216. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OLTZA ZENDEA

Oposizio-lehiaketa, bete dadin berdintasunerako agentearen plaza bat, eta egin dadin izangaien zerrenda bat, aldi baterako kontratazioetarako

Tokiko Gobernu Batzarraren 2026ko irailaren 25ean hartutako erabaki baten bidez, onetsi zen deialdi bat, bete dadin, oposizio-lehiaketaren bidez, berdintasunerako agentearen plaza bat, Oltza Zendeako Udalaren zerbitzura, lan-araubide finkoan.

Deialdi honetan honako arau hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), betiere ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legeak eman dion testuaren arabera (foru lege horren bidez onetsi ziren langileen arloko aparteko eta premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan); aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

Deialdi honen eta beronen oinarrien aurka, interesdunek aurkez ditzakete 12. oinarrian jasotzen diren errekurtsoak.

Oltza zendean, 2026ko irailaren 29an.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.

DEIALDIA, BETE DADIN BERDINTASUNERAKO AGENTEAREN PLAZA BAT, OPOSIZIO-LEHIAKETAREN BIDEZ, ETA EGIN DADIN IZANGAIEN ZERRENDA BAT, ALDI BATERAKO KONTRATAZIOETARAKO. OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketaren bidez, berdintasunerako agentearen plaza bat, B mailakoa, lanaldi osokoa, jardun dezan Oltza Zendeako Udalaren zerbitzura.

1.2. Udaleko plantilla organikoan dago plaza hutsa: 13 zenbakia duen plaza.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, deialdi honetako plazak betetzeko izendatzen den langilea sartuko da B mailan edo taldean, eta jasoko ditu dagozkion ordainsariak, hots, oro har ezarrita daudenak Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan (onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez) eta ezarrita daudenak, orobat, Oltza Zendeako Udalean aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan.

1.4. Lanaldi osoan aritu beharko da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia, baina, betiere, organo eskudunek aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Plaza lortzen duten izangaiak lan-kontratudun finko bilakatuko dira, eta izanen dituzte dagozkien eskubide eta betebehar guztiak, hau da, Oltza Zendeako Udaleko langileentzat zehazten direnak egungo xedapenetan.

1.6. Halaber, deialdi honen bidez, honako zerrenda hauek eratu nahi dira, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin, jarraikiz 9. oinarriari, aldi baterako lan kontratuak egiteko:

a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

1.7. Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoan, sartuko dira Oltza Zendeako Udalean, afiliatuko dira Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.8. Lanpostuari dagozkion eginkizunak izanen dira deialdiaren kategoriarako egokiak direnak, eta kategoria horietan sartuko dira berdintasunaren arloari dagozkion zereginak, jarraikiz lanpostuen deskribapenari, udal honetan 2025eko otsailaren 13an onetsitakoari. Halaber, eman beharko dute Alkatetzak nahiz organo delegatuek agintzen dieten beste edozein zerbitzu; betiere, beren eskumen, maila eta kategoriaren barrenean, baldin zerbitzu horiek sartuta badaude lanpostuaren eginkizunetan.

1.9. Oinarri hartuta udal batzuek sinatutako administrazioen arteko hitzarmen bat, zehazki, Oltza Zendeako, Etxauriko, Bidaurretako, Beraskoaingo, Etxarriko, Zabaltzako, Ziritzako eta Ollarango udalek sinatutakoa –bai eta gerora atxiki daitezkeenek ere– kontratatzen den izangaiak bere zerbitzuak eman beharko ditu bat etorriz udal bakoitzak ezartzen dituen programa eta jarraibideekin, eta jarraikiz Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuak ezartzen duenari.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 apartatuan adierazia), baita plazaz jabetu hartu arte ere:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urteak beteak izatea, eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Edukitzea unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena, edo balio berekotzat aitortutako titulu bat, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo gaindituak izatea lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenbiziko hiru ikasturteak.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko, baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Euskaraz jakitea, eta aurkeztea C1 maila, EGA edo horren baliokidea frogatzen duen ziurtagiria. Orobat, euskara ezagutza frogatzen ahalko da eskatutako jakite mailaren proba espezifikoa eginez, jarraikiz 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari (horren bidez arautzen da euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan).

e) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

g) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Izendatzeko proposatzen den izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu deialdiko 7.2 apartatuan ezarritako epean eta moduan, salbu deialdiko 3. oinarrikoak: horiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira.

