216. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Ordenantza, janari zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituena Virgen del Castillo zahar-egoitzako egoiliarrak ez direnentzat. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2026ko uztailaren 30ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: Ordenantza, Virgen del Castillo zahar-egoitzako egoiliarrak ez direnentzako janari zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituena (2026ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an).

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Miranda Argan, 2026ko urriaren 8an.–Alkatea, M.ª Pilar Ibero Pérez.

ORDENANTZA FISKALA, ADINEKOENTZAKO JANARI ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Miranda Argako Udalaren helburu garrantzitsua da adinekoen beharretara egokitutako elikadura-laguntza egokia eta orekatua eskaintzea, eta haien osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea etxean mantentzen laguntzea.

Gainera, zerbitzua sartzen da adinekoek beren ohiko ingurunean jarrai dezaten laguntzeko gizarte- eta laguntza-jardueren barruan, haien autonomia sustatuz eta arrisku- edo babesgabetasun-egoerak prebenituz.

JANARI ZERBITZUAREN DESKRIBAPENA

1. artikulua. Xedea.

Virgen del Castillo Zahar Egoitza erakunde autonomoak janari zerbitzua eskaintzen die egoitzako egoiliarrak ez direnei, eta ordenantza honen xedea da, hain zuzen, zerbitzu horren oinarrizko alderdiak arautzea. Hori horrela, erabilera arauak ezarri eta zerbitzuaren prezio publikoaren arau orokorrak finkatu nahi dira.

2. artikulua. Janari zerbitzua.

Zerbitzua datza zentroko instalazioetan egunero bazkariak eta/edo afariak egitean, jarraituz nutrizio-kalitatearen, elikadura-segurtasunaren eta higienearen irizpideei eta egokituz, ahal den neurrian, erabiltzaile bakoitzaren behar espezifikoetara (behar bezala frogatutako dieta bereziak, patologiak, intolerantziak edo alergiak).

Zerbitzuaren hartzaileak diren adinekoek elikadura egokia bermatuko duen laguntza-baliabide bat behar dute, adina, egoera pertsonala edo elikagaiak prestatzeko zailtasuna direla eta, baina ez dute egoitzan egoteko beharrik.

Zentroko langileek prestatuko dituzte bazkariak eta/edo afariak, eta erabiltzaileak edo baimendutako pertsonak jaso beharko ditu egoitzan.

ZERBITZUA EMATEKO ARAUAK

3. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezartzen da babes harturik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak (horiek arautzen dituzte toki-entitateen prezio publikoak).

4. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea izanen da Miranda Argako Virgen del Castillo zahar-egoitzako egoiliarrak ez direnentzako janaria egiteko zerbitzua ematea.

5. artikulua. Sortzapena eta ordaintzeko modua.

Sortzapena gertatzen da janari zerbitzua janaria jasotzeko lekuan jartzen denean, erabiltzaile bakoitzak sinatutako eskaeraren arabera.

Prezio publikoa hilero ordainduko da, banku-helbideratzearen bidez. Borondatez ordaintzeko epean tarifak ordaintzen ez badira, aplikatuko dira Nafarroako toki ogasunen eta tributuen araudi orokorrean adierazitako errekarguak, eta eskatzen ahalko dira premiamenduzko prozedura administratiboaren bidez, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatearen Diru-bilketaren Erregelamendua).

Erabiltzaileak eskatu nahi duen baja idatziz jakinarazi beharko zaio udalari, eta ondorio ekonomikoak izanen ditu, jakinarazpena udalean jaso eta hurrengo hilabetetik aurrera.

6. artikulua. Eskatzeko baldintzak.

Zerbitzua baliatu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

–65 urte edo gehiago edukitzea.

–Mendekotasun-egoeraren edo desgaitasun-graduaren aitorpena izatea, edo balorazio-izapidean egotea.

–Salbuespen gisa, aurreko baldintza bete gabe elikagaiak prestatzeko autonomia mugatzen duen aldi baterako beharrizan-egoeran dauden pertsonak sartzen ahalko dira zerbitzuan (adibidez, susperraldian daudenak, ebakuntza kirurgikoaren ondorengo errekuperazio-prozesuan daudenak, lesio bat dutenak, gaixotasun puntual bat dutenak edo antzeko beste inguruabar batzuk dituztenak). Egoera horiek behar bezala justifikatu beharko dira, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak baloratuko ditu, zerbitzua baliatzeko egokitasuna zehazteko.

–Izena emateko orria betetzea.

