211. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Oposizioa, bete daitezen atezain-arropazain-mandatarien bi plaza kirol instalazioan eta Eretan

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko irailaren 24an egin bilkuran, erabaki zuen onestea deialdi honen oinarriak: deialdia, barne igoera murriztuan bete daitezen, oposizio bidez, atezain-arropazain-mandatarien bi plaza, Tafallako Udalaren kirol instalazioan eta Eretan aritzeko. Hona hemen hura arautzen duten baldintzak:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da atezain-arropazain-mandatarien bi plaza betetzea Tafallako Udalaren kirol instalazioan eta Eretan, barne-igoera murriztuan eta oposizio bidez, plantillan plazarik gehitu gabe. Parte har dezakete Udaleko plantillako langile finkoek, betetzen badituzte deialdian eskatzen diren baldintzak.

1.2. 2026ko enplegu publikoaren eskaintza behin betiko onetsi zen Tokiko Gobernu Batzarraren 2026ko ekainaren 11ko erabaki baten bidez (2026ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 25ean), eta horretan zehaztuta dago kirol instalazioko eta Eretako atezain-arropazain-mandatarien plazen (06.2.2 eta 06.2.3 kodeak dituzte plantillan) barne igoera murriztua, D mailan sartzeko kirol instalazioko eta Eretako atezain-arropazain-mandatari gisa.

1.3. Prozesu honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.4. Deialdi honen karietara izendatuak diren izangaiak, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, atezain-arropazain-mandatari izanen dira kirol instalazioan eta Eretan, D mailakoak, jabetza hartzen dutenetik. Aurretik okupatzen zituzten plazak automatikoki amortizatuko dira, eta, ondorioz, plantilla organikoko plaza kopurua ez da handituko.

1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan nahiz lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tafallako Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea, E mailakoa, eta izendatua edo esleitua egotea atezain-arropazain-mandatarien lanposturako, kirol instalazioan eta Eretan.

b) Titulu hauetako bat izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidetzat hartutako titulua. Edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea.

Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan (D maila) aukeran egonen da zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoen zerbitzuan, bat etorriz 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.2 artikuluarekin.

c) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoetan.

d) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada administrazio honetako beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

2.2. Hautatutako izangaiek baldintza horiek guztiak frogatu beharko dituzte deialdi honetan ezarritako epean eta moduan. Ulertuko da baldintza horiek bete behar direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, halaber, bete beharko dira hautapen-prozesu osoan, izendapena egiten den arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez eta I. eranskineko eskabide-ereduarekin bat, https://sedeelectronica.tafalla.es/ helbidean, nabigazio bide honi jarraikiz: https://www.tafalla.es/convocatorias/, deialdi honi dagokion aipamenean.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

3.4. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeena.

b) Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: kirol instalazioko eta Eretako atezain-arropazain-mandatari izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.

c) Tafallako Udalari 3,75 euro ordaindu izanaren frogagiria, plaza-deialdia izapidetzeko tasagatik.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa hori kreditu txartelaren bidez ordaintzen ahalko da eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 22 2100 3696 69 2200068626 kontura transferentzia eginez; azken kasu horretan, datu hauek jarri beharko dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZa.

–Kontzeptua: Kirol instalazioko eta Eretako atezain-arropazain-mandatarien deialdia, barne-igoera murriztuan.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (deialdiaren fitxan).

Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du, deialdiko plaza bete gabe uzteko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epean izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, behin zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratzen denetik hasita.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.

4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

5.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da deialdia.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.2. Oposizioaldia 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da, eta proba hau izanen du:

5.2.1. Proba teoriko-praktikoa.

Proba teorikoa, praktikoa eta/edo teoriko-praktikoa izanen da, deialdiaren xede diren enpleguetarako (kirol instalazioko eta Eretako atezain-arropazain-mandataria) proba espezifikoa, eta II. eranskinean lanpostuaren funtzioei, zereginei eta jardunei buruz jasotako edukiei buruzkoa izanen da.

Oposizioko ariketaren balorazioan 50 puntu eman daitezke gehienez ere. Oposizioko ariketa baztertzailea izanen da. Bazterturik geldituko dira ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala, AIZa (atzerritarraren identifikazio-zenbakia) edo pasaportea. Baztertuta geldituko dira nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

5.4. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin eskabidean hala eskatu badute.

5.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena balorazioei buruz.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaiaren osaera argitaratuko da behin eraturik dagoenean.

Epaimahaiburua: Xabier Alcuaz Andueza, Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Gonzalo Ibarrola Inchusta, Tafallako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Julio Ciaurriz González, Tafallako Udaleko obra arduradun nagusia.

