Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
AZAGRA
Deialdia, bete dadin eguneko zentroan zaintzaile gerontologiko aritzeko lanpostu bat, oposizio-lehiaketaren bidez
Azagrako Udaleko alkateak, Azagrako Eguneko Zentroaren Patronatuko burua den aldetik, urtarrilaren 7an emandako 3/2026 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen:
Deialdi bat onestea, bete dadin zaintzaile gerontologikoaren plaza bat, oposizio bidez, jardun dezan Azagrako eguneko zentroan.
2. Oinarri horiek eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Azagran, 2026ko urtarrilaren 8an.–Alkate udalburua, Rubén Medrano Romeo.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1,1. Deialdi honen xedea da Azagrako eguneko zentroan zaintzaile gerontologikoaren lanpostu bat betetzea, oposizio bidez, ondoren lan-kontratu finkoko erregimenean kontratatzeko. Hasteko, gerokultore bat kontratatuko da, eta, ondoren, kontratazio gehiago eginen dira, eguneko zentroak duen okupazio mailaren arabera; izan daitezke lanaldi osoko kontratazioak nahiz partzialekoak, beharren arabera. Deialdi honen xedea da Azagrako eguneko zentroan zaintzaile gerontologikoaren lanpostu bat betetzea, oposizio bidez, ondoren lan-kontratudun finkoen araubidean kontratatzeko.
1.2. Kontratu mugagabea eginen zaio deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituenari, zentroan lan egiteko.
Probak gainditzen dituztenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eginen da, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran, eta zerrenda hori erabiliko da zaintzaile gerontologikoaren kategoriako postuetan sortzen diren beharretarako, Azagrako eguneko zentrorako.
Hiru urteko indarraldia izanen du aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak (hautapen-prozesu honen ondoriozkoak), onesten denetik. Indarraldi hori murrizten ahalko da, baldin aldez aurretik horren beharra justifikatzen duen txostena ematen badu zentroko zuzendaritzak.
1.3. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta zaintzaile gerontologikoaren lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da. Kontratatzen den langilea zentroko zuzendariaren menpean izanen da zuzenean eta eginkizun nagusia izanen du eguneroko jardueretan erabiltzaileak zaindu eta laguntzea, beren kabuz egin ezin dutenean, eta haien laguntza pertsonala eta haien ingurunearena xede duten lan guztiak egitea.
Besteak beste, eginkizun hauek bete beharko ditu:
–Erabiltzaileen higiene pertsonalaz arduratuko da.
–Zentroaren plan funtzionalaren arabera, erabiltzaileen tresnak garbitu eta mantenduko ditu, gelak txukun mantentzen lagunduko du, eta eguneko zentroaren funtzionamendu orokorra zainduko du.
–Erabiltzaileei jaten emanen die, beren kabuz jan ezin dutenean. Horri dagokionez, arduratuko da erabiltzaileen janaria jasotzeaz, haiei banatzeaz eta gero biltzeaz.
–Jarrera aldaketak eta zerbitzu osagarriak eginen ditu, bere prestakuntza teknikoa kontuan harturik agintzen zaizkionaren arabera.
–Erabiltzailearen osasunari buruzko gorabeheren berri emanen du.
–Erabiltzaileei lagunduko die egin behar dituzten irteeretan: medikura, gestioak egitera, aisialdiko irteerak, etab.
–Instalazioak garbituko ditu.
–Garbitu eta prestatuko ditu botikategiko altzariak, materialak eta aparatuak.
–Profesionalen taldearekin elkarlanean arituko da haien zerbitzu espezializatuak osatzeko oinarrizko zereginak eginez, erabiltzaileei autonomia pertsonala emateko eta haiek gizarteratzeko.
–Erabiltzaileen familiakoak lagunduko ditu, betiere zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideen barrenean, eta orobat, haiek zentroko bizitzan sar daitezen lagunduko du.
–Sustatuko du aplika dadin pertsonarengan zentratutako arretaren (PZA) eredua.
–Parte hartuko du hala nahi duten erabiltzaileen erreferentziazko langilea izanez.
–Parte hartuko du PAISS programetan, zuzendaritzak hala eskatuz gero (gizarte eta osasun arloko arreta integralerako programak).
–Erabiltzaileengan atzematen duen edozein aldaketaren berri emanen dio zuzendaritzari edo arduradunari.
–Erabiltzaileekiko harreman edo jarduera guztietan, lagunduko du haiek profesionalengandik jasotzen duten lana osatzen, arretaren, hezkuntzaren eta prestakuntzaren aldetik.
