21. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UXUE

Udal ordenantza, herri-larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Uxueko Udalak, 2025eko urtarrilaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 228. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 14an.

Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Uxuen, 2025eko abenduaren 16an.–Jarduneko alkatea, María Victoria Tellechea Leoz.

ORDENANTZA, BAZKALEKUKO HERRI-LARREEN ADJUDIKAZIOA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Ordenantza honek xedea du Uxueko herri-larreetan finka partikularrak gehituta osatzen diren bazkalekuen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluan eta harekin bat heldu den araudian ezarritakoari jarraikiz.

Honako hauek dira herri-larreetako aprobetxamenduen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau; eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe ezarrita dagoena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

2. artikulua.

Herri-larreetako bazkalekuetako larreen aprobetxamenduen onuradun izateko, oro har, familia unitatearen titularrak bere aziendak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuaren azienda zentsuaren erregistroan alta emanda izan behar ditu, eta hori ustiapen liburuan jaso. Horrez gain, ondoko baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udalaren erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez 6 urteko antzinatasunez.

c) Uxuen urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.

d) Uxueko Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi badira ere, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

Artikulu hau interpretatzean sor litezkeen zalantzak Udalbatzak ebatziko ditu, osoko bilkuran.

II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

3. artikulua.

Uxueko Udala ondoko bazkaleku hauen titularra da gaur egun, eta hauek haien gutxi gorabeherako edukiera eta mugak, baita haien azpiegiturak ere:

Larreen hedaduraren barnean ez dira sartuko partikularren jabetzak, kanpoan gelditzeko eskatu badute.

Hona bazkalekuen zerrenda, haien hedadura eta mugak:

–1. lotea: hedadura: 824,7 erregu.

–3. lotea: hedadura: 714 erregu.

–5.1 lotea: hedadura: 99,50 erregu.

–5.2 lotea: hedadura: 447,10 erregu.

–6. lotea: hedadura: 1.109,90 erregu.

–7. lotea: hedadura: 588,70 erregu.

–8. lotea: hedadura: 538,40 erregu.

–9. lotea: hedadura: 1.273,30 erregu.

–10. lotea: hedadura: 859,23 erregu.

–12. lotea: hedadura: 1.109,27 erregu.

–13. lotea: hedadura: 1.103,60 erregu.

–14. lotea: hedadura: 383,70 erregu.

4. artikulua.

Uxueko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz; eta hala ez bada.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

5. artikulua.

Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

6. artikulua.

Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Uxueko Udalak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatu behar:

a) Uxueko Udalean beren aziendei edo abeltzain jarduerari baja ematen dietenean.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenek, hori egitera beharturik daudelarik.

c) Bazka ematen duten lurren jabe izanik ere, haiek hirugarren batzuei errentan emanda badauzkate edo zuzenean ustiatzen ez badituzte.

d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatu zaie (artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak).

Udal bazkalekuen adjudikazioa hartu duen familia unitateko titularraren abeltzaintza jarduera eteten bada adjudikazio epea amaitu baino lehen, Udalak erabakiko du nola erabili, adjudikazio epea burutu arte. Hala, adjudikaziodun izateko baldintza orokorrak betetzen dituen zuzeneko senide bati ematen ahalko zaio adjudikazioa gainerako zatiketarako, aurretiaz eskaera egiten badu eta Udalari behar diren baldintzak dituela justifikatzen badio.

Aitzineko paragrafoetan xedatuari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunek talde eta elkarteak sortzen badituzte legeari jarraikiz, betiere kideek aipatutako 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

7. artikulua.

Aprobetxamendua 8 urterako izanen da, baina urtebeteko luzapena egin daiteke, gehienez ere, egoera bereziak gertatuz gero, hala nola larreak hobetzeko inbertsioak egitea, ordenantza hau aldatzea edo bestelako egoerak, baldin eta, Udalaren iritziz, luzapena beharrezkoa badute.

8. artikulua.

Hona hemen adjudikazioaren urteko prezioa:

–1. lotea: 6.750 euro.

–3. lotea: 4.650 euro.

–5.1 lotea: 2.240 euro.

–5.2 lotea: 5.000 euro.

–6. lotea: 4.480 euro.

–7. lotea: 1.464 euro.

–8. lotea: 3.000 euro.

–9. lotea: 4.960 euro.

–10. lotea: 2.520 euro.

