218. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Oposizio-lehiaketa, animatzaileen bi plaza betetzeko, lan-araubide finkoan

Uharteko Udaleko Alkatetzaren 2026ko urriaren 5eko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko animatzaileen bi plaza, Uharteko Udalaren zerbitzura aritzeko.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Uharten, 2026ko urriaren 9an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko arauekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea animatzaileen bi plaza, lanaldi partzialekoak, lan-kontratudun finkoen araubidean (plazek 80.4 eta 80.5 zenbakiak dituzte Udalaren plantilla organikoan). Txanda hauetan banatuko dira:

  • Plaza bat txanda irekian.
  • Plaza bat igoera-txandan.

Igoera txandako plazaren bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, izapidetzen ari den animatzaileen bi plazaren lekualdatze-lehiaketa bukatutakoan plazaren bat hutsik gelditzen bada, deialdi honetan sartuko dira plaza hori edo horiek, Alkatetzaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratuko da, zeina eskuragarri egonen baita Uharteko Udalaren egoitza elektronikoan.

1.2. Bestalde, zerrenda bat eratuko da oposizio-lehiaketaren emaitzekin, Udalak erabil dezan etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar dituenean. Kasu horretan, kontratuak eginen dira izangaien puntuazio-ordenaren arabera, eta une oro errespetatuz zerrendak kudeatzeko barne-araudia, kontratua egiteko unean indarrean dagoena.

1.3. Plazak Gazteria Alorrari atxikita daude, eta honela identifikaturik plantilla organikoan:

–Animatzailea: %65eko lanaldia (nagusiki arratsaldez eta asteburuetan, txandaka). Plaza zenbakia: 80.4. Lanaldi partzialeko kontratua.

–Animatzailea: %50eko lanaldia (nagusiki asteburuetan). Plaza zenbakia: 80.5. Lanaldi partzialeko kontratua.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko organo eskudunek.

1.5. Lanpostuak C mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu (jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari), bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.6. Honako hauek dira, besteak beste, hautatutako izangaiek bete beharreko eginkizun nagusiak:

a) Uharteko gazte lokalean edo gazte lokaletik egiten diren programak betetzea.

1) Gazteek parte hartzeko programa.

2) Hezkuntza-prebentzio-esku-hartze programa.

3) Aisia eta astialdi osasungarrirako eta balio positibo anitzekorako programa.

4) Gazteei informazioa emateko programa.

5) Orientazio- eta prestakuntza-programa.

6) Gazteak enpleguari begira aktibatzeko programa.

7) Gazteen arte programa.

8) Gazteen mugigarritasun programa.

9) "Conoce Uharte Ezagutu" belaunaldiarteko programa.

10) Balizko programa berriak.

11) Bestelako eginkizunak, mailari eta kategoriari dagozkionak.

b) Gazteriako teknikariarekin harreman estuan lan egitea.

c) Uharteko gazteek gazte lokalean proposatzen dituzten ekimenak biltzea.

d) Uharteko gazteentzat interesa duten jarduera mota guztien antolaketan parte hartzea: aisia osasungarrira bideratuak, kirolekoak, berdintasuna eta euskara sustatzekoak, gazteen artearekin lotuta dauden askotariko kultura jarduerak (musika, ikus-entzunezkoak, dantza, antzerkia, arte plastikoak), ingurumenarekin loturikoak, kulturartekotasuna ardatz dutenak, etab.

e) Gazteen partaidetza bulkatzea gazte lokaleko programa eta jardueren antolaketa eta kudeaketan.

f) Gazte lokaleko jardueren zabalkundea eta sustapena.

g) Proiektuak eta txostenak prestatzen, dirulaguntzak eskatzen eta abarretan laguntzea, Uharteko gazte lokala dinamizatzeko direnean.

h) Gazteekin jarduteak berezko dituen gatazkei irtenbide ematea.

i) Espazioak Lagatzeko Zerbitzuaren ondoriozko lanak egitea: espazioak lagatzeko eskaeren kontrola eramatea, espazioak eta ekipamenduak kontrolatzea eta abar.

j) Gazte lokalaren beheko solairuan dagoen ziberespazioa gobernatu eta dinamizatzea.

k) Atezain eginkizunak: aretoak ireki eta ixtea eta mailegurako materialak eta jolasak kudeatzea.

l) Udaleko Gazteria Alorrean antolatzen diren gainerako programa eta jardueretan laguntzea.

m) Aipatu eginkizunak betetzeko behar diren zerbitzu eta teknikariekiko koordinazioa.

n) Dagozkien lanpostu, titulazio eta mailarekin bat Udalak manatzen dizkien gainerakoak.