–Erizaina (OLT/EUD) ez badago, glukosaren proba egiten ahalko du eta azal azpiko bidea erabiltzen ahalko du erabiltzaileei botikak emateko (intsulina, heparina...), betiere tratamenduaren dosia eta segimendua medikuek edo erizainek egiten badute.
–Jantoki-officeko lanak eginen ditu eta arreta berezia jarriko du erabiltzen dituen materialetan.
–Behar izanez gero, garbiketa- eta ikuztegi-lanak egitea.
–Nagusi hurrenari jakinaraziko dizkio bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.
–Lagun eginen die erabiltzaileei eguneko zentrotik kanpoko nahiz barruko jardueretan.
–Garraio-ibilgailua gidatuko du ezarritako ibilbideetan.
–Oro har, lehenago zehaztu ez diren arren, agintzen zaizkion jarduera guztiak eginen ditu, baldin eta haren lanbidearen jardunekoak eta haren prestakuntza teknikokoak badira.
–Eguneko zentroak harrerako eskuliburua emanen dio langileari, kontratua hasten denean.
1.4. Lanaldia osoa izanen da, zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta zentroko zuzendaritzak noiznahi aldatzen ahalko du, betiere lan-arloko arauak betez. Lanpostuaren lan baldintzak zentroko hitzarmen kolektiboan arautzen dira. Lanaldia partziala izan daiteke, baldin zentroko okupazioak edo ordutegiek hala eskatzen badute.
1.5. Kontratatutako langilearen soldata-maila izanen da hitzarmen kolektiboan aipatutako kategoriari dagokiona.
1.6. Probaldi bat ezartzen da, hitzarmen kolektiboaren araberakoa.
1.7. Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta baimena izanen du fitxategiak dauden tokietara sartzeko. Une oro konfidentzialtasuna gorde beharko du datu pertsonalei buruz eta egindako lanen ondorioz jasotzen duen informazio guztiei buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia-egoera eta abar). Daukan informazioa soilik erabiltzen ahalko du lanpostuaren eginkizun eta beharretarako, eta ezin izanen du erabili lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarren batzuei jakinarazi ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.
Konfidentzialtasun betebeharra. Hautatutako izangaiak nahitaez bermatu beharko du konfidentzialtasuna bere lankidetzarengatik edo lanarengatik ezagututako datuetarako, datu horiek egoki tratatu beharko ditu, eta sekretu profesionalaren betebeharren menpean geldituko da, bai eta honako hauetan jasotako betebeharren menpean ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu pertsonalak babesteari buruzkoa eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen beste edozein arautan–.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo –Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera– langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Aurreko baldintzak betetzen ez dituzten herritarrek ere parte hartzen ahalko dute, baldin Espainian bizi eta erroldatuta badaude.
b) Hamasei urte beteak izatea eta, hala behar bada, erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Frogatu behar dute badutela gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko lanbide kualifikazioa, zeina ezarrita baitago urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuan. Bestela, baldintza hau frogatzeko, eduki beharko dute erizaintzako zainketetako teknikariaren Lanbide Heziketako titulua edo erdi mailako heziketa zikloa (apirilaren 7ko 546/1995 Errege Dekretuaren eta apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuaren bidez ezarritakoak). Arreta soziosanitarioko teknikariaren titulua, edo lehenago eskatutako ziurtagiria edo titulazioa lortu izana frogatzen duen gordekina. (1593/2011 Errege Dekretua, azaroaren 4koa, 496/2003 Errege Dekretua, maiatzaren 2koa, eta 1379/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa). Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulua, uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuak ezarria, edo Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulu baliokidea, abenduaren 22ko 2061/1995 Errege Dekretuak ezarria, abenduaren 31n zaintzaile gerontologikoaren lanbide-kategorian lanean ari zirela frogatzen duten profesionalentzat.
Halaber, baldintza hori frogatutzat joko da honako titulu hauetakoren bat izanez gero: DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa edo lehen mailako Lanbide Heziketa. Kasu horretan, tituluaz gain, honako profesionaltasun ziurtagirietako bat ere eduki beharko da:
–Gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua.
–Zaintzaileen/gerokultoreen lanbide-kategoriarako salbuespenezko lanbide gaikuntzaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak edo gizarte zerbitzuetan eskumena duten autonomia erkidegoek xedatutako beste erakunde publiko batek emana.
–Zaintzaile gerontologikoaren gaitasun profesionalak aitortzen dituen ziurtagiria, gaitasun horiek ebaluatuta lan esperientziaz eskuratutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozeduraren bidez.
Atzerrian lortutako tituluekin batera aurkeztu beharko da Espainian homologatuta daudela frogatzen duen jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, eta, gainera, beharrezkoa bada, tituluari zinpeko itzulpena erantsiko zaio.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea. Baldintza hori kontratazioa egin aurretik egiaztatu beharko da, enpresak eginen duen osasun-azterketaren bidez.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) B motako gidabaimena izatea.
