211. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITURMENDI

Ordenantza fiskala, etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Iturmendiko Udalak, 2026ko uztailaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Erabakia jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaraturik 2026ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 28an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Iturmendin, 2026ko irailaren 23an.–Alkatea, Kai Galartza Cervera.

ORDENANTZA, ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; zehazki, II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Iturmendiko udal-mugartean diren etxebizitza hutsen titulartasuna.

3. artikulua. Zerga honen ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakotzat deklaratu, eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta eman zaiona Etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari jarraikiz.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta, nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo erabilera-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua.

1) Zergaren aplikaziotik salbuetsita egonen dira:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak baldin badira ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak, arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratazioengatik, edo langileek lanean tokiz aldatu behar izateagatik.

c) Administrazio publikoaren (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatea) esku jarri diren etxebizitzak, gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2) Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

Karga-tasa

8. artikulua.

1) Karga-tasa izanen da Udaleko Osoko Bilkurak onesten duena ekitaldi bakoitzerako, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribaturik dagoen lehenengo eta bigarren urteetarako. Karga-tasak tarte hauen barnean egon beharko du:

  • %0,25etik %0,50era bitartean lehen urterako.
  • %0,50etik %1era bitartean bigarren urterako; hirugarren urterako eta hurrengoetarako, %1,5 izanen da.

2) Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1) Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen ebazpen bat ematen denean.

2) Gero, urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da zerga, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak sei hiletik behin izanen dira, seihileko naturalen arabera, eta horien barnean, zatiezinak eta ezin murriztuak.

4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzealdiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, Iturmendiko Udalak eguneratuta edukiko du Etxebizitza Hutsen Udal Errolda, kontuan harturik Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak. Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz emanen dio Udalari alta eta baja horien berri.

11. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna adierazita.

12. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-agirien igorpenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek, behin betiko onetsi ondoren 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu lege beraren 326. artikuluan xedatuarekin bat, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta iragaten denean Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea.

Iragarkiaren kodea: L2613098