3.–Eskabideak aurkeztea.

3.1. Hogei egun naturaleko epea izanen da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira nahitaez, udal honen egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es), dagokion izapidea baliatuz.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari, zehazki, 14. artikuluko 3. apartatuari (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea): "Administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, honako hau ematen da aditzera abenduaren 26ko 16/2025 Foru Legearen 26. artikuluan (2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoek antolatutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak): "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko. Halaber, Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie elektronikoki jakinaraz dezaten prozesu horiekin lotutako edozein izapide".

3.2. Eskabideek izan behar dute deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako eredu normalizatuaren araberakoak, eta haietan izangaiek adierazi behar dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Honako dokumentazio hau gehituko zaio behar bezala betetako eskabideari:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, ziurtagiri bat, frogatzen duena titulua eskuratzeko moduan dagoela eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik.

c) Euskararen ezagutza frogatzen duen dokumentazioa, edo euskara proba egiteko eskabidea.

d) Ziurtagiriak, frogatzen dituztenak lehiaketaldian alegatutako merezimenduak, baloratu beharrekoak, 6. oinarrian ezarritakoaren arabera. Baldin dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideak aurkezteko ezarritako epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

e) 25,00 euroko tasa ordaindu izanaren ordainagiria, espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako (diru-sarrera egiteko kontua: ES70 2100 5174 8702 0002 5931, Caixa), adierazita izangaiaren izen-abizenak eta kontzeptua, "berdintasunerako agentea".

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

1.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

2.–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko, alabaina, baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean uko egin ez izana eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, salbu justifikatutako kasuetan; halaber, baldintza izanen da ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, aurkeztu beharko da behar den enplegu-bulegoak emandako agiria. Bertan agertuko da zer egunetan inskribatu zen lan-eskatzaile gisa, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide-sustapen, -prestakuntza edo -birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, salbu justifikatutako kasuetan.

Interesdunak adierazpen baten bidez frogatu beharko du ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik hilean.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, bestela, aurkezten ez bada hura ordaintzetik salbuetsita egotearen frogagiria, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea aurkeztu beharra behar den epean eta moduan.

Ez da azterketa-eskubiderik itzuliko baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

f) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, ziurtatzen duena ez dela kondenatua izan epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

g) Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute agiri bat, frogatzeko desgaitasuna dutela legeen arabera, organo eskudunak emana.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Udaleko Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan (https://www.ayuntamientoolza.com eta https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita (https://www.ayuntamientoolza.com eta https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es). Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira beti.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du web-fitxan argitaratzeko (https://www.ayuntamientoolza.com eta https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es), adierazita probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski izanen izangaiei aitor dakien betetzen dituztela ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, ulertuko da egin dela interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: José María Cuende Vallejo, Oltza Zendeako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: María José Garayoa Elizalde, Oltza Zendeako Udaleko Berdintasun Batzordeko burua.

1. epaimahaikidea: Amaia Paz Vallejo, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko berdintasun-teknikaria.

Ordezkoa: Imelda Mañeru Viguria, Tafallako Udaleko berdintasun-teknikaria.

2. epaimahaikidea: Iruña Martinez Lorea, Barañaingo Udaleko berdintasun-teknikaria.

Ordezkoa: Amaia Zalba Martinez, Berriozarko Udaleko berdintasun-teknikaria.

3. epaimahaikidea: Raquel Albéniz Martínez de Lizarrondo, Oltza Zendeako Udaleko diruzaina.

Ordezkoa: María Liernia Garmendia Ariztimuño, Oltza Zendeako Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikide idazkaria: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiak hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko du.

Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organo horren eraketa baliozkoa izateko eta jarduketak egiteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea epaimahaiburua eta epaimahaikide-idazkaria, edo haien ordezkoak, eta mahaikideen erdiak gutxienez.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute kalifikazio-epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du, proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, eta, hautaketa-prozedura malgutzeko, oposizioaldia eginen da lehenbizi, eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehaztu bezala. Oposizioaldiko ariketa gainditu duten izangaien merezimenduak baino ez dira baloratuko.

Oposizio-lehiaketan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Ariketak 2026ko azaroan hasiko dira, eta betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik.

6.2. Euskara proba.

3.4 oinarrian eskatutako hizkuntza-eskakizuna agiri bidez frogatzen ez dutenentzat proba bat eginen da, euskararen jakite maila frogatzeko. Behin onetsirik izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, Udalaren egoitza elektronikoan adieraziko dira euskara probaren eta hautaproben tokia, eguna eta ordua. Oposizioaldiko ariketak hasi aurretik eginen da euskara proba, eta baztertzailea izanen da.

6.3. Oposizioaldia.

6.3.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Gero, kalifikazio-epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, erregelamenduari jarraikiz.

6.3.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

6.3.3. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: teorikoa. Hainbat galderari erantzun beharko zaie, idatziz. 60 eta 90 galdera bitarte izanen dira. Erantzuteko lau aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. Gaiak izanen dira deialdiko II. eranskinean ageri den gai-zerrendakoak. Okerreko erantzun bakoitzeko kenduko da erantzun zuzen baten balioaren 1/3. Ariketa hastean, kalifikazio-epaimahaiak azalduko du izangaiek zenbat denbora izanen duten gehienez hura egiteko. Ariketa honek 30 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez.

Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Idatziz garatu eta ebatzi beharko dira epaimahaiak proposatutako gai eta kasu praktikoak. Gai horiek izanen dira III. eranskineko gai-zerrendakoak. Epaimahaiak erabakiko du zenbat denbora izanen duten izangaiek horiek ebazteko.

Ariketa honek 40 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez.

6.3.4. Probak egiteko ez da erabiltzen ahalko inolako testurik edo hiztegirik, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

6.3.5. Lehen eta bigarren ariketak baztertzaileak izanen dira, eta, hortaz, baztertu eginen dira honako puntu hauek, gutxienez, eskuratzen ez dituzten izangaiak:

–Lehen ariketa: 15 puntu.

–Bigarren ariketa: 20 puntu.

6.3.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.3.7. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gutun-azal itxiak irekitzeko deia eginen die parte-hartzaileei, jendaurreko ekitaldi batean, eta argitaratuko da probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, adierazita eskuratutako kalifikazioak, ariketak egin diren tokian eta Udalaren iragarki-taulan. Bost egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.4. Lehiaketaldia.

6.4.1. Aldi honetan parte hartuko dute oposizioaldia gainditu dutenek soilik.

6.4.2. Deialdiaren 3.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu behar dira, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak. Bestela, ez aurkeztutzat joko dira.

6.4.3. Epaimahaiak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu alegatu eta frogatu diren merezimenduak.

6.4.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, aipatu baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

6.4.5. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

6.4.6. Merezimenduen kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du erreklamazioetarako, izangaiek alega dezaten eskubideko jotzen duten guztia merezimenduen balorazioaren gainean.

Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, iragarki-taulan ezarriko da izangaien zerrenda, adierazita lehiaketaldian ateratako puntuazioak. Puntuazio horiek gehituko zaizkio oposizioaldian eskuratutakoari, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.

7.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak buruturik, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, adierazita oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioak, probak egin diren tokian, iragarki-taulan eta Oltza Zendeako Udalaren web atarian. Halaber, zerrenda hori eta espediente osoa igorriko dizkio Udaleko alkateari, eta, orobat, igorriko dizkio probak puntuazio handienarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamen hori deialdiaren web-fitxan argitaratuko da (https://www.ayuntamientoolza.com eta https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es).

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Azkenik, berdinketak irauten badu, zozketa bidez ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Oltza Zendeako Udalean:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, frogatzeko interesdunak ez duela eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguan aritzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

7.3. Aipatutako epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe dagokien erantzukizuna, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta.

