Iragarkia
211. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TAFALLA
Oposizioa, bete dadin Saxofoi irakaslearen plaza bat, lan-kontratudun finkoaren araubidean eta lanaldi partzialean, jarduteko Udalaren Musika Eskolaren zerbitzura
Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak 2026ko irailaren 24an egindako bilkuran, onetsi zen deialdi bat, bete dadin, oposizio bidez, Saxofoi irakaslearen plaza bat, lan-kontratudun finkoaren araubidean eta lanaldi partzialean, destinoa duena Tafallako Udalaren Musika Eskolan. Hona hemen hura arautzen duten baldintzak:
OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio bidez, Saxofoi irakaslearen plaza bat, lan-kontratudun finkoaren araubidean eta lanaldi partzialean, destinoa duena Tafallako Udalaren Musika Eskolan. Plantilla organikoan 06.5.16 zenbakia du.
Deialdia gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.
1.2. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen-prozesuan probak gainditu bai baina plazarik lortzen ez duten izangaiekin, jarraikiz 11. oinarriari, aldi baterako kontratatzeko, ari daitezen Saxofoi irakaslearen lanpostuan, erantzutearren aldi baterako sortzen diren beharrei.
1.3. Izangaia izendatuta, Tafallako Udaleko nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bihurtuko da, lanaldi partzialekoa, ondorio guztietarako bihurtu ere, plazaren jabe egiten den egun beretik, eta Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.
1.4. Lanpostuak izanen ditu deialdiaren xedeko mailari dagozkion ordainsariak; hots, jasota daudenak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzat, eta, horietaz gain, ezarrita daudenak plantilla organikoan eta enpresako hitzarmen kolektiboan, lanpostuari aplikatu beharrekoak, betiere proportzioan egoki dena, egiten den lanaldiaren arabera.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko organo eskudunek. Lanaldi hori doituko da ikasturte bakoitzerako egiten den kontratuan, kontuan harturik matrikulazioen bilakaera, Tafallako Udalaren Musika Eskolan, kasuan kasuko espezialitatean.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte hartzen ahal dute, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute gaztelania behar bezain ongi dakitela, irakaskuntzan aritzeko, jarraikiz otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 16. artikuluari (errege dekretu horen bidez onetsi zen Irakasleen kidegoetan sartzeko, bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua).
Aurreko apartatuko baldintza frogatzeko, proba nahitaezko eta baztergarri bat gainditu beharko da. Bertan, egiaztatuko da ea izangaiek baduten gaztelaniazko nahikoa maila, ulermenari eta mintzamenari dagokienez, B2 maila adinakoa, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari.
Proba honen kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. Beharrezkoa izanen da "gai" kalifikazioa eskuratzea hautapen-prozesuan jarraitzeko eta oposizioko gainerako probak egiteko.
Aurreko proban azaldutako proba ez dute egin beharko izangaiek, baldin honako egoera hauetako batean badaude:
- a) Gaztelania hizkuntza ofizial duen estatu bateko nazionalitatea izatea.
- b) Honako agiri hauetako bat daukatenak: Gaztelaniaren Diploma Atzerriko Hizkuntza Gisa, B2 mailakoa edo goragokoa, Cervantes Institutuak emana, edo ziurtagiri baliokidea, hizkuntza eskola ofizial batek emana.
- c) Unibertsitateko titulu ofizial bat edukitzea, edo goi-mailako teknikariaren prestakuntza profesionaleko titulua, Espainiako hezkuntza sistemak emana, edo behar bezala homologatutako bat, betiere ikasketak osorik gaztelaniaz egin badira.
- d) Proba bera gainditu dutenak, administrazio publiko bereko irakasleen kidegoetan sartzeko aurreko deialdietan.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Jarraian aditzera ematen diren titulazioak (bata edo bestea) izatea, edo haiek lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
1.–Saxofoiko espezialitateko goi-mailako ikasketen titulua edo, bestela, espezialitate horri dagokion erdi-mailako titulua, eman dena jarraikiz irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuari (Musika Kontserbatorioen Erregelamendu Orokorrari buruzkoa).
