Iragarkia
211. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1090E/2026 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "Sarbil 1", "Sarbil 2", "Sarbil 3", "Sarbil 4", "Sarbil 5", "Sarbil 6", "Sarbil 7", "Sarbil 8" eta "Sarbil 9" eguzki-instalazio fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko (barnean hartuta SET-Orcoyen 66kV i-DE arteko ebakuazio-azpiegitura partekatua). Sustatzaileak Sarbil Solar Uno SLU, Eguzki Santa Cruz Uno SLU, Eguzki Quiriaco Dos SLU, Eguzki Rancho Tres SLU, Eguzki Chaparral Cuatro SLU, Eguzki Borda Cinco SLU, Eguzki Soportillo Seis SLU, Eguzki Bojeral Siete SLU eta Eguzki Arpide Ocho SLU dira. Etxauriko udal-mugartean daude estazioak, eta Etxauri, Oltza Zendea eta Orkoien udalerrietako ebakuazio-azpiegiturei eragiten diete.
Bederatzi eguzki-instalazio fotovoltaikok osatzen dute jarduketa. Esparru banatan daude, ondoz ondo edo elkarrengandik oso hurbil, eta 62,4 hektarea inguruko azalera bat okupatzen dute guztira, Etxauriko 4 poligonoko 9 lurzatian.
Instalazioen ezaugarriak direla eta, haiek batera izapidetzea Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldean sartuko litzateke (Industria Energetikoa), i) letran, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko litzaioke. Hala ere, lege horren 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaie II. eranskinean jasota dauden eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuei sustatzaileak hala eskatzen badu, kasu honetan bezala.
Aurrekariak.
–Irismeneko dokumentua.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluari jarraikiz, Sarbil Eguzki 22 SLk, 2022ko ekainean, proiektuaren hasierako dokumentua aurkeztu zuen Etxauriko Sarbil eguzki-instalazio fotovoltaikorako (barnean hartuta ebakuazio-azpiegitura), zeinak Oltza Zendea, Orkoien eta Etxauri udalerriei eragiten baitzien, eta instalazioaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua eskatu zuen 2022ko urrian.
Instalazio hori, eta orain ebaluatzen ari direnak, ikerketa-eremu berean daude, eta ezartze-eremu oso antzekoak dituzte. Beraz, irismeneko dokumentua igortzeko izapidean lehen instalaziorako adierazitakoa erabat aplika dakioke orain ebaluatzen ari denari.
Izapide horretan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak honako hau jakinarazi du:
"LAP 3 dokumentuak (Area Zentrala) eremurako proposaturiko lurralde-ereduaren aurreikuspenen arabera, Etxauriko Udal Plan Orokorrak –2016/12/02an onetsia behin betiko; 2017ko urtarrilaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 4 zk.– lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen du eskatutako instalazioak ukitutako lurzorua, azpikategoria hauekin:
–Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, ingurumen aldetik balioa duena (lurralde-konektibitatea).
–Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, ingurumen aldetik balioa duena (ibai-eremua).
–Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, balio kulturala duena (abelbideak); zehazki, T-8 zeharbideari eragiten dio".
"64/2006 Foru Aginduaren 3. artikuluari eta xedapen iragankor bakarrari jarraikiz, ezin izanen da eguzki-instalaziorik jarri honako toki hauetan:
–Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, ingurumen- eta paisaia-balioko lurzoruen azpikategorietan sailkatua hirigintza-plangintzaren sailkapenean, 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
–Abelbide, Donejakue bidea, aztarnategi arkeologikoak eta balio kulturaleko gainerako lurrak, eta dagoeneko badauden edo aurreikusten diren interes orokorreko azpiegiturak".
Horregatik guztiagatik, honako hau ondorioztatzen du: "Bildutako datuekin, ondorioztatzen ahal da aurkeztutako proposamena bateraezina dela 64/2006 Foru Aginduarekin; horrenbestez, ezin izanen du hirigintza-baimenik lortu proposaturiko kokalekuan".
Bestalde, Etxauriko Udalak alderdi hauen berri adierazi zuen:
–Lehena: parke fotovoltaikorako proposaturiko kokapena onartezina da ingurumen aldetik. Naturagune babestuetan, Natura 2000 Sarean, IBAn (Important Bird Area), Europar Batasunaren intereseko habitatetan, fauna katalogatuan eta paisaian afekzio negatibo nabariak izanen dituen kokaleku batean planteatu da; bideraezina da indarrean dagoen araudiari dagokionez (64/2006 Foru Agindua). Lehorreko Habitaten Espainiako Inbentarioan kartografiaturiko esparruetan dago ezartze-gainazal guztia; adibidez, Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin (4090), Buxus sempervirensen formazio egonkor xerotermofiloak aldapa harkaiztsuetan (Berberidion p.p.) (5110), Belardi lehor erdinaturalak eta sastraka-fazieak substratu karetsuen gainean (Festuco-Brometalia) (*orkidea ikusgarriak dituzten parajeak) (6210) eta Quercus ilexeko eta Quercus rotundifoliako basoak (9340). Esparru horiek naturaltasun-indizea "Ona" eta kontserbazio-egoera orokorra Ona-Altua eta Ona-Bikainaren artekoa dute.
Kokaleku horrek ez du betetzen Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen kontseilariaren 64/2006 Foru Aginduaren –lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzekoa– 3.1 artikulua, zeinak honako hau xedatzen baitu: "Ezin izanen dira kokatu 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera begetazioaren barnean lehentasunezko eta intereseko habitat-zonak ageri dituzten eta kontserbaziorako balio handia duten eremuetan, ez eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan eta antzeko babes-dokumentuetan sartutako flora babestua duten esparruetan ere". 66 kV-eko konexio-lineak ibai ugari zeharkatzen ditu –besteak beste, Arga ibaia–, zeinak lurralde-konektibitateko elementuak baitira faunarentzat, eta, bereziki, abifaunarentzat; hain zuzen, balio berezia dute miru gorriarentzat, Nafarroa guztiko etzelaleku onenetako batzuk baitituzte inguru horietan.
–Bigarrena: parke fotovoltaikoaren proiektuak paisaia-afekzio onartezinak ditu LAP 3 (Area Zentrala) dokumentuan Paisaia Berezi gisa sailkaturiko paisaia batean. Hala parke fotovoltaikoa ezartzeko eremua nola ebakuazio-linea Etxauriko Haitza Paisaia Bereziaren mugartean daude, zeina Nafarroako 32 paisaia ezagunenetako bat baita, eta hala detektatu eta adierazten da lurralde-antolamenduko planetan. Proiektuaren garapena ez da bateragarria babestu nahi den ondarearekin (paisaia), biziki eraso eta suntsitzen baitu. Proiektuak negatiboki eta modu nabarian aldatuko luke ingurunearen paisaia-kalitatea, eraldatuko bailituzke bai hura osatzen duten paisaia-elementuak bai haren berezko kalitatea.
–Hirugarrena: hasierako dokumentua urria da modu nabarmenean, eta legezko eskakizunak urratzen ditu. Aurkeztutako dokumentuan ez dago parke fotovoltaikoa ezartzearen alternatiben azterketarik, barnean dela 0 alternatiba, zeina nahitaezkoa baita indarreko legediaren arabera. Aurkeztutako dokumentuan ez da baloratzen Etxauriko Haitza Paisaia Bereziaren afekzioa. Eskasak eta defizitarioak dira abifaunari eta kiropteroei buruzko informazioak, besteak beste. Ez da aztertu inguruan antzeko proiektuak pilatzearen inpaktu sinergikoa. Izan ere, tamaina nabariko beste proiektu batzuk daude proiektu honetatik gertu, udalerri mugakideetan ezarri nahi direnak.
–Laugarrena: parkearen proposamenak eragin negatiboak izanen ditu tokiko ekonomian. Paisaia-, kultura- eta natura-ondarearen afekzio nabariak balioa kentzen dio ingurunearen erakargarritasun turistikoari, eta horrek enplegua suntsituko du. Etxauri jendez hustearen arriskua areagotzen ahal du proiektuak, paisaia, natura eta ingurunea baitira balio nagusiak hango biztanleentzat. Kokaleku hori beste sustatzaile batzuek aztertu dute dagoeneko, eta organo eskudunak (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua) iritzi dio toki horretan parke fotovoltaiko bat ezartzea bateraezina dela biodibertsitatea eta paisaia babestearekin. Era berean, kokaleku hori beste sustatzaile batek aztertu zuen parte fotovoltaiko bat (Falck Renewables) instalatzeko alternatiba gisa, eta ondorioztatu zen, bai sustatzailearen beraren ingurumenaren gaineko eraginaren azterketan, bai Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuaren txostenetan, jarduera bateraezina dela biodibertsitatea eta paisaia babestearekin eta, halaber, afekzioa oso nabaria eta bateraezina dela.
–Hirigintza-alegazioei dagokienez, Etxauriko Udalak honako alderdi hauen berri eman zuen:
- Lehena.–Kontuan hartuz indarrean den lizentzien etendura, txosten honek ondorioztatzen du ez litzatekeela baimendu beharko Sarbil eguzki-parkearen eta ebakuazio-lineen jarduera, kontraesanean bailegoke gerora obra-lizentzia eman ezinarekin.
- Bigarrena.–Kontuan hartuta zer dagoen ezarrita Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legean, eskatzen da baimenak etenda geldi daitezela, harik eta lurralde antolamenduaren arloko tresnek horiek arautzen dituztenera arte, eta 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta 3. LAPean xedatutakora egokitzen direla bermatzen den arte.
- Hirugarrena.–Emandako dokumentazioari dagokionez, proposamena behar bezala aztertu ahal izateko, beharrezkoa izanen litzateke ebakuazio-linearen goitiko bista eta trazadura entregatzea .shp formatuan, hala jakin ahal izateko zer kokaleku zehatzetan eta zer lurzati zehatzetan planteatzen diren jarduketak.
- Laugarrena.–Proposamenaren hirigintza-bateragarritasunari dagokionez, eguzki-instalazioa, SNUPrtA:CT batean kokatua, gainazalean eta okupazio-azalera handia duela (67,4 ha), planak lurzoru-mota horretarako ezartzen dituen helburuen aurkakoa da; izan ere, planteatzen den bitarteko igarobidearekin ere, inguruko basafauna, ganadua eta flora igarotzea eragozten duen oztopo garbi bat da. Horregatik, baimendu ezineko jarduera bat izan beharko lukeela irizten zaio. Azpiestaziorako proposatutako eraikinek eraikuntza-erabilera izanen lukete, eta jarduera debekatua izanen lirateke, Etxauriko udal-planari jarraikiz.
- Bosgarrena.–Bestalde, honako hau adierazten da mota horretako lurzoruetarako: "Debekatuko dira mota guztietako eraikuntza-jarduerak, alde batera utzita abeltzaintza-ustiategi estentsiboei lotutakoak eta lehendik daudenak leheneratzekoak". Horregatik, kontuan izanik azpiestaziorako proposatutako eraikinek eraikuntza-erabilera izanen luketela, jarduera debekatua izanen lirateke, Etxauriko udal-planari jarraikiz.
- Seigarrena.–Jotzen da ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko izapide honen ondotik egokia izanen litzatekeela, baimentze-izapidearen aurretik, hirigintza-plangintza bat izapidetzea (Plan Berezia), 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari jarraikiz, eta landa-ingurunean behar bezala txertatzen dela bermatzeko, legediak xedatzen duenez.
Ingurumen-organoak 2022an egindako irismeneko txostenean azpimarratzen da aztertutako eremuaren ekologia- eta paisaia-balio handia, eta honako hau zehazten da: "Aurkeztutako dokumentazioa berraztertu ondotik eta aurkeztutako hasierako kontsulta-dokumentuan adierazten denez, Europar Batasunaren intereseko habitatak dituen azalera hartuko luke eguzki-instalazio fotovoltaikoak, eta, adierazitako 64/2006 Foru Aginduaren 3. artikuluari jarraikiz, ezin izanen da eguzki-instalaziorik kokatu 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera begetazioaren barnean lehentasunezko eta intereseko habitat-zonak ageri dituzten eremuetan eta kontserbaziorako balio handia dutenetan".
Halaber, irismeneko txostenak adierazi zuenez, aurrekoa gorabehera eta 64/2006 Foru Agindua ez betetzearen ondorioz aurreikusten ahal den ingurumen-ebaluazio negatiboa gorabehera proiektua izapidetzen jarraitu nahiko balitz, honako alderdi hauek hartu beharko lirateke kontuan:
Proiektua izapidetzen jarraitzeko aurkezten den ingurumen-agiriak jaso beharko du afekzio-eremuko landarediaren eta habitaten xehetasun-azterketa bat, bai eta teknikari espezialista batek egindako landa-lan bat ere.
Haitz horretan, badira hegaztientzako babes bereziko eremu bat (ES0000150) eta basafaunarentzako babes-eremu bat (APFS-14) dago: Etxauriko haitza. Aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez, hegazti harkaiztarren komunitate aberats bat (sai arrea, belatz handia, hontz handia, etab.) bizi da han, eta ugatza eta Bonelli arranoa berreskuratzeko planen aplikazio-eremuan dago; galzoriko espezie gisa katalogatuak daude bi hegazti-espezie horiek Nafarroan. Garai batean Bonelli arranoaren ugalketa-eremua izan zen, eta, nahiz eta gaur egun ez dagoen han lurraldekotutako alerik, tarteka ale sakabanatzaileak ikusten dira, eta espezie horretarako habitat izateko potentzialtasuna du; gainera, espeziea berriz sartzeko saiakerak egiten ari dira, Europar Batasunaren LIFE programa baten testuinguruan. Bestalde, tarteka ugatzak begiztatzen dira inguruetan.
Halaber, aztertutako eremu guztia da negualdirako gunea miru gorriarentzat –galzoriko espezie gisa katalogatua estatuan–, eta Europako ale negutar ugari hartzen ditu, Arakil eta Arga ibaien ertzetan dauden zenbait etzalekutan. Gainera, urte guztian ingurune horretan ugaltzen diren eta bizi diren indibiduoen eremua ere bada.
Azaldutako guztia kontuan hartuz, instalazioa ezartzeko eremua eta proiektuan aurreikusitako airetiko ebakuazio-linearen trazatua intereseko espezie eta espezie babestu ugari hazi, larreratu, elikatu, zabaldu eta atseden hartzeko eremuan daude, eta instalazioa egikaritzeak azalera erabilgarria galtzea ekarriko luke haietako askorentzat, bai eta talka egiteko eta elektrokuziorako arriskua ere, besteak beste.
Eremuan dauden espezieetako batzuen berezitasuna, garrantzia eta katalogatze-maila aintzat hartuz, proiektuak eragindako afekzioa ebaluatzeko, ezinbestekoa izanen litzateke abifaunak espazioari urtebeteko zikloan ematen dion erabilera aztertzea, txosten honen I. eranskinean jasotzen den protokoloarekin bat etorriz.
Bestalde, 3. Lurralde Antolamenduko Planean "lurralde-konektagarritasuna dela medio duen ingurumen-balioagatik lurzoru urbanizaezin babestu" gisa dago katalogatuta; dagoeneko babestutako guneak ekologikoki eta funtzionalki konektatu eta lotzea ahalbidetzen duten eremuak daude bertan, eta, indarrean dagoen araudiaren arabera, lurzoru horiei erasaten ahal dieten jarduketek eta azpiegiturek bereziki kontuan hartu beharko dute flora eta faunarentzat oztopo gaindiezin gisa ez jokatzea eta beharrezko neurriak hartu beharko dituzte espazio horien arteko konexio-galera saihesteko. Instalazioa osatzen duten esparruen inguruan 2 metro garaiko itxitura bat izateak ornodun handi eta ertainen joan-etorri askea oztopatzen du, eta espazioa eta habitatak zatikatzen ditu.
Halaber, adierazitako 3. Lurralde Antolamenduko Planean jasotzen da Etxauriko haitzean paisaia natural eta paisaia berezia daudela, eta lurzoru babestuak ere badaudela ebakuazio-linea igarotzen den tokian. Aurkezten den ingurumen-dokumentazioan jaso beharko da paisaiaren azterketa bat, txosten honen II. eranskinean zehazten den protokoloari jarraikiz.
Halaber, proiektuak saihestu egin beharko luke lehendik dauden abelbideen gaineko ukipena, hura egikaritzea Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak xedatutakoaren mende izanen bailitzateke, eta dagozkion baldintzak bete beharko bailituzke, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen arabera.
Ondare arkeologikoaren inguruko eraginei dagokienez, azterketa osatu beharko da. Izan ere, administrazio-baimena lortu aurretik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eskuratu beharko da.
Bestalde, lur-mugimenduak minimizatzen saiatu behar da mota honetako proiektuetan, eta ahalik eta malda leunenak hautatu behar dira. Nahiz eta hasiera batean dirudien ezartze-eremuan ez dagoela malda oso handirik, aurkeztutako dokumentazioarekin ezin dira baloratu topografiaren gaineko inpaktua eta erosio-arriskuaren areagotzea. Horretarako, beharrezkoa izanen litzateke eraikuntza-proiektu bat, instalazioa ezartzeko beharko liratekeen aldaketa topografiko zehatzak (hasierako eta amaierako egoeren goitiko bistaren planoak eta luzetarako eta zeharkako profilak) jasoko lituzketen plano topografiko eta guzti. Modulu fotovoltaikoak instalatzeko oinarritzat erabiltzen diren egitura finkoak lurrazalean finkatzeko metodoa baldintzatzen ahal du lurzoruaren gogortasunak.
Ebakuazio-azpiegiturari dagokionez, abifaunaren migrazio-ibilbide garrantzitsu batekiko ia perpendikularrean doanez, eta kontuan hartuz ibilbide horrek Arakil ibaia perpendikularki gurutzatzen duela eta traza Arga eta Arakil ibaien ingurunetik hurbil dagoela, arrisku handia dago ibaia eta haren eragin-eremua korridore ekologiko eta/edo ohiko okupazio-eremu gisa erabiltzen duten abifauna-espezieek instalazioarekin talka egiteko. Hori guztia eta linea elektriko ugariekin eta ingurunean dauden beste proiektu eta azpiegitura batzuekin sortzen diren ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz, gomendagarria da linea lurpetik eramatea. Gainera, babes-eremuan dago oso-osorik, Nafarroan 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzearen ondorioetarako. Errege dekretu horren bidez, abifauna goi-tentsioko lineetako talketatik eta elektrokuzioetatik babesteko neurriak ezartzen dira.
Horrek garrantzi berezia hartzen du eremu horretan, balio ekologiko eta paisaia balio nabarmeneko eremua baita. Batasunaren intereseko habitatei eragiten zaie, inguruan interes bereziko eta mehatxatutako abifauna dago, tokiak paisaiaren eta ekologiaren aldetik berezitasunak ditu, hustuketarako linea elektriko batek sortutako eraginak ditu eta lehendik dauden edo eraikitzen ari diren instalazioen sinergiaren ondorioek eragin handia izaten ahal dute eremuan. Horregatik guztiagatik, Sarbil eguzki-energia fotovoltaikoak sortutako inpaktuak oso nabariak dira eta kolokan jartzen dute, modu larrian, hango ingurumen-bideragarritasuna.