–Dieta egokitzea behar izanez gero, behar den osasun-informazioa ematea, bai eta txosten medikoa ere, hala eskatzen zaionean.

–Zentroak eskatzen ahalko du deklaratutako egoera egiaztatzeko dokumentazioa.

7. artikulua. Zerbitzuaren funtzionamendua.

Zerbitzua ematen ahalko da bi modalitatetan, erabiltzailearen beharrak zein diren:

–Astelehenetik ostiralerako zerbitzua.

–Astelehenetik iganderako zerbitzua.

Era berean, bazkari zerbitzua, afari zerbitzua edo biena kontratatzen ahalko da.

Aukeratutako modalitatea izena emateko orrian adierazi beharko da, eta egonkorra izanen da, zerbitzu-antolaketaren ondorioetarako.

Zerbitzu- aldaketak edo -ezeztapenak jakinarazi beharko dira zerbitzua eman aurreko asteko astelehena baino lehen. Aldaketek horiek jakinarazi eta hurrengo astetik aurrera izanen dituzte ondorioak. Epe hori errespetatzen ez bada, zerbitzua berretsitzat joko da eta berdin fakturatuko da.

Zerbitzua emanen da eskatutako modalitatearen arabera, eta ezin izanen da bermatu aldaketa puntualik ezarritako epeetatik kanpo.

8. artikulua. Zerbitzuaren ezaugarriak.

Zerbitzuaren barruan eskainitako bazkariak eta afariak zentroan prestatuko dira, jarraituz nutrizio-kalitatearen eta elikadura-orekaren printzipioei.

–Bazkariak: lehen platera, bigarren platera, postrea (fruta) eta ogia ditu.

–Afariak: zopa edo purea, plater nagusia eta postrea (esnekia) ditu.

Menuak egokitzen ahalko dira erabiltzailearen elikagai-premien arabera (dieta bereziak, alergiak, intolerantziak edo patologiak), betiere aldez aurretik jakinarazi badira eta, hala badagokio, txosten medikoaren bidez justifikatzen badira.

Zentroak aldaketak egiten ahalko ditu menuetan, antolamendu, sasoi edo produktuen eskuragarritasunarekin lotutako arrazoiengatik, betiere nutrizio-oreka egokia bermatuz.

9. artikulua. Jasotzea.

Zentroan soilik jasotzen ahal da janari zerbitzua. Jasotzeko ordutegia da egoitzak adierazten duena; zerbitzuaren erabiltzaileei jakinaraziko zaie.

Erabiltzaileak edo aldez aurretik baimendutako pertsonak jasotzen ahalko du. Zentroak identifikazioa eskatzen ahalko du, beharrezkotzat jotzen badu.

Janaria ez bada jasotzen ezarritako ordutegian, zerbitzua emantzat joko da, eta fakturatu eginen da. Zentroa ez da arduratuko elikagaien kontserbazioaz, janaria jasotzeko ordutegia amaitu ondoren.

Janaria jasotzen denetik kontsumitzen den arte garraiatu eta kontserbatzeko ardura erabiltzailearena edo jasotzen duenarena izanen da. Zentroa ez da arduratuko janaria jaso ondoren behar ez bezala kontserbatzearen edo manipulatzearen ondoriozko balizko gertakariez.

10. artikulua. Prezio publikoaren zenbatekoa.

Hauek izanen dira janari zerbitzuaren prezio publikoak:

ZERBITZU MOTA

ZENBATEKOA,
EGUNEKO

Bazkaria

6,50 euro

Afaria

5,00 euro

Arau honen prezio publikoa ordaintzeko betebeharra hilabetearen amaieran eskatuko da.

Janari zerbitzuaren erabiltzaile guztiek ordaindu beharko dute zerbitzua, edozein modalitatetan: bazkaria edo afaria.

11. artikulua. Zerbitzu-ematea kentzea edo azkentzea.

Erabiltzaileari zerbitzua emateari utziko zaio honako arrazoi hauengatik:

–Erabiltzaileak hala eskatu duelako.

–Prezio publikoa ez ordaintzeagatik. Horrek ez du galarazten sortu eta ordaindu gabeko zenbatekoak kobratzea, premiamendu administratiboaren bidez.

–Zerbitzuaren arauak behin eta berriz ez betetzeagatik.

–Zerbitzua guztiz kentzeagatik, Udaleko osoko bilkurak hala erabaki ondoren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki-erakunde honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra izanen du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iragan ondoren (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta indarrean jarraituko du harik eta haren aldaketa edota indargabetzea erabaki arte.

Iragarkiaren kodea: L2613146