko urriaren 31ra bitartean egitea.
–Proposamen berri bat izatea edo garapen- nahiz zabaltze-fasean dagoen proposamen bat izatea.
–Gazte sustatzaileek berek pentsatua izatea eta haiek garatu eta egitea, eta taldekide guztiek parte hartzea fase guztietan.
–Oinarri hauetan eta aplikatu beharreko legedian xedatutako baldintza guztiak betetzea proiektua garatzen eta gauzatzen denean.
4.3. Diruz lagunduko ez diren eremuak.
Jarduera hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:
–Ikasketa arautuak.
–Kirol-jarduera federatuak.
–Izaera erlijiosoko jarduerak.
–Sexuaren, arrazaren, jatorriaren, erlijioaren, sexu-orientazioaren eta beste edozein ezaugarriren ondorioz bazterkeria bultzatzen duten jarduerak.
–Animalien aurkako tratu txarrak bultzatzen dituzten jarduerak.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira behar-beharrezkoak direnak proiektua gauzatzeko, eta zuzeneko lotura izan behar dute harekin; hona hemen adibide batzuk:
–Proiekturako behar diren materialak, baliabideak eta azpiegitura txikiak (ondasun ez-inbentariagarriak) erosi edo alokatzea.
–Jarduera nagusia garatzeko behar-beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak ordaintzea hirugarrenei.
–Jarduerak egiteagatik zuzenean sortutako gastuak (adibidez, izen-emateen tasak, baimenak, etab.).
–Proiektuari zuzenean loturiko ondasun higigarri eta higiezinak alokatzea exekuzio-aldian, gehieneko muga izanen delarik jasotako dirulaguntzaren %10.
–Proiektuaren hartzaileentzako garraio-gastuak, justifika daitekeen lurralde-mugikortasuna duten jardueretarako bakarrik; jasotako dirulaguntzaren %20 izanen da gehieneko muga.
–Hartzaileentzako mantenu-gastuak, justifika daitekeen lurralde-mugikortasuna duten jardueretarako bakarrik; jasotako dirulaguntzaren %10 izanen da gehieneko muga.
–Proiektuaren jarduerak, parte-hartzaileak eta langileak estaltzeko erantzukizun zibileko aseguruak eta istripu-aseguruak.
–Proiektuaren eta jardueraren berri zabaltzeko materialak eta ekintzak (kartelak, liburuxkak, sareen kudeaketa, etab.).
Aitzitik, hauek ez dira joko dirulaguntza emateko modukotzat:
–Talde sustatzaileko kideei ordaintzea proiektua egin, kudeatu, koordinatu eta hartan parte hartzeagatik.
–Ondasun inbentariagarriak erostea.
–Proiektuaren funtzio nagusiak azpikontratatzea, hala nola proiektuaren xede nagusia eratzen duten jarduerak egitea eta proiektuaren plangintza, koordinazioa, ebaluazioa eta kudeaketa orokorra osatzen duten lanak kontratatzea.
6. Laguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoak proiektua garatzeko gastu guztiak estaltzen ahalko ditu, eta gehienez 2.500 euro emanen dira.
7. Balorazio-irizpideak.
1. Eskabideak bereiz eta modu independentean baloratuko dira, irizpide hauen arabera (gehienez 100 puntu):
a) Proiektuaren kudeaketaren kalitatea (gehienez 40 puntu):
–Bideragarritasun ekonomikoa. Baloratuko da egin nahi denaren eta beharrezko aurrekontuaren arteko egokitasun maila (10 puntu).
–Bideragarritasuna, taldearen profila kontuan hartuz. Baloratuko da eskatzaileen prestakuntza ofiziala, xehetasun-maila eta esperientzia (10 puntu).
–Bideragarritasun materiala. Baloratuko da proiektua garatzeko behar diren baliabide materialen eta azpiegituren eskuragarritasuna (20 puntu).
b) Proiektuaren diseinuaren kalitatea. Baloratuko da proposamen berritzailea izatea, bai edukiari dagokionez, bai metodologiari dagokionez (gehienez 20 puntu).