–Jendaurreko informazioa eta kontsultak.
2024ko uztailean, Sarbil Solar Uno SLU, Eguzki Santa Cruz Uno SLU, Eguzki Quiriaco Dos SLU, Eguzki Rancho Tres SLU, Eguzki Chaparral Cuatro SLU, Eguzki Borda Cinco SLU, Eguzki Soportillo Seis SLU, Eguzki Bojeral Siete SLU eta Eguzki Arpide Ocho SLU sustatzaileek, hurrenez hurren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan aurkeztu zituzten "Sarbil 1", "Sarbil 2", "Sarbil 3", "Sarbil 4", "Sarbil 5", "Sarbil 6", "Sarbil 7", "Sarbil 8" eta "Sarbil 9" eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta SET-Orcoyen 66kV i-DE arteko haien ebakuazio-azpiegituraren aurreproiektuak, bai eta instalazio horietarako eta ebakuazio-azpiegiturarako baterako ingurumen-inpaktuaren azterketa ere.
Aurrerago, eta zenbait aldaketa egin ondotik, 2025eko abenduan aurkeztu ziren "Sarbil 1", "Sarbil 2", "Sarbil 3", "Sarbil 4", "Sarbil 5", "Sarbil 6", "Sarbil 7", "Sarbil 8", eta "Sarbil 9" eguzki-instalazio fotovoltaikoen aurreproiektuak, ebakuazio-azpiegitura partekatuaren zatien proiektuak eta haien guztien ingurumen-inpaktuaren azterketa.
21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, organo substantiboak 30 egunez jarri zuen jendaurrean dokumentazio hori, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita (45 zk., 2026ko martxoaren 3koa), eta kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.
Organo substantiboak bederatzi txosten jaso zituen, honako erakunde hauek igorriak: Ingurumen Ebaluaziorako Atala, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzua, Ondare Arkitektonikoaren Atala, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU, Nedgia Navarra SA eta Red Eléctrica de España SAU. Halaber, eduki desberdineko 93 alegazio jaso ziren; hala ere, 87 zenbakiko alegazioa partikular batek bere izenean erregistratu du, baina hainbat interesdunen 2.432 alegazio indibidual hartzen ditu barnean, eta 88 zenbakiko alegazioa ere partikular batek erregistratu du bere izenean baina hainbat interesdunen 43 alegazio indibidual jasotzen ditu. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzaileei bidali zizkien jasotako txosten eta alegazioak. Alegazio-egileen artean, badira inguruko hainbat toki entitate (besteak beste, Bidaurretako, Lezaungo, Goñibarko eta Olloko udalak, Otxobiko, Sarasateko, Izkueko, Genbeko eta Larraiako kontzejuak), bai eta auzo-elkarte eta ekologista-elkarte ugari ere, hala nola Eguesibarko URBI Auzo Elkartea, Gure Haizea elkartea, Eguzkilore elkartea, Urbasa Andia Bizirik plataforma, Sustrai Erakuntza fundazioa, Ecologistas en Acción Zangoza-Ongaiz, Erriberako Landazuria-Ecologistas en Acción, SEO/BirdLife Espainiako Ornitologia Elkartea eta Satorrak Espeleologia Taldea.
Bestalde, Etxauriko Udalaren txosten bat ere jasoa dago. Udal horrek jendaurreko informaziorako eta kontsultetarako fasean aurkeztutako hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostenean, adierazten da ezen planteatutako eguzki-parkeak, azpiestazioa eta ebakuazio-lineak lurralde-konektagarritasunaren ondoriozko ingurumen-balioa dela-eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa katalogatutako lurzoruan daudela, non debekatuko baitira basafauna, ganadua eta flora igarotzeko oztopo diren jarduerak, eta baimentzen ahalko baitira lurralde-loturarik galarazten ez duten jarduketa eta azpiegiturak. Txosten horren arabera, oro har udal-plan orokorrak xedatzen du azpiegitura energetikoak ez direla baimentzeko modukoak izanen, salbu eta behar bezala justifikatzen bada ingurumen-helburuetarako erabiliko direla. Baina gaineratzen du txostenaren xedea ez dela baloratzea jarduketa oztopo bat den inguruko basafauna, ganadua eta flora igarotzeko, edo, aitzitik, lurralde-loturarik galarazten ez duen baloratzea.
Bestalde, adierazten du mota horretako lurzoruan mota orotako eraikuntza-jarduerak debekatuko direla, abeltzaintzako ustiategi estentsiboari eta lehendik daudenak leheneratzeari lotutakoak izan ezik. Horrek zalantzak eragiten ditu plakei, transformazio-zentroei eta azpiestazioari eusten dieten egituren bateragarritasunari dagokionez. Gainera, hormigoi aurrefabrikatuzko estalki lauaren eraikuntza-eredua ez da egokitzen ez ingurunera, ez inguruko borden tipologiaren ezaugarrietara. Halaber, adierazten da litekeena dela zenbait aztarnategi arkeologikori eragitea.
Bestalde, instalazioen hegoaldean dagoen paisaia-balioa dela-eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezinari dagokionez, hirigintzako txostenak adierazten du instalazioek eta ebakuazio-azpiegiturak ikusizko inpaktu nabarmena dutela paisaia babestu horietan, eta asko aldatuko dela paisaia berezi eta babestu hori Iruñerritik eta gertuko herrietatik ikusten den modua.
2026ko ekainaren 5ean, sustatzaileek proiektuaren jendaurreko informazio eta kontsulten izapidean aurkeztutako txostenen eta alegazioen erantzunak aurkeztu zituen organo substantiboan.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.
1.–Hasiera emateko eskaera.
2026ko ekainaren 30ean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan aurkeztu zen bederatzi eguzki-instalazio fotovoltaikoen (barnean hartuta ebakuazio-azpiegiturak) ingurumen-inpaktuaren azterketa partekatua, eta eskatu zen bederatzi eguzki-instalazio fotovoltaiko eta haien ebakuazio-azpiegituraren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.
Organo substantiboak, 2026ko uztailaren 13an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura bidali zuen bederatzi instalazioetarako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera.
2026ko uztailaren 21ean, sustatzaileek abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketa aurkeztu zuten, ohartu ondotik ez zela erantsi aurreko erregistroan.
2.–Proiektuaren deskribapena.
Jarduketa bederatzi eguzki-instalazio fotovoltaiko mugakide instalatzea da [Sarbil 1 (6,586 ha), Sarbil 2 (7,067 ha), Sarbil 3 (7,449 ha), Sarbil 4 (6,388 ha), Sarbil 5 (7,388 ha), Sarbil 6 (8,246 ha), Sarbil 7 (6,559 ha), Sarbil 8 (6,421 ha), Sarbil 9 (6,264 ha)], guztira 62,4 hektareako azalera bat okupatzen dutenak, Etxauriko 4 poligonoko 9 lurzatian, barnean hartzen dela haien ebakuazio-azpiegitura SET-Orcoyen 66kV i-DE bitarte.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, instalazioek 10.206 eguzki-modulu fotovoltaiko izanen lituzkete, silizio monokristalinozkoak. Lurzoruan zuzenean tinkaturiko metalezko egitura finkoen gainean jarriko lirateke, hegoaldera begira eta horizontalarekiko 20º-ko inklinazioarekin. Halaber, aurreikusten da moduluetan sortutako korronte zuzena korronte alterno bilakatzeko 18 alderantzikagailu instalatzea, bai eta transformadore bat ere, SET-Sarbil azpiestazioan, non 66 kV-eko tentsioa baitago. Handik eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentesen SET-Orkoien 66kV puntura goi-tentsioko linea elektrikoaren 13,137 km daude: bi tarte lurpean daude –5.063 m-koa eta 7.903 m-koa, hurrenez hurren–, eta 171 m-ko airetiko tarte bat dago haien artean, Arakil ibaia zeharkatzen duen tokian. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera (IIA), ahalik eta inpakturik txikiena sortzeko, linea lurzoru irekietatik igaroko litzateke, eta lehendik badiren bideen trazadurari jarraituko lioke parte handi batean.
Bestalde, aurkeztutako azken IIAn planteatzen da energia gordetzeko sistemak sartzeko aukera; horretarako, bi bateria-edukiontzi instalatuko lirateke hormigoizko lauza baten gainean, poligonaletako bakoitzean. Hala ere, hori IIAn bakarrik planteatzen da, aukera gisa soilik, eta ez da jasotzen aurreproiektuetan, ez eta azken IIArekin batera aurkeztutako "Aldaketen laburpena" dokumentuan ere. Horregatik, ez da kontuan hartu, eta ez da sartu izapidetzen den ingurumen-inpaktuaren adierazpenean. Azkenean egikaritu nahi bada, dagokion baimen- eta ingurumen-izapide substantiboa egin beharko da.
Bi sarbide posible planteatu dira: bata Azantzako bidetik, zeina herrigune horretatik hasi eta nolabaiteko malda duten tarteetatik igaroko balitzateke (3,761 km berregokitu eta hobetu beharko lirateke); bestea Ibero eta Etxauri arteko NA-7110 errepideko puntu batetik abiatzen da eta nolabaiteko maldako pista batetik igotzen da Sarbil mendilerrorantz. Azken hori hautatu da, inklinazio asfaltatu gehiago duenez, Azantzako biztanleei traba gutxiago eragiteko. Halaber, eraiki edo egokitu beharreko metro linealak kuantifikatu ez diren arren, planteatu da barneko bideak eraikitzea, 20 cm-ko zagor-geruza bat eta hautatutako lurzoruaren 20 cm-ko hobekuntza izanen dituena; azterketa geoteknikoaren emaitzek berretsi beharko dute hori guztia.
Proposatu da esparruetako bakoitzean itxitura perimetral bat instalatzea 2 metro garai den sare zinegetiko bat baliatuz. Altzairu galvanizatuzko hodien bidez instalatuko da. Hodi horiek 40 × 40 × 40 cm-ko hormigoizko dadoen bidez tinkatuko dira, elkarren artean 3 metro utzita, eta errefortzuak jarriko dira 25 m-tik behin eta orientazioa aldatzen den tokietan. Hesirako, planteatu da 20 cm-ko tarte bat uztea lurretik, bai eta 30 × 30 cm-ko tarte bat ere hesiaren 50 m bakoitzeko. Faunarentzat ikusgai egiteko, proposatu da 25 × 25 cm-ko plaka bat jartzea zutoinen artean, altuera desberdinetan lotuak itxiturara (hiruzuloka).


3.–Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren inpaktu nagusien tratamendua.
a) Alternatiben azterketa:
IIAn sartua dago alternatiben azterketa bat, bai instalazioen kokapenari dagokionez, bai ebakuazio-azpiegiturari dagokionez. Dokumentu horren arabera, ingurumen-inpaktua gehien baldintzatzen duen ezaugarria abifaunaren eta babes-figuren afekzio posiblea da.
Instalazioen kokalekuari dagokionez, alternatiben azterketak 2 aukera jasotzen ditu, 0 alternatibaz gainera. Sustatzaileak baztertu egin du azken alternatiba hori, besteak beste, modu negatiboan eragiten diolako Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) eta 2021-2030 aldirako Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak betetzeari.
Aztertutako bi alternatibak oso antzekoak eta antzeko azalerakoak dira; eremu berean daude, jabe berarenak dira eta afekzio-azalera berdina dute. Biak ere Sarbil mendilerroaren harkaitz-pareten iparraldera dagoen goi-ordokian proposatu dira, non larre, sastraka eta zuhaitz sakabanatuak baitaude, gaur egun artzaintza estentsiborako erabiltzen diren lekuan. Hala, saihestu egiten da larretarako interes handiagoa duten leku batzuk okupatzea.
1. aukera ezpela nagusi den eremu batean dago, beste sastraka-espezie batzuk eta, neurri apalagoan, espezie belarkarak ere badaudelarik. Aldiz, baztertutako alternatibak landaretza eboluzionatu eta garatuago bati eragiten dio, eta, gainera, Sarbil mendilerroko etenetatik gertuxeago dago.
IIAren arabera, kokalekuaren alternatiba hautatzeko faktore erabakigarri nagusia da gune babestuen, landarediaren, faunaren, paisaiaren eta bestelako faktore sozioekonomiko batzuen afekzioa. Irizpide anitzeko azterketak 1 alternatiba jotzen du egokientzat, kontuan hartuta haren orografia hobea dela eta landaretza naturalaren, gune babestuen, intereseko guneen, faunaren, paisaiaren eta beste alderdi batzuen afekzio txikiagoa duela.
Ebakuazio-azpiegituraz ari garela, kontuan hartu dira airetiko lotura bat eta airetik/lurpetik doazen bi alternatiba misto; haietako batek 171 metroko airetiko tarte bakar bat du, Arakil ibaia zeharkatzen den tokian. Azken alternatiba hori hautatu da inpaktu txikiagoa duelako paisaian, abifaunan eta floran.
Instalazioen kokapenari dagokionez, zerbitzu honek uste du ezen, proposaturiko bi alternatibak hain antzekoak izanik, ezin direla alternatiba desberdintzat jo, eta, horrenbestez, alternatiben azterketa ez litzatekeela erreala izanen. Gainera, balio ekologiko handiko ingurune batean daude, eta Batasunaren intereseko zenbait habitat naturali eta intereseko edo katalogatutako abifauna-espezie ugariri eragiten diete. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen VI. eranskinean xedatutakoa hautsiko litzateke, non adierazten baita ingurumen-inpaktuaren azterketak jaso behar duela ingurumen aldetik egokiagoak diren alternatiben azterketa bat. Iritzi zaio ebakuazio-punturen inguruan, Etxauri udalerrian bertan, beste alternatiba bideragarri batzuk daudela, aztertutakoak baino askoz egokiagoak ingurumen aldetik.
Testuinguru horretan, alegatzaile ugarik adierazi dute ez dela aztertu abifaunarentzat kritikoak diren eremuetatik kanpoko kokaleku-alternatibarik, eta ez direla zehaztasunez aztertu lehendik dauden proiektuen eta aurreikusitakoen efektu metagarriak. Alegatzaile horien ustez, ezinbestekoa da ingurumen-inpaktu txikiagoko alternatibarik ez dagoela frogatzea. Halaber, adierazi dute ezartze-eremu bereko aldaera teknikoetara mugatzen dela alternatiben azterketa, eta ez dela egin aldez aurretik eraldatutako edo ingurumen-balio txikiagoko lurzoruetako alternatiben arteko konparazio-ebaluaziorik. Irizten diote kokalekua onura pribatuari begiratuz bakarrik hautatu dela; zehazki, lurrak sustatzailearen titulartasunekoak izateagatik. Inguruabar horrek pisu nabaria du, komenigarritasun ekologikoaren funtzio nagusia aintzatesten baitzaio lurralde-eremu horri planeamenduan.
Beste alegatzaile batzuek gogorarazi dute energia berriztagarria ez dela sortu behar babestu nahi diren ingurumen-balioen kontura, eta adierazi dute instalazioak jar daitezkeela dagoeneko eraldatuta lurzoruetan edo narriatuta dauden eremuetan edo industria-eremuetan, aukera ematen baitute garapen energetikoa korridore ekologiko estrategikoen kontserbazioarekin bateratzeko.
Halaber, beste alegatzaile batzuek adierazi dutenez, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Plana eguneratzearen inguruko aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen duen abenduaren 28ko 1630E/2025 Ebazpenaren arabera, lehentasunez sustatuko dela instalazio fotovoltaikoak hiri-lurzoruetan eta lurzoru industrialetan ezartzea, estalki eta teilatuen gainean. Hala ere, proposatutako instalazioak balio ekologiko handiko landa-lurzoru naturalaren gainean daude erabat.
b) Proiektuaren eragin nagusien analisia:
–Atmosfera: Airearen kalitatea eta zarata.
IIAren arabera, eraikuntza fasean hauts partikulen emisioak dira nabarmentzekoak, lehorraldietan asko izan daitezkeenak, baita atmosferara isuritako gas kutsatzaileak ere, obra zibila egitean erabiltzen diren makinen ondorioz. Hala ere, eragina bukatu eginen da obrak bukatzean, eta lur mugimendu gutxi egonen direnez eta obretan esku hartuko duten makinak egoera onean egonen direla kontuan hartuta, sustatzaileak airearen kalitatearen gaineko inpaktua bateragarritzat jo du. Eraispen faseko eragina antzekoa izanen da, eta funtzionamendu fasean ez da esanguratsua izanen.
Zaratari dagokionez, eraikitzeko eta eraisteko fasean makina astunak erabiltzeak inguruko zarata-mailak handitzea ekarriko du. Hala ere, zarataren eragina mugatua denez eta lanak egiteko aukeratutako makineria egokia, fase horietan izandako eragina bateragarritzat jo du IIAk, eta ez-esanguratsutzat funtzionamendu fasean.
"Fauna, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea" atalean azaltzen denez, zerbitzu honek eta zenbait alegatzailek uste dute eraikuntza- eta desartikulatze-faseetan sortutako zarata nabaria izaten ahal dela ondoan den Etxauriko Haitza Babes Bereziko Eremuko (HBBE) (ES0000150) hegaztientzat. Eremu hori Natura 2000 Sarean sartua dago, bai eta Etxauriko Haitza hegaztientzako babes bereziko eremuan ere (IBA). Bereziki esanguratsua izaten ahal da hazte- eta ugaltze-aldietan, eta eragin daitezke lekualdatzeak, habiarik ez egitea, errunaldiak bertan behera uztea txitaldian, txitak habietatik erortzea, etab. Horrek guztiak eragina izan dezake espezie horien populazio-mailan –intereseko espezieak eta espezie katalogatuak dira haietako asko–. Hala, aurkeztutako abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketak adierazten du neurriak hartu behar direla HBBE horretako fauna ahalik eta gutxien asaldatzeko martxoaren 1etik uztailaren 31ra.
Beste alegatzaile batzuek nabarmendu dute instalazioak egikaritzeak mikroplastiko gehiago hedatzea ekarriko duela oraindik kutsatu gabe dagoen eremu horretan.
–Geologia, geomorfologia, edafologia eta hidrologia:
IIAren arabera, lurzoruaren gaineko inpaktu handienak eraikuntza-fasean gertatzen dira, eta afekzio nagusiak hauek dira: lur-mugimenduen eta landare-estalkia kentzearen ondoriozko aldaketa morfologikoak eta erosio-arriskuaren areagotzea, batez ere topografia maldatsuko eremuetan, eta, halaber, lurzorua trinkotzea eta aldatzea, zeinak lurzoruaren egiturazko ezaugarriak eta/edo ezaugarri kimikoak aldatzen baititu.