Oinarri hauetan ezartzen ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, hura garatzeko eta betearazteko emandako erregelamendua, eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritartasuna izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Goi Mailako Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea edukitzea edo eskuratzeko moduan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Euskararen Gaitasun Agiria izatea (EGA), Nafarroako Gobernuak emana, edo baliokidea den titulu ofiziala, eta, zehazki, C1 mailaren baliokide direnak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Bestela, horretarako proba bat gainditu beharko da. Euskara-proba egin nahi dutenek berariaz adierazi beharko dute eskabide orokorrean.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

g) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz (erregistro hori arauturik dago abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez).

2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3.–Eskabideak.

3.1. Uharteko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aurrez aurre edo elektronikoki, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri ofizial baliokide batena.

b) Eskatutako euskara-maila frogatzen duen ziurtagiria, edo, bestela, euskara-mailari buruzko proba egiteko eskaera.

c) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa (erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez).

d) Eskatutako titulazio akademikoaren fotokopia.

e) Lan-bizitza eta izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiriak.

Lan-esperientzia frogatzeko, alde batetik, erakunde kontratatzaileek emandako ziurtagiriak aurkeztuko dira (lan-mota, kontratuaren hasiera- eta bukaera-datak zehaztuta), eta, bestetik, Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren ziurtagiria. Indarrean dauden kontratuen aldia kalkulatzeko, deialdi honetan eskabideak aurkezteko epearen azken eguna hartuko da bukaera-datatzat.

3.3. Desgaitasun-ziurtagiria duten pertsonek aurkeztu beharko dute ziurtagiri hori justifikatzeko dokumentazioa.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Orobat, eskabideari ordainagiri bat erantsiko zaio, frogatzen duena espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 14,00 euro ordaindu izana (diru-sarrera egiteko kontua: ES59 3008 0087 74 1447560721). Ordainagirian "animatzaileen deialdiaren tasa" testua jarri behar da. Tasa, ordaindu ondoren, ez da itzulgarria. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da. Salbuetsita egonen dira inskripzioa egiteko unean langabezian daudela frogatzen dutenak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Uharteko Udalaren webgunean argitaratzeko.

4.2. Baztertutako izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Uharteko Udaleko webgunean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Uharteko Udaleko webgunean argitara dadila.

5.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea, edo hark izendatzen duen pertsona.

Epaimahaikidea: Itziar Areta Olleta, Uharteko Udaleko gazteriako teknikaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

Epaimahaikidea: Ana Mindegia Ilarregi, Uharteko Udaleko euskara teknikaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

Epaimahaikidea: Maitane Urmeneta Salvatierra, Uharteko Udaleko berdintasuneko teknikaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

Epaimahaikidea: Uharteko Udaleko sindikatuen ordezkaritzak izendatutako pertsona, edo hura ordezteko izendatzen dena.

Idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko Giza Baliabideetako kudeatzailea, edo hark izendatzen duen pertsona.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da. Ordezkapenak, halakorik behar izatera, ekainaren 5eko 115/1985 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera eginen dira, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko dira.

5.1. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

5.2. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

5.3. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Oinarri hauetan adierazi bezala eginen dira.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Gainerako proben iragarkiak Udalaren web-orrian argitaratuko dira.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea. Lehiaketaldiaren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honekin bat:

a) Laneko eskarmentua lanpostuarekin zerikusia duten eginkizunetan, 20 puntu gehienez:

–Zuzeneko kudeaketan, gazteentzako udal lokal batean lan egitea integrazioko, animazioko, heziketako edo antzeko eginkizunetan, urte bakoitzeko 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu. Urte osoak ez badira, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

–Azpikontrata bidez, gazteentzako udal lokal batean lan egitea integrazioko, animazioko, heziketako edo antzeko eginkizunetan, urte bakoitzeko 1,5 puntu, eta gehienez ere 7,5 puntu. Urte osoak ez badira, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

–Gazte-elkarteetan edo bete entitate batzuetan lan egitea integrazioko, animazioko, heziketako edo antzeko eginkizunetan, urte bakoitzeko 1 puntu, eta gehienez ere 5 puntu. Zatiki bakoitzeko, proportzioan dagokiona.