–Justifikazioa (gehienez 5 puntu).
–Orientazio estrategikoa eta helburuak (gehienez 5 puntu).
–Garapena, metodologia eta jarduerak (gehienez 10 puntu).
c) Proiektuaren eragiteko ahalmena (gehienez 40 puntu):
–0,5 puntu emanen dira proiektuko parte-hartzaile bakoitzeko (gehienez 4 puntu).
–5 puntu emanen dira gehienez proiektuaren helburu espezifiko bakoitzeko, Nafarroako Gazteria Estrategiarekin duten lotura-mailaren arabera (gehienez 16 puntu).
–Boluntarioek proiektuan parte hartzea (10 puntu).
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten jarduerak (10 puntu).
2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte; kanpoan geldituko dira hortik beherako balorazioa dutenak.
8. Eskabideak noiz eta non aurkeztu.
Eskabideak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2027ko urriaren 31ra arte aurkezten ahalko dira, kreditu erabilgarria baldin badago.
Eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren bidez:
9. Agiriak.
Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Laguntza eskatzeko inprimakia, behar bezala betea (III. eranskina); izapide honetarako eskabidetzat joko da, eta eskabidea sinatzen duen pertsona hartuko da taldearen ordezkari gisa.
b) Eginen diren jardueren proiektua, gutxienez hauek adierazita: helburu orokor eta espezifikoak, jardueren deskribapena, egikaritze-egutegia, aurrekontu ekonomikoa, talde eskatzailearen baliabide propioak, espero den inpaktua eta proiektua ebaluatzeko garaian esanguratsua den informazio oro (IV. eranskina).
c) Taldekide guztien NANaren fotokopia. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (III. eranskina).
d) Taldekide guztiak Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria, laguntza eskatu aurreko hiru hilabeteetan emana. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (III. eranskina).
e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, banku entitate batek behar bezala ziurtatua eta izenpetua. Ez da eskaera hori aurkeztu beharko esteka honetan alta ematen bazaio dirulaguntzaren transferentzia eginen den kontuari: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta. Izapidea egin ahal izateko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve behar da nahitaez.
f) Erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), dioena taldekideetako inork ere ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere.
g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, gehienez ere urtebete lehenagokoa, frogatzen duena taldekide guztiek egunean dituztela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko (III. eranskina).
h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak urtebete lehenago, gehienez, emandako ziurtagiria, frogatzen duena eskatzaileek Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituztela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du, baldin eta NGIk baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, eta horretarako arrazoiak eman. Dokumentazio hori ez da aurkeztu beharko eskatzailea ez badago Gizarte Segurantzaren datuak kontsultatzearen aurka (III. eranskina).
i) Dagokionean, aurkeztutako proiektuak finantzatzeko eskatutako edo emandako dirulaguntzen erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina).
10. Instrukzioa.
Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza kudeatu eta eskabideak izapidetuko dituen unitatea.
Eskabideak hobeto ebaluatzeko, aurkeztutako agirietan jasota dagoen informazioa zabaltzeko, hobetzeko edo akatsak konpontzeko eskatzen ahalko zaie eskatzaileei, hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
11. Laguntzak ematea.
NGIko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskabideak, erregistroan aurkeztu ziren ordena berean.
Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskabidea aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
Laguntza ematen duen ebazpenean eskabide bat baino gehiago biltzen bada, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskabiderik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.