IIAren arabera, "Sarbil 8" eta "Sarbil 9" esparruetan izan ezik, ezartze-eremuak inklinazio esanguratsuak (%20 artekoak) baina malda ez hain gogorrak ditu toki gehienetan, %5 eta %10 bitartekoak. Lurzoruak oso harritsuak dira oro har, eta 25 cm-ko sakonera dute gehienez, edo gutxiago eremu harkaiztsuenetan. "Sarbil 8" eta "Sarbil 9" esparruetan, malda orokorra %5etik beherakoa da, eta sakonera handiagoa; hala ere, ez dira 50 cm-ak gainditzen eremurik sakonenetan, eta beste eremu batzuetan haitza bistaratzen da. Ebakuazio-lineari dagokionez, lehen herena Sarbil mendilerrotik jaisten da malda nabariko lurretatik: %15 eta %30 bitarteko malda dute, eta puntualki % 40ko inklinazioa ere hartzen da; zati horretan, lurzorua harritsua eta sakonera gutxikoa da. Arrerago, eremu lau eta lur sakonagoetatik igarotzen da, Arakil ibaia gurutzatzen den tokian izan ezik; han, maldak areagotu egiten dira bat-batean, puntu batzuetan %60koak ere badirelarik.
Aurkeztutako ingurumen-agiriaren arabera, instalaziorako egin beharreko lur-mugimenduen ondoriozko aldaketa geomorfologikoak oso urriak dira, lurzatien erliebe eta malda urriak direla eta. Izan ere, puntualki malda handiagoak dituzten eremuetarako planteatu da lur-mugimenduen bidez panelak instalatzeko eremuak bakarrik berdintzea pixka bat. Ebakuazio-azpiegiturari dagokionez, dokumentuak ondorioztatzen du ez dela eraginen aldaketa geomorfologiko nabaririk. Izan ere, aldaketa-azalera txikia da, eta lurra bere tokira itzuliko da kableatua instalatu ondotik, eta, hala, lurraren geomorfologia mantenduko da. Inpaktua ez-adierazgarri gisa kalifikatu da.
Bestalde, ezartze-eremuak "Jaitzeko diapiroa eta Etxauriko faila" interes geologikodun lekuari (IGT) eraginen lioke, baina sustatzaileak dio, erresistentzia handiko lurrak izanik, ez dutela eragin nabaririk izanen, eta, beharrezko jarduketak kontuan hartuz, inpaktua neurrizkoa izanen dela baloratu du. IGT horretako eta "Arga ibaiaren meandroak eta terrazak Ibero-Etxauri-Belaskoainen" eta "Arga ibaiaren meandroak eta terrazak Iruñean" IGTetako beste toki batzuk ere zeharkatzen ditu linea elektrikoak, baina, lurren konpentsazioa eta lehendik dauden bideen zatien lehentasunezko erabilera direla eta, inpaktua bateragarritzat jotzen du sustatzaileak.
Erosioari dagokionez, ukitutako eremuen malda dela eta –gainera, ez dira erosioarekiko bereziki zaurgarri egiteko moduko haize eta prezipitazio zakarreko eremuak– eta nekez aldatzen ahal diren harri-azaleratzeak daudenez ukitutako gainazaletan, sustatzaileak bateragarri gisa baloratu du lurzoruaren galera/erosioa inpaktua.
Zerbitzu honen ustez, faktore edafikoarekiko inpaktua gutxietsi egin du sustatzaileak. Izan ere, Sarbil mendilerrotik jaitsi arteko afekzio-eremu guztian oso azaleko lurra dago, harri askokoa eta harkaitz-azaleratze ugarikoa Inguru horretan, moduluei eusteko azpiegiturak finkatzeak eta ebakuazio-azpiegituraren lehenbiziko partea lurperatzeak inpaktu handi bat eraginen diote oso motel eratzen eta berreskuratzen den baliabide bati. Gainera, lurraren gogortasunak eta harri askokoa izateak biziki baldintzatu lezakete obrak planteatu diren moduan egikaritzea (sustatzaileak berak ohartarazi du eusteko azpiegiturak finkatuko direla "baldin eta lurra gogorregia ez bada"). Hala, modu nabarmenean areagotzen ahalko da faktore horren gaineko inpaktua, eta gerta daiteke proiektuak ezin egikaritu ahal izatea.
Halaber, aurkeztutako dokumentazioak ez du jasotzen proiektuek ukitutako eremuaren azterketa geoteknikorik. Horregatik, ezin dira zehaztu lur-mugimenduen bolumena eta instalazioak ezartzeko behar diren aldaketa topografikoak, eta ezin da baloratu proiektuen exekuzioa planteatu den moduan egiten ahal den ala ez.
Zenbait alegatzailek diote lurzoruan eragindako aldaketa itzulezina dela, zeren eta, mendilerroko ekosistema batean, horizonte edafikoa hamarkadetan edo mendeetan izandako prozesu metagarrien emaitza baita; landare-estalkia ezabatu eta topografia aldatuz gero, lurraren egitura fisikoa eta biologikoa aldatzen dira, eta horrek eragina du infiltrazio-ahalmenean, lurrari loturako mikrobiotan eta berezko leheneratze-dinamikan. Irizten diote, gainera, leheneratzeko konpromisoekin ere, jatorrizko kondizioak berreskuratzea ez dela segurua, eta kasu askotan bideraezina dela ekologiaren aldetik arrazoizkoak diren epeetan egitea.
Alegatzaile batzuek nabarmendu dute eremuak eskualde eta toki mailan duen iragazkortasun handia, haustura-maila handikoa baita eta prozesu karstikoak garatzen baitira etengabe. Horregatik, irizten diote proiektuak eurite handien ondotik gainazalean eta sakonean ezegonkortasunak izaten diren kareharrizko zorupe porotsu eta potentzialki karstiko batean kokatzeak arrisku geotekniko nabaria duela, egiturazko ziurgabetasuna sortzen duela epe ertainera eta epe luzera, eta prebentzioaren eta ingurumena babestearen printzipioen aurkakoa dela.
Beste alegatzaile batzuek gogorarazi dutenez, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planari buruzko aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoak ere muga tekniko zehatzak xedatzen ditu topografiari eta lurzoruaren morfologiari dagokienez; adibidez, %10etik gorako malda duten gainazalak saihestea eta lur-mugimenduak minimizatzea. Proiektuek ez dituzte alderdi horiek betetzen, eta, ondorioz, arriskua dago balio ekologiko handiko landare-estalkia duten inguruneetan erosioak agertzeko, erliebe naturala aldatzeko eta lurzorua galtzeko.
Instalazioak eta ebakuazio-azpiegitura Arga ibaiaren arro hidrografikoan daude, Ebro ibaiaren eskualde hidrografikoaren barruan. Hedadura txikiko bi ur-laster (San Kiriakoko sakana eta Soportillako sakana) daude ezartze-eremuan, eta proiektuak ez die batere eragiten. Bestalde, ebakuazio-azpiegiturak Arakil ibaia zeharkatzen du, Arga ibaiarekin bat egin baino lehentxeago.
Sustatzaileak hidrologiari dagokionez identifikatutako inpaktu nagusiak (lurrazaleko eta lurpeko ur-lasterren kutsadura) obra-fasean sortzen dira, makineriaren joan-etorrien, ur-lasterretan eta haien inguruan lurrak mugitzearen eta nahi gabeko isurketen ondorioz. Inpaktu horiek neurrizko gisa baloratu dira, baina, hala ere, planteaturiko neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondotik, bateragarri gisa baloratu ditu sustatzaileak.
Hidrologiaz ari garela, sistema karstikoen ingurumen-hauskortasun handia azpimarratu dute zenbait alegatzailek, leheneratze-prozesu naturalak oso motelak baitira, eta, kasu askotan, artifizialki egin ezinak. Horregatik, oreka hidrologeologikoa, lurpeko fluxuak eta akuiferoaren konektagarritasuna aldatzeak inpaktu iraunkorra eraginen du, eta, dagokigun kasuan, ezin da bermatu lurzoruaren eta zorupearen lehengo egoera berreskuratuko dela. Halaber, gogorarazi dute elkarri lotuta dauden eta beste ingurune porotsuek baino fluxu-abiadura handiagoa duten lurpeko drainatze-sareak direla akuifero karstikoen ezaugarri nagusietako bat. Horrek esan nahi du oso denbora laburra igarotzen dela gainazalaren eta deskarga-puntuen artean, eta, horrenbestez, kutsatzaileak ia iragazte-, adsortzio- eta degradazio-prozesu naturalik gabe iristen ahal dira akuiferora. Adierazi dutenez, akuiferoa benetan babestuko dela eta behin ukitu ondotik hasierako egoerara leheneratuko dela bermatu ezinak prebentzioaren eta babesaren printzipioak urratzen ditu, Europako ingurumen-zuzenbidearen oinarriak biak ala biak. Horregatik, Europako Batzordeak gomendatzen du babes indartuaren irizpideak eta murrizketa zorrotzak aplikatzea kutsatzaileak izaten ahal diren jarduerei. Alegatzaile batzuek gogorarazi dute, halaber, Uraren 2000/60/EE Esparru Zuzentarauak eta lurpeko urak kutsaduratik babesteari buruzko 2006/118/EE Zuzentarauak lurpeko ur-masen narriadura prebenitzeko eta kutsatzaile arriskutsuak sartzea saihesteko betebeharra xedatzen dutela. Dagokigun kasu honetan, proiektuak goialdean eta inguruko iturburu ugarien ura biltzen den puntuaren gainetik daudenez –besteak beste, Artetako iturburua, Iruñerria urez hornitzeko erabiltzen den baliabide nagusietako bat–, lurpe porotsu eta karstiko baten gainean, alegatzaileek irizten diote modu onartezinean areagotzen dela giza kontsumoko uraren kalitateari eragiteko arriskua ere.
Bestalde, zenbait alegatzailek adierazi dituzte jabari publiko hidraulikoari eragiten dioten jarduketetarako beharrezkotzat jotzen dituzten irizpideak.
Satorrak Espeleologia Taldeak eskatu du plaka fotovoltaikoen mantentze-lanen eta garbiketaren prozesua zehazteko, ongi garatutako karst baten gainean daudenez plakak, akuiferoa kutsatzen ahal baita. Halaber, "Sarbil 8" eta "Sarbil 9" instalazioen egoeraz ere ohartarazi du, zeinak Artetako iturburuko Lurpeko Natura Erreserbaren mugak baitaude; hain zuzen, iturburu hori elikatzen duen uraren kalitatea babestea da erreserba horren xedea. Horregatik, eskatu du parke horien inguruan azterketa bat egiteko trazatzaileekin, iturburu horretako ura biltzeko arroari dagozkion ala ez egiaztatzeko, eta, beharrezkoa bada, neurri egokiak hartzeko. Bestalde, talde horrek ohartarazi du ondare espeleologikoaren eta fauna hipogeoaren afekzioa, proiektuen exekuzioak afekzio-eremuko interes bioespeleologiko handiko gutxienez 4 sima jartzen baititu arriskuan.
–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:
IIAren arabera, ezartze-eremuak eta ebakuazio-linea Sarbil mendilerrotik jaisten den arteko zatiak zuhaixka-erako berezko landarediari eragiten dio, zuhaitz sakabanatu batzuk ere badaudelarik (artea, nagusiki); batez ere abeltzaintzan erabiltzen den belar-komunitate bat ere badago, proportzio handiagoan lurzoru garatuagoetan eta aldapa txikienekoetan. Azterketa horren arabera, aztertutako lurzoruetan dauden litosolek, harkaitz-azaleratze ugariek eta kareharrizko lurzoru iragazkorraren izaerak modu nabarmenean mugatzen dute landaredia baso klimaziko izatera iristea. Sastraka-kentzeen eta abeltzaintzako aprobetxamenduaren bidez tratatzen ez badira ezpeldi sarri bilakatzeko joera handia duten landare-formazioak tartekatzen dira: ezpelak ordezkatzen ditu zuhaixka-erako espezie eta espezie belarkara ugari, eta asko sinplifikatzen da ekosistemaren osaera floristikoa.
Adierazitako mendilerroa jaitsi ondotik, laborantza-eremuetatik igarotzen da ebakuazio-azpiegitura; hedapen handiko espezieak daude, biodibertsitate gutxi ematen dutenak eta erraz leheneratzen direnak. Gainera, lineak pisten trazadurari jarraitzen dio tarte batzuetan, eta, hala landarediarekiko afekzioa murrizten da. Arakil eta Arga ibaien inguruko ur-bazterreko landaredia nabarmentzen du azterketak. Haren arabera, airetiko zatia bereziki laburra den arren, lineak afekzio garrantzitsua eragiten dio landaredi horri, airetik gurutzatzen baitu Arakil ibaia, eta, ondorioz beharrezkoa baita landaredi horri eragiten dion zortasun-zerrenda bat irekitzea.
Batasunaren intereseko habitatei dagokienez (BIH), eta aurkeztutako ingurumen-agiriaren arabera, bederatzi instalazioetatik zazpik eta ebakuazio-azpiegituraren lehen zatiak ingurumen- eta ekologia-kondizioen dibertsitatearen ondorioz gainjartzen diren eta lurralde berean batera dauden hiru BIHri eraginen liekete [Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin (4090), Buxus sempervirensen formazio egonkor xerotermofiloak aldapa harkaiztsuetan (5110), Belardi lehor erdinaturalak eta sastraka-fazieak substratu karetsuen gainean (Festuco-Brometalia)(6210)]. Halaber, linea elektrikoak Arakil ibaia zeharkatzen duen gunean, zeharkako afekzioa sortuko litzateke azalera oso txiki batean, Salix alba eta Populus alba espezieen galeria-basoen (92AO) habitatean.
Zenbait alegatzailek adierazi dutenez, alegazioak prestatzeko egindako landa-lanaren arabera, kontuan hartuz IDENA bisorean eskura dauden kartografiak eta Nafarroako Habitaten Eskuliburuan zehazten den banaketa, Batasunaren intereseko beste habitat batzuek ere eragina jasan dezakete –Ipuruak ezpelarekin (5210) eta Saxifraga trifurcata komunitatea (8210)–, bai eta lehentasunezko habitat hauek ere: Sedum Album komunitatea (6110*) eta Belardi lehor erdinaturalak eta sastraka-fazieak substratu karetsuen gainean, orkideekin (Festuco-Brometalia) (6210*).
Aurkezturiko IIAren azken bertsioak (2026ko ekaina) sakontzen du ingurunean dauden eta proiektuen eraginpeko landarediaren eta habitaten azterketa. Hala ere, proiektuek eragindako landare-formazio motek hartzen duten azaleraren kuantifikazio bat dagoen arren, ez da jaso landare-formazio horien eta Batasunaren intereseko habitaten arteko baliokidetasunik, eta, beraz, ez dago proiektuek eragindako Batasunaren intereseko habitaten azaleraren kuantifikaziorik.
4090 habitatari dagokionez (Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin), azterketan ondorioztatu da puntualki dagoela azterturiko eremuan. Bestalde, HIC 5110 (Buxus sempervirensen formazio egonkor xerotermofiloak aldapa harkaiztsuetan) eta 6210 [Belardi lehor erdinaturalak eta sastraka-fazieak substratu karetsuen gainean (Festuco-Brometalia)] habitatei dagokienez, adierazten du tartekatu egiten direla eta haien arteko interrelazioa eta nahastea esanguratsua dela, eta, gainera, gizakiaren eta haren ganaduen eraginez, etengabe bilakatzen direla bi habitat-mota horiek.
Ezpeldiez ari garela, zeina instalazioen eragin handiena jasaten duen espeziea baita, zenbait alegatzailek diote ezartze-eremua interes geomorfologiko handiko lurzoru oso azaleko eta karstifikatuen gainean dagoela, eta, toki horietan oso nekez garatzen ahal direnez basoak, balio ekologiko eta garrantzi handiko komunitate iraunkorrak direla. Gainera, adierazi dute zenbait habitat-mosaiko izan ohi dituztela, haietatik asko azalera txikiko komunitate errupikola eta glareikolak eta Sarbilen aztertu ez den intereseko flora dutenak, nahiz eta oso litekeena den espezie horiek han izatea. Halaber, gogorarazi dute 6210 BIHri dagokionez, lehentasunezkotzat jotako aldaera bat dagoela habitatean orkideen gorteatze ugaria izanez gero. Habitaten kartografia eskuragaietan ez zenez faktore hori jaso, prospekzioak egin behar dira garai egokian, proiektuek eragindako habitataren azalera hori lehentasunezkoa den ala ez zehazteko. Bestalde, Sedum album komunitateen, lurzoru karstifikatuetako larre menditar mesoxerofiloen eta Koeleria vallesiana espeziearen larre harritarren garrantzia nabarmendu dute.
Aurkeztutako IIAren azken bertsioan jasotzen den eta dagoeneko adierazi den V. eranskinean ("Landare-formazioen karakterizazioa") adierazten denez, 6210 BIHk neurrizko batez besteko biodibertsitatea du oro har, eta, zehazki, orkideei dagokienez, jasotzen du haien presentzia leku gutxi batzuetara mugatua dagoela eta ale-kopurua oso moderatua izan ohi dela. Hala ere, V. eranskin hori 2026ko IIAn jaso zen, 2026ko maiatzean sustatzailearekin egindako bilera baten ondorioz. Horregatik, zalantzak sortzen dira azterketa horrek orkideei dagokienez duen baliozkotasunaren inguruan.
Halaber, aztertutako eremuan dagoen landaredia deskribatzen duen V. eranskin horretan, "sastrakadi heterogeneoak" izeneko landaredi-mota bat jasotzen da, eta, adierazten denez, ez du interesik abeltzaintzako aprobetxamenduari dagokionez. Baina garapen biomasiko hori duten landare-masa gutxiko ingurunean duen berezitasunagatik, sastraka-espezieen biodibertsitate handiagatik eta zuhaitzak daudelako, proposatu da garapen fotovoltaikotik kanpo uztea. Zehazki, proposatzen da 2,61 bat hektareatan ez esku hartzea eta ahalik eta naturalen mantentzea. Hala ere, ez da zehaztu azalera horren kokapena, eta proposamena ez da gauzatu, ez baita zehaztu zer eremu geldituko litzatekeen kanpo; horrez gainera, ez dira aldatu eguzki-instalazioen proiektuak, ez eta haien ezartze-eremuak ere.
IIAren arabera, babes bereziko basafaunako espezieen Nafarroako zerrendan jasotako bost espezie aurkitu dira, eta haietako bat zaurgarri gisa katalogatua dago (Astragalus sempervirens, catalaunicus azpiespeziea). Hala ere, kasu honetan ere ez da aurkeztu haietako bakoitzak afekzio-eremuan duen banaketa, ez da kuantifikatu ukitutako azalera eta ez da deskribatu eta baloratu proiektua egikarituta espezie horiek izaten ahal duten afekzioa. Sustatzaileak moderatu gisa baloratu du espezie horien gaineko inpaktua, kontuan hartuz soilik lanak (sastraka kentzea) egin direla inguruan abeltzaintza bultzatzeko, eta espezie horiei eragin dietela baina ez dagoela haiek desagertzeko arriskurik.