Ordezkoa: Juan José Aldunate García, Tafallako Udaleko obra lantaldeko 1. mailako ofiziala.

Epaimahaikidea: Jose Antonio Martínez Jaurrieta, Tafallako Udaleko obra lantaldeko 1. mailako ofiziala.

Ordezkoa: Fernando Valencia Luna, Tafallako Udaleko 1. mailako ofiziala (hargina).

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Epaimahaikide-idazkaria: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Verónica Zabalegui García, Tafallako Udaleko Langileriaren Alorreko administrari-ofiziala.

6.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deialdia eginda, probak hasi baino lehenago.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Prozesua buruturik, gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Alkatetzari.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak kirol instalazioko eta Eretako atezain-arropazain-mandatari izendatuko ditu (D maila) aurreko apartatuan aipatutako proposamenean jasotzen diren izangaiak, eta aginduko du izendapena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Betiere, izendapenaren aurretik, izangai horiek agiri bidez frogatu beharko dute betetzen dituztela 2. oinarriko baldintzak.

8.2. Izangaiek esleituriko plazen jabetza hartu beharko dute esleipenaren ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; dena dela, organo deitzaileak jabetza hartzeko data zehatz bat ezar dezake ebazpen horretan. Aipatu epearen barnean izangairen batek ez badu jabetza hartzen, kirol instalazioko eta Eretako atezain-arropazain-mandatari izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Administrazioarekiko Auzien Tafallako Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tafallan, 2026ko irailaren 25ean.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEAREN EREDUA

https://www.tafalla.es/wp-content/uploads/2026/09/INSTANCIA-porteria-guardarropia-PIR-ANEXO-I.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Herritarrei arreta egitea. Komunikazioa: oinarriak eta mailak. Komunikazioaren estiloak eta oztopoak. Trebetasun sozialak eta asertibotasuna. Gatazkak konpontzea. Entzute aktiboa.

2. gaia.–Sostengurako eginkizun osagarriak (I). Bulegoko makina osagarrien erabilera eta haien oinarrizko mantentze-lanak: fotokopiagailuak, eskanerrak, plastifikagailuak, multikopistak, orriak josteko makinak, orri birringailuak eta multilineako telefonoak.

3. gaia.–Eraikinen irisgarritasun irizpide orokorrak.

4. gaia.–Sinboloak, irudiak eta grafiko sinpleak ulertzea; inprimakiak, galde-sortak, formulario errazak ulertu eta betetzea.

5. gaia.–Iragarki-taula ofizialen mantentze eta kontrol lana.

6. gaia.–Oinarrizko elektrizitatea. Argiketariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta beste lanabes batzuk). Eraikinetako banaketa-koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, etengailu magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lur-konexiodunak nahiz gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak).

7. gaia.–Oinarrizko mekanika. Mekanikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, eskuko zulagailua eta beste lanabes batzuk).

8. gaia.–Metalezko arotzeria. Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak, metalezko altzarien mantentze-lanak).

9. gaia.–Iturgintza Iturginaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak (komunontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak).

10. gaia.–Berokuntza. Berokuntzako instalazioen mantentze-lanak (zirkuituak, airea purgatzea eta betetzea. Erradiadoreak. Galdara-gelak, elementu nagusiak).

11. gaia.–Zurgintza. Zurginaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa, lixak, kolak eta bestelako tresna eta osagarriak). Zurgintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoak doitzea). Sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa.

12. gaia.–Lorezaintza. Lorezaintzako oinarrizko lanabesak zein diren eta nola erabili eta mantentzen diren (kimatzeko guraizeak, soropil-ebakitzekoak, eskarifikagailuak, sasi-garbitzeko makina, heskai-moztekoak, aitzurrak, palak, eskuareak eta beste lanabes batzuk). Lorezaintzako mantentze-lanetako oinarrizko eragiketak (aspertsoreak jartzea, erregulatzea eta martxan jartzea, ureztatzeko instalazioen zainketa, garbiketa, lorategien kontserbazio lanen egutegia). Lorategirako produktuak aplikatzeko oinarrizko ezagutza (ongarria, intsektizidak, ongarritzea planifikatzea, ingurumenarekiko jardunbide egokiak produktu fitosanitarioak erabiltzean).

13. gaia.–Igeltserotza. Igeltserotzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Igeltserotza lanetan egin beharreko oinarrizko lan eta eginkizunak.

14. gaia.–Pintura. Pinturako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Pinturaren mantentze-lanak. Pintura-lanetan egin beharreko oinarrizko lan eta eginkizunak.

Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2612744