12. Dirulaguntzaren justifikazioa.
Diruz lagundutako proiektuaren justifikazioa 2027ko azaroaren 5aren aurretik aurkeztu beharko da, eta dokumentazio hau jaso beharko du:
a) Proiektuaren bukaerako memoria, non adieraziko baitira helburu orokorrak, noraino lortu diren eta proiektuaren ebaluazioa, programaren finantzaketarekin batera, bai eta egindako proiektuaren interes estatistikoko datuak eta egin delako egiaztapen grafikoa ere (V. eranskina).
b) Proiektua guztiz gauzatzeko egindako gastuen zerrenda bat, Excel fitxategi batean eta V. eranskinaren araberakoa.
c) Dirulaguntza eskatzen duenarentzat berariaz egindako fakturak, argi xehakatuta, transferentziaren edo kreditu-txartelaren bidez egindako ordainketen egiaztagiriekin batera. Ez da inola ere eskudiruzko ordainketarik onartuko.
13. Ordainketa.
Dirulaguntzaren ordainketa Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da, diruz lagundutako jarduera egin eta erakunde onuradunak justifikazio agiriak aurkeztu ondoren (12. oinarrian adierazten direnak). Transferentzia bidez eginen da ordainketa.
Hala eskatu bada, lehen ordainketa batean esleitutako dirulaguntzaren %60 emanen da gehienez, aurrerakin gisa, esleipenaren ebazpena igortzearekin batera. Dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa ordainduko da NGIk aurkezturiko azken justifikazioa aztertu, eta, hala badagokio, onesten duenean.
Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, benetan gauzatutako gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza, eta betiere gauzatutako proiektua hurbil baldin badago proiektu osotik.
Dirulaguntza jarduera zehatz bat egiteko emanen da, eta, beraz, izaera finalista du. Horrenbestez, onuradunek ez dute errenta erabilgarririk, ez baitute ondare-gehikuntza garbirik sortzen, proiektuaren gastuetan gastatzen delako erabat.
14. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren mende egonen dira, eta bereziki honako hauen mende:
–Emakidaren xede den proiektua gauzatzea, ezarritako moduan eta epeetan; hala, zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte, eta haien aplikazioa agiri bidez frogatuko dute; gainera, NGIk eskatutako egiaztapenak onartu eta emanen dituzte.
–Ekarpen ekonomikoa beren gain hartzea, emandako kantitatearen eta dirulaguntza eskatzea eragin duen proiektuaren guztizko kostuaren arteko aldearen zenbatekoan. Talde onuradunak ezin izanen die proiektuaren hartzaileei inolako gasturik ordainarazi.
–Publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta NGIren laguntzaren berri emanen da. Horretarako, dirulaguntza jasotzean, hartzen duten konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena eginen dute (III. eranskina).
–Aurkeztutako proiektuan funtsezko aldaketaren bat eginez gero, horren berri eman beharko dute, aldaketa justifikatzen duten gorabeherak suertatu eta berehala. Halaber, aldaketa egiteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren berariazko baimena beharko dute.
–Laguntzaren xedea den proiektua finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea NGIri.
15. Bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen duten beste edozein laguntzarekin, kasua bada. Hala ere, eskabideak ezetsi eginen dira, baldin eta taldekideren batek bere erakunde juridikoarekin proiektu bat aurkezten badu beste deialdi batzuetara, eta proiektuek helburu, jarduera edo aurrekontu berdinak badituzte.
Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ezin izanen da inola ere izan onuradunek proiektua egiteko ordaindutakoa baino handiagoa.
16. Ez-betetzeak.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
NGIk ofizioz eginen ditu laguntza emateko eta mantentzeko beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak. Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da.
Baldin eta eskatzailea hiltzen bada edo beste edozein inguruabar oso larri gertatzen bada, eta behar bezala justifikatuta badago, ez da atzera botako emandako laguntza.
17. Azpikontratazioa.
Arau orokor gisa, taldeko kideek zuzenean egin behar dituzte proiektuaren xede diren jarduerak eta ezin izan dira azpikontratatu. Ezin izanen dira azpikontratatu proiektuaren funtzio nagusiak, hala nola proiektuaren xede nagusia eratzen duten jarduerak egitea eta kontratatzea proiektuaren plangintza, koordinazioa, ebaluazioa eta kudeaketa orokorra osatzen duten lanak.