Ingurumen-organo honek irizten dio instalazio fotovoltaikoen exekuzioak berekin dakartzak jarduketak oso bestelakoak direla sustatzaileak abeltzaintza bultzatzeko adierazi dituenen aldean. Izan ere, sastraka-kentzeez gainera, lur-mugimenduak, berdintzeak, instalazio elektrikoak, etab. egiten dira, eta, modulu fotovoltaikoak instalatu ondotik, haien azpiko kondizioak aldatzen dira (intsolazioa, prezipitazioa, haizea, etab.), eta mantentze-lanak egiten zaizkio landarediari, instalazioen funtzionamenduarekin bateragarria izan dadin. Horrek guztiak oso desberdin eragiten dio adierazitako espezieen bilakaerari. Horrenbestez, irizten zaio bi jarduketa horiek ez direla konparagarriak landarediaren ondorioetarako, eta ez dela egokia sustatzaileak intereseko eta katalogatutako flora-espezieen inpaktuari dagokionez egin duen balorazioa.
Alegatzaile batzuek nabarmendu dute babes bereziko basafaunako espezieen Estatuko eta Nafarroako zerrendetan jasotako zenbait espezieren berezitasuna eta haietako batzuek proiektuen eremuan duten kokapenaren garrantzia. Nabarmendu dute, halaber, prospekzio espezifikoak egin behar direla afekzio-eremuan duten banaketa zehatza ezagutzeko. Gogorarazi dutenez, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen 57. artikuluaren arabera, espezieak Babes Bereziko Basaespezieen Zerrendan sartzeak berekin dakar landare-espezie horiek naturan bildu, moztu, inausi, errotik atera eta nahita suntsitzeko debekua. Zehazki, alegatzaileek eremu ukituan dagoela adierazi duten Narcissus asturiensis espezieaz ari garela (Jacetanus azpiespeziea), azpimarratu dute Habitaten Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan sartua dagoela, eta horrek berekin dakarrela indibiduoak –bai eta haiek garatzen diren habitatak ere– babesteko eta kontserbazio-egoera onean mantentzeko betebeharra eta haien banaketa-eremu guztian zorrozki babesteko betebeharra; hau da, debekatuta dago espezieak erauzi eta biltzea eta aleak edo haiek ugaltzeko tokiak suntsitzea. Espezie horietako batzuk (barnean dela Narcissus asturiensis –Jacetanus azpiespeziea–) daude ezartze-eremuan, eta sustatzaileak irizten dionez saihetsezina dela haiek ezabatzea moduluak instalatu eta linea lurperatzeko, instalazioak ezartzeak urratu egiten du adierazitako 42/2007 Legean eta 92/43/EEE Zuzentarauan xedatutakoa.
IIAk irizten dio eraikuntza-fasean sortzen direla inpakturik handienak, eta landarediaren gaineko afekzio potentzial nagusi gisa identifikatzen du landaredia erauzi eta moztea, landare-estalkia aldatzea eta landaredia narriatzea obra-eremuaren inguruetan.
Landare-estalkiari dagokionez, sustatzaileak dio saihestu direla berezko landaredi garatuagoko lurzatiak eta laboretarako eta larre iraunkorretarako erabiltzen diren malda moderatuko eta garapen edafiko handiagoko lurrak. Haren ustetan, maila baxuagoko landaredi-seriekoa da ukitutako landaredia (arboladi irekia eta harri-azaleratze ugari), eta moderatu gisa kalifikatu du eraikuntza-faseko inpaktua.
Halaber, landare-estalkiaren narriadura lur-mugimenduen eta ibilgailuen joan-etorriaren ondorioz ateratako hautsari lotzen dio. Hauts horrek hosto-egiturak estaltzen ditu, eta, horren eraginez, landareen fotosintesi- eta transpirazio-tasa murrizten da eta garatzeko zailtasunak eragiten zaizkie. Sustatzaileak bateragarri gisa baloratu du inpaktua, ingurunean dauden lurrek hautsa sortzea oztopatzen baitute eta inguruan izaten diren prezipitazio-ugariek hautsak irauten duen denbora murrizten baitute.
BIHez ari garela, inpaktu handienak moderatu gisa baloratu ditu sustatzaileak.
Gogoan izatekoa da, zenbait alegatzailek egin duten moduan, balio ekologiko handiko landaredia izateaz gainera, 92/43/EEE Zuzentarauari jarraikiz, BIHak banaketa-eremuan galzorian dauden, atzerakadaren ondorioz berezko banaketa-eremu murriztua duten edo bost eskualde biogeografikoen (alpetarra, atlantikoa, kontinentala, makaronesikoa eta mediterraneoa) adibide adierazgarriak diren habitatak direla. Gainera, lehentasunezko habitatak dira galzorian daudenak eta kontserbazioa Europar Batasunaren erantzukizun berezi gisa dutenak.
Lehenago adierazi denez, aurkeztutako IIAk ez du kuantifikatzen eta lokalizatzen intereseko eta katalogatutako espezieen azalera, ez eta Batasunaren intereseko habitatena eta instalazioetako bakoitzak eta/edo ebakuazio-azpiegiturak ukitutako lehentasunezko habitatena ere. Baina sustatzaileak dio ebakuazio-azpiegituraren lehen zatia eta instalazioetako gutxienez zazpi BIHetan daudela. Beraz, azterketa horren arabera, azalera handi batean dagoen landarediaren zati handi bat ezabatzen da, eta horrek habitatak eta berezko landaredia suntsitzen ditu. Lehenago adierazi denez, instalazioak ezarri ondotik, modulu fotovoltaikoen azpiko kondizioak aldatzen dira (intsolazioa, prezipitazioa, haizea, etab.), eta landaredia haien funtzionamendurako behar den moduan mantenduko dela ere kontuan hartuz, zalantzazkoa da obretan suntsitutako landaredia eta BIHak bilakatuko eta leheneratuko diren, hurrenez hurren. Izan ere, IIAk ere honako hau adierazten du: "eguzki-moduluak, azpiestazioak, transformazio-zentroak, etab. instalatuak egonen diren azaleretan lehen zegoen landaredia ezin izanen da leheneratu aldi horretan" (funtzionamendu-aldian); "eguzki-instalazioak instalatzekoak diren eremuetan dagoen flora katalogatuari dagokionez, saihetsezina izanen da hura ezabatzea, moduluak eraiki eta linea lurperatzeko. Lurralde honetan potentzialki aurkitzen ahal diren bostetatik, lau zuhaixka-espezieak dira edo haiekin batera daude; horrenbestez, azterketaren eremu guztian banatuko dira"; eta "lehen zenbait espezie zeuden habitatetan, orain eguzki-moduluak egonen dira (baina hedadura txikian); hala, saihetsezina izanen da espezie horiek beste hobi ekologiko batzuetara lekualdatzea".
Hori guztia kontuan hartuz, zerbitzu honek irizten dio proiektuak exekutatzeak balio handiko berezko landarediaren eta Batasunaren intereseko eta lehentasunezko habitaten azalera nabari bat suntsitzen duela, eta haiek leheneratzea zalantzazkoa dela eguzki-instalazio fotovoltaikoak badaude. Hala, kalitate, heldutasun-maila eta balio handiko eta ongi kontserbatutako landaredi-gainazal zabal bati eraginen zaio, eta, horregatik, ez da bideragarria proiektuak exekutatzea.
Testuinguru horretan, alegatzaile ugarik adierazi dute ezartze-eremuko habitat natural guztiak eta espezie batzuk habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauan jasoak daudela, zeinak Europar Batasunaren tresna nagusiak baitira natura kontserbatzeari dagokionez. Horregatik, balio handia dutela diote, ez Foru Komunitatean bakarrik, baizik eta Europar Batasunean ere bai. Halaber, ingurumen-organo honen irizpidearekin bat etorriz, irizten diote proiektuak exekutatzeak berekin dakarrela habitatak eta eremuan dauden espezie babestuak suntsitzea; diotenez, biotopo geomorfologiko oso bereziei loturiko habitat eta espezieak direnez, ezin dira ordeztu edo beste toki batzuetan leheneratu konpentsazio-neurri posible gisa.
Gainera, gogorarazten da aplikatzekoa dela Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Agindua, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen- eta hirigintza-arloko irizpide eta baldintzak arautzekoa, eta haren 3. artikuluan xedatzen denez, "ezin izanen da eguzki-instalaziorik jarri lehentasunezko eta intereseko habitat-zonak ageri dituzten eremuetan eta 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera kontserbaziorako balio handia dutenetan".
–Fauna, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea:
Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuek eragindako laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, aldeko 10 km-rekin UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Natura Spain webgunea eta Lehorreko Espezieen Espainiako Inbentarioa (IEET) dira informazio-iturriak, eta adierazitako iturrien arabera, kuadrikula horietan aipatzen dira 10 anfibio-espezie, 15 narrasti-espezie, 50 ugaztun-espezie eta 121 hegazti-espezie.
Gainera, abifaunak parkeen eta ebakuazio-linearen eremua nola erabiltzen duten berariaz aztertu zuen ikerketa bat jaso da (2025eko apiriletik 2026ko martxora egina, bi hilabeteak barne). Ikerketa horren testuinguruan, laginketak egin ziren astero: 10 errolda-puntu, trantsektuak, ibilgailuz joan-etorriak abiadura motelean eta gautxorien errolda espezifikoak.
Alegatzaile batzuek diotenez (besteak beste, SEO/BirdLife Espainiako Ornitologia Sozietateak), jendaurreko informazioan jarritako abifaunaren azterketa ez da nahikoa inola ere. Izan ere, ez du hartzen urteko ziklo oso bat, ez du zehazten zer metodologia erabili den eta zein den landa-lan egin duten langileen kualifikazioa eta ez da adierazi zer formula erabili den inpaktuak baloratzeko kalkuluak egiteko, eta horrek guztiak arriskuan jartzen du emaitzen fidagarritasuna. Adierazitako alderdi gehienak zuzendu zituen jendaurreko informaziorako eta kontsultetarako fasearen ondotik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren eskaerarekin batera aurkeztu zen abifaunaren azterketak.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaz gainera, ingurumen-organo honek, azterketa egiteko garaian, kontuan izan du "As de Guía 6", "Ballestrinque 6", "Ballinger 6", "Carabela 6", "Carraca 6", "Margarita 6", "Nao 6" eta "Vuelta de Escota 6" haize-parkeetarako egin zen abifaunaren azterketa espezifikoa. Haize-parke horiek Goñi eta Etxauri udal-mugarteetan daude, eta azterketaren barnean hartu zen ebakuazio-azpiegitura, txosten honen xede diren instalazioak husten diren SET-Orkoien azpiestazioraino bereraino. Azterlan hori 2023ko urritik 2025eko apirilera bitartean egin zen: laginketak egin ziren oinezko zenbait ibilbide linealen, ibilgailuz egindako ibilbide batzuen, behaketa-puntuen eta hegazti batzuentzako errolda espezifikoen bidez. Halaber, abifaunaren babeslekuak, hazkuntza-guneak, etzalekuak eta intereseko beste eremu batzuk bilatu ziren. Haize-parke horien azterketa-eremuak eguzki-instalazioena gainditzen du pixka bat, baina ingurumen-organo honek irizten dio haren abifaunaren azterlana erabat aplikagarria dela eta instalazioetarako aurkeztutako espazioaren erabilerari buruzko azterketa osatzen duela.
Faunaren azterketari dagokionez, instalazioen IIAk 3 fauna-ekosistema bereizten ditu: goi-ordokietako larre eta sastrakak Etxauriko eta Saldiseko mendilerroen artean; lehorreko laborantza Iruñeko mendebaldean, Arakil eta Arga ibaien ertzetan; eta Arakil ibaiaren behealdeko ibaiertzeko basoa.
Ezartze-eremuan eta ebakuazio-azpiegituraren lehen zatian dagoen ekosistema goi-ordokietako larre eta sastrakena da, Etxauriko eta Saldiseko mendilerroen artean. IIAren arabera, espezie ugariren larratze-eremua da, elikatzeko eta garatzeko erabiltzen dutena, bai ugalketa-aldian, bai negualdian, eta babesleku eta habitat gisa erabiltzen da; gainera, espezie ugarik migrazioan egiten duten ibilbidearen parte da. Harrapari-espezie hauek begiztatu dira gehien ekosisteman, eguzki-parkeetarako egindako azterlanaren arabera: sai arrea (647 begiztatze), eta alde handiarekin miru gorria (304), zapelatz arrunta (213), belatz gorria (189), zingira-mirotza (103), miru beltza (79) eta mirotz zuria (39); askoz gutxiago begiztatu dira arrano beltza (15) eta mirotz urdina (17), besteak beste.
Lehenago adierazitako haize-parkeetarako egin zen abifaunaren azterlan espezifikoan, begiztatu ziren estepako hegaztien 3 espezie eta eguneko hegazti harraparien 20 espezie; haien artean, miru gorria eta ugatza nabarmentzen dira, galzoriko espezie gisa katalogatuak baitaude. Lanak ondorioztatu zuen aztertutako eremua larreratzeko, zabaltzeko eta migrazioan igarotzeko zona garrantzitsu bat zela zenbait harraparirentzat, interesekoak edo katalogatuak guztiak ere.
Sarbil mendilerrotik Iruñerrira jaistean, zereal-labore belarkarak nagusitzen dira, baliabide trofiko nabariak dituztenak faunarentzat; zuhaitz- eta zuhaixka-heskaiek aberasten dituzte, dibertsitatea eta babesa areagotzen direlarik. Lurpeko linea planteatzean, azterketak jo du ekosistemaren afekzioa eraikuntza-fasean gertatzen dela funtsean, eta urria dela; gainera, lehendik dauden bideak erabiltzen dira ahalik eta gehien, eta ibilgailuak etengabe igarotzen diren eremu antropizatuetatik igarotzen da ebakuazio-azpiegitura. Parkeetarako aurkeztutako abifaunaren azterketaren arabera, inbentario kualitatibo bat egin da habitat honetan, zeinean "Goi-ordokietako larre eta sastrakak Etxauriko eta Saldiseko mendilerroen artean" habitatean baino espezie-aberastasun handiagoa begiztatu baita (126 eta 104 espezie detektatu dira, hurrenez hurren). Azterlanaren arabera, ugaritasun erlatibo oso altuko harrapariak dira miru gorria eta miru beltza eta zapelatz arrunta, eta ugaritasun erlatibo altukoak dira arrano txikia, sai arrea, belatz gorria eta gabirai arrunta. Gainera, azterlanean jasotzen denez, espezie ugariren begiztatze-kopuru handia nabarmentzen da, aurreko habitateko espezie askorekin ez bezala.
Ibaiertzeko basoari dagokionez, garapen bertikal eta dentsitate handiko landare-formazioak dira, Arga eta Arakil ibaien bi ertzetan zabaltzen direnak; espezie ugariren lekua denez, aurreko habitateko fauna gainditzen du. Habia egiteko biotopo oso egokia izateaz gainera, baliabide trofiko askotarikoak eta faunarentzako espezifikoak ditu, eta fauna biotopo natural batetik bestera igarotzeko korridore berde bat da. Abifaunari buruzko azterlanaren arabera, espazio horretan uretako hegazti-espezie habiagile, negutar eta migratzaileen presentzia handia dago, nabaria delarik miru beltzaren, koartza hauskararen, ubarroi handiaren eta amiamoko zuriaren presentzia. Ebakuazio-azpiegiturak, airetik doanean, Arakil ibaia zeharkatzen du, eta afekzioa esanguratsua da fase guztietan.
IIAren arabera, hauek dira, batez ere, faunaren gaineko inpaktuak: habitataren alterazioa edo galera, eragozpenak sortzea eta desplazamenduak gertatzea, eta heriotza eragitea, dela harrapatzeagatik, dela talka egiteagatik edota elektrokutatzeagatik.
Sustatzailearen iritziz, eraikuntza-fasean afekzio nagusia Sarbil mendilerroan (ezartze-eremua eta ebakuazio-azpiegituraren lehen zatia) eragiten da, eta habitataren alterazioa eta galera eraginen du, batez ere, landare-estalkia ezabatzeak, proiektuak egikaritzeak hori eskatzen baitu. Sustatzaileak dioenez, babesteko ahalmena murriztuko den arren, faunak aukera izanen du gertuko antzeko beste habitat batzuetara joateko, eta inpaktua moderatutzat jotzen du horregatik.
Oztopoen ondoriozko afekzioari dagokionez, iruditzen zaio aldez aurretik eta halabeharrez habitatean egin beharko den aldaketaren ondorioz espezierik sentikorrenek obra-eremua saihestuko dutela eta inguruan dauden antzeko beste eremu batzuetara joan, eta, hala, eragozpenak murriztuko direla. Hala ere, kontuan hartuz inguruan ohikoa den lasaitasuna eta Etxauriko Haitza HBBEaren gertutasuna, sustatzaileak moderatu gisa baloratu du eraikuntza-fasean oztopoen eta desplazamenduen ondoriozko afekzioak izateko arriskua.
Ibilgailuek harrapatzeagatiko heriotzari dagokionez, inpaktu horren mehatxupean izaten ahal diren fauna-espezie batzuk daude mendilerroan, baina sustatzaileak irizten dio afekzioak oso puntualak direla, eta moderatu gisa baloratu du inpaktua.
Sustatzaileak adierazi duenez, Sarbil mendilerrotik kanpo, eraikuntza-fasean jarduketak afekzio urria eragiten du garapen-maila baxuko ekosistemetan, espazioari eta denborari dagokienez; horregatik, afekzioak bateragarritzat baloratu ditu.
Eraiste-faseko afekzio guztiak bateragarritzat baloratu ditut sustatzaileak.
Lehenago adierazi denez, zerbitzu honek eta alegatzaile ugarik uste dute eraikuntza- eta eraiste-faseetan eragindako oztopoak nabariak izaten ahal direla, eta, haien ondorioz, espezie askok –besteak beste, intereseko espezieak eta espezie katalogatuak– lekua utziko dutela aldi baterako edo betiko. Bereziki larria da hori Etxauriko Haitza HBBEan eta izen bereko IBAn dauden hegaztientzat; batez ere, hazkuntza- eta ugalketa-garaietan. Hala, litekeena da lekualdatzeak eragitea, habiarik ez egitea, errunaldiak bertan behera uztea txitaldian, txitak habietatik erortzea, etab.
Ustiapen-faseari dagokionez, sustatzailearen iritziz, afekziorik handienak bi dira –moderatu gisa baloratu ditu biak–: habitata aldatzea edo galtzea plakak ezarriko diren eremuan, eta airetiko ebakuazio-linearekin talka egiteko arriskua.
Harentzat, habitata aldatzearen eta galtzearen afekzioa eragiten dute habitataren aldez aurretiko aldaketak eta hesi perimetralak eragindako hesi-efektuak; baina uste du, halaber, obrarik eta eragozpen txikiagorik izan gabe, babes-funtzionaltasuna neurri batean leheneratzen ahal dela eraikuntza-fasean lekua utzi zuten espezieentzat. Faunarentzako baliabide trofikoak areagotzeko, proposatu du labore agrovoltaikoekin kudeatzea ezartze-eremua, eta, bestalde, irizten dio zuhaixka-geruzaren kontrolak geruza belarkara bultzatzen ahal duela, bai eta inguruko baliabide trofikoak areagotu ere. Neurri osagarri gisa proposatu du, halaber, estaldura belarkara palatagarria bultzatzea espazio hesituaren barruan eta landare-orla bat eratzea haren inguruan, faunarentzat interesekoak diren zuhaixkak landatuz.