–12. lotea: 9.500 euro.

–13. lotea: 1.776 euro.

–14. lotea: 1.676 euro.

Adjudikazioduna Uxueko herritarra bada, errematearen prezioak %20ko beherapena izanen du, bat etorriz 9/1990 Foru Legearekin.

Adjudikazioaren prezioa urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

9. artikulua.

Aprobetxamenduaren adjudikazioaren urteko diru zenbatekoa hiruhilekoka ordainduko dute adjudikaziodunek, aldez aurretik, hil bakoitzeko, hau da, urtarril, apiril, uztail eta urri bakoitzeko lehen 15 egunetan.

Jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunean ordaintzen ez bada, diru zenbatekoari %10 gehituko zaio, eta ordaindu ezean bide exekutiboari ekinen zaio.

10. artikulua.

Onuradunak, adjudikazioa gertatu eta hurrengo 5 egunetan, adjudikazioaren prezioa bider 10 egitetik ateratzen den zenbatekoaren %2 utzi beharko du fidantzatako.

11. artikulua.

Herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.

12. artikulua.

Udalak erabakia hartu eta ediktua behar den bezala iragarki oholean paratu ondotik, hamar egun balioduneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek udal bazkalekuetako larreen aprobetxamendua esleitzeko eskaera egin dezaten.

13. artikulua.

Eskaerekin batera, nahitaez, ordenantza honen 15. artikuluak aipatzen duen osasun ziurtagiria aurkeztu beharko da; bai eta erabili nahi diren bazkalekuen edo alderdien zerrenda eta azken hiru urteetako abelburu kopuruari buruzko ziurtagiria; kopuru horren batez bestekoak balioko du udal bazkalekuetan zenbat buru sartzeko eskubidea duen kalkulatzeko.

Orobat, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da honako hauen gainean:

a) Uxueko biztanlea izatea, 6 urteko antzinatasunarekin bederen, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetetan bederen bizi izatea.

b) Udal honekiko mota guztietako betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak.

d) Zenbateko azaleraren jabe den eta horren laborantza motak.

e) Familia unitateko kide bakoitzak hiri-lurrean dituen higiezinen katastroko balioak, norberaren etxebizitzarena kenduta, baita dauzkan abelburuen kopurua, eta haien motak.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo kontuan hartzeko moduko bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatu ahal izateko, Udalak beretako gordeko du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko ahalmena, agiri eta datu objektiboetan justifikatutako errenta mailak kalkulatzeko; besteak beste, familia unitateko kide guztien errenta aitorpena edo bidezko jotzen diren gainerakoak eskatzen ahalko ditu.

Loteak esleitzeko orduan, eskatzaileak ados jartzen badira, ez da nahitaezkoa izanen zozketa egitea eta loteak esleituko dira abeltzainek adostu duten moduan.

14. artikulua.

Udalak behin-behinean eginen du adjudikazioa, inguruabar hauek kontuan harturik:

Kontuan izanen da bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga; bazkaleku osoak esleitzean, lehentasuna izanen dute bazkalekuak jasan dezakeen kargaren antzeko abelburu kopurua erregistraturik duten abeltzainek.

Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, betiere guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Halakoetan, adjudikazioaren prezioa banatu eginen da, abeltzain bakoitzak bazkalekuan zenbat abere bazkatzen duen kontuan izanik.

Abeltzain bakar bati bi bazkaleku bat baino gehiago esleitzen ahal zaio, behar adina azienda badu eta herrian eskubidea duten gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

Baldin eta eskaera egin duten herriko abeltzain eskubidedunen azienda kopuruak azienda-karga osoa gainditzen badu, abeltzain bakoitzari dagokion azalera doitu eginen da, eta soberakoa proportzionalki banatuko da, bakoitzaren abere kopuruen arabera. Banaketa horren ondoriozko kopurua kendu eginen zaio potentzialki bakoitzari egokitutako azalerari.

Nolanahi ere, zuzenketa faktore gisara, ondokoak izanen dira kontuan:

1. Herri-lurretako alorren aprobetxamenduan "lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua" motan sartu diren familia unitateek erabateko lehentasuna izanen dute.

2. Familia unitateko kide bakoitzeko diru-sarrera txikiagoak dituzten familia unitateek lehentasunezko eskubidea izanen dute, zatidura hori lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiago bada.

