Iragarkia
211. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2596/2026 EBAZPENA, urriaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena zerbitzu orokorretako zenbait lanpostu huts (D maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko. Lanpostuetatik 4 Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritzeko dira, eta bestea Kontuen Ganberan aritzeko.
Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an hartutako erabaki baten bidez (2024ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 10ean), Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2024ko lan publikoaren eskaintza onetsi zen, eta han, besteak beste, zerbitzu orokorretako 3 lanpostu jaso ziren (D maila), funtzionarioen araubidekoak.
Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an harturiko erabaki baten bidez –zeina Gobernu Kontseiluaren 2026ko otsailaren 17ko erabaki baten bidez aldatu baitzen–, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia onetsi zen, eta haren 9. artikuluak xedatzen duenez, lanpostu hutsak lehenik eta behin lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko eskaini behar dira, funtzio publikoan sartzeko deialdietan gehitu baino lehenago. Arautegi horrek ezartzen duenez, lekualdatze lehiaketa izanen da aplikatu beharreko mugikortasun prozedura kasu hauetan: atalen artean edota atal baten barrenean ez dauden maila txikiagoko unitate organikoen artean, langileak atxikia duen eremu organiko bereko lanpostuen artean baldin eta lanpostu horiek campus desberdinetan badaude eta lanaldi mota desberdina duten lanpostuen artean.
Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2025eko apirilaren 14an emandako 782/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzu orokorretako langile izateko lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2025eko uztailaren 1ean emandako 1348/2025 Ebazpenaren bidez, amaiera eman zitzaion zerbitzu orokorretako lanpostu hutsak (D maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko prozedurari. Ebazpen horretan, lanpostu hutsetako bat esleitu zitzaion Unibertsitateen G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen (AZL) Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuen unibertsitate bateko funtzionario bati, eta, beraz, hutsik geratu dira 2024ko Lan Publikoaren Eskaintzan jasotako hiru lanpostuetako bi.
Azkenik, Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez (2025eko 249. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 16koa), Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2025eko lan publikoaren eskaintza onetsi zen, eta han, besteak beste, zerbitzu orokorretako 2 lanpostu jaso ziren (D maila), funtzionarioen araubidekoak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2026ko otsailaren 19an emandako 337/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzu orokorretako lanpostu hutsak (D maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2026ko martxoaren 13an emandako 600/2026 Ebazpenaren bidez, hutsik gelditu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzu orokorretako lanpostu hutsak (D maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.
Era berean, 2026ko urriaren 1ean, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Kontu Ganberako presidenteak. Hartan ezartzen denez, NUPek konpromisoa hartzen du Kontuen Ganberako plantilla organikoan jasotako lanpostu hutsa sartzeko zerbitzu orokorretako lanpostuetarako hurrengo oposizio deialdian. Hitzarmen hori ekonomia-, efizientzia- eta administrazioen arteko lankidetza-printzipioetan oinarrituta sinatu zen (printzipio horiek Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean daude jasoak).
Kontuan harturik Nafarroako Kontuen Ganberak zerbitzu orokorretako lanpostu bakarra duela bere plantilla organikoan, ezin da aldez aurretik lekualdatze lehiaketarik egin organo horretako funtzionarioek lanpostu hori bete dezaten.
Beraz, bidezkoa da onestea zerbitzu orokorretako 5 lanpostu (II. eta III. eranskinetan adierazitakoak) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere. Lanpostu horietako 4 Nafarroako Unibertsitate Publikoari daude atxikiak, eta bestea Kontuen Ganberari. Bi erakundeetan hautaketa-prozesu bera eginen da lanpostuak betetzeko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea zerbitzu orokorretako zenbait lanpostu huts (D maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere. Lanpostuetatik 4 Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritzeko dira, eta bestea Kontuen Ganberan.
Bigarrena.–Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko urriaren 14an.–Kudeatzailea, Mar González Paredes.
DEIALDIA, ZERBITZU OROKORRETAKO ZENBAIT LANPOSTU HUTS (D MAILA) OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO, 4 NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN ARITZEKO ETA BESTEA KONTUEN GANBERAN
Hauek dira deialdia arautuko duten:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua da zerbitzu orokorretako zenbait lanpostu huts oposizio bidez betetzea (funtzionarioen araubidekoa eta C mailakoa). Lanpostuetatik 4 Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritzeko dira, eta bestea Kontuen Ganberan, eta oinarri hauen II. eta III. eranskinetan ageri da zein diren lanpostuen zenbakia, baldintzak eta lantokia.
Kontuan hartuta bi erakundeetako plantilla organikoetan lanpostu horiek D mailakoak direla eta ez dagoela aurreikusita maila baxuagoko lanposturik, bidezkoa da lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez betetzea.
