211. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1155E/2026 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita, aldekoa, Leozko Udal Plan Orokorraren aldaketa bati buruz. Aldaketak 1. poligonoko 147., 148., 149., 543. eta 546. lurzatiei eta bideei eragiten die, Iratxetan, eta sustatzailea Leozko Udala da.

Udalak 2026ko uztailaren 2an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuz 2026ko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 13koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren memoria, araudia, agiri grafikoak eta ingurumen agiri estrategikoa.

Aldaketaren xedea da Iratxetako hiri-lurzorua handitzea, kultura, kirol eta aisialdirako erabilera anitzeko udal zentro bat ezartzeko, bai eta udalaren zerbitzu orokorren biltegirako espazio logistiko bat ere. Horretarako, aldaketaren eremua bi sektoretan banatzen da:

–S-001 sektorea: proposatzen da lurzorua birsailkatzea, zati batean, Leozko (Iratxeta) 1. poligonoko 546. katastro-lurzatian eta bideetan; lurzoru urbanizaezin izatetik zuzkidura-erabilerako lurzoru urbanizagarri izatera igaroko da. Sektore horretan antolamendu xehatu zuzena ezartzen da, berehala ezarri ahal izateko erabilera anitzeko udal zentroa eta zerbitzu orokorren biltegia.

–S-002 sektorea: proposatzen da lurzorua birsailkatzea Leozko (Iratxeta) 1. poligonoko 543. katastro-lurzatian eta, zati batean, 147., 148., 149. eta 546. lurzatietan eta bideetan; lurzoru urbanizaezin izatetik bizitegi-erabilerako lurzoru urbanizagarri izatera igaroko dira. Sektore horretan proposatzen den antolamenduan, aurreikusten da geroagoko plan partzial bat, bost etxebizitza garatzeko.

S-001 sektoreari dagokionez, plangintza-aldaketa 7.035,96 metro koadroko azaleran planteatzen da; horietatik 1.724,85 dagozkio lehendik dauden eta erabiltzen ez diren bi abeltzaintza-nabek hartzen duten azalerari. Bi nabe horiek zuzkidura-azpiegiturarako birgaituko dira.

S-002 sektoreari dagokionez, plangintza-aldaketa 3.354,79 metro koadroko azaleran planteatzen da, zeina etorkizuneko zuzkidura-azpiegituraren eta Iratxetako herrigunearen artean dauden lurzatiei baitagokie, Iratxetaren hazkunde erregular eta jarraitua bermatzeko.

Oro har, aldaketak plangintza aldatzea proposatzen du, 10.390,75 metro koadroko guztizko azaleran. Iratxetako hirigunearen iparraldean dago, harekin mugakidea da, eta ibilgailuentzako sarbidea eta zerbitzu guztietarako sarbidea ditu. Malda ertaineko lursailak dira, batez ere belardiek okupatzen dituztenak, eta herrigunetik hurbilen dagoen eremuan (S-002 sektoreko eremua) zuhaitz hostozabalak daude.

S-002 sektoreko zuhaitzei dagokienez, sustatzaileak aurkeztutako araudiak honako ingurumen neurri hau jasotzen du: "Ahal den neurrian, S-002 sektorean zuhaitzak moztea saihestea".

Argi-kutsadurari dagokionez, sustatzaileak aurkeztutako ingurumen dokumentu estrategikoaren arabera, Iratxetako udalerria "Ingurune edo paisaia ilunak dituzten eremuak" izeneko E1 eremuan dago, bat etorriz azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren sailkapenarekin (errege dekretu horrek onesten ditu Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko Erregelamendua eta haren EA-01etik EA-07ra bitarteko jarraibide tekniko osagarriak).

Etorkizuneko zuzkidura-azpiegituraren argi-kutsadura mugatzeko, aurkeztutako araudiak, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua betetzeaz gain, ingurumen neurriak jasotzen ditu, hala nola argia lurrerantz bideratzea, gauez argiak itzaltzea edo moteltzea, argiztapena behar-beharrezkoak diren eremuetara optimizatzea eta argi beroaren espektroa erabiltzea (anbar- edo laranja-tonuak), argi urdina eta ultramorea saihestuz, kaltegarrienak baitira intsektuentzat eta gaueko beste espezie batzuentzat, tartean, saguzarrentzat.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, 1. poligonoko 147., 148., 149., 543. eta 546. lurzatietan eta bideetan Leozko (Iratxeta) Udal Plan Orokorra aldatzeak ez du ingurumen eragin nabarmenik sortzen.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Leozko Udal Plan Orokorraren aldaketa bati buruz, ingurumen ukipenik ez dela sortzen iritzita. Aldaketak 1. poligonoko 147., 148., 149., 543. eta 546. lurzatiei eta bideei eragiten die, Iratxetan, eta sustatzailea Leozko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Leozko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKINA

Leozko (Iratxeta) 1. poligonoko 147., 148., 149., 543. eta 546. katastro-lurzatien aldaketaren eremua.

Iragarkiaren kodea: F2613010