216. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Lekualdatze-lehiaketa, animatzaileen bi plaza betetzeko

Uharteko Udaleko alkatetzak 2026ko urriaren 5ean emandako ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zen lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko animatzaileen bi plaza, Uharteko Udalean aritzeko.

Deialdia argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Uharten, 2026ko urriaren 9an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

Deialdia gauzatzeko, aplikatu beharreko araudian eta oinarri hauetan ezarritakoa beteko da.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea animatzaileen bi plaza huts, Uharteko Udaleko plantilla organikoan 80.04 eta 80.05 kodeekin identifikatuta daudenak.

Oinarri harturik azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua), lekualdatze-lehiaketetan eta kategoriaz igotzeko lehiaketetan, deialdiaren xede diren plazak gero osatzen ahalko dira beste plaza huts batzuekin, hots, honako hauekin: kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari igortzen dionean aipatutako araudiaren 40. artikuluaren a) eta c) letretako lehen paragrafoko zerrenda, egun horretan hutsik dauden plazekin.

Era berean, lekualdatze-lehiaketetan, deialdiaren xede izanen dira, batetik, hasieran deialdian sartutako plazak eta, hala badagokio, aurreko apartatuan aipatzen denarekin bat gehitzen direnak, eta, bestetik, lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak.

Lekualdatze-lehiaketa gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, onesten dituena Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

1.1. Plazak Gazteria Alorrari atxikita daude, eta honela identifikaturik plantilla organikoan:

–Animatzailea (%65eko lanaldia; nagusiki arratsaldez eta asteburuetan, txandaka). 80.04 zenbakia. Lanaldi partzialeko kontratua.

–Animatzailea (%50eko lanaldia; nagusiki asteburuetan). 80.05 zenbakia. Lanaldi partzialeko kontratua.

1.2. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko organo eskudunek.

1.3. Lanpostuak C mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu (jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari), bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Honako hauek dira hautatutako izangaiek egin beharreko lanak:

a) Uharteko gazte lokalean edo gazte lokaletik egiten diren programak betetzea.

1.–Gazteek parte hartzeko programa.

2.–Hezkuntzako, prebentzioko eta esku hartzeko programa.

3.–Aisia eta astialdirako programa osasungarria eta balio positibo anitzekoa.

4.–Gazteei informazioa emateko programa.

5.–Orientazio- eta prestakuntza-programa.

6.–Gazteak enpleguari begira aktibatzeko programa.

7.–Gazteen arte programa.

8.–Gazteen mugigarritasun programa.

9.–"Conoce Uharte Ezagutu" belaunaldiarteko programa.

10.–Balizko programa berriak.

11.–Bestelako eginkizunak, mailari eta kategoriari dagozkionak.

b) Gazteria arloko teknikariarekin harreman estuan lan egitea.

c) Uharteko gazteek gazte lokalean proposatzen dituzten ekimenak biltzea.

d) Uharteko gazteentzat interesa duten jarduera mota guztien antolaketan parte hartzea: aisia osasungarrira bideratuak, kirolekoak, berdintasuna eta euskara sustatzekoak, gazteen artearekin lotuta dauden askotariko kultur jarduerak (musika, ikus-entzunezkoak, dantza, antzerkia, arte plastikoak), ingurumenarekin loturikoak, kulturartekotasuna ardatz dutenak, etab.

e) Gazteen partaidetza bulkatzea gazte lokaleko programa eta jardueren antolaketa eta kudeaketan.

f) Gazte lokaleko jardueren zabalkundea eta sustapena.

g) Proiektuak eta txostenak prestatzen, dirulaguntzak eskatzen eta abarretan laguntzea, Uharteko gazte lokala dinamizatzeko direnean.

h) Gazteekin jarduteak berezko dituen gatazkei irtenbide ematea.

i) Espazioak Lagatzeko Zerbitzuaren ondoriozko lanak egitea: espazioak lagatzeko eskaeren kontrola eramatea, espazioak eta ekipamenduak kontrolatzea eta abar.

j) Gazte lokalaren beheko solairuan dagoen ziberespazioa gobernatu eta dinamizatzea.

k) Atezain eginkizunak: aretoak ireki eta ixtea eta mailegurako materialak eta jolasak kudeatzea.

l) Udaleko Gazteria Alorrean antolatzen diren gainerako programa eta jardueretan laguntzea.

m) Aipatu eginkizunak betetzeko behar diren zerbitzu eta teknikariekiko koordinazioa.

n) Dagozkien lanpostu, titulazio eta mailarekin bat Udalak manatzen dizkien gainerako eginkizunak.