1.2. Halaber, deialdi honen xedea da hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.
1.3. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarrietan berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialeko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:
https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3&languageId=100001
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek ere har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.
c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: eskolatze ziurtagiria, DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, lehenbiziko mailako Lanbide Heziketako titulua edo haien baliokide egiaztatua, edo lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasunaren ziurtagiria edota homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.
d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.
e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Euskarazko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu elebidun bat lortu nahi izanez gero, izangaiak hizkuntza-maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat eduki beharko du –titulu edo ziurtagiri horrek Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa izan behar du, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 2010eko irailaren 13ko 210/2010 Ebazpeneko zerrendan egon (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa)–, edo ofizialki aitortutako titulazio baliokide bat.
2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.
2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.
3.–Eskaerak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu. Parte hartzeko eskaera bera izanen da bi erakundeetako lanpostuetarako.
3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, deialdi honi dagokion ataleko "Joan tramitera" botoian, helbide honetan:
https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3&languageId=100001
Desgaitasunen bat duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, horren berri eman beharko dute eskaera-inprimakian. Nolako denbora- eta/edo bitarteko-egokitzapena eskatzen duten zehaztu behar dute eskaera-inprimakian horretarako dagoen tartean.
3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:
a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Tasa ordaintzetik salbuetsiak daudela egiaztatzen duen agiria, 4.2 oinarrian jasotako kasuetan.
c) Hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu bat lortu nahi duten izangaiek hizkuntza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria erantsi beharko dute, deialdi honen 2.1.f) apartatuan xedatutakoaren araberakoa.
4.–Tasa.
4.1. Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 15,60 eurokoa da.
Tasaren ordainketa telematikoki eginen da, eskaera formalizatzen den unean, ordainketa telematikoko sistema seguru baten bidez.
4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
Erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena, zeinean interesdunak % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duela adieraziko baita.
b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.
Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.
4.3. Salbuetsita egoteko arrazoirik egiaztatu ezean, tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du.
4.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.
5.–Izangaien onarpena.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik izangaia behin-behinean baztertzea galarazi gabe, hauek izanen dira ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak: eskaera epez kanpo aurkeztea edo deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.
5.3. Behin-behineko zerrendetan ageri ez diren izangaiek edo behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat egin badute, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.
Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.
Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.
5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara daitezela aginduko du.
5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, hargatik eragotzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.6. Izangaiak haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.
5.7. Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
6.–Epaimahai kalifikatzailea.
6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 24an hartutako erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duenak.
6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 117. artikuluaren arabera, bost kidek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea. Kide horiek karrerako funtzionarioak izan beharko dira, eta lanpostuaren maila bereko edo altuagoko titulua izan beharko dute, funtzio publikoaren arloan sartzeko foru arauei eta Gobernu Kontseiluak onesten dituen xedapenei jarraikiz.
Ahal dela, kideetako bat Unibertsitatetik kanpokoa izanen da, Nafarroako administrazio publikoetakoa edo Espainiako beste unibertsitate publikoren batekoa.
Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.
6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.
Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.
Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.
Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da.
6.5. Hautaketa-prozesuak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.
6.6. Epaimahaiak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.
6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
7.–Oposizioaren garapena.
7.1. Oposizioa 2027ko martxotik aurrera hasiko da.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.
Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.
Oposizioko hautaprobetarako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute aldean. Iragarritako egun, ordu eta tokietara agertzen ez diren edo aipatutako agirien bitartez identifikatzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira.
7.2. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.
Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ahal diren egokitzapenak eginen dira hautaprobak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan.
7.3. Proba hauek izanen ditu oposizioak:
7.3.1. Lehenbiziko proba.
I. eranskinaren gai zerrendaren parte orokorreko eta espezifikoko gaiei buruz, test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa. Gaizki erantzundako galdera bakoitzagatik erantzun zuzenaren balioaren herena kenduko da.
Epaimahai kalifikatzaileak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den gehienez.
0tik 40ra kalifikatuko da.
Proba baztertzailea izanen da, eta ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.
7.3.2. Bigarren proba.
Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzko galderak eta/edo kasu teoriko-praktikoak idatziz erantzun beharko dira.
Epaimahai kalifikatzaileak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den gehienez.
Proba plika-sistemaren bidez eginen da.
0tik 60ra kalifikatuko da.
Proba baztertzailea izanen da, eta ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.
7.4. Proba egitean, ezin izanen da inolako testurik edo dokumentaziorik kontsultatu, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili, salbu eta boligrafo urdin edo beltz bat, punta lodikoa.
Proba egiteko beharrezkotzat jotzen duen laguntza teknikoa eskatzen ahalko du epaimahai kalifikatzaileak.