Ingurumen-organo honek eta alegatzaile ugarik irizten diote ezen, jarduketak inguruneko eskaintza trofikoa hobetzea lortuko balu ere, plakak han izateak ez diela utziko espezie askori lurraldeak erabiltzen, eta instalazioen bizitza baliagarrian lurraldea okupatua izateak nabarmen murrizten duela espezie askoren larratze-, elikatze-, babes eta ugalketa-eremua. Gainera, ukitutako habitatak zatikatzea eragiten du proiektu horiek egikaritzeak, eta, horren ondorioz, konektagarritasuna galtzen da eta hutsune-efektua sortzen da espezie askorentzat, proiektuek zuzenean ukitutakoa baino askoz esparru zabalago batean. Horren guztiaren ondorioz, espezie ugariren (intereseko espezieak eta espezie katalogatuak dira haietako asko) banaketa-eremua, populazioaren tamaina eta ugaritasuna murrizten dira, eta, horrez gainera, eremua biologikoki pobretu, populazioak bakartu eta ekosistema narriatzen ahal dira.
Halaber, ingurumen-organo honek irizten dio Sarbil mendilerro guztian lurzoruak duen sakonera urriak eta harri ugariek biziki zailtzen dutela (bideraezina ez bada) proposaturiko labore agrovoltaikoak jartzea.
Naturagune babestuei eta Natura 2000 Sareari dagokienez, bederatzi instalazioetatik zazpi IBA 83 Etxauriko Haitza hegaztiak eta biodibertsitatea babesteko eremu garrantzitsuan daude erabat. BirdLife-k lehentasunezkotzat jotako hegazti-espezie baten edo gehiagoren populazioaren parte esanguratsu bat izan ohi da eremu horietan, nazioarte mailan garrantzia dute hegazti-populazio batzuk babesteko, eta, gainera, biodibertsitatea babesteko tresna gisa dihardute. IIAk ez du aztertu esparru horren afekzioa, baina zerbitzu honek irizten dio instalazioak exekutatzea aipatutako IBAren kontserbazio-asmoaren aurkakoa dela.
Bestalde, nahiz eta proiektuak ez duen okupatzen Natura 2000 Sarean dagoen zonarik, balio ekologiko handiko Etxauriko Haitza HBBEtik (ES0000150) 330 metrora daude instalazioak, eta garrantzi handiko ingurunea da, hegazti espezie ugarik –haietako asko interesekoak edo katalogatuak dira– habia egiten dutelako, han elikatzen direlako eta babeslekutzat dutelako; gainera, esparru horretan garrantzi berezia du espezie nekrofagoen presentziak. HBBE horren eta ezartze-eremuaren arteko jarraitutasun ekologikoak justifikatzen du fauna hegalariak lurralde guztia bereizi gabe erabiltzea. Hori dela eta, agerikoak dira ezartze-eremuaren ingurumen-sentikortasuna eta inpaktu posibleak. Halaber, "Urbasa eta Andia" KBEtik 7 km-ra baino gutxiagora dago ezartze-eremua, eta korridore ekologiko garrantzitsua eratzen du adierazitako espazioen artean.
Natura 2000 Sarearen gaineko afekzioa aztertzen duen eranskin bat jasotzen da IIAn, zeinean bateragarri gisa baloratzen baitira inpaktu gehienak. IIAren arabera, Sarbil mendilerroan eginen diren jarduketek eraginen dute Etxauriko Haitza HBBEaren gaineko afekzio nagusia, eta moderatu gisa baloratu da. IIAk irizten dionez, eraikuntza- eta eraiste-faseetan, pertsonen, materialen eta makineriaren joan-etorriak eta zarata, hautsa, etab. eragozpenak izaten ahal dira HBBEan dauden hegaztientzat; gainera, haien elikatzeko eta larratzeko eremua murriztuko da. Ustiapen-fasean ez du aurreikusten inpaktu handirik HBBE horretan, baina onartzen du eguzki-moduluen presentziak hango hegaztien elikatze- eta larratze-eremua murrizten ahal duela fase horretan.
Sarbil mendilerroa, zeina adierazitako haitzean hasten baita, ekologia- eta paisaia-balio handiko zona da, non tartekatzen baitira harkaitzak, sastrakak, larreak, konifero eta zuhaitz hostotsuz osaturiko baso-masak, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak dituzten belardi eta larreak, laboreak, etab., eta espezie ugariren ugaltze-, hazte-, larratze- eta elikatze-eremua da.
Zehazki, 15/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Bonelli Arranoa Berreskuratzeko Planaren aplikazio-eremuan dago zona, espezie horren lurralde historikoetako bat baita; izan ere, bikote bat bizi izan zen han 2006 arte. Plan horren helburuetako bat da, hain zuzen, espeziea birkolonizatzeko moduko banaketa-eremuetan zabaltzen laguntzea. Gaur egun, espeziearentzako moduko habitaten potentzialtasun handia du Sarbil mendilerroak, eta ale heldu erratiko gehien begiztatu den Nafarroako tokietako bat da; gainera, espeziea eremuan berriz sartzeko lan egin da, Europar Batasunaren LIFE programa baten esparruan. Instalazioak jartzea kaltegarria izanen litzateke espezieak espazioa berreskuratzeko prozesuari dagokionez.
Sarbil mendilerroa, halaber, 95/1995 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ugatza Berreskuratzeko Planaren 4. aplikazio-eremuan dago: aleak begiztatu dira eremuan; kasurako, haize-parkeen espazioaren erabilerari buruzko azterlanean jasotzen dena. Espeziea Pirinioetako gune nagusitik kanporantz geografikoki zabaltzea da haren kontserbazio-arazo nagusietariko bat. Horregatik, plan horren helburuetako bat da espeziea birkolonizatzeko moduko eremuetan zabaltzen laguntzea. Horretarako, habitat potentzial gisa identifikatutako zonetan azterketa zorrotz bat eginen da, zer faktore mugatzaile zuzendu behar diren zehazteko.
Bestalde, 2025eko otsailaren 13an, Ugatza (Gypaetus barbatus) Kontserbatzeko Estrategia onetsi zuen Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak. Estrategia horretan, hura aplikatzeko esparru geografikoan eremu kritikoak mugatzeko eta kokatzeko irizpide batzuk ezartzen dira. Bi motatako tokiak bereizten dira espeziearentzat:
- Toki kritikoak (TK): espezieak bizirauteko eta hura berreskuratzeko ezinbestekotzat jotzen diren eremuak. Espeziea gaur egun edo azken 25 urtean ugaldu den, berez hedatutako aleak dauden eta berriz sartzeko programak abian dituzten lurraldeek osatzen dituzte. Toki kritikoen artean, "ugalketa-zona" bereizgarria ezarriko zaie bikote ugaltzaileak edo lurraldekoiak dauden haiei.
- Intereseko beste toki batzuk (IT): toki kritikoetan ale markatuen inguruan jasotako informazioaren arabera dauden aleen konexiorako ezinbesteko lurraldeak dira, bai eta espezieak kolonizatzeko moduko udalerriak ere. Espeziearen banaketa historikoko eremuan egon daitezke, bai eta espeziearentzako ezaugarri ekologiko onenak dituzten beste eremu batzuetan ere –ezaugarrion artean daude, besteak beste, eskuragarritasun trofiko handia, habia egiteko tokiak eta espezieak bainatzeko erabiltzen dituen burdin urezko eremuak–.
Estrategia horren arabera, Etxauriko Haitza toki kritiko (TK) batean egonen litzateke, bereziki Urbasa eta Andia. Baina Etxauriko inguru hau gehiago dagokio "Intereseko beste toki" bati (IT). Izan ere, eremu hau jo daiteke Nafarroako Pirinioetan eta Pirinioaurrean dagoen populazioaren eta Europako mendietan dagoen populazioaren arteko loturagune gisa, eta, gainera, birkolonizazio-eremua da.
Halaber, lehentasunezko jarduketa batzuk xedatzen dira estrategia horretan bertan; hain zuzen, haietako bat da Lehentasunezko 6. Jarduketa: Populazioa areagotzea bultzatzea, populazio berriak eta haien interkonexioa sortuz korridoreen bidez; horretarako, beste neurri batzuen artean, populazio bideragarriak kokatzea bultzatuko da Iberiar sistemaren iparraldeko eta euskal mendietako Pirinioez kanpoko berezko kolonizazio-gune berrietan. Txostenaren helburu diren instalazioek espezie horri eragiten ahal dioten afekzioa larria izaten ahal dela jotzen da, atzera egitea eragin baitiezaiekete.
Halaber, aztertutako eremu guztia da negualdirako gunea miru gorriarentzat –galzoriko espezie gisa katalogatua estatuan eta Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean jasoa–. Instalazioetarako egindako abifaunaren azterlanean nabarmentzen da miru gorriaren etzaleku bat (39 indibiduo inguru) dagoela Etxauriko Haitza HBBEaren inguruan, Arga ibaiaren haranerantz ematen duen zonan; hain zuzen, horrek azaltzen ditu instalazioen ezartze-eremuan izandako begiztatze ugariak (304 begiztatze). Lehenago adierazitako haize-parkeetarako egindako abifaunaren azterlanak agerian utzi zuen, halaber, eremuak miru gorria (Milvus milvus) kontserbatzeko duen interesa; espezie horren begiztatze ugari erregistratu ziren (1.003 indibiduo), azterketaren eremu ia guztian banatuak. Azterlanean ondorioztatu zenez, aztertutako eremu guztia negu-pasarako eremu garrantzitsua da espezie horrentzat; Europako negutar ugari hartzen ditu (Arakil eta Arga ibaien ertzetako etzalekuetan pilatzen dira), eta, gainera, urte osoan zehar eremuan bizi diren banako ugaltzaile askoren bizitokia da. Halaber, beste lurralde batzuetako banakoen larratze eremuaren parte da, proiektuak ezartzeko eremua bisitatzen dutenak elikagai bila. Proiektuak exekutatzeak oztopoak eragiten ahal ditu eraikuntza- eta eraiste-faseetan, batez ere, hazte- eta ugalketa-aldietan; funtzionamendu-fasean, bestalde, nabarmen murrizten dira haien larratze-, elikatze-, babes- eta ugalketa-eremuak, eta, gainera, arriskua dago hegaztiek linea elektrikoarekin talka egiteko, Arakil ibaiarekin gurutzatzea aurreikusten den zatian.
Bestalde, azterlan horretan detektatutako hegazti harraparietatik, sai arrea begiztatu zen gehien, 647 begiztatze zenbatu baitziren abifaunak espazioa erabiltzen duen modua jasotzeko instalazioetarako egin zen azterlanean, eta 5.046 indibiduo zenbatu baitziren adierazitako haize-parkeetarako egindako azterlanean. Afekzioa baloratzeko, kontuan izan behar da, laginketa-ahaleginaz gainera, bizitza luzeko espeziea dela, heltze sexualeko aldi luzeak eta ugalketa-tasa baxuak dituztela, bai eta indibiduoen mugikortasun-tasa altua ere. Halaber, kontuan eduki behar dira 2024ko udaberrian Nafarroan egin zen saien errolda, zeinean detektatu baitzen populazioa %30etik gora jaitsi zela 2019ko datuen aldean; hau da, detektatu zen populazio-joera kezkagarria duela espezieak.
Zonan hegazti-komunitate aberats eta ugari bat dago (sai arrea, sai zuria, belatz handia, hontz handia, miru gorria, miru beltza, belatxinga mokogorria, harkaitz-zozo urdina, etze-txinboa, berdantza miarritza, zata arrunta, kutturlio mokolaburra, pirripioa, etab.), eta hartako espezie ugari interesekoak, katalogatuak eta Hegaztien 2009/147/EE Zuzentarauan eta Natura-ondareari buruzko 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasoak dira. Horregatik, espezie horien habitatak kontserbatzeko neurri bereziak aplikatuko zaizkie, beren banaketa-eremuan bizirauten dutela eta ugaltzen direla bermatzeko.
Hegaztien Zuzentarauari dagokionez, 4. artikuluan xedatzen du estatu kideek babes bereziko eremu gisa (HBBE) sailkatuko dituztela kopuruaren eta azaleraren aldetik espezie horiek kontserbatzeko lurralde egokienak, zuzentarau hori aplikatu beharreko itsasoko eta lehorreko eremu geografikoan. Hain zuzen, horren arabera izendatu zen instalazioetatik oso gertu dagoen Etxauriko Haitza HBBEa. Artikulu horrek berak xedatzen duenez, babes-eremu horietatik kanpo, estatu kideek ahaleginak egin beharko dituzte zona izendatzearen arrazoi izan ziren espezieen habitatak kutsatzea eta narriatzea saihesten. Lehenago adierazi denez, proiektuak egikaritzeak eremuko habitatak narriatzen ahal ditu, eta horrek eragin negatiboa izan dezake HBBE horretako espezie ugarirentzat, zeinetako asko adierazitako Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskin horretan jasotzen baitira.
Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legeaz ari garela, 46. artikuluan xedatzen duenez, organo eskudunek, ingurumen-ebaluazioaren inguruko legedian aurreikusitako prozeduren esparruan, behar diren neurriak hartu beharko dituzte KBEetatik eta HBBEetatik kanpo habitatak suntsitzea, kutsatzea eta zatikatzea saihesteko eta espezieei eragiten dieten nahasteak saihesteko, fenomeno horiek eragin nabaria duten heinean habitat eta espezie horien kontserbazioaren egoeran. Aurreko paragrafoan azaldu denez, proiektuak egikaritzeak berekin dakartza narriatzea, kutsatzea eta zatikatzea, eta nahasteak eragiten dizkie hango habitat eta espezieei; horrek guztiak okerragotu egiten ditu Etxauriko Haitza HBBEko espezie batzuen biziraute- eta ugalketa-kondizioak, eta eragin negatiboa du haien kontserbazio-egoeran.
Halaber, artikulu horrek xedatzen du estatuan edo autonomia-erkidegoen esparruan galzorikotzat katalogatutako espezieei dagokienez (adibidez, miru gorria, ugatza eta Bonelli arranoa), II. edo IV. eranskinetan aipatzen diren espezieengan erasan nabarmena izaten ahal duen edozein plan, programa edo proiektu gauzatu edo betearazten ahalko dela baina soilik honako kausa hauek betetzen direnean eta bestelako konponbiderik ezean: giza osasunarekin eta segurtasun publikoarekin lotura dutenak, ingurumenerako berebiziko garrantzia duten ondorio positiboei buruzkoak edo lehen mailako interes publikoko premiazko beste arrazoi batzuk; kasu honetan, ez dago halako egoerarik.
Espainiako Ornitologia Elkarteak (SEO/BirdLife) jakinarazi du hegazti-populazioek gainbeherarako joera dutela, batez ere nabarmentzen dena nekazaritza-inguruneetako espezieetan eta hegazti gautarretan. Bi talde horietako espezieak daude ezartze-eremuan, eta espezie batzuei bereziki eragiten diete habitaten galerak eta eraldaketak eta lurzoruaren erabilerak areagotzeak. Zehazki hegazti harrapari gautarrentzat, adierazten dute proiektuak egikaritzeak larratze-eremuak galaraziko lituzkeela. Gainera, argiztapen artifizialak haien harrapakinen jokabidea aldatzen duenez, elikagai gutxiago dute eskura, eta, hala, harrapatuak izateko arriskua eta espezie horien zaurgarritasuna areagotzen dira.
Adierazitako guztiaz gainera, alegatzaile batzuek babesaren printzipioa betetzeko eskatu dute, aurkeztutako proiektuak ez egikaritzeko eskatzeko, eta azaldu dute instalazioen presentziak eta haien argiteriak habitatak zatikatu, galarazi eta aldatzen dituztela zenbait espezierentzat; besteak beste, gaueko hegazti harraparientzat, zeinak erregresioan baitaude gaur egun.
Bestalde, adierazitako haize-parkeetarako egindako kiropteroen azterlanean, kiropteroen hemeretzi espezie detektatu ziren, eta haietatik hiruk babes-kategoria handia dute Nafarroako fauna-espezie mehatxatuen katalogoan (Schreibers-saguzarra, saguzar arratoi-belarri handia/ertaina eta ferra-saguzar handia). Halaber, kiropteroen jarduera zuten bi babesleku topatu ziren inguruetan. Zenbait alegatzaileren iritziz, eguzki-instalazioek espazioaren erabilera, elikagaien eskuragarritasuna eta hegaldi-patroiak alda ditzaketenez saguzarrentzat, ingurumen-araudian xedatutako babesaren printzipioa aplikatuz, ez da proiektua baimendu behar. Gainera, nabarmendu dute kiropteroen landa-lan espezifiko bat egin behar dela proiektuen esparruan, inpaktuak behar bezala ebaluatu ahal izateko.
Halaber, eta kontuan hartuz zenbait azterlanek erakutsi dutela eguzki-instalazioek artropodo-komunitateen ugaritasuna eta dibertsitatea aldatzen ahal dituztela, alegatzaile batzuek eskatu dute sustatzaileak azterketa espezifiko bat egin dezan, ezartze-eremuko artropodo-komunitatearen osaera ezagutzeko, batik bat aintzat hartuz zonako tximeleten aberastasuna.
Bestalde, 3. Lurralde Antolamenduko Planean "lurralde-konektagarritasuna dela medio duen ingurumen-balioagatik lurzoru urbanizaezin babestu" gisa dago katalogatuta; dagoeneko babestutako guneak ekologikoki eta funtzionalki konektatu eta lotzea ahalbidetzen duten eremuak daude bertan, eta, indarrean dagoen araudiaren arabera, lurzoru horiei erasaten ahal dieten jarduketek eta azpiegiturek bereziki kontuan hartu beharko dute flora eta faunarentzat oztopo gaindiezin gisa ez jokatzea eta beharrezko neurriak hartu beharko dituzte espazio horien arteko konexio-galera saihesteko.
Testuinguru horretan, zenbait alegatzailek adierazi dute ez dagoela proiektuak Sarbil mendilerroaren korridore-funtzioarekiko izanen duen afekzioa zehazki ebaluatzeko aukera emanen duen konektagarritasun ekologikoaren inguruko azterketa espezifikorik. Halaber, irizten diote proiektuak egikaritzeak lurraldea nabarmen zatikatuko duela, eta ez dela aztertu horrek konektagarritasun ekologikoari ekarriko dion eragina.
Ebakuazio-azpiegiturari dagokionez, Arakil ibaia airetik zeharkatzen duen airetiko zatia laburra izan arren, abifaunaren migrazio-ibilbide garrantzitsu batekiko ia perpendikularrean doanez, arrisku handia dago ibaia eta haren eragin-eremua korridore ekologiko eta/edo ohiko okupazio-eremu gisa erabiltzen duten abifauna-espezieek instalazioarekin talka egiteko. Hori guztia eta linea elektriko ugariekin gertatzen diren ondorio metagarriak eta sinergikoak kontuan hartuz, alegatzaile batzuek eskatu dute linea guztia lurperatzeko.
