Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
15754E/2025 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi bat onesten duena babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotza entitateentzat, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdian parte hartzeko baldintza da Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmena sinatua izatea. DDBN kodea: 877717.
Babes zibila zerbitzu publiko bat da, eta helburua du arrisku larrietan, hondamendietan edo lazeria publikoetan pertsonak eta ondasunak babestea, pertsonen ondasunak, segurtasuna eta bizia arriskuan badaude. Zerbitzu publiko hori antolatzen, jarduten eta betetzen bateko eta besteko administrazio publikoek hartzen dute parte, baita herritarrek ere, bete beharrekoak konplituz eta borondatezko laguntza emanez.
Ulertu behar da sistema publiko hau multzo egituratu eta koordinatu bat dela, ahalegin publiko eta pribatuak batzera bideratzen dena, larrialdietan arreta eta laguntza materiala emateko. Hala jasota dago Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 39. eta 39 bis artikuluetan, eta sistemaren parte dira, besteak beste, boluntariotzako entitateak.
Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.
Nafarroako Gobernuak lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu boluntariotza elkarteekin eta beste entitate batzuekin, horiek Nafarroako babes zibilaren sisteman integratzeko asmoz (betiere jarduteko prozedurak aginte bakarraren printzipioaren arabera antolatuta), halako moduz non, boluntariotza sustatuz, boluntarioen etengabeko prestakuntza eta laguntzaren kalitatea zainduko baitituzte, hain zuzen ere honako arlo hauetan aritzen diren boluntarioei dagokienez: zakurren bidezko salbamendu espezializatuan, haitzulo eta leizeak dituzten ingurune zailetan aritzen diren espezialistekin jarduten, ingurune naturalean bilaketak egiten eta larrialdi handietan, barnean dela ere mendiko prebentzioa.
Hitzarmen horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du entitate horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten dirulaguntzen bidez, baldin eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira entitate horien eta haien instalazioen funtzionamendu edo hobekuntzarako. Beren aldetik, entitateek hainbat betebehar hartzen dituzte beren gain, beste profesional eta boluntario batzuekin batera operatiboan eraginkortasunez txertatzeko.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.
Babes zibileko boluntariotza entitate horien jarduera etenik gabe garatzen da denboran zehar, gertatzen diren larrialdien eta eman behar dituzten zerbitzuen arabera; hortaz, jarduera hori ez dagokio aurrekontu-ekitaldi jakin bati. Horrenbestez, beharrezkoa da Nafarroako udalei eta babes zibileko toki elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzen araubidea arautzen duten oinarriak ezartzea eta argitaratzea, aurretiko tramitazioaren bidez, haien funtzionamendu normala eta etenik gabea bermatuko duten mantentze-lanak eta inbertsioak egiteko, dirulaguntza horietan publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla bermatuz, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia ere.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotza entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31 arte haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. 70.000,00 euroko gastua baimentzea, kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzarekin, ondoren aipatzen diren xehetasunekin:
- 55.000,00 euro, 2026. urtean Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43001 F4400 4819 134100, "Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak".
- 15.000,00 euro, 2026. urtean Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43001 F4400 7819 134100, "Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak".
3. Deialdi hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
4. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat.
5. Ebazpen hau igortzea Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Boluntarioen Bulegora, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera.
Iruñean, 2025eko abenduaren 23an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
DIRULAGUNTZA DEIALDIA, BABES ZIBILAREN ARLOAN KUALIFIKAZIO ETA JARDUERA ESPEZIFIKOA DUTEN BOLUNTARIOTZA ENTITATEENTZAT, 2025EKO AZAROAREN 1ETIK 2026KO URRIAREN 31RA BITARTEAN HAIEN FUNTZIONAMENDUAN LAGUNTZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena. Xedea eta helburua.
Deialdiaren xedea da Barne Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen laguntza ekonomiko batzuk arautzea, horien bidez 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arte babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten eta Nafarroako babes zibilaren sisteman dauden boluntariotza entitateen funtzionamenduan laguntzeko, lankidetza-hitzarmenetan ezarritakoari jarraituz.