3.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
3.1. Interesdunek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Azagrako Udalaren erregistroan, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak izanen dira deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren araberakoak, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3,3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.–Nortasun agiri nazionalaren kopia.
2.–Eskatutako titulazio akademikoaren kopia.
3.4. Desgaitasuna izanik, egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan edota bitartekoetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4,1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda iragarki-taulan argitaratuta, izangai baztertuek hurrengo hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztuko dira www.azagra.es web orrian edo Azagrako Udalaren Erregistro Orokorrean idazkia aurkeztuz.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen da, eta aginduko da argitara dadila Udalaren iragarki-taulan.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozesua gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, galduko dituzte interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak , deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Baztertutako inor ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
5.–Epaimahaia: eraketa eta jarduketak.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Rubén Medrano Romeo, Patronatuko burua.
–Ordezkoa: Susana Barricarte Rivas, Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeko kidea..
–1. epaimahaikidea: Vanesa Sola Iso, terapeuta okupazionala eta i3e-ko kidea.
–Ordezkoa: Raquel Lacabe, Erriberriko La Milagrosa zahar-egoitzako gizarte-langilea.
–2. epaimahaikidea: María Moreno Etayo, gizarte-langilea, psikologoa eta i3e-ko kidea.
–Ordezkoa: Alicia Palacios Algarra, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna eta i3e-ko kidea.
–3. epaimahaikidea: Azagrako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
–Ordezkoa: Azagrako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
–4. epaimahaikidea: Beatriz Lacabe Barrachina, Lares Navarra-ko idazkari teknikoa.
–Ordezkoa: Beatriz Erro Villanueva, Agoizko San José Zahar-egoitzako gizarte-langilea.
–Epaimahaikide idazkaria: María Jesús Hernández Luri, Patronatuko idazkaria.
–Ordezkoa: Ana Vidondo Garijo, Patronatuko kontu-hartzailea.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Deialdiaren garapena.
Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek haietara agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala. Bazterturik geldituko dira probetara agertzen ez diren hautagaiak. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.
6.1. Lehen proba, teorikoa: test motako 50 galdera erantzun beharko dira idatziz, egiaztatzearren izangaiek lanpostuaz dituzten ezagutzak. Proba honetan gehienez 100 puntu lortzen ahal dira, eta bazterturik geldituko dira 50 puntu, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak. Zuzen erantzundako galdera bakoitzari puntu 1 emanen zaio. Erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko da.
Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izanen dituzte.
6.2. Bigarren proba: epaimahai kalifikatzaileak egin beharreko elkarrizketa, bete beharreko lanpostuaren nondik norakoei eta gaitasunei buruz.
10 puntu, gehienez. Ez da baztertzailea izanen.
6.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak Azagrako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
6.4. Proben emaitzen kontra erreklamazioa paratzen ahalko da 3 egun naturaleko epean, emaitzak Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.
6.6. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da proba guztietako puntuazioak baturik.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda prestatuko du, lortutako puntuazioaren ordenan, eta argitara emanen du Udalaren web-orrian. Orobat, zerrenda Patronatuko buruari igorriko dio, espediente osoarekin batera, bai eta puntuazio handiena lortu duenaren aldeko izendapen proposamenarekin batera ere.
Berdinketarik izanez gero, proba teorikoan puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.
Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bat emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik abiaturik.
7.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena egoitza elektronikoan argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:
–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
–Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea guztiz eragozten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.
–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Alkatetzak hutsik geratu den lanpostua beteko du 7. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
8.–Kontratazio-zerrendaren kudeaketa.
8.1. Kontratazio-zerrendak hiru urte iraunen du, salbu eta epe laburragoan agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.
8.2. Erakunde autonomoko buruaren ardura izanen da zerrenda kudeatzea.
8.3. Behin betiko zerrenda onetsi ondoren, izangaiei dei eginen zaie puntuazio-ordenari zorrotz jarraikiz.
8.4. Dei egiteko arau orokorrak:
8.4.1. Deiak egiteko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, eman ditzakete harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
8.4.2. Izangaiei deitzeko, jarraikiko zaie aurreko apartatuetan ezarritako lehentasun irizpideei.
8.4.3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
8.4.4. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 8.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.
8.4.5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.
8.4.6. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, bete behar izan gabe artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa.
8.4.7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik, salbu deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean.
8.4.8. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
8.5. Deiak, amatasun edo adopzio lizentzien kasuetan.
Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen duten izangaiei, kontratua onartzen badute, hura erreserbatuko zaie, lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.