Alegatzaile batzuek diotenez, ez da proposatu neurri espezifikorik inpaktu jakin batzuetarako, eta inpaktu zehatzei ez dagozkien balizko neurri orokorrak proposatu dira. Gainera, irizten diote IIAk ez duela ziurtatzen proposatutako neurri konpentsatzaileak espezifikoak, nahikoak, proportzionatuak eta egiaztagarriak direnik, proiektuaren benetako inpaktuei dagokienez. Halaber, ez da zehazten neurri horien helburu, azalera, kokaleku, adierazle eta arrakasta-irizpiderik, eta ez da adierazi faunaren, floraren eta habitaten inguruko oinarri aski xehaturik proposatutako neurrien sorta egokia den baloratzeko, inpaktuen prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio egokia bermatze aldera.
–Ondorio metagarriak eta sinergikoak:
IIAk batera ebaluatu ditu bederatzi eguzki-instalazioek eta haien ebakuazio-azpiegiturak sortutako eraginak, proiektu bakar bat izanen balira bezala. Ondorio metagarriak eta sinergikoak ebaluatzeko, instalazioak ezartzeko eremutik 5 km inguruko erradioan dauden azpiegiturak identifikatu ditu: haize-parkeak, eguzki-parkeak, linea elektrikoak eta komunikazio-azpiegiturak.
Azterlanean ondorioztatzen denez, proiektuaren faseen ondorio sinergiko nabarienek faunari, paisaiari eta lurzoruari eragiten diete, baina ez ditu bateragarri gisa baloratu.
Hala ere, zenbait alegatzailek diote hutsuneak daudela ondorio metagarri eta sinergikoen ebaluazioan, eta irizten diote seriotasunez baloratu behar direla; bereziki, habitataren zatikatzeari, konektagarritasun ekologikoari eta paisaiaren eraldaketari dagokienez.
–Kultur ondarea:
Interes kulturaleko bi ondasun (IKO) (Aratzuriko gaztelua eta Andre Maria eliza, Zizurren) identifikatu dira IIAn, bai eta aztarnategi arkeologiko bat ere (Legingo kastroa). Haren arabera, behar bezain urrun daude obretatik, eta jakinarazi du ez dela kaltetuko aitortutako ondare-baliabiderik, ez eta instalazioak eta ebakuazio-linea ezartzeko eremua ere. Hala ere, adierazi du beharrezkoa dela ingurumena zaintzea obrek dirauten artean.
Dena den, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak, 2026ko maiatzaren 26an emandako txostenean, jakinarazi du, proiektuaren informazio geografikoa aztertu eta Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dagoen informazioa berraztertu ondotik, proiektuek eragiten ahal dietela katalogatutako bederatzi aztarnategi arkeologikori, bai babes-zerrendetatik gertu daudelako, bai aztarnategiaren edo haren babes-zerrendaren gainazala okupatuko dutelako. Horregatik, aldeko txostena egin du, jarduketa arkeologiko hauek egitekotan:
- Sarbil VIII aztarnategia (09-31-085-0033): aztarnategian gorabeherak eragiten ahal dituzten hasierako planteamenduaz bestelako aldaketak egiten badira, inpaktu arkeologikoaren azterlan bat egin beharko da aldez aurretik, zeinean sartuko baitira zundaketa-kata ebaluatzaileak, kasu bakoitzean afekzio posibleak ebaluatzeko.
- Aldabe IV (09-31-118-0002), Santo Tomas (09-31-085-0009) eta Elizaberria (09-31-193 0017) aztarnategiak: aztarnategietan gorabeherak eragiten ahal dituzten hasierako planteamenduaz bestelako aldaketak egiten badira, inpaktu arkeologikoaren azterlan bat egin beharko da aldez aurretik, zeinean sartuko baitira lubaki arkeologikoen motako zundaketa arkeologikoak, kasu bakoitzean afekzio posibleak ebaluatzeko.
- Sarbil II aztarnategia (09-31-085-0027): aztarnategi honek eta haren inguruak babes-mailarik handiena dute, eta ez dute inolako afekziorik jasan beharko.
- Sarbil XII aztarnategia (09-31-085-0037): jarraipen arkeologiko zorrotza egin beharko zaie eragin-eremuan instalazio fotovoltaikoa ezartzeko prozesuan egiten diren lur-iraulketa guztiei. Iraulketa horiek lotura izan dezakete hala lurra modulu fotovoltaikoak instalatu ahal izateko egokitzeko lanekin nola hesi perimetrala jartzeko lanekin.
- Sarbil VI (09-31-0085-0031), Arpide (09-31-085-0025) eta Sarbil IX (09-31-085-0034) aztarnategiak: Espainiako ondare historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 18. eta 19. artikuluen eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 38. eta 41. artikuluen arabera, esku hartzeko eta interes kulturaleko ondasunak lekualdatzeko irizpide orokorrei dagokienez, aztarnategi hauek afekzio orotatik kanpo utzi beharko dira, salbu eta nahitaezkoa bada ezinbesteko kasuetan eta interes sozialeko kasuetan.
Inguruabar hori alde batera utzirik, aztarnategi horiek adierazpen megalitiko gisa katalogatuak daude Nafarroako Inbentario Arkeologikoan. Horrenbestez, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoari jarraikiz, zeinak interes kulturaleko ondasun gisa aitortzen baititu foru-lege horren indarrez historiaurreko adierazpen megalitikoak eta hain inguruneak, legearen babesik handiena dute, aurkitzen diren unetik bertatik.
Era berean, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoa aplikatuz –foru-agindu horrek arautzen ditu lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak–, ezin izanen da eguzki-instalaziorik jarri aztarnategi arkeologikoen gainean.
Azkenik, azaroaren 9ko 111E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako Etxauriko Udal Plan Orokorraren 17. artikuluan, balio kulturala duten lurzoruen artean jasotzen dira 1. mailako aztarnategi arkeologikoak. Babes-ingurune horretan ez da baimenduko jarduera bateraezinik.
Azaldutako guztia aintzat hartuz, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak honako hau xedatu du:
- Sarbil 7 EIFVaren proiektutik kanpo gelditu beharko du Sarbil VI aztarnategiak (09-31-085-0031) eta haren babes-zerrendak (kanpoaldeko ingurunetik 100 m).
- Sarbil 8 EIFVaren proiektutik kanpo gelditu beharko du Arpide aztarnategiak (09-31-085-0025) eta haren babes-zerrendak (kanpoaldeko ingurunetik 100 m).
- Sarbil 8 EIFVaren proiektutik kanpo gelditu beharko du Sarbil IX aztarnategiak (09-31-085-0034) eta haren babes-zerrendak (kanpoaldeko ingurunetik 100 m).
- Sarbil 9 EIFVaren proiektutik kanpo gelditu beharko du Arpide aztarnategiaren (09-31-085-0025) babes-zerrendak (kanpoaldeko ingurunetik 100 m).
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak irizten dio beharrezkoa dela teknikari arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek ingurumen-zaintza egitea obrek dirauten artean, bai eta aztarnategi bakoitza eta haien babes-zerrenda balizatzea ere. Halaber, gogorarazi du beharrezkoa dela Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren administrazio-baimena lortzea, eta jakinarazi du ezen, obrek dirauten artean aztarna arkeologikoren bat azaltzen bada, berehala atal horri jakinarazteko legezko betebeharra dagoela.
–Paisaia:
IIAk paisaia-azterketa bat jasotzen du, eta hartan adierazten dira proiektuek ukitzen dituzten paisaia-unitateak, Espainiako paisaien atlasaren arabera eta Nafarroako eremu zentraleko lurralde-antolamenduko planaren arabera (LAP-3), baita paisaia-, turismo- eta jolas-baliabideak, paisaia bikainak eta naturagune garrantzitsuak ere, paisaia desitxuratzen duten elementuez gain.
Azterlanak zehazten du paisaiaren kalitatea eta hauskortasuna, eta ondorioztatzen du instalazio fotovoltaikoetako bi kalitate oso altuko eta hauskortasun ertain/altuko lurretan daudela, eta gainerako zazpi eguzki-instalazioak eta ebakuazio-linearen hasierako zatia kalitate altuko eta hauskortasun oso altuko lurretan daudela. Instalazio fotovoltaikoen eta ebakuazio-azpiegituraren airetiko zatiaren ikusgaitasuna ere aztertu da, baina ez dira azalerak kuantifikatzen.
IIAren arabera, eraikuntza-fasean, eraikuntza-jarduerak berak eragiten du inpaktua (lur-mugimenduak, aldi baterako metakin eta instalazioak, ibilgailuen eta makineriaren joan-etorria, landare-estalkia kentzea, moduluak instalatzea, etab.); tokiaren kromazitatearekin eta morfologiarekin bat ez datozen fokuak eragiten ditu, eta efektua areagotzen du partikula esekien (hautsa) presentzia puntualak. Sustatzaileak moderatu gisa baloratu du inpaktua.
Funtzionamendu-fasean, IIAren arabera, azpiegituren presentziak paisaiaren ikusmen-pertzepzioa aldatu eta paisaia-inpaktua eragiten du. Gainera, ezartze-eremu guztiak berezko landarediaz estalitako eremuak hartzen ditu. Horrenbestez, paisaia naturalaren jarraitutasuna hausten du eta negatiboki eragiten dio ingurunearen naturaltasun-pertzepzioari. Sustatzaileak moderatu gisa baloratu du instalazioen eta ebakuazio-azpiegituraren inpaktua, eta neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatzea proposatu du, hala nola panelik ez dagoen eremuetan landareztatzea eta landare-pantaila bat jartzea instalazioen inguruan.
Eraiste-faseko inpaktuak bateragarritzat jo ditu.
Nafarroako Gobernuaren paisaiaren webgunean (https://paisaia.nafarroa.eus/) jasotzen denez, Etxauriko haitzek paisaia-balioko bi babes-mota dituzte. Alde batetik, Paisaia Naturala, etenaren luzera guztia hartzen duena; beste alde batetik, Etxauriko Haitza Paisaia Berezia, instalazioetatik 300 metrora baino gutxiagora dagoena eta kokapen puntualagoa duena aztarnategien inguruan eta faunaren atalean adierazitako HBBEaren eta BFBEaren erdigunean.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari bidalitako txostenean adierazi zuenez, Sarbil mendilerroa paisaia berezitasun handikoa da geomorfologiaren, biogeografiaren eta naturaltasun aldetik, Iruñerriaren mendebaldeko ikuspegia ixten duena; gainera, berezko balioa ematen dio tokiari, biodibertsitateari eta paisaiari dagokienez. Horren guztiaren ondorioz, natura-turismoa erakartzen duten ingurumen- eta paisaia-babeseko figura ugariko eremua da, eta ibilbide ugarik zeharkatzen dute, zeinetatik asko ikusten baitira proiektuko jarduketak. Adierazi du oreka naturaleko baso- eta artzain-paisaia bat zabaltzen dela esparruan, nabarmen antzematen zaiona espazioaren egituran eta larre- eta zuhaixka-komunitateen dinamismoan; komunitate horiek, era berean, funtzio sistemikoak dituen (uraren kalitatearen eta kate trofikoaren erregulazioa, konektagarritasun ekologikoa, biodibertsitaterako espazioa eta klima-aldaketaren aurkako babesa) landare-mosaiko bat osatzen dute.
Hala, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kalitate altua eta hauskortasun oso altua definitu ditu ukitutako paisaia-unitaterako, eta azpimarratu du paisaia-kalitatea hobeki ulertzen dela LAP 3 (Area Zentrala) planaren testuinguruarekin konparatuta; izan ere, han dago Nafarroako biztanleria-gune handiena, eta eraldatze- eta garapan-maila nabariak daude. Gainera, zerbitzu horrek irizten dio ezartze-eremuak kontenplaziozko irisgarritasun bisual handia duela, turismo naturaleko puntu erakargarri bat baita, eta IIAn gutxietsi egin dela hori. Zerbitzuaren iritziz, pertzepzioaren eta paisaiaren izaeraren ikuspegitik, bistakoa da proiektatutako eremuari dagokionez ez datozela bat instalazioak ezartzeak berekin dakartzan ezaugarri estetiko, formal eta okupaziozkoak eta egungo paisaiaren berezko bilbea eratzen duten osagaien dibertsitatea, jarraitutasuna, kromatismoa, aldakortasuna eta egokitzapena. Esku-hartzea hautematen da paisaia naturalaren elementu bereizgarrien eta haiei loturiko balio estetiko, kultural eta ingurumenekoen narriatze eta hondatze gisa.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak gogora ekarri duenez, Sarbileko tontorra eta eremu garaiak eratzen dute Iruñerriko paisaiaren itxitura, eta urrutiko paisaia-arretako puntu nagusietako bat da. Horregatik, ezin da baztertu paisaia-aldaketa hautemangarriak izatea urruneko begiraleentzat, zeinek berariazko begirada bat jar baitezakete parkeek hartuko duten azalera jarraituaren gainean, eta litekeena da testuran, distiran eta kolorean antzematea urrunetik.
Bestalde, lurralde-antolamenduko planen araudiaren ondorioetarako, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzu gogorarazi du ezen, PN8 eranskinari jarraikiz, instalazioen testuinguruan aplikatu behar dela "paisaia berezi baten inguruan" atalean xedatutakoa, Etxauriko Haitzaren paisaia-inguruan baitago, Ollaranetik ikusteko moduan. Ingurune horretan: "Elementu berezia eratzen duen paisaia-ingurunea babestu egin beharko da, paisaiaren berezitasunarekin bat ez datozen osagaiak baztertuta, eta saihestu eginen da paisaia bereziaren funtsezko osagaiak kentzea eremu babestuaren identitatearen kalterako". Halaber, gogorarazi du instalazioa ez dela bateragarria lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzen dituen 64/2006 Foru Aginduaren 3.1 artikuluarekin; izan ere, haren arabera, ezin dira ezarri babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean, ingurumen-balioko azpikategorietan, eta, gainera, lehentasunezko eta intereseko habitatak dituen landaredia dagoelako (92/43/EEE Zuzentarauaren arabera).
Kontuan hartuz tokian dauden balio estetikoen ondoriozko kalitate bisualaren, berezitasun natural eta kultural nabarien eta ikus-hauskortasunaren ezaugarriak, kontenplaziozko ikuspenari dagokionez batez ere, Lurralde eta Paisaia Atalak irizten dio kokaguneak paisaia-egokitasun baxua duela planteatutako jarduketa ezartzeko, eta, ondorioztatu duenez, "hautatutako eremurako esku-hartzearen proposamena ez dator bat adierazitako paisaia-balioak babestearekin, proiektuan aurreikusitako neurri zuzentzaileak eta neurri konpentsatzaileak hartzeko aukera kontuan hartuta ere".
Zenbait alegatzailek nabarmendu dute ezartze-eremuaren paisaia-edertasun handia, zeina baliabide turistikoa eta ibarreko biztanleen identitatearen ikurra baita. Irizten diotenez, proiektuak egikaritzeak tokia eraldatuko du, eta aldaketa gogor eta zorrotza eraginen luke paisaiaren pertzepzioan. Paisaiaren edertasunaren erakusgarri, ingurunea paisaia berezi gisa sailkatua dago Nafarroako area zentraleko lurralde-antolamenduko planean (LAP-3). Gainera, sustatzaileak dioen arren herriguneetatik hautematen den paisaia-inpaktua txikia dela, alegatzaileek irizten diote ikus-inpaktua ez dela ez puntuala ez mugatua izanen, behatoki natural gisa diharduten mendi-hegal eta tontorrez inguratuta dagoen ikusgaitasun handiko eremu batean zabalduko baita. Horrez gainera, proiektuek inguruko herri askotan eta oro har herritarrengan eragiten ari diren gaitzespen soziala azpimarratu dute.
Bestalde, alegatzaileek adierazi dute IIAk ez duela betetzen 64/2006 Foru Aginduaren 5. artikulua, zeinak xedatzen baitu dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dela paisaia-inpaktuaren azterlan bat, ingurunearen argazki-simulazio eta guzti, zeinak jaso beharko baitu eremuak zer itxura izanen duen instalazioa egin ondotik, eta nola ikusiko den behatzaileak sarritan izan ohi diren puntuetatik.
Urbasa Andia Bizirik plataformak irizten dionez, proiektuak egikaritzeak inpaktu gogorra izanen du Azantzaren paisaia-kalitatean, bai eta abeltzaintza estentsiboan diharduten familia-ustiategietan eta turismoko eta agroturismoko herriko negozioetan ere.
4.–Proposamena.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondotik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala bete dela.
Administrazio honen ustez, IIAk inprimakiak gutxietsi ditu, proiektuko instalazioak egikaritzea ez baita bateragarria Lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak ezartzen dituen 64/2006 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin. Hala, intereseko landaredi naturalaren azalera nabari bat ezabatzea –Batasunaren intereseko habitatak dira parte handi bat–, intereseko abifaunaren eta abifauna katalogatuaren afekzioa, tokiaren berezitasun ekologikoa, naturagune babestuen eta Natura 2000 Sareko espazio naturalen afekzioa, inguruneko konektagarritasun ekologikoaren afekzioa eta paisaiaren afekzioa direla eta, Sarbil 1-9 eguzki-instalazioak ezartzeak eragindako inpaktuak oso nabariak dira, eta ez da bideragarria proiektuak egikaritzea, proposaturiko neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsagarriak aplikatuta ere. Beraz, proposatzen da kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea.
Ingurumen inpaktuaren adierazpenaren ebazpen proposamena izapidetzean, entzunaldia eman zaie proiektuen sustatzaileei, 7/2026 Errege Lege Dekretuak, martxoaren 20koak, Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onartzen duenak, 23. artikuluko c) apartatuan xedatutakoa betez. Ingurumen-organoak irizten dionez, alegazioek ez dute aldatzen ebazpen-zirriborroan egindako eta azaldutako azterketa teknikoa, eta berresten du kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena proposatzea. II. eranskinean jasotzen dira sustatzaileek aurkeztutako alegazioen laburpen bat eta ingurumen-organoak haien inguruan emandako iritziak.