Jarduketa arlo hauetan arituko dira entitateak: bilaketa eta erreskate jarduerak (batzuetan entrenatutako zakurrak erabiliz, edo sartzeko eta jarduteko zailak diren inguruneetan arituz, esaterako haitzuloetan eta leizeetan), larrialdi handietan laguntzea, edo mendiko istripuen prebentzioa. Babes zibilari loturiko zerbitzuen prestazioa inondik ere zerbitzu publikoa da, eta boluntarioen lankidetza sustatu behar da; izan ere, libreki eta beren borondatez elkartzen dira jarduketak administrazioekin partekatzeko. Dirulaguntzaren xedeko jarduerak onura publikoa eta soziala du helburu, beraz.
Bigarrena. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2026rako aurrekontuko partiden arabera):
- 55.000,00 euro, 2026. urtean Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43001 F4400 4819 134100 "Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak", babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotza entitateen gastu arruntei aurre egiteko.
- 15.000,00 euro, 2026. urtean Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidea izanen den partidaren kargura: F43001 F4400 7819 134100 "Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak", babes zibilaren arloan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotza entitateen gastu arruntei aurre egiteko.
Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2026ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretan.
Hirugarrena. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza hauen onuradun izan daitezke babes zibilaren eremuko boluntariotza entitateak, baldin beren estatutu edo xedeetan aitorturik badute aipatuen arteko jarduera espezifiko bat, lankidetza-hitzarmen bat izenpetu badute Nafarroako Gobernuarekin babes zibilaren arloan, eta Nafarroako eremu geografikoan badihardute.
Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
Laugarrena. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
Entitateko buruak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.
Laguntzen eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Eskaerak, ahal dela, modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekaren bidez. Eskaerak aurkeztu beharko dira Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Boluntarioen Bulegoari zuzenduta.
Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.
Interesdunen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Bosgarrena. Gastu diruz lagungarria.
Lankidetza-hitzarmenetan definitutako jarduera eta programei lotutako gastuak, ez besterik, izanen dira diruz lagungarriak. Zehazki, gastu hauek izan daitezke diruz lagungarri:
–Elkartearen funtzionamendurako gastu arruntak:
- Boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak.
- Norberaren ekipamendua boluntario lanak egiteko.
- Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet eta entitatearen beste hornidura batzuk.
- Ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak, IATak eta beste gastu batzuk.
- Entitatearen beste ekipamendu eta instalazio batzuen konponketa.
- Bulego materiala eta material inbentariaezin txikia.
- Boluntarioen prestakuntza. Irakasleei, inskripzioari, matrikulei, antolaketari eta mantenuari lotutako gastuak, bai eta prestakuntza jardunaldietarako, ikastaroetarako, bileretarako, biltzarretarako eta abarretarako joan-etorrienak ere.
- Entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
- Hitzarmenaren xede diren jarduerak garatzeko material espezifikoa.
- Xedeen artean erreskateetan espezializatutako zakurrak erabiltzea dakarten jarduerak dituzten elkarteen kasuan, aintzat hartzen dira, orobat, zuzenean animaliei lotutako kostuak, esaterako elikagaien eta albaitarien gastuak, aseguruak, hezteko edo esku-hartze espezifikorako materiala eta abar.
–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak:
- Obrak elkartearen instalazioetan, horiek aldatzen dituztenak, proiektu teknikoa behar badute.
- Jarduerarako behar den material inbentariagarria erostea.
- Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea.
Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuan duen balioa baino handiagoa.
Dirulaguntzaren xedetik kanpo daude gastu hauek berariaz:
- Entitatearen operazio eta funtzionamendu beharrei ez dagozkienak, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenetan zehaztutakoaren arabera.
- Zehaztu gabeko gastuak.
- Prestakuntza jarduera, entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.
- Norberaren ibilgailuen aseguruak, mantentze-lanak eta IATak.
Seigarrena. Balorazio irizpideak.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera emanen dira, eta soilik sinatutako hitzarmenek ekarritako jardueretarako, hitzarmenetan ezarri bezala:
–Gastu arruntak:
- Boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak: %100eko dirulaguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako pertsonen segurtasunerako, baldin eta aurreko urtean justifikatutako zenbatekoen %10 gainditzen ez bada, non ez dagoen behar bezala justifikatutako arrazoirik. Atal honetan zakurren aseguruak sartzen dira, hitzarmenetan hala jasota duten elkarteen kasuan.
- Bestelako gastu arrunt batzuk: eskatutakoen artean, %100eko dirulaguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, elkartearen funtzionamendua edo haren jarduketa arriskuan ez jartzeko.