Kontratatzen badira zeregin zehatz eta osagarri batzuk (hirugarrenen zerbitzu profesionalak), baldintza hauek betetzen dituztenak, ez da azpikontrataziotzat joko:
–Talde onuradunak horiek egiterik ez izatea.
–Proiektuan identifikatuta egotea eta kanpora ateratzeko beharra justifikatuta izatea.
–Aurkeztutako aurrekontuan agertzea kalkulatzen zaien zenbatekoa.
18. Datuen babesa.
Eskabidea deialdi honetan aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek NGIk tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta dirulaguntza honen esleipena kudeatzeko.
Halaber, jakinarazten da eskatzaileak bere datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakeela:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea
Argibide gehiago jasotzeko: https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa
19. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari, eta horretarako hilabete egonen da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
20. Aplikatzekoa den legeria.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
21. Ereduen zerrenda.
Tramiteen katalogo "Gazteek zuzenduriko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzak, 2026-2027 Auzolan" deialdiaren fitxan eskuragarri daude oinarri arautzaile hauetan aipatutako eranskinak. Eskabidea tramitatzeko eta, ondoren, dirulaguntza justifikatzeko, fitxa hau erabiliko da:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-para-proyectos-comunitarios-liderados-por-jovenes-auzolan-2026-2027
II. ERANSKINA.–GIZARTE INTERESEKO AUZOLAN PROIEKTU KOMUNITARIOAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK (2026-2027)
1. Proiektuaren kudeaketaren kalitatea (gehienez 40 puntu):
1.1. Bideragarritasun ekonomikoa (gehienez 10 puntu).
Maila baxua: ez da aurrekontu zehatzik aurkeztu (soilik eskatzen den kopuru osoa), edo aurrekontuaren xehakapena ez dator bat proposatutako jarduerekin (0 puntu).
Tarteko maila: aurrekontuko partida batzuk zehaztu dira, baina xehakapena ez da nahikoa edo kontzeptu garrantzitsu batzuk ez dira teknikoki justifikatu (5 puntu).
Maila altua: partida guztiak zehaztasunez justifikatu dira. Aurrekontua erabat koherentea da jardueren kronogramarekin, eta gastuak zehaztasun handiz egokitzen dira deialdian diruz lagungarriak diren kontzeptuetara (10 puntu).
1.2. Bideragarritasuna, aintzat hartuta taldearen profila (gehienez 10 puntu):
Maila baxua: prestakuntza ez da proiektuaren beharretara egokitzen, edo ez da egiaztatzen. Esperientzia gutxi edo deus ez, edo ezin da egiaztatu. Ez dira taldearen gaitasunak zehaztu, eta, hortaz, enkarguaren bideragarritasun teknikoari buruzko zalantzak nabarmenak dira (0 puntu).
Tarteko maila: taldeak prestakuntza ofiziala du, baina baliteke nahikoa espezifikoa ez izatea arlo garrantzitsu guztietan. Aldez aurreko esperientzia nabarmena da, baina kide bakoitzaren zereginak oso modu orokorrean azaldu dira, edo exekuzio praktikoan hutsuneak daude (5 puntu).
Maila altua: taldeak goi-mailako prestakuntza du, zuzenean lotua proiektuarekin. Antzeko proiektu batzuk arrakastaz egin dituztela frogatu dute. Bakoitzaren rolak zehatz azaldu dira, eta erakutsi dute plana gauzatzeko egitura antolatua eta koherentea dutela (10 puntu).
1.3. Bideragarritasuna materiala (gehienez 20 puntu):
Maila baxua: ez dira baliabide materialak deskribatu edo argiki desegokiak dira proposatutako jardueretarako. Taldeak ez du frogatu proiektua egiteko gutxieneko espazio edo tresnak eskura dituela (0 puntu).
Tarteko maila: baliabide batzuk zerrendatu dira, baina proiektua egiteko oso modu orokorrean edo eskasean (10 puntu).