7.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Oltza Zendeako Udalak baja beteko du ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, probak gainditu dituztenen zerrendan (8.1 oinarria), eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Oltza Zendeako Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eskatzen ahal dio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztu beharko ditu deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu eta aurreko oinarrian aipatu dokumentuak aurkeztuta, Oltza Zendeako Udaleko alkateak ebazpen baten bidez izendatuko du berdintasunerako agente, jardun dezan udal honen zerbitzura, lan-kontratudun finkoen araubidean, plantilla organikoan 13 zenbakia duen lanpostuan. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8.3. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Egun horretan jabetza hartzen ez badu, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan, eskubide guztiak galduko ditu berdintasunerako agentea izateko, lan-kontratudun finkoen araubidean, udal honen zerbitzura. Kasu horretan, aurreko oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Baldin izangai bat lan-kontratudun finko bihurtu, eta lanpostuan batere aritu gabe, ematen bazaio borondatezko eszedentzia, berak eskatuta, plazaz jabetzen den egunetik beretik, beste administrazio publiko batean ari delako data horretan, plaza huts hori ere beteko da deialdiaren 7.4 apartatuak agintzen duen moduan.

8.5. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak.

9.1. Honako zerrenda hauek prestatuko dira aldi baterako kontratazioetarako, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik lortzen ez duten izangaiekin (hori dena, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluarekin eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin –horren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak– eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin):

a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehenbiziko ariketan gutxienez 8 puntu lortu dituzten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta Oltza Zendeako Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenen zerrenda; hori guztia, jarraikiz une oro indarra duten kudeaketa arauei. Zerrenda horiek argitara emanen dira Oltza Zendeako Udalaren iragarki-taulan.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartzea betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.

Hautagaiei deitzeko eta, hala badagokio, kontratatzeko izangaien zerrenda erabiltzeko, jarraituko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduari, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean; zehazki, zazpigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuan.

Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute titulazioaren frogagiria soilik, 2. oinarriko baldintza betetzen dutela frogatzekoa. Horretarako, kontratua formalizatzen denean, aurkeztu beharko dute jatorrizko agiria, edo behar bezala konpultsatutako kopiak.

Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.

9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Udalaren web-orrian argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den guztia ere. Udalaren helbide honetan argitaratuko dira: https://www.ayuntamientoolza.com eta https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es.

11.–Datuen babesa.

Izangaiei jarraian azaltzen dena aditzera ematen zaie, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EE) Erregelamenduarekin, zehazki, 13. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra, DBEO). Hona hemen:

Oltza Zendeako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo beharrezkoa da kontratatu aurreko neurriak aplikatzeko, interesdunak eskaturik), eta DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat).

Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta beharrezkoa den denbora guztian ere, zehazteko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 19.2.f) artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez, non informazio gehiago baitago eskura:https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es.

Datuak babesteko ordezkariarekin ere jar daitezke harremanetan, dpd@ayuntamientoolza.com helbidean, eta erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

12.1. Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, zuzendu behar baitzaio Oltza Zendeako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Hori dena, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://www.ayuntamientoolza.com/convocatoria-para-la-provision-por-concurso-oposicion-de-una-plaza-de-agente-de-igualdad-y-constitucion-de-una-relacion-de-aspirantes-a-la-contratacion-temporal/anexo-1-modelo-de-instancia/

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA. GEHIENEZ: 30 PUNTU

A) Berdintasunaren arloan espezializatutako graduondoko edo masterreko tituluak: 12 puntu gehienez.

Genero-berdintasuneko teknikari-lanari lotutako unibertsitateko graduondoko edo masterreko ikasketa bukatuak, 200 ikastordutakoak gutxienez, eman dituztenak behar bezala aitortutako unibertsitateek edo goi-mailako ikastetxeek.

Ez da baloratuko 200 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-ikasketetako titulurik.

1,5 puntu emanen dira, graduondoko edo masterreko 200 orduko. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 200 ordutik beherako zatiei esleituko zaie gainerako denborari dagokion puntuazio proportzionala.