Ingurumen- inpaktuaren ebaluazioaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta 44/2026 Foru Dekretua, ekainaren 24koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoan ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duena,
EBAZTEN DUT:
1. Kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatu da "Sarbil 1", "Sarbil 2", "Sarbil 3", "Sarbil 4", "Sarbil 5", "Sarbil 6", "Sarbil 7", "Sarbil 8" eta "Sarbil 9" eguzki-instalazio fotovoltaikoentzat (barnean hartuta SET-Orcoyen 66kV i-DE arteko ebakuazio-azpiegitura partekatua), ebazpen honen azalpenetan adierazitako arrazoiengatik; haien sustatzaileak dira Sarbil Solar Uno SLU, Eguzki Santa Cruz Uno SLU, Eguzki Quiriaco Dos SLU, Eguzki Rancho Tres SLU, Eguzki Chaparral Cuatro SLU, Eguzki Borda Cinco SLU, Eguzki Soportillo Seis SLU, Eguzki Bojeral Siete SLU eta Eguzki Arpide Ocho SLU. Etxauriko udal-mugartean daude, eta ebakuazio-azpiegitura horri ez ezik, Etxauri, Oltza Zendea eta Orkoien udalerrietako ebakuazio-azpiegiturei eragiten diete.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Etxauriko, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalei eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARTZEKO ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI KONTSULTAK EGITEKO IZAPIDEAREN EMAITZA
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 127. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta eta jendaurreko informazioaren tramitea egin zuen "Sarbil 1", "Sarbil 2", "Sarbil 3", "Sarbil 4", "Sarbil 5", "Sarbil 6", "Sarbil 7", "Sarbil 8" eta "Sarbil 9" eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta SET-Orcoyen 66kV i-DE arteko haien ebakuazio-azpiegitura partekatuaren inguruan, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:
ORGANISMOA | TXOSTENA |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | X |
Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atala | |
Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) | X |
Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala | X |
Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | |
Oltza Zendeako Udala | X |
Etxauriko Udala | |
Orkoiengo Udala | X |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | X |
I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | X |
Nedgia Navarra SA | X |
Red Eléctrica de España SAU | X |
Telefónica de España SAU |
Halaber, eduki desberdineko 93 alegazio jaso ziren; hala ere, 87 zenbakiko alegazioa partikular batek bere izenean erregistratu du, baina papereko 2.432 alegazio indibidual hartzen ditu barnean, eta 88 zenbakiko alegazioa ere partikular batek erregistratu du bere izenean eta papereko 43 alegazio indibidual jasotzen ditu.
II. ERANSKINA.–SUSTATZAILEEI ENTZUNALDIA EMATEKO TRAMITEAREN EMAITZA
Sarbil 1-9 eguzki-instalazio fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren ebazpen-proposamenaren entzunaldi-tramitea eman ondotik sustatzaileei –Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onartzen duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuak 23. artikuluko c) apartatuan xedatutakoa betez–, sustatzaileek erantzun bat aurkeztu zuten, zeinean adierazi baitzuten ez zetozela ebazpen-proposamen horrekin bat, eta berariaz eskatu baitzuten ebazpen hori ez onartzeko, baizik eta hura berraztertu eta aldatzeko, zenbait irizpide kontuan hartuz.
Jarraian jasotzen dira sustatzaileek egindako gogoeten laburpen bat eta ingurumen-organoak haiei emandako erantzunak:
1.–Sustatzaileek erantzun diete 2022an Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Etxauriko Udalak Sarbil eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua izapidetzean egin zituzten txostenei, bai eta Biodibertsitatearen Zerbitzuak egindako irismeneko dokumentuari berari ere.
Erantzuna:
Ebazpen-proposamenean, "Aurrekariak" titulu bat jasotzen da, zeinaren barnean "Irismeneko dokumentua" atala baitago. Atal horrek du irismeneko dokumentuaren eta kontsultatutako erakundeetako batzuek (besteak beste, Lurraldearen Antolamenduaren Atala eta Etxauriko Udala) aurkeztutako txostenen laburpen bat. Informazio-ondorioetarako baino ez da, eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren historia guztia eta testuinguru horretan egindako izapide guztiak jasotzeko helburua du. Txosten horien eta irismeneko dokumentuaren edukia inola ere ez dira argudio substantiboak Sarbil 1-9 eguzki-instalazio fotovoltaikoen proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan.
2.–Sustatzaileek erantzun diete ebazpen-zirriborroko "Jendaurreko informazioa eta kontsultak" atalean adierazitako alderdietako batzuei. Zehazki:
2.1. Proiektuak ustez eragindako gaitzespen sozialaren inguruan: ebazpenaren zirriborroan jasotako "pertsona eta erakunde alegatzaile ugarik adierazi dute proiektuak eragin duen gaitzespen sozial sendoa" esaldiari dagokionez, sustatzaileek irizten diote ondorio sinplista dela eta ez dela behar bezala aztertu, administrazio-ebaluazioko prozedura batean argudio nabari gisa sartzeko.
Erantzuna:
Ingurumen-organo honek ez du erabili alderdi hori ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko; kontuan hartu du sustatzaileak adierazitakoa, eta ezabatu egin du proiektuek eragindako gaitzespen sozialaren inguruko esaldia.
2.2. Etxauriko Udalaren hirigintzako txostenaren inguruan: sustatzaileek diote ez dagokiola ingurumen-organoari prozedura sektorialetan administrazio eskudunen azterketa espezifikoak behar dituzten hirigintzako alderdien inguruko balorazio biribilak ematea.
Erantzuna:
Ebazpen-proposamenean, "Aurrekariak" titulu bat jasotzen da, zeinaren barnean "Irismeneko dokumentua" atala baitago. Atal horretan azaltzen dira, besteak beste, Etxauriko Udalak jendaurreko informazioaren eta kontsulten fasean emandako hirigintzako udal-txostenean jasotako alderdietako batzuk. Informazio-ondorioetarako baino ez da, eta laburtu egiten ditu udal horren hirigintzako udal-txostenean jasotako edukietako batzuk, inolako baloraziorik egin gabe. Ingurumen-organoak ere, sustatzaileak bezala, irizten dio lurralde-antolamenduan eskumena duten organoek baloratu beharrekoak direla hirigintzako alderdiak, eta haiek ebatzi beharko dutela sustatzaileak eskatzen duen lurzoru urbanizaezineko jardueren baimena.
3.–Sustatzaileek ohar hauek egin dituzte ebazpenaren zirriborroko 3. puntuan "Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren inpaktu nagusien tratamendua" jasotako edukiari dagokionez.
3.1. Ohar orokorrak:
–Zenbait ataletan, sustatzaileek erreproduzitu dituzte ebazpenaren zirriborroan jasotako paragrafo batzuk, eta, hari erantzuteko, paragrafo horietan adierazitakoarekin bat datorren informazioa eman dute: informazio hori zabaldu eta osatu baino ez dute egin, zirriborroan duen esanahi berarekin.
–Zenbait ataletan, sustatzaileek erreproduzitu eta erantzun dituzte ebazpenaren zirriborroan jasotako paragrafo batzuk, zeinek laburtzen baitituzte alegatzaileek Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz jendaurreko informazioaren tramitean aurkeztutako alegazioak.
Informazio-ondorioetarako baino ez da, eta soilik laburbilduak jasotzen ditu alegatzaileek jendaurreko informazioaren tramitean aurkeztutako alegazioetariko batzuk.
3.2. Alternatiben azterketa:
Ebazpen-zirriborroaren edukiari buruz: "Instalazioen kokapenari dagokionez, zerbitzu honek uste du ezen, proposaturiko bi alternatibak hain antzekoak izanik, ezin direla alternatiba desberdintzat jo, eta, horrenbestez, alternatiben azterketa ez litzatekeela erreala izanen. Gainera, balio ekologiko handiko ingurune batean daude, eta Batasunaren intereseko zenbait habitat naturali eta intereseko edo katalogatutako abifauna-espezie ugariri eragiten diete. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen VI. eranskinean xedatutakoa hautsiko litzateke, non adierazten baita ingurumen-inpaktuaren azterketak jaso behar duela ingurumen aldetik egokiagoak diren alternatiben azterketa bat. Iritzi zaio ebakuazio-punturen inguruan, Etxauri udalerrian bertan, beste alternatiba bideragarri batzuk daudela, aztertutakoak baino askoz egokiagoak ingurumen aldetik.
Honako hau diote sustatzaileek: "Aurreko puntuan adierazi denez, Sarbil mendilerroaren iparraldean ez dugu eremu alternatiborik aurkitu ezaugarri topografiko horiek dituenik eta abeltzaintzako produktibitate handiagoko larre garbi ez denik; jarduera hori funtsezkoa da sastraka eta belardi txandakatuz osaturiko paisaia misto horiek mantentzeko eta hobetzeko. Iruñerriaren inguruko haranetan halako instalazioak egiteak gaitzespen handia izanen luke, paisaian eta natura-ingurunean inpaktu handia duelako, lurralde horretan bizi den abifauna aberatsa dela eta; izan ere, eremu horretako abifauna-populazioa askoz handiagoa da aztertutako lurraldekoaren aldean, egindako abifaunaren urteko jarraipenaren azterketak erakusten duenez. Administrazioari erregutzen zaio jakinaraz dezala zein diren proiektu fotovoltaikoak garatzean inpaktu txikiagoa izanen duten eremu horiek, bai eta beste administrazio batzuek eskainiak badira ere, hala nola Euskadikoak eta Estatuan dagokion sektoreko ministerioak. Ez zaio irizten ingurumenaren aldetik kokapen egokiagorik aurkitzen ahal denik Etxauriko udal-mugartean, eta zaila izanen da inguruetan ere Bestalde, lursail horiek jabe bakar bat izateak ere bultzatzen du nahiago izatea plaka-parkeen proiektua orain dagoen kokalekua barnean hartzen duen jabetza zabaleko kokaleku bat".
Ingurumen-organo honek onartzen du zaila dela mota horretako instalazioetarako kokaleku egokiak aurkitzea, kontuan izan behar baitira, ingurumen-faktoreak ez ezik, beste faktore asko ere. Hala ere, irizten zaio ezin dela aitzakiatzat erabili alternatiba egokien azterketarik ez egiteko. Halaber, irizten zaionez, energia husten den azpiestaziotik 38.000 hektarea inguruko azalera zentrokide batean (11.000 metroko erradioa duen zirkulu bat aintzat hartuz, zeina baita azpiestaziorako proposatutako instalazioen gutxi gorabeherako distantzia), aurkitzen ahal dira ingurumenaren aldetik eta teknikoki bideragarriak diren beste alternatiba batzuk.
Bestalde, ez da ingurumen-organo honen funtzioa eguzki-instalazio fotovoltaikoen proiektu posibleak ezartzeko eremu izan daitezkeenak bilatzea, baizik eta sustatzaileena. Instalazioak dauden lursailak jabetza bakar batekoak izateak eta jabetza hori proiektuen sustatzaileena izateak, zalantzarik gabe, neurri handi batean bultzatzen du haien garapena, baina ezin du edozein kokaleku justifikatu, ez eta legediak eskatzen duen alternatiben azterketari huts egin ere. Gainera, legediak xedatzen duenez, alternatibek bideragarriak izan behar dute teknikoki eta ingurumenaren aldetik, eta sustatzaileari ohartarazi zitzaion aurreikustekoa zela instalazioak ingurumen-ebaluazio negatiboa izatea ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua egiteko hautatutako kokalekuan, zeina azkenean proposatutakoaren oso antzekoa baita.
3.3. Atmosferaren gaineko inpaktua, airearen kalitatea eta zaratak.
Eraikuntza- eta eraiste-faseetako zarataren ondorioz hegaztiek izaten ahal duten erasanari dagokionez –ebazpenaren zirriborroan adierazi da–, sustatzaileak ere kezkatzen ditu afekzio posible horrek, eta adierazi dute ingurumen-agintaritzak esparru horretan planteatzen ahal dituen neurriak eta dagoeneko proposatu direnak betetzeko asmoa. Hala ere, irizten diote ez dela proiektua ez garatzeko arrazoi bat.
Ingurumen-organo honek ere irizten dio afekzio bakartu bat dela, bere horretan ez dena nahikoa proiektuen ingurumen-baimena ukatzeko.
3.4. Geologiaren, geomorfologiaren, edafologiaren eta hidrologiaren gaineko inpaktua.
Ebazpen-zirriborroaren edukiari buruz: "Zerbitzu honen ustez, faktore edafikoarekiko inpaktua gutxietsi egin du sustatzaileak. Izan ere, Sarbil mendilerrotik jaitsi arteko afekzio-eremu guztian oso azaleko lurra dago, harri askokoa eta harkaitz-azaleratze ugarikoa. Inguru horretan, moduluei eusteko azpiegiturak finkatzeak eta ebakuazio-azpiegituraren lehenbiziko partea lurperatzeak inpaktu handi bat eraginen diote oso motel eratzen eta berreskuratzen den baliabide bati. Gainera, lurraren gogortasunak eta harri askokoa izateak biziki baldintzatzen ahalko lukete obrak planteatu diren moduan egikaritzea (sustatzaileak berak ohartarazi du eusteko azpiegiturak finkatuko direla "baldin eta lurra gogorregia ez bada"). Hala, modu nabarmenean areagotzen ahalko da faktore horren gaineko inpaktua, eta gerta daiteke proiektuak ezin egikaritu ahal izatea.
Halaber, aurkeztutako dokumentazioak ez du jasotzen proiektuek ukitutako eremuaren azterketa geoteknikorik. Horregatik, ezin dira zehaztu lur-mugimenduen bolumena eta instalazioak ezartzeko beharrezko diren aldaketa topografikoak, eta ezin da baloratu proiektuen exekuzioa planteatu den moduan egiten ahal den ala ez".
Honako hau diote sustatzaileek: "Irizten zaio ez dela egokia lurzoruaren sendotasunaren eta gogortasunaren arabera interpretatzea inpaktua. Hain zuzen, lurzoruaren sakonera urriarengatik, afekzio posiblea oso txikia da, erosioarekiko zaurgarritasun txikiko lur harritsuak baitira, substratuaren gogortasuna dela eta. Azaldu denez, instalazioak finkatzeak azalera minimo batean eragiten du afekzioa, eta lurpeko hodiek ere afekzio minimoa eraginen dute, batez ere errepideen, harrobien eta oinarri nabariak behar dituzten beste obra batzuen aldean. Lurraren aldapa moderatuaren eraginez, halaber, higadura hidrikoa oso baxua izanen da, eta soil gelditzen diren lurrak behar bezala leheneratzen badira, ahalik eta gehien mugatuko dira higadura edafikoaren alorreko arriskuak. Proiektuak sentikortasun handiz landu du gaia, lurzoru-galera potentzial horiek ahalik eta gehien murrizteko; galera horiek minimoak izanen dira, batez ere baliabide horren mugimendu txikiak; zenbait zentimetrokoak, gehienez ere.
Behin betiko proiektua idazten denean, zehatzago zenbatesten ahalko da eragin daitekeen lur-mugimendua, baina aurreratzen dugu ez dela nabaria izanen, bai eta proposaturiko neurri prebentibo eta zuzentzaileekin inpaktua onargarria izanen dela ere".
Alegazioek ez dute nabarmen aldatu ebazpenaren zirriborroan jasotakoa, eta ingurumen-organo honek berresten du proiektuak egikaritzeak lurzoruan eraginen duen inpaktu handia. Gainera, irizten dio afekzioa handiagoa dela, zehazki lurzorua sakonera txikikoa delako, esan nahi baitu oso motel eratzen eta leheneratzen den baliabidea dela.
Onartzen den arren dagoen maldarekin eta lurzoruaren gogortasunarekin nabarmen murrizten dela higadura-arriskua, irizten zaio lurrak gerora leheneratzea zaila dela, besteak beste, lurzoruaren sakonera txikia dela eta.
Halaber, bat etorri arren instalazioak finkatzeak, bideragarria izanen balitz, azalera oso txiki bati eragiten diola, lurzoruaren gaineko afekzioa ez da azalera horretara mugatzen, baizik eta honako elementu eta alderdi hauek ukitutako azalera guztira: bideak, itxiturak, estazio elektrikoak, makineriaren joan-etorria, materialak pilatzea, suteak prebenitzeko zerrenda, etab.
Bestalde, onartzen den arren behin betiko proiektuarekin zehaztasun handiagoz lortzen dela lur-mugimenduaren bolumenaren zenbatespena, adierazi behar da sustatzaileak ez duela aurkeztu horren inguruko azterketarik, eta horrek nabarmen zailtzen du afekzioa baloratzea.
3.5. Europar Batasunaren intereseko floraren, landaretzaren eta habitaten gaineko inpaktua.
–Ebazpenaren zirriborroaren edukiaren inguruan: "Halaber, aztertutako eremuan dagoen landaredia deskribatzen duen V. eranskin horretan, 'sastrakadi heterogeneoak' izeneko landaredi-mota bat jasotzen da, eta, adierazten denez, ez du interesik abeltzaintzako aprobetxamenduari dagokionez. Baina garapen biomasiko hori duten landare-masa gutxiko ingurunean duen berezitasunagatik, sastraka-espezieen biodibertsitate handiagatik eta zuhaitzak daudelako, proposatu da garapen fotovoltaikotik kanpo uztea. Zehazki, proposatzen da 2,61 bat hektareatan ez esku hartzea eta ahalik eta naturalen mantentzea. Hala ere, ez da zehaztu azalera horren kokapena, eta proposamena ez da gauzatu, ez baita zehaztu zer eremu geldituko litzatekeen kanpo; horrez gainera, ez dira aldatu eguzki-instalazioen proiektuak, ez eta haien ezartze-eremuak ere".
Honako hau diote sustatzaileek: "‘Sastrakadi heterogeneoak’ gisa sailkatutako azalera ezin hobeki kartografiatua eta planimetratua dago azterketan, eta berriro diogu gure ustez beharrezkoa dela garapen fotovoltaikoa ezartzeko azaleretatik kanpo uztea, eta behin betiko proiektuak hala jaso behar duela".
Ingurumen-organo honek kontsultatu du aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketako "V. eranskina. Parke fotovoltaikoetako landare-formazioen karakterizazioa" eranskineko 7. puntua ("Parke fotovoltaikoetako gainazalak, landare-formazioaren arabera"). Puntu horretako datuen arabera, 11.624 m² "sastrakadi heterogeneo" izanen lirateke, Sarbil 3 (750 m²), Sarbil 4 (3.775 m²), Sarbil 5 (2.161 m²), Sarbil 7 (1.509 m²) eta Sarbil 9 (3.429 m²) instalazioen artean banatuak, eta hori ez dator bat "6.3.1. Landaredia" puntuan adierazten diren 2,61 hektareekin.
–Ebazpenaren zirriborroaren edukiaren inguruan: "IIAren arabera, babes bereziko basafaunako espezieen Nafarroako zerrendan jasotako bost espezie aurkitu dira, eta haietako bat zaurgarri gisa katalogatua dago (Astragalus sempervirens, catalaunicus azpiespeziea). Hala ere, kasu honetan ere ez da aurkeztu haietako bakoitzak afekzio-eremuan duen banaketa, ez da kuantifikatu ukitutako azalera eta ez da deskribatu eta baloratu proiektua egikarituta espezie horiek izaten ahal duten afekzioa. Sustatzaileak moderatu gisa baloratu du espezie horien gaineko inpaktua, kontuan hartuz soilik lanak (sastraka kentzea) egin direla inguruan abeltzaintza bultzatzeko, eta espezie horiei eragin dietela baina ez dagoela haiek desagertzeko arriskurik".
Honako hau diote sustatzaileek: "Tamaina moderatua duten eta banaka aurkitzen errazak ez diren belar-espezie horiek nekez kartografiatzen ahal dira parke fotovoltaikoak ezarri nahi diren eremua bezalako gainazal zabaletan, eta haien presentzia potentziala dela-eta hartu da kontuan haien gaineko afekzio posiblea. Proiektua zehaztasunez definitzean eta, batez ere, zuinkatzen denean hartu beharko dira haien gaineko zuzeneko afekzioa saihesteko beharrezko neurri prebentiboak; afekzio hori ez da bereziki gogortzat jotzen. Larreak hobetzeko lan baimenduetan kontuan hartu zen dagoeneko ganaduak erabilera hori kontserbatzeko garaian duen eragin onuragarria, saihesten baitu ingurunean sastrakadiak hedatzea eta ezpelak gehiegi gailentzea".