2.–Unibertsitateko diploma edo gradua, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, eta saxofoiko espezialitateko erdi-mailako lanbide-titulua.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.
f) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.
g) Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da ez egotea epai irmo baten bidez kondenatua sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen Legea).
Betekizun hori betetzen dela frogatu beharko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez. Erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.
2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Eskabideak aurkeztu beharko dira 1. eranskineko eskabide ereduari jarraituz, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), Tafallako Udalaren erregistro orokorrean (Nafarroako Frantzisko plaza 5, Tafalla), 08:30etik 14:00etara, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea); kasu horretan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez rrhh2@tafalla.es helbidera, ezarritako epearen barnean.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Hautapen-prozesuan parte hartzeko, izangaiek 18,30 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa hori ordaindu beharko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia eginez, kontu zenbaki honetan: ES 22 2100 3696 69 2200068626 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–NANa/IFZa.
Tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak (ez, ordea, enplegu hobekuntzako eskatzaileak), baldin eta hala daudela frogatzen badute, dagokien enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri baten bidez. Hori hala da, jarraikiz Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalari (3. ordenantza fiskala). Dagokion tasa ez ordaintzea hartuko da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea. Ez da azterketa eskubiderik itzuliko baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta agiri hauekin batera aurkeztuko da:
a) NANaren edo horren baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertu beharko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea. Pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela aurkeztu beharko dute Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontideek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, baldin 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
b) Tasa ordaindu izanaren frogagiria, edo tasa ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.
c) Deialdi honetako 2.1.b) apartatuan eskatzen den titulazioaren kopia, edo baliokidetzat aitortutako titulazioa, edo hura eskuratzeko egoeran egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean.
d) Oposizioan interpretatzeko izangaiek aukeratzen dituzten obren 3 fotokopia.
e) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek eskatu beharko dute gaztelania proba egitea, frogatzeko badutela nahikoa gaztelania maila, irakaskuntzan aritzeko, edo frogatu beharko dute salbuesteko kasuetako batean daudela.
f) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori.
g) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:
- a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
- b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea aitortzen diena, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
- c) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria.
3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren fitxan, egoitza elektronikoan.
4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.
Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio itzuliko parte hartzeko tasak.
4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Xabier Alcuaz Andueza, Tafallako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Lehen epaimahaikidea: José M.ª Velasco Janáriz, Tafallako Udalaren Musika Eskolako zuzendaria.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Bigarren epaimahaikidea: Daniel T. Huarte Izquierdo, Tafallako Udalaren Musika Eskolako ikasketaburua.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Hirugarren epaimahaikidea: José Javier Malo Amadoz, Martzillako Musika Eskolako Saxofoi irakaslea.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Laugarren epaimahaikidea: Íñigo Remírez de Ganuza, Tafallako Udalaren Musika Eskolako langileen ordezkari sindikala.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Idazkaria (hitzarekin baina botorik gabe): izendatu beharra.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
5.2. Epaimahaia hautapen-probak baino lehen eratu beharko da eta, epaimahaiak jarduteko, beharrezkoa izanen da kideen gehiengo osoa bertan egotea.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.
Oposizioko hiru ariketen ordena zehazteko, zozketa eginen da, proba hasi aurre-aurretik. Ordena bera erabiliko da hiru ariketetarako.
6.1. Oposizioaldia.
Oposizioa 2026ko abendutik aurrera hasiko da.
Oposizioaldian gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.
Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:
A) Irakaskuntzako ariketa praktikoa.
Ariketa honetan 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta 20 beharko dira gutxienez gainditzeko.
Saxofoi eskola bat eman beharko da ikasle hasi berri batentzat, eta beste bat, Tafallako Udal Musika Eskolako hirugarren zikloko ikasle batentzat. Eskolek 20 minutu iraunen dute, gehienez ere. Izangaiak aukeratuko du zer gai azaldu nahi dituen. Eskolak buruturik, izangaiak epaimahaiaren aitzinean defendatuko du horietan egin duen planteamendua, gorabeherarik izan baldin bada horien gainean ariko da, eta emaitza baloratuko du. Epaimahaiak denetariko galderak egiten ahalko ditu eta argibideak eskatzen ahalko dizkio izangaiari, honako hauei buruz: emaniko eskolak, alderdi pedagogikoak eta beste edozein kontu.