Oinarri hauetan ezartzen ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, hura garatzeko eta betearazteko emandako erregelamendua, eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Uharteko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzian egotea.

b) C mailan edo taldean egotea, animatzailearen lanpostuan.

c) Euskarako C1 mailaren titulua edo baliokideren bat edukitzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere aldaketarik ekarriko bertan parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoan.

Plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan.

d) Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da ez egotea epai irmo baten bidez kondenatua sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen Legea).

Baldintza hori betetzen dela frogatu beharko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez. Erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.

2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dute baldintza horiek betetzen dituztela.

3.–Eskabideak.

3.1. Uharteko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aurrez aurre edo elektronikoki, hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira 2. ataleko baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak. Ez da beharrezkoa izanen agiriok aurkeztea baldin eta udalak dagoeneko baditu, eta berariaz hala adierazten bada.

3.3. Orobat, eskabideari ordainagiri bat erantsiko zaio, frogatzen duena espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 14,00 euro ordaindu izana (diru-sarrera egiteko kontua: ES59 3008 0087 74 1447560721). Ordainagirian "animatzaileen lekualdatze-lehiaketaren tasa" idatzi behar da. Tasa, ordaindu ondoren, ez da itzulgarria. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Uharteko Udalaren webgunean argitaratzeko. Baztertutako izangairik ez bada, zilegi izanen da alkateak onartutako izangaien zerrenda zuzenean onesteko ebazpena ematea.

4.2. Baztertutako izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Uharteko Udaleko webgunean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Uharteko Udaleko webgunean argitara dadila.

5.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea, edo hark izendatzen duen pertsona.

–Epaimahaikidea: Itziar Areta Olleta, Uharteko Udaleko gazteria arloko teknikaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

–Epaimahaikidea: Ana Mindegia Ilarregi, Uharteko Udaleko euskara teknikaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

–Epaimahaikidea: Maitane Urmeneta Salvatierra, Uharteko Udaleko berdintasun teknikaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

–Epaimahaikidea: Uharteko Udaleko sindikatuen ordezkaritzak izendatutako pertsona, edo hura ordezteko izendatzen dena.

–Idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko Giza Baliabideetako kudeatzailea, edo hark izendatzen duen pertsona.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da. Ordezkapenak, halakorik behar izatera, ekainaren 5eko 115/1985 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera eginen dira, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko dira.

5.1. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

5.2. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

5.3. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Merezimendu lehiaketa nola eginen den.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:

–Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Uharteko Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzu ematen antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez.

Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, parte-hartzaileen puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena, eta agirien aurkezpena.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, kalifikazio-epaimahaiak parte-hartzaile guztiei behin betiko puntuazioak jakinaraziko dizkie, eta Uharteko Udaleko alkateari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako plazen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, izenda daitezen eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten eta deialdiko plaza kopuruan kabitzen diren lehiakideak; kasua bada, plaza kopuruan sartuko dira aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak.

8.–Adjudikatzea eta plazaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien plazak adjudikatuko dizkie lehiakideei, eta aginduko du adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Lehiakideek izendapen ebazpenean zehaztuko den egunean jabetu beharko dute adjudikatutako plazez, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

9.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

Uharteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Tratamenduaren xedea da deialdi hau betetzea.

Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

2016/679 (EB) Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).

2016/679 (EB) Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta beharrezkoa den denbora guztian ere, zehazteko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak lagako dira legeak xedatutako kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez.

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

Iragarkiaren kodea: L2613187