Maila altua: taldeak eskuragarri dituen azpiegitura eta bitartekoak argiki deskribatzen dira. Baliabideak koherenteak dira helburuekiko, eta planteatutako jarduera gehienetarako kaudimen teknikoa bermatzen da (20 puntu).
2. Proiektuak, kalitate teknikoa eta proiektuaren bideragarritasuna baloratzeko irizpideak (gehienez 20 puntu).
2.1. Azalpena (gehienez 5 puntu):
Maila baxua: taldeak ez du proiektuaren justifikaziorik egin, edo justifikazioa oso lausoa eta teorikoa da. Ez da zehaztu zer arazori edo beharri erantzun behar zaion (0 puntu).
Tarteko maila: landuko diren arazoak deskribatzen ditu eta onura zuzenak definitzen ditu. Azalpena egokia da, baina zeharkako ondorioak sakonago azaldu behar dira (3 puntu).
Maila altua: erronkak zehaztasunez identifikatzen ditu, eta zuzeneko eta zeharkako onuradunak argiki segmentatzen ditu; hala, esku-hartzeko lehentasuna justifikatzen du (5 puntu).
2.2. Orientazio estrategikoa eta helburuak (gehienez 5 puntu):
Maila baxua: ez da helbururik zehaztu edo helburuek ez dute loturarik detektatutako arazoekin (0 puntu).
Tarteko maila: helburuak zehaztu dira eta planteatutako beharrei erantzuten diete. Jarduteko neurriak logikoak dira, eta proiektua garatzen laguntzen dute (3 puntu).
Maila altua: helburuak argiak eta neurgarriak dira, eta ezin hobeki lerrokatuta daude eragiteko estrategia batekin. Jarduteko neurriak zehatzak eta oso eraginkorrak dira (5 puntu).
2.3. Garapena, metodologia eta jarduerak (gehienez 10 puntu).
Maila baxua: plangintza osatugabea. Ez dira datak, tokia eta metodologia zehazten. Espero diren emaitzak ez dira zehaztu, edo irrealak dira (0 puntu).
Tarteko maila: faseak eta jarduerak deskribatzen ditu, bai eta kasuan kasuko tokiak eta egunak ere. Metodologia aproposa da eta aurreikusitako emaitzak logikoak dira jarduerarako (5 puntu).
Maila altua: plangintza zehatza eta kronograma bideragarria. Metodologian eta deskribapenean zehazten da zer emaitza zehatz dituen onuradunentzat jarduera bakoitzak (10 puntu).
3. Proiektuaren eragiteko ahalmena (gehienez 40 puntu):
3.1. 0,5 puntu emanen dira proiektuan parte hartzen duen kide bakoitzeko (gehienez 4 puntu).
3.2. 5 puntu arte proiektuaren helburu espezifiko bakoitzeko, Nafarroako Gazteria Estrategiarekin duten lotura-mailaren arabera (gehienez 16 puntu).
3.3. Proiektuan parte hartzen duen boluntario kopurua (gehienez 10 puntu):
Maila baxua: 0-2 boluntario (0 puntu).
Tarteko maila: 3-5 boluntario (5 puntu).
Maila altua: 6 boluntario edo gehiago (10 puntu).
3.4. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten jarduerak (10 puntu).
Maila baxua: proiektuak ez du genero-ikuspegia txertatzen diseinuan eta garapenean, edo ez du hizkera inklusiboa erabiltzen. (0 puntu).
Tarteko maila: proiektuak genero-ikuspegia txertatzen du azalpenean (adib. genero-berdintasuna xede duten helburuak), eta/edo planteatutako jardueretan (genero-berdintasuna sustatzeko berariazko jarduerak, emakumeen parte-hartzea, etab.) (5 puntu).
Maila altua: genero-eraginaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak aurreikusi dira (genero-ikuspegia baloratzeko adierazle kuantitatibo eta kualitatibo zehatzak, sexuaren arabera bereizitako datuak, etab.), eta ongi zehaztu dira (10 puntu).
Iragarkiaren kodea: F2612910
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