7.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alega dezaten.
7.6. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.
8.–Gainditu dutenen zerrenda.
8.1. Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.
8.2. Puntuazioetan berdinketarik egonez gero, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren deituretatik eta izenetik abiatuta. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
8.3. Hautaprobak bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko tramiteak egin ditzan.
9.–Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldia.
9.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda (bai Nafarroako Unibertsitate Publikokoa bai Kontuen Ganberakoa), hautaketara deitutako izangaien zerrenda –lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua– eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.
9.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdi honen 10.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
9.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak hautatzeko orduan, gainerako izangaien aldean.
Eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek ofizioz jakinaraziko dute aitortutako desgaitasuna deialdiaren xede den lanpostuarekin bateragarria ote den, eta hori espedientean sartu beharko da.
Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.
Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren eta hautaprobak gainditzen dituzten emakumeek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aldean lanpostu hutsak hautatzerakoan, alde batera utzi gabe desgaitasunen bat duten pertsonentzat ezarritako lehentasun ordena.
10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.
10.1. Lanpostu hutsak aukeratzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izendatu ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
10.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia.
b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.
c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena.
d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.
10.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.
10.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.
10.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.
10.6. Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta helburu horretarako ezartzen den bidearen bidez aurkeztu beharko du izangaiak.
11.–Funtzionario izendatzea, lanpostu hutsa esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.
11.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Zerbitzu Orokorretako lanpostuan aritu daitezen, eta lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituko dizkie. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.2. Kontuen Ganberako lanposturako proposatutako izangaiaren kasuan, behin dagokion dokumentazioa epean entregatu eta gero, funtzionario izendatuko da, eta izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.3. Izendapen ebazpenetan ezarriko da izendatuek zer egunetan hartu beharko duten lanpostuen jabetza. Dena den, behar bezala justifikatutako kasuetan, beste egun batean hartzen ahalko dute jabetza.
Ezinbesteko kasuetan salbu, adierazitako egunean norbaitek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo Kontuen Ganberako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
11.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da (betiere indarrean den araudian jasoak dauden kasuetan), 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.
12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.
12.1. Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28an emandako erabaki batean xedatutakoari jarraikiz –erabaki horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu–, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:
1.–Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
2.–Prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda. Hauek osatuko dute:
a) Hautaketa-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiek.
b) Hautaketa-prozesuko lehenbiziko probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu dutenek.
Hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendako izangaiak. Halaber, prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendaren ordena osatzeko, lehenbizi, gainditutako proben kopurua hartuko da kontuan, eta, ondoren, gainditutako probetan lortutako puntuazioen batura. Aldiz, b) letran ezarritako kasuan, lehenbiziko proban lortutako puntuazioari erreparatuko zaio.
Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.
12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28ko erabakian ezarri zuena izanen da –Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituena–, une bakoitzean indarrean dagoen idazketarekin.
12.3. Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa; kontratua formalizatzen den unean aurkeztuko da dokumentazio hori.
12.4. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarrera-deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.
12.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.
12.6. Kontuen Ganberari dagokionez, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzurako aldi baterako langileak kontratatzeari buruzko Erregelamenduan aurreikusitakoarekin bat etorriz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratuko da hautaketa-prozesuan parte hartu duten eta lanposturik lortu ez duten izangaiekin, ezartzen diren gutxieneko puntuazio baldintzak betetzen dituztenekin.
13.–Datu pertsonalen tratamendua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.
Datuen tratamenduaren eraginpeko interesdunak hautaketa-prozesuetako izangaiak eta NUPeko langileak izanen dira. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo giza baliabideen arloan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskumenekoak diren beste batzuk.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
14.–Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, aurkaratutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
Parte orokorra.
1. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Ikasketen antolaketa. Ikerketa eta ezagutzaren eta berrikuntzaren transferentzia eta trukea. Ikasleak Unibertsitate Sisteman (III., IV. eta VIII. tituluak).
2. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitate publikoen araubide espezifikoa (IX. titulua).
3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak, 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuak onetsiak.
4. gaia.–19/1984 Foru Legea, 1984ko abenduaren 20koa, Nafarroako Kontuen Ganbera arautzen duena.
5. gaia.–Kontuen Ganberaren antolaketa-araudia.
6. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak: araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina, 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia: funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; plantilla organikoak eta funtzionario zerrendak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzea.
7. gaia.–Administrazio Prozedura Erkidea I. Interesdunak prozeduran. Administrazio publikoen jarduera. Administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak (39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I., II. eta IV. tituluak).
8. gaia.–Administrazio Prozedura Erkidea II. Administrazio-egintzak. Egintzak administrazio bidean berrikustea (39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: III. eta V. tituluak).
9. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuen babeserako printzipioak. Pertsonen eskubideak (I., II. eta III. tituluak). Nafarroako Unibertsitate Publikoak Datuak Babesteko duen Politika.
10. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
11. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak. Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 15ean hartutako erabaki baten bidez onetsiak (2022ko 73. NAOa, apirilaren 12koa) eta 2022ko ekainaren 7an eta irailaren 23an hartutako erabaki batzuen bidez (2022ko 200. NAOa, urriaren 7koa) eta 2026ko maiatzaren 26an hartutako erabaki baten bidez aldatuak (2026ko 108. NAOa, ekainaren 4koa).
12. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazio Elektronikoari buruzko Erregelamendua, Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 19an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2023ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 2koa) eta Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 25ean hartutako erabaki baten bidez aldatua (2023ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 11koa).
13. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa.
Parte espezifikoa.
14. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusa: eraikinak eta instalazioak. Iruñeko campusa (eraikinak: Arrosadia, Sario, Mutiloa, Osasun Zientzien Fakultatea, Bisitazioko Amak) eta Tuterako campusa.
15. gaia.–Informazio orokorrerako sarbidea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunearen erabilerari buruzko ezagutza.
16. gaia.–Informazio orokorrerako sarbidea eta Kontu Ganberaren webgunearen erabilerari buruzko ezagutza.
17. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: xedea, aplikazio eremua eta definizioak (I. kapitulua). Laneko Ikuskapena eta Gizarte Segurantza (9. artikulua). Eskubideak eta betebeharrak (14., 15., 18., 19., 20., 21., 22. eta 29. artikuluak). Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Laneko Arriskuen Prebentziorako Plana (Gobernu Kontseiluak 2011ko otsailaren 18an hartutako erabaki baten bidez onetsia).
18. gaia.–Eskuzko zamalanei buruzko arriskuak ebaluatzeko eta prebenitzeko gida teknikoa. 487/1997 Errege Dekretua, 1997ko apirilaren 14koa, langileentzat eta bereziki haien bizkar-gerrientzat arriskutsuak diren eskuzko zamalanekin lotuta ezarri beharreko segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenei buruzkoa.
19. gaia.–Herritarrentzako arreta. Komunikazioa: oinarriak eta mailak. Komunikatzeko estiloak eta oztopoak. Abilezia sozialak eta asertibitatea. Gatazkei irtenbidea ematea. Entzute aktiboa.
20. gaia.–Dokumentazioa eta korrespondentzia biltzea, entregatzea, tratatzea, manipulatzea eta modu sinplean sailkatzea. Posta-zerbitzua: posta-produktu motak, ezaugarriak. Posta bidezko korrespondentziaren kategoriak eta modalitateak. Korrespondentzia elektronikoa: posta elektronikoaren oinarrizko erabilera.
21. gaia.–Bulegoetako makina laguntzaileen oinarrizko erabilera eta mantentze-lanak: fotokopiagailuak, eskanerrak, plastifikagailuak, orriak josteko makinak, birringailuak eta linea anitzeko telefonoak.
22. gaia.–Testu idatziak, hiztegia, ortografia-arauak eta ordena alfabetikoarekiko trebetasuna.
23. gaia.–Oinarrizko problema matematikoen ebazpena.
24. gaia.–Neurriak: luzera, azalera, masa, edukiera eta denbora.
25. gaia.–Interneti buruzko oinarrizko kontzeptuak.
26. gaia.–Microsoft Windows 11ri eta Microsoft Word 2024ri buruzko oinarrizko kontzeptuak.
Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
II. ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ZERBITZU OROKORRETAKO LANPOSTU HUTSAK (D MAILA)
LANPOSTUA | ATXIKIMENDU EREMUA | HERRIA | LANALDIA |
690 | KONTRATAZIOEN, ONDAREAREN ETA AZPIEGITUREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN ATALA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA | IRUÑEA | G |
694 | KONTRATAZIOEN, ONDAREAREN ETA AZPIEGITUREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN ATALA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA | IRUÑEA | A |
696 | KONTRATAZIOEN, ONDAREAREN ETA AZPIEGITUREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN ATALA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA | IRUÑEA | A |
909 | KONTRATAZIOEN, ONDAREAREN ETA AZPIEGITUREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN ATALA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA | IRUÑEA | A |
III. ERANSKINA.–KONTUEN GANBERAKO ZERBITZU OROKORRETAKO
LANPOSTU HUTSA (D MAILA)
LANPOSTUA | ATXIKIMENDU EREMUA | HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA | HERRIA | LANALDIA |
4101 | KONTUEN GANBERA | EUSKARA B2 | IRUÑEA | G |
Iragarkiaren kodea: F2613581
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