Epaimahaiak onerako baloratuko ditu izangaiak dituen baliabideak ikasleen arreta bereganatzeko, komunikatzeko duen ahalmena, haiengana jotzeko, proposamenak aurkezteko manera, eskola norainoko dinamismoaz planteatzen duen, hainbat baliabide eta estrategia erabiltzea eta abar.
Honako hauek ere baloratuko dira: edukia ikaslearen mailara egokitzeko gaitasuna, musika-koherentzia, sekuentziazioa, askotariko jarduerak egitea, estrategiak, baliabideak eta abar.
Ariketa buruturik, epaimahaiak iragarki-taulan argitaratuko du izangaien puntuazioaren zerrenda, eta aditzera emanen ditu hurrengo ariketaren data eta lekua. Ariketa honetan 20 puntu erdiesten ez dituztenek ezin izanen dute oposizioaldian jarraitu.
B) Interpretazioko ariketa praktikoa.
Ariketa honetan 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta 15 puntu gutxienez beharko dira gainditzeko.
Kontzertuko programa bat interpretatuko da. Izangaiak berak aukeratuko du, eta 20 minutu iraunen du gehienez.
Hona epaimahaiak zer baloratuko duen: programaren barietatea, zailtasun teknikoa eta interes artistikoa, barietate estilistikoa, eta izangaiaren kalitatea eta heldutasuna, bai teknikoa, bai musikala.
Beste musikari batzuek edo grabazio musikalek laguntzen ahalko diote izangaiaren interpretazioari, hala behar izatekotan.
C) Hirugarren ariketa.
Ariketa honetan 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta 15 beharko dira gutxienez gainditzeko.
Izangaiek prestatu beharko dute lan-plangintza bat, obra bat irakasteko eta ikasteko, kontserbatorioko erdi-mailarako sarbidearen maila baliokidea duena. Obra horiek epaimahaiak proposatuko ditu eta alderdi hauek garatu beharko ditu:
–Obrak justifikatzea, Tafallako Udalaren Musika Eskolako Saxofoiaren programazioan.
–Gidoi bat, azaltzeko ikasleek zer alderdi landu behar izan dituzten aldez aurretik, oraingo ikaskuntzan obra horri ekin ahal izateko.
–Irakaskuntza eta ikasketa prozesurako baliabideak, estrategia metodologikoak eta jarduerak, bai eta hautagaiaren ustez erabili behar diren beharrezko materialak eta baliabide didaktikoak ere: azterlanak, ariketa teknikoak eta abar.
–Oposiziogileak kontuan hartu nahi dituen beste alderdi batzuk.
Proba hori egiteko, oposiziogileak ordu bat izanen du, eta musika-tresna erabiltzen ahalko du, baita komenigarri iruditzen zaizkion dokumentazio eta material guztiak ere, betiere berak ekartzen baditu. Aitzinetik horren berri eman beharko dio Udalaren Musika Eskolako zuzendariari, prestaketaren bat behar bada ere.
Gero, oposiziogileak 45 minutu izanen ditu bere ariketa azaltzeko epaimahaiaren aurrean. Azalpen horretan, eztabaida dialektikoan aritzen ahal da epaimahaiarekin. Epaimahaiak denetariko galderak egiten ahalko dizkio eta argibideak eskatu izangaiari, defendatutako proposamenaz edo lanpostuari dagokion beste edozertaz.
Hona epaimahaiak zer baloratuko duen onerako: aurkeztutako lanaren kalitatea, ideien argitasuna hura defendatzean, izangaiak erakutsitako ezagutzak, bere planteamenduen koherentzia, sormena, originaltasuna, hala nola proposamen osoa bat datorren Tafallako Udalaren Musika Eskolak ikastetxe gisa duen filosofiarekin.