8.6. Kontratazio eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:
a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo haurra izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz itzuliko aktibo egotera, harik eta behar bezala frogatzen duten arte ukorako arrazoia bukatu dela.
Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz harreran hartua edo adoptatua.
Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
Norberaren ezkontza edota, uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan azaltzen diren kasuetan izangaiek jakinarazi beharko dute badaudela lanerako prest. Hala jakinarazten ez den artean, dena delako izangaiak ez dira egonen deitzeko moduan, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.
Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.
8.7. Zerrendetatik baztertzea.
Ondoko kasuotan izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.
c) Sinatutako kontratuari uko egiten diotenean, arrazoia administrazio publiko batean sartzea denean izan ezik.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.
f) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatzen den langileak ez duelako gaitasunik lanpostuan aritzeko edo hartara ez delako egokitu, ikusirik errendimendu eskasa, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio administrazio-egintza onetsi zuen organoari, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputzaren mekanika.
2. Osasunaren/gaixotasunaren kontzeptua. Bilakaera eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.
3. Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.
4. Pazientearen eskubideak, betebeharrak eta autonomia. Sekretu profesionala: kontzeptua eta arautze juridikoa. Historia klinikoa: definizioak, eginkizunak eta historia motak. Historia klinikoaren lege eta osasun alderdiak. Agirien diseinua eta normalizazioa.
5. Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.
6. Mugitzeko arazoak dituen pazienteari laguntzea: mugikortasun eta mugiezintasun fisikoa; mugikortasunean eragiten duten faktoreak. Oinez ibiltzen laguntzeko teknikak. Posizio anatomikoa eta gorputz lerrokadura. Presio bidezko ultzerak: kontzeptua, arrisku-faktoreak, kokapena, etiologia eta prebentzio-neurriak. Mobilizazioa eta gorputz-jarrerak aldatzea. Erortzeko arriskua, prebentzio neurriak. Laguntzeko gailuen erabilera egokia.
7. Pazientea laguntzea eta zaintzea higiene-beharretan. Higiene orokorraren eta partzialaren kontzeptua, azalaren eta ilearen higienea, bainu lagunduaren teknika, ohean dagoen pazientearen higienea. Aho osasuna eta higienea.
8. Pazientea lagundu eta zaintzea, kanporatze lanei dagokienez. Diuresia eta libratzea, enema motak, enemen administrazioa. Ezagutzak eta laguntzeko jarduerak, gernu, digestio eta ondeste aparatuetako zundaketak egiteko.
9. Digestio aparatuaren anatomofisiologia eta patologia. Metabolismoa, nutrizioa eta hari lotutako patologiak. Pazientea lagundu eta zaintzea elikaduran eta nutrizioan. Elikaduraren eta nutrizioaren kontzeptua, elikagaiak eta haien sailkapena, dietak eta dieta terapeutiko motak. Elikadura enterala eta parentala: kontzeptua eta teknikak.
10. Medikamentuak emateko arau orokorrak, emateko bideak, neurriak aldez aurretik, bitartean eta eman ondotik. Medikamentuak biltegiratu eta kontserbatzea. Segurtasun klinikoa: gertaera kaltegarriak identifikatzea.
11. Urgentzia/emergentzia kontzeptua. Oinarrizko berpizte kardiopulmonarra, oinarrizko bizi euskarria. Bihotz-biriketako geldialdietarako orga. Lehen sorospenak: politraumatizatuak, erreak, shock egoerak, intoxikazioa, zauriak, hemorragiak eta asfixiak.
12. Osasun mentaleko pazientea zaintzea eta laguntzea honako hauetan: komunitate terapeutikoan eta eguneko ospitalean, eta errehabilitazio psikosozialaren esparruan, arreta komunitarioan eta etxeko bisitetan.
13. Pazientea zaintzea eta laguntzea, miaketa bat egiteko eta ebakuntza kirurgiko baterako prestatzean: posizio anatomikoak. Ebakuntza egin aurretiko eta ondorengo arreta.
14. Laguntza eta zainketak zaharrei: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zaintza, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.
15. Laguntza eta zainketak hil hurren den pazienteari, zainketa aringarriak: gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.
16. Zaintzaren humanizazioa.
17. Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren eredua.
18. Nahigabeko bakardadea, entzute aktiboa, enpatia, erabakiak hartzeko gaitasuna, erresilientzia, jokabidearen nahasmenduak.
19. Mugitzeko arazoak dituen egoiliarrari laguntzea: laguntza teknikoak, higiene beharrak, kanporatze beharrak. Diuresia eta libratzea.
Iragarkiaren kodea: L2600193
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