- Gastu arruntak, 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen ez dituenak: gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza (aurreko ataletan emandako zenbatekoak kendu ondoren), kontzeptu horietarako aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan.
–Inbertsioak:
- Obrak instalazioetan edo material inbentariagarria, ibilgailuak, motorrak, eta motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea: eskatutako inbertsioak %100eko dirulaguntza izanen du, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen badu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo haren jarduketa arriskuan ez jartzeko.
- Beste inbertsio batzuk (nahitaezkoak ez direnak batzorde teknikoaren ustetan): inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute dirulaguntza. Erakundearen jarduerarako lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsio zatiezinak osorik diruz lagunduko dira. Gainerako erosketak aurkeztutako eta arrazoitutako eskaeren arabera lagunduko dira diruz, aurkeztutako eta behar bezala justifikatutako eskaeretako zenbatekoen proportzioan (%100ean diruz lagundutakoak kenduta).
Aurkeztutako eskaeran argi eta garbi azalduko da aurreikusitako aurrekontua, dirulaguntzaren xede izan beharreko jarduera bakoitzerako, banaketa ezartzeko, II. eranskineko ereduaren arabera.
Aurkezten diren aurrekontuak errealistak eta zehatzak izanen dira, ahal dela, eta kopuruak behar bezala justifikatuak (aurreko urteekin konparatuz, argibide tekniko egokiak emanez edo hornitzaileekin kontsultatuz).
7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak beharrei buruz egin behar duen balorazioa errazteko, behar bezala justifikatu eta arrazoituko da eskaerako kontzeptu edo jarduera bakoitza, eta ahal den zehatzen emanen da aurreikusitako kostua. Gastua beharrezkoa edo egokia dela azaltzen duten segurtasun, funtzionamendu edo jarduketa arrazoiak adierazi beharko dira, eskuratu aurreko egoera eta eskurapenaren ondoriozko onurak azalduz, edo, kasua bada, ez eskuratzearen ondorioak.
Zazpigarrena. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.
Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:
–Batzordeburua: Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaria.
–Batzordekidea: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.
–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.
Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen edo informazio eskari guztiak egiten ahalko ditu, aurkeztutako eskaera bakoitza zehatz-mehatz baloratu ahal izateko.
Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.
6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den dirulaguntza osoa entitate bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100eko dirulaguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontuarekin alderatuta kalkulu-desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea lehenetsiko da beti, aurrekontuaren irizpidearen aurretik.
Zortzigarrena. Laguntzak emateko ebazpena.
Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira laguntzak, eta hartan jasoko dira dirulaguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, dirulaguntzen helburua eta zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.
Laguntzak banatzen dituen ebazpena jakinaraziko da Nafarroako Atariko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuz, tramiteen katalogoan dagokion fitxan.
Bederatzigarrena. Onuradunek bete beharrekoak.
I.–Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak egunean izatea.
–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
–Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuak izatea, legeriak eskatutako moduan.
–Deialdi honetan zehaztutako xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste ezertarako.
–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.
–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.
–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.
–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
–Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Hilabeteko epean, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, entitate pribatu onuradunek gardentasunaren adierazpena aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuaren Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko fitxaren bidez, modu telematikoan.
Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
–Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
II.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, elkarteak betebehar hauek ditu:
–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.
–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.
–Diruz laguntzen den jarduera izenpetutako lankidetza-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.
–Organo emaileari komunikatu beharko dio diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen iritziz.
–Behar bezain garaiz egitea obrak eraikinetan edo erostea ibilgailuak, 10. oinarrian adierazitako aurkezpen-epea bukatu aurretik izateko frogagiriak (fakturak eta ordainketa aginduak).
–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetuz gero, onuradunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu ondasun horiek, haien balio-bizitza osoan erabili ere, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduan –abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsia– adierazitako gehieneko amortizazio-epeen taula ofizialen arabera. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, nolanahi ere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako moduan.
–11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, entitateak frogatu beharko du proiektua eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Alderdi horiek VI. eranskinean adierazitakoaren arabera justifikatuko dira.
–Prestakuntza-ekintzetan eta hedapen-materialetan, emakumearen irudi diskriminatzaile oro saihestuko da, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rolen aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
Oinarri hauetan berariaz jasotakoez gain, elkartearen betebeharrak izanen dira, orobat, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak.
