1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
522/2026 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arauak ematen baitira 2026ko azaroaren 29an Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorretan botoa emateko eskubidea erabiltzea erraztearren egun horretan asteko atsedenik ez duten besteren konturako langileei.
Diputatuen Kongresua eta Senatua desegiteko eta hauteskundeetara deitzeko urriaren 5eko 806/2026 Errege Dekretuaren bidez erabaki da 2026ko azaroaren 29an eginen direla bi ganberetarako hauteskundeak.
Hauteskunde prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, eta Gobernuaren Ordezkaritzarekin adostu ondoren, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan behar diren neurriak hartzea egun horretan asteko atsedenik ez duten besteren konturako langileei begira.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Honako arau hauek ematea Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorrak eginen diren egunean, 2026ko azaroaren 29an, asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko eskubidea erabiltzea errazago izan dezaten:
1.–Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak:
a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko direnak: ez dute izanen baimen ordaindurako eskubiderik.
b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko direnak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.
c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko direnak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.
d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko direnak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.
e) 2026ko azaroaren 29an ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko, norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatu ahal izan dezan, alegia, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita dagoena. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, goian aipaturiko irizpide berberak erabiliko dira, postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.
Kasu horietan guztietan, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileen kasuan, beren lanaldia ohikoa baino laburragoa baldin bada, baimenaren iraupena murriztuko da langileak duen lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera.
Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko dituzten baimenak banatzea egunean zehar.
2.–Hauteskunde-mahaietako lehendakari edo bokal, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua.
Hauteskunde-mahaietako lehendakari edo bokal diren langileek, baita artekariek ere, bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izateko eskubidea dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarakoa ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Atal honetan aipaturiko langileek lan egin beharra baldin badute hauteskunde-egunaren bezperan gaueko txandan, enpresak, interesdunak eskatuta, txanda aldatu beharko die, hauteskunde-egunaren aurreko gauean atsedenaldia hartu ahal izan dezaten.
3.–Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira, eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, botoa eman izanaren ziurtagiria edo, hala badagokio, hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da hori frogatzeko.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urriaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Ignacio Mendioroz Casallo.
Iragarkiaren kodea: F2613590