Ingurumen-organo honek ez du zalantzan jartzen zaila dela babes bereziko basafaunako espezieen Nafarroako zerrendan jasotako bost espezieak (haietako bat zaurgarri gisa katalogatua: Astragalus sempervirens, catalaunicus azpiespeziea) aurkitzea eta kartografiatzea, baina irizten dio ezinbesteko lana dela instalazioak behar bezala planteatzeko eta proiektuek faunan izanen duten afekzioa ongi ebaluatzeko; are gehiago, kontuan hartuz espezieetako bat zaurgarri gisa katalogatua dagoela.
–Ebazpenaren zirriborroaren edukiaren inguruan: "Ingurumen-organo honek irizten dio instalazio fotovoltaikoen exekuzioak berekin dakartzan jarduketak oso bestelakoak direla sustatzaileak abeltzaintza bultzatzeko adierazi dituenen aldean. Izan ere, sastraka-kentzeez gainera, lur-mugimenduak, berdintzeak, instalazio elektrikoak, etab. egiten dira, eta, modulu fotovoltaikoak instalatu ondotik, haien azpiko kondizioak aldatzen dira (intsolazioa, prezipitazioa, haizea, etab.), eta mantentze-lanak egiten zaizkio landarediari, instalazioen funtzionamenduarekin bateragarria izan dadin. Horrek guztiak oso desberdin eragiten dio adierazitako espezieen bilakaerari. Horrenbestez, irizten zaio bi jarduketa horiek ez direla konparagarriak landarediaren ondorioetarako, eta ez dela egokia sustatzaileak intereseko eta katalogatutako flora-espezieen inpaktuari dagokionez egin duen balorazioa".
Honako hau diote sustatzaileek: "Ez zaigu iruditzen jarduketa horiek dozenaka urtean lurzoru horietan abeltzaintzako aprobetxamendua mantentzeko egin direnak baino askoz hobeak direnik, alde batera utzita eraikinak zimendatzeko puntualki egin diren instalazio handiago batzuk. Plakak eta haien euskarriak instalatzeak sakonera eta azalera oso txikiko gainazaleko afekzioak eragiten ditu, bai eta eskala zentimetrikoko lur-mugimenduak ere. Etorkizunean plaken azpian izanen diren lurren ingurumen-kondizioen aldaketari dagokionez, kontuan hartu beharreko eragin bikoitza du. Izan ere, alde batetik, inguruneen heterogeneotasuna areagotzen du ingurune bereziki lehor eta uda gero eta gogorragoek ukitutako batean, eta, bestalde, haien azpian landaredia haztea mugatzen ahal du. Sustatzailea prest dago oinarriek lurrarekiko izanen duten altueraren inguruko iradokizunak entzuteko, hala afekzioa minimizatu eta kondizio berrietan jarraitzen ahal duen florarentzat eta faunarentzat ahalik eta soluziorik onuragarria bilatzeko. Aholkularitza-erakunde honek irizten dionez, eraginak ez du nahitaez negatiboa izan beharrik, eta are gutxiago gaur egungo arrisku nagusitik (baso-suteak) eraginkortasun handiz babestuko duen lurzoruaren kudeaketa bermatuko dela kontuan hartuz".
Alegazioek ez dute aldatu ebazpenaren zirriborroan azaldutakoa, eta ingurumen-organo honek berresten du desberdintasun nabari bat dagoela, hala lurzoruaren eta landarediaren gainean egiten diren jarduketetan, nola landare-komunitateen eboluzioan, aintzat hartuz abeltzaintzako kudeaketa bat egiten den lurzoruan edo eguzki-instalazio fotovoltaiko bat eraikitzen den. Sustatzaileak aurreko paragrafoan adierazitakoak berretsi baino ez du egiten landarediaren aldaketa hori.
Aldaketa horrek erasaten die Batasunaren intereseko eta lehentasunezko habitaten azalera nabari bati eta babes bereziko zenbait flora-espezieri (haietako batek zaurgarri sailkapena du). Horrek guztiak garrantzi berezia du, bai espezie eta landare-komunitateen berezko balioa dela eta, bai Lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak ezartzen dituen 64/2006 Foru Aginduarekin bateragarria ez delako; izan ere, haren 3. artikuluan xedatzen denez, ezin izanen da eguzki-instalaziorik jarri lehentasunezko eta intereseko habitat-zonak ageri dituzten eremuetan eta 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera kontserbaziorako balio handia dutenetan, ez eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan eta antzeko babes-dokumentuetan sartutako flora babestua duten esparruetan ere.
Altuera handiagoko oinarrien diseinuari dagokionez, landarediaren bilakaeraren eta jarraitzaileen altueraren arteko erlazio zehatza ezezaguna izateaz gainera, irizten zaio altuera handiagoak areagotzen ahal duela beste faktore batzuen gaineko afekzioa (geomorfologia, lurzorua, paisaia, fauna, etab.).
Halaber, lehenago adierazi denez, instalazioak finkatzeak, bideragarria izanen balitz, azalera oso txiki bati eragiten dion arren, lurzoruaren gaineko afekzioa ez da azalera horretara mugatzen, baizik eta instalazioak ezartzeko eremu guztira; eremu horietan, landaredia aldatuko da, bai eta obrak ukitutako gainerako gainazal guztietan ere: bideak, estazio elektrikoak, makineria igaroko den zonak eta materialak pilatzekoak, suteak prebenitzeko zerrendak, etab. Beste jarduketa batzuen artean, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren arabera, babes-zerrenda bat ezarri beharko litzateke instalazioen ondoan, kanpotik datorren baso-sute batek instalazioari eragin ez diezaion, bai eta instalazioko sute bat kanpoaldera zabaltzea saihesteko ere, arriskutsua izanen bailitzateke pertsona eta ondasunentzat. Sastrakaz garbitzeko zerrendaren neurria eratorriko litzateke sustatzaileak etorkizunean aurkeztu beharko lukeen baso-suteen arriskuaren ondoriozko autobabeseko plan hipotetikotik.
–Ebazpenaren zirriborroaren edukiaren inguruan:
"Gogoan izatekoa da, zenbait alegatzailek egin duten moduan, balio ekologiko handiko landaredia izateaz gainera, 92/43/EEE Zuzentarauari jarraikiz, BIHak banaketa-eremuan galzorian dauden, atzerakadaren ondorioz berezko banaketa-eremu murriztua duten edo bost eskualde biogeografikoen (alpetarra, atlantikoa, kontinentala, makaronesikoa eta mediterraneoa) adibide adierazgarriak diren habitatak direla. Gainera, lehentasunezko habitatak dira galzorian daudenak eta kontserbazioa Europar Batasunaren erantzukizun berezi gisa dutenak".
Honako hau diote sustatzaileek: "Bereziki kontuan izan dugu habitaten garrantzia, eta testuinguru horretan proposatu da parkeen afekzioa ahalik eta gehien murrizten saiatzeko soluzio bat: gainazalaren parte handi batek landare-estalkia izanen du lanen ondotik, eta abeltzaintzaren laguntza ere izanen da, floran eta sortutako natura-inguruneetan gaur egungo egoeratik asko urrundu ahalik eta heterogeneotasun handiena bermatzeko. Itzalgune askoz handiagoko eremuak izateak, alderdi batetik, eragin positiboa ekarriko du, inguruneak gehiago dibertsifikatzea".
Aurreko puntuan bezala eta puntu horretan azaldutakoaren arabera, alegazioek ez dute aldatu ebazpenaren zirriborroan azaldutakoa, eta ingurumen-organo honek berresten du ezen, afekzioa minimizatzen saiatu arren, jarduketa garrantzitsua dela landarediarentzat, eta kondizioak aldatuko direla instalazioak ezarri ondotik. Horren guztiaren ondorioz, aldaketak izanen dira hango landare-komunitateetan eta, zehazki, ukitutako lehentasunezko eta Batasunaren intereseko habitatetan eta intereseko espezieetan eta espezie katalogatuetan. Halaber, berriro gogorarazten da instalazioak ezartzea ez dela bateragarria 64/2006 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin –foru-agindu horrek arautzen ditu lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak–, zeinak honako hau xedatzen baitu: "Ezin izanen da eguzki-instalaziorik kokatu 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera begetazioaren barnean lehentasunezko eta intereseko habitat-zonak ageri dituzten eta kontserbaziorako balio handia duten eremuetan, ez eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan eta antzeko babes-dokumentuetan sartutako flora babestua duten esparruetan ere.
–Ebazpenaren zirriborroaren edukiaren inguruan: "Hori guztia kontuan hartuz, zerbitzu honek irizten dio proiektuak exekutatzeak balio handiko berezko landarediaren eta Batasunaren intereseko eta lehentasunezko habitaten azalera nabari bat suntsitzen duela, eta haiek leheneratzea zalantzazkoa dela eguzki-instalazio fotovoltaikoak badaude. Hala, kalitate, heldutasun-maila eta balio handiko eta ongi kontserbatutako landaredi-gainazal zabal bati eraginen zaio, eta, horregatik, ez da bideragarria proiektuak exekutatzea. Horrek aukera ematen du zerbitzu honek orain arte jarraitutako irizpidearekiko koherentzia mantentzeko; hau da, landaredia naturalez estalitako lurzoruetan eguzki-instalazio fotovoltaikorik ez baimentzea".
Honako hau diote sustatzaileek: "Ez da ulertzen landaredia naturalez estalitako lurzoruetan eguzki-instalazio fotovoltaikorik ez baimentzea eta mota guztietako proiektuetan halakorik ez egitea, eta atentzioa ematen du beste lurralde batzuetan egiten denaren aurkakoa izatea, nekazaritzako lurren afekzioa saihesten baitute ahalik eta gehien, haien produktibitatea eta lehen sektorea mantentzeko duten garrantzia direla eta. Parke fotovoltaikoen azpiko landaredia naturalaren gaineko afekzioari dagokionez, berriro gogorarazten da haiekin bateragarria den landare-estalki bat mantentzearen helburua, ahalik eta gehien murriztuko dituena egungo landarediaren flora- eta natura-balioen gaineko erasana; izan ere, abeltzaintzaren laguntzarekin eta plangintza on batekin, egiteko modukoa da".
Intereseko landaredi naturalaren gaineko inpaktua minimizatzea da ingurumen-organo honen irizpide orokorra, ebaluatzen dituen jarduketa guztietan eta kasu honetan ere bai.
Halaber, berriro gogorarazten da proiektuko instalazioak ezartzea ez dela bateragarria 64/2006 Foru Aginduaren –lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzekoa– 3. artikuluarekin, zeinak honako hau xedatzen baitu: "Ezin izanen da eguzki-instalaziorik kokatu 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera begetazioaren barnean lehentasunezko eta intereseko habitat-zonak ageri dituzten eta kontserbaziorako balio handia duten eremuetan, ez eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan eta antzeko babes-dokumentuetan sartutako flora babestua duten esparruetan ere.
Hala ere, eta ez duenez garrantzirik proiektu hauen ingurumen-ebaluazioan, esaldi hau ezabatu da ebazpenetik: "Horrek aukera ematen du zerbitzu honek orain arte jarraitutako irizpidearekiko koherentzia mantentzeko; hau da, landaredia naturalez estalitako lurzoruetan eguzki-instalazio fotovoltaikorik ez baimentzea".
3.6. Faunaren, naturagune babestuen eta Natura 2000 Sarearen gaineko inpaktua.
–Hegaztiek eraikuntza- eta desartikulatze-faseetan sortutako zarataren ondorioz hazte- eta ugalketa-aldietan izaten ahal duten afekzioari dagokionez, "3.2. Atmosferaren gaineko inpaktua, airearen kalitatea eta zaratak" puntuan azaldutakoari eusten zaio". Nolanahi ere, proiektua bideragarria izan balitz ere, mugak ezarri beharko lirateke, eraikuntzarako, hazte-eta ugalketa-aldietan, intereseko hegaztiei eta hegazti katalogatuei dagokienez bederen.
–Ebazpenaren zirriborroaren edukiaren inguruan: "Ingurumen-organo honek eta alegatzaile ugarik irizten diote ezen, jarduketak inguruneko eskaintza trofikoa hobetzea lortuko balu ere, plakak han izateak ez diela utziko espezie askori lurraldeak erabiltzen, eta instalazioen bizitza baliagarrian lurraldea okupatua izateak nabarmen murriztuen duela espezie askoren larratze-, elikatze-, babes eta ugalketa-eremua. Gainera, ukitutako habitatak zatikatzea eragiten du proiektu horiek egikaritzeak, eta, horren ondorioz, konektagarritasuna galtzen da eta hutsune-efektua sortzen da espezie askorentzat, proiektuek zuzenean ukitutakoa baino askoz esparru zabalago batean. Horren guztiaren ondorioz, espezie ugariren (intereseko espezieak eta espezie katalogatuak dira haietako asko) banaketa-eremua, populazioaren tamaina eta ugaritasuna murrizten dira, eta, horrez gainera, eremua biologikoki pobretu, populazioak bakartu eta ekosistema narriatzen ahal dira".
Honako hau diote sustatzaileek: "Ingurumen-inpaktuaren azterketa hau idatzi duen enpresaren arabera, eta hegaztien azterketarekin eta jarraipenarekin lotura estua duten zenbait profesionali kontsulta egin ondotik, ez dago ebidentzia sendorik dioenik plaken ondorioz epe ertainera ezinezkoa denik espezie ugarik lurralde hau erabiltzea. Hauteman da espezie batzuen erabilerak nolabaiteko jaitsiera izan duela, eta efektu horiek murrizteko hobekuntza posibleak ere jaso dira (adibidez, plaken arteko distantzia areagotzea), baina ez zaio irizten afekzioa bereziki kaltegarria izanen denik abifaunarentzat. Espezie babestuetako asko larratzen diren tokiaren parean, plakek eta instalazioek ez dute inolako oztoporik eta kalterik eragiten. Beharbada beste alderdi batzuek askoz garrantzi handiagoa dute lurraldeko abifaunaren presentzia eta ugaritasuna mugatzeko garaian, hala nola harrapakinen eskuragarritasunak, urak eta sastraka gehiegiko inguruneak izateak. Hain zuzen, proposatzen da alderdi horiek lantzea, lurraldeak fauna hartu ahal izateko dituen gaitasunak hobetze aldera. Beraz, larratze-, elikatze-, babes- eta ugaltze-eremuak ez dira modu nabarian murrizten, proiektuan planteatu den moduan berezko landaredia mantentzen bada eta lurraldeko baliabideak, heterogeneotasuna eta ekotonoak maximizatzen lagunduko duen abeltzaintza-jarduera izanez gero. Hori guztia kontuan hartuz, paragrafoaren amaieran zehazten diren ondorio bereziki negatiboak ez lirateke maila horretan gertatuko. Izan ere, ondorio horiek asko hobetuko lirateke proposaturiko neurri prebentibo eta zuzentzaileekin. Eta hondar-inpakturen bat geldituko balitz, neurri konpentsatzaileek zuzenduko lituzkete ondorio horiek".
Alegazioek ez dute aldatu ebazpenaren zirriborroan azaldutakoa, eta ingurumen-organo honek berresten du instalazioak ezartzeak murrizten duela inguruko espezieen larratze-, elikatze-, babes- eta ugalketa-eremua. Hala, sustatzaileak onartu du haietako batzuek gutxiago erabiliko dutela lurraldea, eta, ingurumen-organo honek irizten dionez, baliteke plaken arteko tartea areagotzeak espazioaren erabilera hobetzea espezie batzuentzat, baina, beste batzuentzat, plaken presentzia hutsak hutsune-efektua eragiten du, bai eta proiektuek zuzenean eragindako eremua baino esparru zabalagoan ere. Beste espezie batzuek, plakak dauden baino garaiera handiagoetan larratu arren, ez dute haien artean ehizatu ahal izateko trebeziarik eta maniobratzeko gaitasunik. Ezartzen ahal diren lehengoratze eta hobetze-neurriekin ere gertatuko litzateke hori guztia.
–Bonelli arranoari, ugatzari eta miru gorriari dagokienez, sustatzaileek alegatu dute haien ustez ez dela oso nabaria larratze-, elikatze-, babes- eta ugalketa-eremuaren galera, abeltzaintzako aprobetxamendua mantentzeko eta egungoen antzeko landaredia eta baliabideak mantentzeko lan eginez gero.
Ingurumen-organo honen ustez ere onuragarria da espezie horientzat abeltzaintza eta hari lotutako espazio irekiak mantentzea, baina berresten du instalazioak ezartzeak kalte eginen liekeela. Irizten zaio oso bestelakoa dela abeltzaintza-jarduerak mantentzea eta eguzki-instalazio fotovoltaikoak ezartzea, eta plaken presentzia hutsak eragiten duela espezie horiek esparrua ez erabiltzea (hutsune-efektua).
–Ebazpenaren zirriborroaren edukiaren inguruan: "Ebakuazio-azpiegiturari dagokionez, Arakil ibaia airetik zeharkatzen duen airetiko zatia laburra izan arren, abifaunaren migrazio-ibilbide garrantzitsu batekiko ia perpendikularrean doanez, arrisku handia dago ibaia eta haren eragin-eremua korridore ekologiko eta/edo ohiko okupazio-eremu gisa erabiltzen duten abifauna-espezieek instalazioarekin talka egiteko. Hori guztia eta linea elektriko ugariekin gertatzen diren ondorio metagarriak eta sinergikoak kontuan hartuz, alegatzaile batzuek eskatu dute linea guztia lurperatzeko".
Honako hau diote sustatzaileek: "Lehenago adierazi denez, talka egiteko aukera hori ahalik eta gehien murrizteko beharrezkotzat jotako neurri guztiak hartu dira, baina ingurumen-baimenean beharrezkotzat jotzen bada linea lurperatzea Arakil ibaia zeharkatzen den gune horretan ere, jarduketa horren bideragarritasuna aztertuko da, nahiz eta hasiera batean beharrezkoa ez izan".
3.7. Paisaia.
Sustatzaileak ez du elementu berririk eman paisaiaren balorazioari dagokionez. Hala ere, sustatzaileak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren paisaia-txostenari egindako alegazioei zuzenean erantzuten ahalko die paisaiaren alorrean eskumena duen organo horrek, lurzoru urbanizaezineko jarduketen baimenean, zeina ebazteke baitago.
4.–Ebazpen proposamena.
Ingurumen-organo honek irizten dio alegazioek ez dutela aldatu ebazpenaren zirriborroan adierazitakoa, eta kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena proposatzea berresten du. Halaber, ebazpenaren zirriborro horretan eta sustatzailearen alegazioen erantzun honen aurreko puntuetan azaldutakoari eusten dio.
Iragarkiaren kodea: F2612399
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