15. artikulua.

Behin-behineko adjudikazioa egin ondoan, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Epe hori erreklamaziorik gabe iraganez gero, behin-behineko adjudikazioa behin betiko bihurtuko da.

Erreklamazioren bat aurkeztuz gero, Udalak agerian eta arrazoiturik ebatziko du, eta, ondoren, aprobetxamendu bakoitza behin betiko esleitzeko erabakia hartuko du.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioa bukaturik, ez badira ordenantza honetan deskribatutako bazkaleku guztiak esleitu, gainerakoak enkante publikoaren bidez emanen dira. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren epe eta baldintza berak izanen dituzte enkantean lortutakoek, adjudikazioaren postura izan ezik. Gainera, ordenantza honen edukiari eta aplikatzekoa den egungo araudiari jarraituko zaio.

16. artikulua.

Esleitua duen bazkalekuan ez beste batean kalteak eragiten dituen abeltzaina, arau-hauste eta kalte-ordainei dagokienez, partikulartzat hartuko da.

17. artikulua.

Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu adjudikaziodunak, bai belarrak aprobetxatzeko epean ezar daitezkeenak ere.

18. artikulua.

Adjudikazioduna bere aziendek egiten dituzten kalteen erantzulea da, baina erantzukizun horretan ez dira sartuko azienda arrotzek edo iragaitzazkoek egiten dituztenak. Erantzukizun hori administratiboa soilik da eta arlo horretako agintariak baino ezin du eskatu.

19. artikulua.

Adjudikaziodunak betebehar hauek izanen ditu:

1. Aziendak erregistratua edukitzea adjudikazioak dirauen bitartean.

2. Adjudikatu zaizkion lurrak azpierrentamenduan ez ematea beste inori, ez eta eskualdatzea ere.

3. Erabiltzeko interesik ez badu, adjudikazioari uko egitea eta lurrak Udalaren esku uztea, horrek komenigarrien ikusten duen maneran adjudika ditzan.

4. Adjudikazioaren uneko baldintza beretan mantentzea artegiak, itxiturak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak, eta jarritako fidantzaren bitartez erantzutea egiten diren kalte eta galerengatik.

20. artikulua.

Bazkalekuen azaleren eta mugen gainean sortzen diren dudak eta auziak Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran. Lehenago aholkularitza eta aurrekariak eskatuko ditu eta mugak mugarrien bidez markatu behar badira, sortzen diren gastuak bazkalekuaren adjudikaziodunaren edo muga aldaketa eragin duen pertsonaren bizkar izanen dira.

21. artikulua.

Adjudikazioaren arriskua eta mentura adjudikaziodunaren gain egonen dira erabat, eta ezbeharren bat gertatua ere ez da murrizketarik izanen esleitzen zaion kopuruan.

22. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ere ez betetzeak zehapenen aplikazioa ekarriko du, kalte eta galerak ordaindu beharra deusetan galarazi gabe. Udalak eskatuko du haien peritazioa eta horrek sortutako gastuak ere ordaindu beharko dira.

III. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

23. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Adjudikaziodunak aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Indarrean dagoen adjudikazio prezioa Udalak dioen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua egoki eta osoki ez egitea.

d) Zehazturiko epeak ez errespetatzea.

e) Ordenantza honetan debekatzen den garaian eta tokietan aziendak sartzea.

f) Animalia hilak beren hartan utzirik, osasun arauak haustea.

g) Herri-larreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egintza.

24. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a, b, c, d eta g letretan adierazten direnek adjudikazioaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bestelako zehapenak deusetan ukatu gabe.

e letrakoak Udalaren larreen adjudikazioduna izateko gaitasuna galtzea ekarriko du.

Gainerako arau-hausteengatik 150,25etik 300,51 euro bitarteko isunak ezarriko dira.

Arau-hausteetan berreroriz gero, halako bi izanen da zehapenaren zenbatekoa.

Arau-hausteak behin eta berriz egiten badira, Udalak adjudikazioa deuseztatzea ere erabaki dezake.

25. artikulua.

Ordenantzaren interpretazioa dela-eta, edo Udalak, osoko bilkuran, hura aplikatzearekin ikusteko duten egintza edo erabaki guztiak direla-eta sortzen diren afera guztiak errekurtso hauetakoren bat paratuz argituko dira:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2516769