Atal honetan 12 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Baldin titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

B) Arlo horretan egindako zerbitzuak edo lanbide-esperientzia: 15 puntu gehienez.

B.1) Entitate publiko batean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agentearen lanpostuan (B maila) egindako zerbitzuak: 3,00 puntu lan egindako urte bakoitzeko.

B.2) Entitate pribatu batean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agentearen lanpostuan (B maila) egindako zerbitzuak: 1,50 puntu lan egindako urte bakoitzeko.

Goian adierazitako puntuak lortzeko, urte osoa egin behar izan da lan, eta lanaldi-osoan. Lanaldia bestelakoa bada, puntuak hainbanatu egin beharko dira.

Frogatutako lan-eskarmentuak ez badu urte osorik egiten, dagokion proportzioa aterako da, kontuan hartuta hilabete osoak. Kontratu bat kontuan hartzeko, hilabete oso batekoa izan beharko du gutxienez.

Aurreko apartatuetako merezimenduak zenbatzeko, honako zerbitzu hauek hartuko dira kontuan: eman direnak lan araubidean, behin-behineko langile edo langile finko gisa, edo administrazio araubidean, bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik. Baina apartatu batean baino gehiagotan sartutako zerbitzuak denbora berean egin badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

Merezimendu horiek baloratzeko, hautagaiek aurkeztu beharko dituzte entitate kontratatzaileek (publiko nahiz pribatuek) egindako eta sinatutako ziurtagiriak. Agiri horietan alderdi hauek jaso beharko dira: lanpostuaren definizioa; kontratuaren iraupena; lanaldi mota (osoa edo partziala, eta azken kasu horretan, ehunekoa adierazita). Datu horiek jasotzen ez dituzten ziurtagiriak ez dira baloratuko, eta ez dira kontuan hartuko merezimenduak zenbatzeko.

C) Berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak: 3 puntu gehienez.

Genero berdintasunari buruzko ikastaro bukatuak, administrazio publikoek antolatuak: 0,20 puntu ikastordu bakoitzeko.

Ez da baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastarorik. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 10 ordutik beherako zatiei esleituko zaie gainerako denborari dagokion puntuazio proportzionala.

Merezimenduak hautaprobak egin eta gero baloratuko dira; gainditutako izangaiei soilik baloratuko zaizkie merezimenduak.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena jasotzen duten ziurtagiriei, orduak zehaztu gabe, 600 orduren balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileari dagokion beharkizuna betetzen ez badu ere, prestakuntza ekintza horiek Administrazioak agindu baditu, baimendu baditu edo berak baliozkotuak badira.

5. Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Lehenbiziko zatia.–Oinarrizko araudia eta araudi orokorra.

1. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: II. titulua. I. kapitulua. "Lurraldea eta biztanleria". II. kapitulua. "Antolaketa". III. Kapitulua. "Eskumenak". V. kapitulua. I. kapitulua. "Funtzionamendu araubidea".

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Titulua: "Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa". III. titulua: "Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea". V. titulua: "Jarduerak, zerbitzuak eta obrak". VI. titulua: "Kontratazioa".

3. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: atariko titulua. "Xedapen orokorrak". I. titulua. "Prozeduran interesdun direnak". II. titulua. "Administrazio publikoen jarduera". III titulua. "Administrazio-egintzak"; IV. titulua "Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak". V. titulua. "Egintzak bide administratiboan berrikustea".

4. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, hizpide duena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea. I. titulua. Nafarroako foru erakundeak. II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.

5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua. "Xedapen orokorrak". II. titulua. "Funtzionario publikoak. Hautapena. Funtzionario-izaera hartu eta galtzea. Mailak eta graduak. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak". IV. titulua. "Langile kontratudunak".

6. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. I. titulua. V. kapitulua. 3. atala. "Adjudikazio-prozedurak".

7. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. "Xedapen orokorrak". I. titulua. "Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak".

8. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena Gardentasuna, Informazio Publikoa Eskuratzea eta Gobernu Ona.