Ariketa buruturik, epaimahaiak iragarki-taulan argitaratuko du izangaien puntuazioaren zerrenda, eta aditzera emanen ditu hurrengo ariketaren data eta lekua. Ariketa honetan 15 puntu erdiesten ez dituztenek ezin izanen dute oposizioaldian jarraitu.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek NANa aldean dutela agertu beharko dute.
D) Laugarren ariketa (gaztelania jakitearen proba eskatzen dutenentzat). Gaztelaniaren ezagutza proba. Ezaugarriak eta nola eginen den.
d.1) Ebaluazio organoa.
Epaimahai espezialista batek ebaluatuko du proba hori, edo, halakorik ezean, oposizioko epaimahaiak, arlo horretako aholkulari espezialisten laguntzaz (Gaztelania eta Literaturako irakasleak, edo hizkuntza eskola ofizialetakoak), deialdia egin duen organoak izendaturik.
d.2) Probaren egitura.
Probak nahitaezko bi zati izanen ditu, eta egokituko da B2 mailako ebaluazio-irizpideetara, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari:
–A zatia (idatzizko proba): testu formal bat idatzi beharko da (200 hitz gutxienez), gai orokor bati buruz, edo hezkuntzaren esparruarekin lotutako gai bati buruz, eta, horretaz gain, ebatzi beharko dira zenbait ariketa praktiko, irakurmenaren gainean eta hizkuntzaren erabileraren gainean (gramatika eta hiztegia). Zati hau egiteko 90 minutu izanen dira gehienez.
–B zatia (ahozko proba): organo ebaluatzaileak gai batzuk proposatuko ditu, izangaiak bat aukeratu beharko du zoriz, eta ahoz azaldu beharko du epaimahaiaren aurrean. Ondoren, elkarrizketa labur bat izanen du epaimahaiarekin. Zati honetan baloratuko dira etorria, ahoskera, zuzentasun gramatikala eta argudiatzeko gaitasuna. Gaia azaltzeko eta elkarrizketa egiteko 15 minutu izanen dira gehienez.
d.3) Deialdia eta nola eginen den.
Dei bakarra eginen zaie proba egitera behartuei. Baldin probako zati batera aurkezten ez badira (idatzia edo ahozkoa), izangaia besterik gabe baztertuko da hautapen-prozesutik.
Idatzizko proba egitean, bermatuko da izangaien anonimotasuna, eta, horretarako, erabiliko da gutun-azal itxien sistema, edo epaimahaiak zehazten duen beste kodetze mota bat.
d.4) Kalifikazioa.
Zati bakoitza independenteki kalifikatuko da: "gai" edo "ez gai". Proban "gai" kalifikazio orokorra lortzeko, izangaiak "gai" kalifikazioa lortu beharko du bi zatietan (idatzizkoa eta ahozkoa).
"Ez gai" kalifikazioa lortzen duten izangaiak hautapen-prozesutik baztertuko dira.
Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), deialdiaren fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazioei buruz.
7. oinarria.–Gainditzen dutenen zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, deialdiaren aipuan, adierazita hautagai bakoitzak zer kalifikazio lortu duen oposizioan, lortutako puntuazioaren ordenan. Horrez gain, Tafallako Udaleko alkateari igorriko dio zerrenda, eta proposamena eginen dio, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde.
Berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du berdinketa hausteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duenaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8. oinarria.–Izendapen proposamena.
8.1. Epaimahaiak Tafallako Udaleko Alkatetzari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera. Oposizioa gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen den izangaiaren alde eginen da proposamena.
Izendapen-proposamena Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta ere plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.
9. oinarria.–Agiriak aurkeztea.
9.1. Izendapen proposamena egoitza elektronikoko fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Baldin zehaztasun faltarik edo faltsukeriarik bada aurkeztutako agirietan edo datuetan, eskatuko dira erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.
b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
d) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, egiaztatzeko baduela lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa. Hori dena, jarraituz deialdi honetako 2.1. apartatutako d) letrari. Antsoaingo Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.
9.2. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (7. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.
10. oinarria.–Izendapena eta kontratazioa.