Hamargarrena. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.
Dirulaguntzak badu aldi bat: ekitaldia 2025eko azaroaren 1ean hasten da eta 2026ko urriaren 31n bukatzen. Horregatik, 2025eko azken bi hilabeteetako gastuak onartzen dira, aurreko dirulaguntzarik jaso ez badute.
Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, baldin eta ordaintzeko eskaera 2026ko azaroaren 17an edo lehenago aurkezten bada. Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:
a. Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Egin diren jarduerak, diruz lagundutako kontzeptuekin lotura zuzena dutenak, azaldu beharko dira, hala nola prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita prebentzio ekintzak eta esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak.
b. Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta dirulaguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo adierazpena, entitateko idazkariak sinatua, lehendakariaren oniritzia duela, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako Excel formatuan. Ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko, 2025. urteari dagozkion gastuak 2026. urteari dagozkionetatik bereiziko dira. Horregatik, fakturen bi zerrenda aurkeztuko dira: bat 2025eko azken bi hilabeteetakoak izanik aurreko dirulaguntzarik jaso ez duten gastuen fakturenak, eta beste bat 2026ko gastuei dagozkien fakturenak. Deialdi honen 6. oinarrian ezarritako blokeen ordena izanen dute zerrenda horiek.
c. Fakturak, ordainketen frogagiriekin batera. Horiek b. puntuan adierazitako zerrenden ordena berean aurkeztuko dira. Unitate kudeatzaileak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko.
d. Berariazko adierazpena, entitateko idazkariak sinatua eta lehendakariak ontzat emana, adierazten duena aurkezten diren fakturak hornitzaileengandik jasotakoak direla. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.
e. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskinaren araberakoa. Beste ekarpen batzuk jaso badira, 2025erako aurreikusitako gastuak adieraziko dira.
f. Diruz lagundutako zenbatekoak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako mugak gainditzen baditu, hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin hautatu izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, ezarritakoaren arabera eta VI. eranskineko ereduarekin bat.
Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak erabilita fakturen eta ordainagirien bidez, aurreko a., b., c. eta d. letretan adierazitako dokumentazioarekin batera, justifikatutako aldiari edo jarduerari dagokionez. Azken ordainketan behar diren doikuntzak eginen dira, eta e. letran eskatzen den erantzukizunpeko adierazpena ere sartu beharko da.
Ibilgailuen gastua erregaian, konponketetan, mantentze-lanetan, aseguruetan, IATetan, berrikuspen edo ziurtagirietan, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Orobat, frogatu beharko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa eta abar) dirulaguntzaren xedeko entitateari dagozkiola.
Kontura ordaintzen ahalko dira ezarritako epearen barnean egindako ohiko gastu arruntak, ordaindu eta justifikatu gabeak. Gastu horiek likidatzen diren unean justifikatu beharko dira eta, betiere, 2026ko ekitaldian. Justifikazio hori betetzen ez bada edo behar bezala justifikatzen ez bada, konturako ordainketa gisa jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean.
Fakturak legearen arabera egin beharko dira, Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
Kontzeptu diruz lagungarriak zehaztuta daude 6. oinarrian. Hortaz, gastu diruz lagungarri gehiagorik ez da sortuko. Eskatutako kontzeptuetan aparteko aldaketak egin nahi badira urtean zehar, elkarteak idazki bat aurkeztuko du behar dena aldatu edo gehitzea arrazoituta, eta unitate kudeatzailearen esku izanen da diruz lagungarria den kontzeptu berria edo eskatutako aldaketa onartzea ala ez.
Hamaikagarrena. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin baturik, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, eta kasuan kasuko berandutze-interesa eskatuko da.
Hamabigarrena. Finantzaketaren publizitatea.
Egiten diren publizitate eta iragarki guztietan aipatu beharko da elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela.
Jardueran erabiltzen diren ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia erakutsiko dute larrialdiak kudeatzeko zenbaki gisa.
Hamahirugarrena. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.
Hamalaugarrena. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri hauetan espresuki araututa ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.
15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Oinarri hauen kontra eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen kontra, interesdunek zilegi dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
I., II., III. ,IV., V. eta VI. eranskinak: tramiteen katalogoko fitxan eskura daitezke.
Iragarkiaren kodea: F2517278
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