Oharra: ez dira baloratuko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Titulazio akademikoak, 8 puntu gehienez:

–Gizarte-hezkuntzako, Gizarte-laneko, Pedagogiako, Psikologiako eta Soziologiako unibertsitate-titulua: 2 puntu.

–Epaimahaiaren iritziz lanpostuarekin zerikusia duten graduondokoak: 1 puntu.

–Animazio soziokulturaleko eta gizarteratzeko goi-mailako teknikaria: 2 puntu

–Komunikazio Bitartekotzako goi mailako teknikaria, Genero Berdintasuna Sustatzekoa edo antzekoa: 1 puntu.

–3. mailako profesionaltasun ziurtagiria, "Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak" lanbide-arlokoa, epaimahaiaren iritziz lanpostuarekin zerikusia dutenak: 1 puntu.

–Aisiako eta astialdiko zuzendari ikastaroa: 1 puntu.

–Aisiako eta astialdiko begirale ikastaroa: 0,50 puntu.

c) 20 ordu baino gehiago irauten duten ikastaroetara joateagatik, epaimahaiaren iritziz deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute, 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere puntu 2.

Oharra: Ordu kopururik adierazten ez bada, ikastaroa ez da aintzat hartuko, ez eta 20 ikastordu baino gutxiago dituztenak ere.

7.2. Merezimendu horiek frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da deialdian parte hartzeko eskabide-orriekin batera, eta ondoren ez da dokumentaziorik onartuko, kalifikazio-epaimahaiak argibiderik eskatu ezean.

Merezimenduen balorazioaren kontra erreklamazioak jar daitezke 5 egun balioduneko epean, web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

7.3. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira. Oposizioaldia ez da hasiko 2026ko abendua baino lehen.

8.2. Oposizioak hiru proba izanen ditu, lanpostuaren jarduerari buruzko ezagutzak baloratzekoak, deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendan jasotakoaren arabera.

a) Lehen proba. Ariketa bakarra izanen du. 60 galderari erantzun beharko zaie, eta erantzuteko hiru aukera emanen dira, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak izanen dira II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Erantzun oker bakoitzeko, zigorra heren batekoa izanen da. Ariketa honetan 15 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta 7,5 puntu gutxienez beharko dira gainditzeko.

b) Bigarren proba. Plazaren eginkizun eta edukiekin zerikusia duten kasu praktikoak argitzea. Gehienez ere 25 puntu (gainditzeko, gutxienez 12,5 puntu eskuratu beharko dira).

c) Hirugarren proba. Plazaren eginkizun eta edukiekin zerikusia duten kasu praktikoak ahoz ebaztea. Gehienez ere 30 puntu (gainditzeko, gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira).

Lehen eta bigarren probako ariketak egun berean eginen dira, baina ez zaie bigarren probako ariketa zuzenduko lehena gainditu ez duten izangaiei.

Proba bakoitzaren emaitzak argitaratu ondoren, 5 egun balioduneko epea emanen zaie hautagaiei bidezko erreklamazioak egin ditzaten.

8.3. Proba hauek egiteko ezin izanen da inolako testurik kontsultatu, ez eta hiztegirik, bitarteko digitalik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

8.4. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak nortasun agiri nazionala (NANa) edo baliokidea aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

8.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena, eta agirien aurkezpena.

9.1. Proben kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Uharteko Udalaren web-orrian, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren ordenan, lehiaketaldian eta oposizioaldian eskuratutako puntuazioak baturik, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

9.2. Emaitzak argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez dagoela inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dionik.

c) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak.

d) Hala behar badu, Uharteko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

9.3. Aipatutako epearen barrenean agiriak aurkezten ez badira (salbu aski arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), izangaia ezin izanen da kontratatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Uharteko Udalak lanpostua beteko du zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, hots: hautaprobak gainditu dituztenen zerrendan (9.1 apartatuan aipatzen den horretan) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.