10.1. Hautapen-prozesua burututa eta izangaiak aurreko 9.1. oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, proposatutako izangaia izendatu eta kontratatuko du organo eskudunak, baldin eskatutako baldintzak bete baditu ezarritako moduan eta epean.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz izangaiak.
Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan izangaia ez bada plazaz jabetzen, izendapenak dakartzan eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 apartatuan ezarritako moduan eta ondorio berekin.
11. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:
a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.
11.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena. Hori dena, jarraikiz aplikatzekoak diren kudeaketa-arauei.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
11.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
11.4. Deiak egiteko, jarraituko zaie "Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauei"; deialdi honen II. eranskinean biltzen dira.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da deialdia egin duen udal-organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdi honen kontra eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo bereko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritutako aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aldez aurretik errekurritzeko asmoa komunikatuta egintza egin duen organoari; edo bestela,
c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, orobat errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko.
Tafallan, 2026ko irailaren 25ean.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.
I. ERANSKINA.–Eskabide eredua
https://www.tafalla.es/wp-content/uploads/2026/10/ANEXO-I-PROFESOR-SAXOFON.pdf
II. ERANSKINA.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak
1.–Deia.
Onetsitako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.
Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoaz gain, deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, arautzen dira desgaitasuna dutenak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, horretarako erabiliz organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoa edo kopia konpultsatua.
2.–Dei egiteko arau orokorrak.
2.1. Deiak egiteko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
2.2. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark emandako bideak erabiliz, eta bi eguneko epean.
2.3. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 2.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.
2.4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.
2.5. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan, edo lanpostua premiaz bete behar denean eta denborarik ez denean arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea aplikatzeko, kontratazioa eskainiko zaio izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari, bete behar gabe oinarri honen 3. apartatuan ezarritakoa.
2.6. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik, salbu deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean.
2.7. Deietarako lehentasun apartekoa. Galarazi gabe deietarako orokorrean ezarritakoa, baldin izangai bat lanpostu batean aritu bada aldi baterako kontratu baten bidez, eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barnean, baimentzen bada lanpostu berbera betetzea edo alor bereko beste berdin bat betetzea aldi baterako, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:
a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.
b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.
2.8. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
3.–Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.
Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean, aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen duten izangaiei, kontratua onartzen badute, hura erreserbatuko zaie, lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere bukatutakoan erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia.
4.–Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.
4.1. Baldin izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela; izan ere, kasu horretan, duen postuari eutsiko dio:
a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Lizentzia izatea amatasunagatik, aitatasunagatik, adopzio edo harreragatik, edo aldi baterako ezintasuneko egoeran egotea. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte bukatu dela uko egiteko arrazoia.
c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatutako arrazoia lehenago desagertzen bada.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatutako arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Izangaia ezkondu berria izatea edo parekatutako egoeran sartu berria izatea, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
4.2. Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, salbu f) letrakoetan, izangaiek komunikatu beharko dute zerbitzu emateko moduan daudela. Komunikazio hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko dauden zerrendatik. Aurreko a), c) eta d) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.
4.3. Aurreko 4.1 apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, segituko dute lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean.
5.–Zerrendako azken tokira joatea.
Behin deialdiaren ondoriozko lanpostua onartu ondoren, baldin izangaiek kontratua sinatzen ez badute, berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik, zerrendako azken tokira igaroko dira.
6.–Zerrendetatik baztertzea.
Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:
a) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.
b) Lanpostutik alde egitea.
c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, halako moduz non galarazten den lanpostuaren eginkizunak eraginkor betetzea.
d) Sinatutako kontratuari uko egitea.
e) Kontratua azkentzea diziplinazko zehapen baten ondorioz.
7.–Lan kontratuak.
Izangaiei aldi baterako kontratu bat eskainiko zaie deialdiaren xedeko lanpostua betetzeko, eta iraunen du kasuan kasuko beharrek eskatzen dutena. Haren araubide juridikoa izanen da ezarrita dagoena abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian.
Iragarkiaren kodea: L2612750
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