Bigarren zatia.–Araudi espezifikoa.

1. gaia–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirakoa.

2. gaia.–901/2020 9 Errege Dekretua, urriaren 13koa, arautzen dituena Berdintasun planak eta haien erregistroa. III. kapitulua.

3. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, hizpide duena Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna.

4. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Osoarena.

5. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, hizpide dituena Genero Indarkeriaren Aurka Oso-Osoko Babesa Emateko Neurriak.

6. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa.

7. gaia.–14/2015 Foru Legea garatzeko plana, Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 23an onetsia.

8. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, hizpide duena LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Soziala.

9. gaia.–260/2019 Foru Dekretua, irailaren 30ekoa, onesten dituena Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak.

10. gaia.–Politika publikoetara aplikatutako genero teoria eta genero ikuspegia. Zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa (esanahia, zer eremutan gertatzen diren, horiek hautemateko estrategiak). Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa txertatzeko "estrategia duala". Ekintza positiboa eta genero zeharkakotasuna administrazioan (lege esparrua, definizioa, filosofia).

11. gaia–Genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzea. Aplikatu beharreko araudia. Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 16an hartua, jarraibideak onesten dituena egin dadin sexuarengatiko inpaktuari buruzko txostena, foru legeen aurreproiektuetan, legegintzako foru dekretuetan, erregelamenduzko xedapenen proiektuetan eta plan eta programetan, baldin horiek onestea Nafarroako Gobernuaren eskumena bada.

12. gaia.–Aukera berdintasunerako agentearen figura. Lanbide profila. Eginkizunak.

13. gaia–Genero berdintasuna Nafarroako toki-erakundeetan. Ibilbidea, planifikatu dadin Nafarroako toki-erakundeen berdintasun politika.

14. gaia.–Genero berdintasuneko planak: Diseinua. Helburuak ezartzea. Garatzeko prozedura. Horiek ebaluatzea.

15. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa. Emakumeen aurkako genero indarkeria. Nafarroako egoera eta dauden baliabideak.

16. gaia.–Nafarroako emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoa (2022-2027).

17. gaia.–27/2024 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak.

18. gaia.–9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, hizpide duena Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Hitzarmena Garatzeko Premiazko Neurriak.

19. gaia.–Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko baliabideak Nafarroan. Profesionalendako gidaliburua. (Nafarroako Berdintasunerako Institutua / NABI 2025).

20. gaia.–Guía para la elaboración de protocolos locales de coordinación de la actuación ante la violencia contra las mujeres. Nafarroako Berdintasunerako Institutua / NABI 2018).

21. gaia.–Zainketen aldeko itunak Nafarroan. Zainketen aldeko tokiko itunak.

22. gaia.–Genero berdintasunari buruzko klausulak kontratuetan, dirulaguntzetan eta hitzarmen publikoetan.

23. gaia.–Genero Berdintasunerako Europako Estrategia (2020-2025).

24. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralarena.

25. gaia.–Udal ordenantza, arautzen dituena hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboaren sustapena.

https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/preview-document/4ed9da1a-8e92-4a5f-a984-5ee3bfef77ca/

26. gaia.–Oltza Zendeako Udaleko genero-berdintasun plana, 2024-2028 aldirako.

https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/preview-document/fec291aa-5e30-4f39-9ccd-e1e16bd00b2f/

27. gaia.–Protokoloa, udalerriko espazio publikoetan eraso sexistak prebenitu eta artatzeko, Oltza zendean.

https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/preview-document/651092bd-23b7-4337-ba4b-c9a34c8f2db6/

28. gaia.–Estatu egiturak: Berdintasun Ministerioa. Emakumeen Institutua. Genero indarkeriaren aurkako gobernu-ordezkaritza. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Estatuko behatokia.

29. gaia.–Genero ikuspegia duten aurrekontu publikoak Nafarroan: kontzeptu esparrua, araudia, tresnak eta metodologia.

30. gaia.–44/2024 Foru Dekretua, apirilaren 30ekoa, sortzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak koordinatzeko batzordea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatu ere, eta arautzen dituena haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu-araubidea.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2613002