10.–Kontratazioa.

10.1. Hautapen-prozesua bukatu eta izangaiak aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoan, alkateak ebazpen bat emanen du eta kontratatu eginen da.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, Uharteko Udaleko alkateak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek eratuko ditu, deialdi honen oinarrietan ezarritako prozedurari jarraikiz:

–Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.

–Hautaketa-prozesuko ariketa guztiak gainditu ez baina proben baturan puntuazioaren %30 lortu duten izangaien zerrenda.

Udalak eskatzen ahalko du deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena edo egoki irizten dion beste agiri osagarri oro.

Edonola ere, aldi baterako kontratazioetarako zerrendetako izangaiei deitzeko irizpideak izanen dira ezarrita daudenak kontratazioaren unean indarrean den Udaleko zerrendak kudeatzeko barne araudian.

12.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

Uharteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuen tratamenduaren xedea da animatzaileen bi plaza betetzea, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratudunen araubidean, lanaldi partzialean aritzeko.

Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta beharrezkoa den denbora guztian ere, zehazteko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak lagako dira legeak xedatutako kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez.

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua, eta II. titulua (13. artikulutik 16.era).

3.–1/2002 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Elkartzeko Eskubidea arautzen duena. I., II., III., IV., V. eta VI. kapituluak.

4.–11/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Gazteriari buruzkoa, 2011ko martxoaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

5.–109/2005 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen duena.

6.–Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren Lege Organikoa. I., II., III., IV. eta V. tituluak.

7.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak.

8.–Mugikortasuna eta boluntariotza. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

9.–Nafarroako Gazteriaren Institutuaren programa propioak eta toki-erakundeen programak. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

10.–Nafarroako gazte-aterpetxeak eta aterpekide-txartela. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

11.–Gazte-txartela. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

12.–Nafarroako gazteentzako informazio-sarea. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

13.–Ongizate emozionala. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

14.–Hezkuntza: Lanbide Heziketan sartzeko baldintzak, egiteko profesionaltasun-ziurtagiriak, oinarrizko maila, erdi-maila eta goi maila.

15.–Hezkuntza ez-formala. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

16.–Gazteentzako enplegua eta etxebizitza. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

17.–Nafarroako nerabeen sexismoaren eta genero-indarkeriaren adierazleei buruzko azterlana: ESPARRU TEORIKOA (Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua).

18.–Emakumeen aurkako indarkeria (iturria: NABI-Nafarroako Berdintasunerako Institutua): Genero-indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko taldeak (GIBOAT), emakumeen aurkako indarkeriari buruzko gida gazteentzat eta Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa.

19.–LGTBI+ berdintasuna (Iturria: NABI-Nafarroako Berdintasunerako Institutua): Kattalingune LGTBI+ arreta Integrala emateko Zerbitzua eta Sexu- eta genero-aniztasunari buruzko oinarrizko gida.

20.–Gazte elkarteak. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

21.–Garraioak: gazteentzako abantailak. Iturria: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

22.–Nafarroako gazteentzako kultura-bonua. Iturria: Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioa.

23.–Ordenantza, herriko talde eta elkarteendako dirulaguntzak emateari buruzkoa, kultura, hezkuntza, berdintasun, euskara eta gazteria arloetan jarduerak eta proiektuak antolatzeko.

24.–Ordenantza, Uharteko Udalean eta haren mendeko erakunde eta enteetan hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera eta sustapena arautzen dituena.

25.–Ordenantza, Uharteko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituena.

26.–Uharteko Udalaren antolaketa eta funtzionamendua: Udalbatza. Batzordeak. Udal zerbitzuak. Uharte Ezagutu. Iturria: www.huarte.es.

27.–Uharteko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua. Ugazte-Uharteko Gazte Lokala. Iturria: www.huarte.es.

28.–Gazteentzako jarduerak programatu eta gauzatzea Uharten.

29.–Gazteentzako jarduerak: zabalkundea, publizitatea, publikoei arreta egitea eta publikoak kudeatzea.

Iragarkiaren kodea: L2613186